102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

250E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2016rako.

Nafarroako 2015-2020 Laneko Osasunaren III. Planean eta Jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko 2015-2017 hitzarmenean ezarritakoaren arabera, langileen lan osasuna hobetzea eta lan istripuak gutxitzea oinarrizko helburua da. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen eta lantokien egoera materiala hobetu behar da, besteak beste.

Nafarroako Gobernuaren 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza hori banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emateko baimendu zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia onestea.

2.–Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3.–Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 1.075.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2016ko gastuen aurrekontuetako 810012 81500 7709 494100 kontu-sailaren kargura:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-7709-494100: Laneko Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak

2016

1.075.000,00

4.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 12an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetzea.

2. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.–Diruz lagun daitezkeen gastuak 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuraturikoak bazter utzita, eta haien beharra enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen plangintza prebentiboan jasotzen badira:

a) Segurtasunean gabeziak dituzten laneko ekipoak edo makinak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusiriko xedapenetara egokitzea. Errege dekretu horretan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasuna eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) Segurtasunean gabeziak dituzten makinen ordezko makina baliokideak, EBren markatuarekin, baldin eta zailtasun tekniko bereziengatik ezin badira 1215/1997 Errege Dekretura egokitu edo egokitzapenak makina berriaren prezioaren %40a gainditzen badu. Aukera horrek ordeztutako makina nahitaez kentzea ekarriko du.

c) 1215/1997 Errege Dekretura fisikoki egokitu ezin diren laneko ekipoak UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin ordeztea (UNE-EN 1263 araua segurtasun sareentzat; UNE-EN 12810 eta UNE-EN 12811 arauak aldamio modularrentzat; UNE-EN 60439-4 araua obra-multzoentzat; UNE 13374 araua, ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemei buruz; etab.). Aukera horren ondorioz, enpresan normalizatu gabe zegoen ekipo osoa kenduko da. Diru-laguntza, gehienez ere, horietakoren bat ordeztu aurretik enpresak zeukan ekipo kopuruari mugatuko zaio.

d) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira.

e) Ainguratzeko gailuak paratzea, EN 795:2012 arauari jarraituz, lantokiko estalkietan (eraikitze lanetan baztertuak), haietara joan behar denean mantentze, konpontze edo garbitze lanak egiteko. Bazter gelditzen dira B motakoak (ainguratzeko gailu behin-behineko eta eramangarriak) eta E motakoak (pisu hileko gailuak).

f) Pertsonentzako igogailuak eskuratzea, makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean aipaturikoak badira.

g) Laneko ekipoak egokitzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako. Altzariak eta bulegoko osagarriak bazter gelditzen dira.

h) Lantokiko esku-hartzeak, segurtasuna ematekoak, erorikoak, talkak edo gauzen kontrako kolpeak izateko arriskuaren kontra eta materialak behera etortzearen edo jendearen gainera erortzearen kontra, bat heldu badira Lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuarekin (I. eranskina, 2. ataletik 8.era, eta 13.a).

i) Diruz laguntzekoak dira eragile kimikoaren esposizioan egoteko arriskua murrizteko neurriak, eragileak girora irten edo hedatzea galarazten duten ekipoen bidez, aireztapena errazten dutenen bidez edo arriskuaren sorreran aplikatu beharreko beste kolektiborako neurri batzuen bidez, lokalizatutako erauzketa barne, Langileen osasuna eta segurtasuna agente kimikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko apirilaren 6ko 374/2001 Errege Dekretuarekin bat.

j) Langileei zarataren esposizioa murriztea edo apaltzea helburu duten jarduketak, bat heldu direnak Langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluko b), c) eta e) ataletako printzipioen aplikazioarekin, hala nola: laneko ekipo berriak erostea, merkatuan dagoen zarata mailarik apalenak dituztenak; ekipo zaharrak ordeztea zarata maila apalagoko beste batzuekin; lantokien antolamendua eta kontzepzioa; eta zarataren murrizte teknikoa.

k) Lantokietan segurtasun gailuak eta sistemak paratzea, baita babeserako beste esku-hartze batzuk ere, kanpoko bortizkeriaren arriskua (eraso fisikoak) murrizteko langileei: alarmak eta komunikazio bizkorreko beste sistema batzuk paratzea; pantailak edo bideo-babeserako sistemak paratzea; sarrerak blokeatzea; sarrera murriztuko eremuak zedarritzea; ate-uhateak, manparak paratzea; irteera bikoitza eranstea areto, bulego eta arriskuko beste toki batzuetan; pultsadoreak eta erasoaren kontrako beste bitarteko pertsonal batzuk (izu-botoia, eta abar) paratzea; eta argiztapena hobetzea sarbide eta aparkalekuetan (eremu ilunak kentzea). Laguntza hauetatik kanpo daude hornigaiak erostea (mostradoreak eta abar) eta tresnak, materialak, ekipoak eta altzariak ordeztea.

