102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko maiatzaren 11n hartua, Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea eratu eta haren funtzionamendu arauak onesten dituena.

Iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borroka Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetakoa da, orokortasunaren, berdintasunaren eta justiziaren zerga printzipioak bete behar baitira.

Iruzur fiskalaren aurkako neurriei buruzko apirilaren 17ko 14/2013 Foru Legeak zehazten du lan iraunkorreko batzorde bat eratu behar dela iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borroka ebaluatzeko.

Legezko eskakizun hori dela medio eta batzordearen antolaketari eta funtzionamenduari buruzko zenbait alderdi erregulatzeko asmoz, haren izaera eta funtzionamendua eratzen dituen araubide juridikoa ezartzen da.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea eratzen da, kontrol mistoko erakunde iraunkor gisa. Batzorde horrek begiratuko du iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren kontra borrokatzeko diseinatutako neurriak betetzen direla.

2. Erabaki honen eranskinean jasotzen diren funtzionamendu arauak onesten dira.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 11n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordearen funtzionamendu arauak

1.–Osaera.

Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Parlamentuko talde bakoitzeko ordezkari bana.

b) Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza, honako hauek osatua:

–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria.

–Nafarroako Zerga Ogasuneko Kudeatzailetzaren titularra.

–Zerga Kudeaketa Zerbitzuko zuzendaritzaren titularra.

–Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuko zuzendaritzaren titularra.

–Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuko zuzendaritzaren titularra.

c) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuen ordezkari bana.

d) Ondoko entitate sozioekonomikoetako bakoitzetako ordezkari bat:

–Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa.

–Nafarroako Lan-enpresen Elkartea.

–Iruñeko Abokatuen Elkargoa.

–Aholkulari Fiskalen Espainiako Elkartea.

–ATTAC erakundea.

–Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

2.–Izendapena, kargu uztea eta agintaldia.

Nafarroako Gobernuak izendatuko eta kargutik kenduko ditu kideak. Agintaldia lau urtekoa izanen da.

3.–Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuak iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borrokan egindako jarduketak aztertzea.

b) Iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borrokan egiten diren planen eta programen berri izatea.

c) Jarduketa planei eta hartutako neurriei segimendua egitea.

d) Lotesleak ez diren proposamenak egitea bere eskumenen esparruan.

4.–Batzordeko burua eta horren eginkizunak.

1. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria izanen da Batzordeko burua.

2. Lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

b) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

c) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

d) Erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

e) Erabakiak bete daitezela xedatzea.

f) Batzordeko buru gisa dagozkion gainerako eginkizunak.

5.–Batzordeko idazkaria.

1. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Administratiboaren Ataleko burutzaren titularra izanen da Batzordeko idazkaria, hizpidea duela baina botorik gabe.

2. Hona hemen Idazkaritzaren eginkizunak:

a) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, batzordeburuak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

b) Batzordeko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

c) Akta egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Batzordearen dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

6.–Saioak.

Batzordeak hiru hilean behin eginen du bilkura arrunta nahitaez. Bilkura bereziak egin daitezke Batzordeko buruak deialdia egiten badu.

7.–Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

Erabaki honetan aurreikusten ez den orotan, Batzordeak zilegi du bere funtzionamendu arauak ezartzea.

Horren osagarri, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoa izanen da antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

8.–Aholkularitza.

Batzordeak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait jenderen aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien partaidetza egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

Iragarkiaren kodea: F1605949