103. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2016 FORU LEGEA, maiatzaren 24koa, 3.937.887,01 euroko kreditu berezia ematen duena Microsoft lizentziak jabetzan eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 3.937.887,01 EUROKO KREDITU BEREZIA EMATEN DUENA MICROSOFT LIZENTZIAK JABETZAN ESKURATZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIORAKO.

ZIOEN AZALPENA

Foru lege honen helburua da Microsoft lizentziak jabetzan eskuratzeko finantzaketa ematea, beharrezkoak baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionamendu zuzenerako.

Orain arte, produktu horien lizentzia emateko, erabilera-lizentzietarako kontratu bat egin da esleipen zuzenaren bidez Irlandako Microsoftekin, hori baita lizentzia horien jabe bakarra. Hornidurarako kontratu bat da, “EAS” motakoa. Kontratu hori bukatu baino lehen, Microsoftek proposatu zuen auditoretza bat egitea, bere barne-politika zela eta, kontratua berritu aurretik. Auditoretzaren ondorioz, EAS kontratuaren bidez lizentzia ematearen ordezko aukera desberdinak aztertu dira, kontuan izanik Microsoften eskaintzak, urte hauetan Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak irabazi duen esperientzia eta Administrazioaren benetako beharrak. Gisa horretan, ondorioztatu da epe ertainean eta luzean onena dela lizentziak eskuratzea, ekonomia, egokitasun eta estrategia arloetako zioengatik.

Kreditu bereziaren bitartezko finantzaketari heldu behar zaio, gastu hori ekitaldi honetan egin behar baita eta aurrekontuan sartutako kredituek helburu baitzuten EAS kontratuaren gastua estaltzea, ez lizentziak eskuratzea. Izan ere, auditoretzaren emaitzak 2016ko Aurrekontuei buruzko Legea tramitatu ondoren eman ziren jakitera.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluak ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta aurrekontuan krediturik ez badago, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari, kreditu berezi bat ematekoa. Halaber adierazten duenez, foru lege proiektu horretan zehaztu behar da zein baliabide diren egin nahi den gastu handiago hori finantzatuko dutenak; edozein gastu programatako beste kreditu erabilgarri batzuk izan daitezke, are Parlamentuak zuzenketen edo foru lege honetako xedapenen ondorioz berariaz onetsitako kredituetakoak, edo bestela ekitaldi ekonomiko bereko diru-sarrera handiagoen kargukoak, diru-sarrera horiek errealak edo aurreikusiak direla ere.

Esandako guztiagatik, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da kreditu berezi bat onestea Microsoften lizentziak jabetzan eskuratzeko finantzaketa beharrei heltzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionamendu zuzenerako.

1. artikulua. 3.937.887,01 euroko kreditu berezia ematea onesten da, Microsoft lizentziak jabetzan eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako. Aipatu kredituaren zenbatekoa 2016ko gastu-aurrekontuko 070005-05500-6094-467903 kontu-sailari aplikatuko zaio, “Microsoften lizentziak” izenekoari.

2. artikulua. Kreditu berezi hori finantzatuko da “Epai-betearazpenagatiko itzulketa” izeneko diru-sarreren 070005-05500-4400-000000 kontu-sailean aurreikusitako diru-sarrera handiagoekin (2.308.866,59 euro) eta ondotik zehazten diren gastu-aurrekontuko kontu-sailetan dagoen kreditu erabilgarriarekin ere, zenbateko hauekin:

–070005-05530-2279-467902 “Nafarroan telebista zabaltzeko zerbitzua”: 984.186 euro.

–070005-05500-2061-467900 Erabilera orokorreko eta korporatiboko software lizentziak (antibirusa, suebakiak eta beste batzuk)”: 644.834,42 euro.

Azken xedapen bakarra.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 24an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1606444