2.–Laguntza izan dezakeen inbertsiotzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

3.–Laguntza izan dezakeen gastuaren %25ekoa emanen da, BEZa kanpo, eta diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 100.000 eurotik gorakoa izanen.

Diruz laguntzen ahal den gastuaren %30ekoa (BEZa kanpo) izanen da laguntzaren zenbatekoa, aurreko atalean aurreikusitako mugarekin, baldin eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko edozein lan bereizkeria mota galarazteko ondoko neurrietako bat hartu badu enpresak:

–Berdintasun plana onestea, Hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroan inskribatua.

–Berdintasuna sustatzeko neurriak onestea, langileen legezko ordezkaritzarekin negoziatuak, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera gehienez ere hiru kiderekin izendatutako batzorde batekin. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta edo agiri baten bidez justifikatuko da.

–Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik (Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

3. oinarria.–Onuradunak.

1.–Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

a) 2. oinarrian aipatu inbertsioak eginak edo egitekoak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

b) 150 langiletik behera izatea. Horretarako, urteko lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua. Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Zehapen irmorik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan hutsegite oso larri bat edo bi hutsegite larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratzeko egunaren aurreko bi urteetan.

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2.–Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizuneko aitorpena eginen du eskatzaileak eskabide orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

4. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1.–Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko irailaren 30ean bukatuko da.

Enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Salbuespen gisa, 2016. urtean deialdia argitaratu aurretik egin diren inbertsioetarako, eskabideak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

2.–Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3.–Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta izen batekin (ad: “memoria”, “aurrekontuak”, eta abar) egon beharko dira:

a) Inbertsio-proiektua justifikatzen duen memoria. Bertan zehatz-mehatz azaldu behar dira aurreko egoera eta nolako aldaketak egin diren edo egin nahi diren. Ekipoen eta tokien argazkiak, aldamioen krokisak, ekipoen edo ezaugarri teknikoen azalpen-liburuxkak sartu behar dira, edo inbertsioa erabat erakusten duen beste edozein informazio.

Memoriak hurrengo informazioa jaso beharko du:

–Inbertsioa zein arautegirekin datorren bat, arautegi horren aipamena.

–Makinak edo ekipoak EBren adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, fabrikatzaileak emana. Halaber, ekipo horren arriskuen gaineko hasierako azterketa erantsiko da, 1215/1997 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, dela diru-laguntzaren eskaeraren hasierako dokumentazioan, dela kobratu aurretik.

–Aldamio modularren kasuan, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, aldamioak UNE-EN 12811-1 arauko 4., 5. edo 6. motetako baldintza teknikoak betetzen dituela frogatzeko. Aurrekontuak edo fakturak osagai bakoitzaren marka, modeloa eta mota zehaztuko ditu. Kasu horretan, eskabidearekin batean, zenbat aldamio normalizatu gabe dituen deklaratu beharko du enpresak, eta zehaztu zer prozeduraren bidez deuseztatuko dituen inbertsioa egin ondotik.

–Ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemen kasuan, UNE-EN 13374:2013 araua betetzen dutela dioen ziurtagiria erantsiko da. Kasu horretan, eskabidearekin batean, zenbat baranda normalizatu gabe dituen deklaratu beharko du enpresak, eta zehaztu zer prozeduraren bidez deuseztatuko dituen inbertsioa egin ondotik.

–Ekipoak 1215/1997 Errege Dekretura egokitzeko egiten bada eskabidea, ekipoaren arriskuak ebaluatzeko azterlana ere aurkeztu behar da, arau horretan ezarritakoarekin bat.

b) Proiektuaren kostuaren aurrekontua edo proformako faktura xehea. Aurrekontuko kontu-sailetan, eskuratu beharreko objektua identifikatu behar da; ezinbestekoa izanen da, baldin eta objektu horrek UNE araua edo EBren markatua bete behar baditu.

c) Hornitzaileak hautatzeko inprimakia: diruz lagun daitekeen jardueraren gastuak (BEZa kanpo) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 euroko zenbatekoa, ekipo ondasunen horniduraren kasuan, eskatzaileak hornitzailea eragimen eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautaturikoa aukeratzeko arrazoiak emanez. Inprimakia laguntzen fitxan eskuratu daiteke.

