102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

319/2016 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko ikasketak eta derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleendako beken eta laguntzen 2015-2016 ikasturterako deialdi orokorra behin-behinekoz ebazten duena.

Ikusirik Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendariak ikaskuntzarako beka eta laguntzen 2015-2016 ikasturteko deialdi orokorra behin-behinekoz ebazteko eman duen txostena (deialdia irailaren 11ko 79/2015 Ebazpenaren bidez onetsi zen eta 2015eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, irailaren 21ean), eta ebazpen horren 12.1 eta 15.1 arauetan ezarritakoa betez. Ebatzitako espedienteetako batzuk Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo/eta Eusko Jaurlaritzak bekak eman edo ukatzearen gaineko frogagiria aurkezteko zain daude.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. I. eranskinean aipatzen diren ikasleei ikasketetarako bekak behin-behinekoz ematea, izan daitezkeen erreklamazioak galarazi gabe, unibertsitateko ikasketak eta derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko, 2016ko aurrekontuko “Irakaskuntza ertainetarako eta goi mailako ikasketetarako beka eta laguntzak” izeneko 410002 41140 4800 323100 kontu-sailaren kargura.

2. Bekak behin-behinekoz ukatzea II. eranskinean ageri diren ikasleei, deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik.

3. Ikasketarako, garraiorako, jantokirako eta bizitokirako beka edo laguntzen zenbatekoak, errenta tarteen araberakoak, eta laguntza bereziei dagozkienak aipatu deialdiaren 11. arauan ezarritakoak dira.

4. Onuradunei pagatu beharreko zenbateko zehatza Nafarroako Gobernuak ematen duen laguntzari Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak ematen duen bekaren zenbatekoa kenduz lortuko da, deialdiaren 11. arauan xedaturikoarekin bat.

5. Deialdiaren 15. araua betetzearren, I. eta II. eranskinetan biltzen diren eskatzaileek esleipen irizpideak oker ezarri zaizkiela uste badute edo, inguruabar ekonomiko eta akademikoengatik, laguntza jaso duen beste izangairen batek baino eskubide gehiago dutela iruditzen bazaie, beren beka edo laguntza espedientearen berrikusketa eskatzen ahalko dute, hilabeteko epearen barnean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Eskaera Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaio. Halaber, zerbitzu horrek ofizioz ikuskatzen ahalko ditu akatsak dituzten espedienteak edo 2015-2016 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorrean xedatutakoa urratzen dutenak.

6. 2015-2016 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorreko kanpaina 2016ko irailaren 30ean bukatuko da behin betiko. Espediente edo erreklamazioren bat ondoren ebazten bada, 2016-2017 ikasturteko bekekin batean ordainduko da.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea eta ebazpen honen eranskinak jendaurrean jartzea honako tokiotan:

–Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoa, Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña.

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoa, Santo Domingo kalea, z.g., Iruña.

8. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuan dagoen Kontu-Hartzailetza delegatuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Beka Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari igortzea.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 20an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Juan Ramón Elorz Domezain.

Iragarkiaren kodea: F1606315