102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

333/2016 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2016. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Etengabe eboluzioan ari den gizarte baten behar aldakorrek ekartzen dute garraioaren sektoreko enpresek dinamika berritzaile horretara egokitu behar izatea.

Testuinguru horretan, langileen prestakuntza funtsezko tresna bat da sortzen diren erronkei erantzuteko. Horregatik, egokia da diru-laguntzak ematea errepideko garraioaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko, sektore horren profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuaren 60.k) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2016. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea. Haren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 30.000 euroko gastua onestea, 2016. urteko Gastuen Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 840004/84420/4819/441100 kontu-sailaren kargura.

3. Oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Garraioen Ustiapenerako Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari jakinaraztea.

6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 2an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira.

Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.

1. Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.

Deialdi honen xedea da diru-laguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea prestakuntza ekintzak antolatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat (jardunaldiak, hitzaldiak, prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak eta testu didaktikoen argitalpenak).

2. Ekintza horiek 2016ko azaroaren 13a baino lehen egin beharko dira.

Lanbide gaitasunaren ziurtagiriak, segurtasun aholkulari izateko ziurtagiria eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak lortzeko antolatzen diren ikastaroak laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira.

Bigarrena.–Diru-laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.–Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2016. urteko Gastuen Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 840004/84420/4819/441100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

Egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien diru-laguntza 30.000 eurokoa da.

Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako, kostuaren %90era bitarteko diru-laguntza ematen ahalko da, gehienez.

2.–Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

2.1. Irakasleak edo hizlariak.

2.2. Material didaktikoa.

2.3. Instalazioen alokairu gastuak edo jabetzapeko instalazioak erabiltzeagatik ekintzari zuzenean egotzitako gastuak, hartarako erabilitako metroen eta denboraren arabera.

2.4. Laneko ekipamendu eta tresnak.

2.5. Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.

2.6. Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak. Diru-laguntzak emanen dira, bakarrik, argitaratutako liburu edo giden kopurua Nafarroako Foru Komunitatean horien xede diren garraiolarien kopuruaren araberakoa denean.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko, atal honetako gastuak aintzat hartuko dira agiri bidez justifikatzen denaren arabera.

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren prestakuntza ekintzen kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, horiek gehi ematen den diru-laguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.

Hirugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetarako mugak.

Agiri bidez justifikatu behar diren gastuetan (2. oinarriko bigarren atalean zehaztuak) honako muga hauek ezarri dira gastuak hobeki arrazionalizatzeko eta lortu nahi diren helburuei hobeki egokitzeko:

1. Irakasleen edo hizlarien gastuan zerbitzu-sariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak sartuko dira (gehienez, 135,00 euro pertsona eta ordu bakoitzeko).

Entitate eskatzailearen soldatapeko langileek ematen dituzten prestakuntza ekintzen kasuan, horien kostua, gehienez, justifikatzen den lan kostua adinakoa izanen da.

2. Bigarren oinarriko 2. ataleko gainerako kontzeptuen gastua proposatzen diren ekintzen araberakoa izanen da.

Laugarrena.–Onuradunak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.

Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuetakoren batean dauden elkarte edo entitateei.

Bosgarrena.–Eskabideak eta eskatzen diren agiriak aurkezteko epea.

1.–Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoan aurkeztuko dira (Iruñeko Alondegi kalea, 1, 1. solairua). Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren 2015eko otsailaren 25eko iragarkian (2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 25ekoa) agertzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan ere aurkez daitezke, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluaren 4. idatz-zatian adierazitako erregistro edo bulegoetan.

2.–Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauen jatorrizkoak edo notario batek edo administrazioak kautotutako kopiak aurkeztuko dira:

2.1. Laugarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

f) Eskatzailea bere zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpen bat egiten ahalko da, agiri horiek aurkeztu zirenetik aldaketarik ez dutela izan azaltzeko.