Enpresak ez dira beharturik egonen halako eskaintzak eskatzera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

d) Arriskuen ebaluazioan, diruz lagunduko den ekintza zuzentzailea proposatzen den zatiaren kopia, eta enpresaren prebentzioko jardueraren urteko plangintzaren kopia osoa. Horrek diru-laguntzaren xedeko prebentzio neurriak bildu behar ditu.

e) Makinak eta ekipoak ordezten direnean, haiek suntsitzeko erabili den prozedura deskribatuko da eskabidean, enpresaren bitartekoak erabiliz eginen den edo hondakin ez arriskugarriak kudeatzen dituen enpresa batek, zizaila edo zatitzailea duenak, eginen duen. Diru-laguntza kobratzeko, enpresak modu sinesgarrian frogatu beharko du suntsipena.

f) Makinak edo laneko ekipoak finantza errentamenduz edo leasing kontratuaren bidez eskuratu badira, eragiketa guztiaren BEZa aldez aurretik ordaindu dela frogatu beharko da, eta kontratua aurkeztu, haren bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa erakusten duena.

g) Estalki hauskorrak kendu behar badira, honako hau ere aurkeztu beharko da:

–Obraren plano edo krokisak.

–Ziurtagiri teknikoa, estalki berriak azalera osoan Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoko SE-AE oinarrizko dokumentuan eskatzen diren betekizun mekanikoak betetzen dituela ziurtatzen duena, argizuloak barne (halakorik badago), karga uniformean nahiz karga kontzentratuan.

–Estalkietara iristerakoan eta muntatzeko eta desmuntatzeko lanak egiterakoan goitik behera ez erortzeko prebentzio eta babes neurrien plangintza zehatza.

–Aldatu beharreko estalkia fibroporlanezkoa bada, amiantoa manipulatu behar duten enpresak identifikatuko dira, amianto arriskua duten enpresen erregistroan (RERA) duten zenbakia barne, edo bertan izena emanik daudela frogatzen duen agiriaren fotokopia. Diru-laguntza kobratzeko, beharrezkoa izanen da aurretik amiantoa kentzeko lanaren plan espezifikoa onestea, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan arauturikoa.

–Lanean prebentzio neurriak kontuan hartu beharko dira (lotzeko puntu sendoak, bizitzaren lerroak, pasabideak, barandak, eta abar), ondorengo mantentze, zaintze eta konpontze lanak aurreikusiz, goitik erortzeko arriskuak eta gauzak gainean erortzekoak kendu edo murrizteko. Kasuan kasuko erabiltzeko jarraibideak eduki beharko dira.

h) Ainguratzeko gailuak paratuz gero, ondokoa erantsi beharko da:

–Ainguratzeko gailuak paratzeko proiektua, EN 795:2012 arauari jarraituz. Bertan, justifikazio teknikoa zehaztu beharko da, ingeniari kualifikatu baten kalkuluaren bidez, edo proiektuak eta muntaketak tipoaren saioan aplikatutako indarrari erresistentzia egokia bermatzen diotela dioen saioa.

–Fabrikatzailearen ziurtagiria, ainguratzeko gailuak EN 795:2012 araua betetzen duela dioena.

–Ainguratzeko gailua paratzeko instalatzaileak fabrikatzailearen baimena duela dioen ziurtagiria.

–Ainguratzeko gailuaren instalazioaren azken ziurtagiria, instalatzaile baimenduak emana, instalazio horrek EN 795:2012 araua betetzen duela dioena.

–Ainguratzeko gailuaren mantentze-lanen kontratua.

i) Egokitze ergonomikoaren kasuan, lanpostuaren azterlan ergonomikoa aurkeztu beharko da, gutxienez ondokoa dakarrena:

–Inbertsioa zer lanetan egin edo eginen den, horren azalpen xehea.

–Gihar-hezurretako arazoen arriskua aztertzea urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretura egokitzen diren irizpideak edo metodoak aplikatuz. Errege dekretu horren bidez, Prebentzio zerbitzuen Erregelamendua onetsi zen. Ebaluazio horretan agertuko da noiz egin den eta zein teknikari eskudunek egin duen.

–Arrisku hori kontrolatzeko aplikatu beharreko neurri tekniko berariazko eta zehatzak.

–Gihar-hezurretako arazoei aurrea hartzeko enpresak ezarrita daukan plana, besteak beste sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak biltzen dituena. Plan horretarako ezin da diru-laguntzarik jaso.

j) Lantokietan esku hartzen bada, proiektua aurkeztu beharko da, edo, hori ezean, egin beharreko esku-hartzeen gaineko memoria teknikoa.

k) Eragile kimikoekin lotura duten arriskuak murrizteko helburu duten inbertsioen kasuan, ondokoa deskribatzen duen txosten teknikoa aurkeztu beharko da:

–Itxi edo atera beharreko eragile kimikoa sortzen duten prozesua, ekipoa edo teknologia.

–Erabiltzen diren lehengaien edo sortzen diren eragileen segurtasunerako datu-fitxak eranstea.

–Itxituraren edo konfinamenduaren ezaugarri teknikoak labur deskribatzea, edo paratu beharreko lokalizatutako erauzketa sistemarenak.

–Lokalizatutako erauzketa sistemen kasuan, erantsi beharko dira:

  • Diseinuaren ezaugarriak (kanpaia mota, atzemate abiadura sorreraren fokuan, eta abar).
  • Eragile kimikoaren esposizioa ingurumenaren gaineko gehieneko baloreak baino txikiagoa den aurreikustea.
  • Eragile kimikoa sortu duen laneko ekipoaren fabrikatzailearen jarraibideak, lokalizatutako erauzketa paratzeko.

l) Langileei zarataren esposizioa murriztea edo apaltzea helburu duten jarduketen kasuan, halaber, ondokoa erantsi beharko da:

–Ekipo berriak erosiz gero, jarraibideen eskuliburuetan eta/edo ekipoen informazio teknikoetan ekipoek sortutako zarata mailari buruzkoa den zatia.

–Ekipoak zarata gutxiagoko beste batzuekin ordeztuz gero, bi ekipoen informazio teknikoan eta/edo jarraibideen eskuliburuetan, ekipoek (ordeztutakoak eta berriak) sortutako zarata mailari buruzkoa den zatia.

m) Segurtasunaren gailuak eta sistemak paratuz gero eta kanpoko bortizkeriaren arriskua murrizteko esku hartuz gero, lantokian bortizkeria prebenitzeko eta esku hartzeko plan bat erantsi beharko da, gutxienez ondokoa dakarrena:

–Enpresaren politika lantokian kanpoko bortizkeria prebenitzearen arloan.

–Prebenitze proaktiboa eta kanpoko bortizkeriarekin lotura duten ezbeharrak eta istripuak kudeatzea.

–Informazioa eta prestakuntza langileentzat, lantokian izan daitekeen kanpoko bortizkeriari buruz (2016an egin gogo diren jarduketen programazioa).

4.–Aurkeztutako dokumentazioak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Lanaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Lanaren Zerbitzuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena egin ondoren, aurreko arauan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia da diru-laguntzen ebazpena emateko eskumena duen organoa. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketen justifikazioa.

Onuradunek 2016ko azaroaren 30a bitarte, egun hori barne, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 4. oinarrian adieraziriko moduan:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak aipaturik.

b) Egindako gastuaren eta ordainketaren frogagiriak.

c) Aldamio modularrak ordeztu diren kasuan, aldamioa suntsitu izanaren ziurtagiria erantsi beharko da, baita haien suntsipena erakusten duten argazkiak ere.

d) Obrako barandak ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemekin ordeztuz gero, barandak suntsitu izanaren ziurtagiria erantsi beharko da, baita haien suntsipena erakusten duten argazkiak ere.

e) Lantokietako esku-hartzeen kasuan, proiektuan eta/edo memoria teknikoan aurreikusitako esku-hartzeak egin direla frogatzen duten argazkiak aurkeztu beharko dira.

f) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, leasing kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, baita errentamendu finantzarioaren amortizazioaren koadroa ere.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1.–Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute (Erregistro Orokor Elektronikoan, Lanaren Zerbitzuari zuzendua) gardentasunaren aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Inbertsioak 2016ko azaroaren 30era bitarte egitea, hau da, inbertsioa egiteko eta egindako gastu eta ordainketen frogagiriak aurkezteko azken eguna bitarte.

c) Diru-laguntzaren xedeko ekipoak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

d) Onuradunak inbertsiorako jasotako laguntzari publizitatea eman beharko dio, ondoko esaldia korporazioaren webgunean sartuz, edo enpresan ikusteko moduko toki batean, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioen 2016ko deialdian.”

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2.–Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3.–Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

9. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1.–Frogagiriak aztertuta, Lanaren Zerbitzuak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiria aurkezten denetik.

3.–Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa diru-laguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoaren aurrean, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da industriako enpresa txiki eta ertainek inbertsioak egiteko laguntzak eskuratzearekin, baita nekazaritzako eta elikagaietako industrietan inbertsioak egiteko laguntzekin ere (Garapen Ekonomikorako Departamentuak emanak). Enpresek beste hautabide hori dute.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lanaren Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak, honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Iragarkiaren kodea: F1606033