2.2. Egin beharreko jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Egin beharreko jarduerak azaltzeko memoria eta horiek egiteko aurreikusten den egutegia.

b) Irakasleak. Prestakuntza ekintzak eman behar dituzten pertsonen izena, lanbide kualifikazioa eta curriculum vitae-a azaldu beharko dira. Irakasleen curriculumak aurreko deialdietan aurkeztu badira, aski izanen da ekintzaren memorian hori aipatzearekin.

c) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

d) Eskaintzen diren postuen kopurua.

Diru-laguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzeko azalduko dira datu horiek, III. eta IV. eranskinetako eredua erabiliz; interesdunek Garraio Zerbitzuko bulegoetan (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña) jasotzen ahal dute eredua. Interneten ere eskuratzen ahalko da (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es, deialdiaren aiputik abiatuta).

3.–Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, interesdunari jakinarazita.

Garraio Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.

1.–Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskaeren kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:

a) Garatuko den jarduera (20 puntu gehienez):

–Ikastaroak eta mintegiak: 20 puntu.

–Jardunaldiak: 15 puntu.

–Prestakuntzarako liburu, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 20 puntu.

b) Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza (20 puntu gehienez):

c) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (15 puntu gehienez):

–Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 15 puntu.

–Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 10 puntu.

d) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak eta egin beharreko jardueren kalitatea (20 puntu gehienez):

Gai hauekin lotuta dauden ekintzak baloratuko dira bereziki:

–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak.

–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak.

–Garraioaren araudia eguneratzea (gidatzeko eta atseden hartzeko denborak, salgai arriskutsuak, enpresa betebeharrak, etab.)

e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 25 puntu gehienez.

Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era artekoa izanen da.

2.–Diru-laguntzaren zenbatekoa bigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatuko da, eta irizpide hauek aplikatuz lortzen den puntuazioen arabera ponderatuko da. Aurkeztutako ekintzarako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da baldin eta c) eta d) ataletan gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez bada. Guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ere ez dute diru-laguntzarik jasoko.

3.–Prestakuntza jardunaldietako parte-hartzaileen kopuruak eskainitako postuen %60tik gorakoa izan behar du gutxienez. Hori egiaztatzeko, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako diru-laguntzarik jasoko. Ez dira inola ere kontabilizatuko parte-hartzaile gisa diru-laguntza eskatzen duten entitateetako langileak, ikastaro edo jardunaldietara joaten direnean.

4.–Horrela kalkulatutako diru-laguntzen zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.

Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1.–Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraio Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, baita aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Herri Lanetako zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.

2.–Diru-laguntzak emateko ebazpena Herri Lanetako zuzendari nagusiak emanen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1.–Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2.–Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetako bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraio Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.

Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak eskatzen ahal dio Garraio Zerbitzuari, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordezteko egiten den beste ekintzarik, aldez aurretik jakinarazten ez bada.

3.–Diru-laguntza jasotzen dutenek Garraio Zerbitzuari jakinaraziko diote, prestakuntza ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, aurkeztutako eskabidean datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, Garraio Zerbitzuak haren garapenaren segimendua egin dezan.

Eskuliburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, Garraio Zerbitzuak baloratu dezan deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen.

Atal honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, ekintzari dagokion diru-laguntzaren ordainketa ukatuko da.

4.–Onuradunak beste diru-laguntza bat eskatu edo jasotzen badu beste edozein administrazio edo entitatetatik jarduera berbererako, haren berri eman behar dio Garraio Zerbitzuari. Bestela, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu behar da, VI. eranskineko ereduaren arabera.

5.–Laguntzen onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bi baldintza hauek aldi berean gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzen zenbatekoa urteko 20.000 eurotik goitikoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunek honako informazio hau jakinarazi beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori guztia telematika bidez aurkeztuko da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Garraio Zerbitzuko Ustiapen Atalari zuzendua, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

Entitate onuradunak ez badu gardentasunari buruzko betebeharrik, adierazitako epean, aitorpen bat aurkeztuko du azaltzeko ez duela horrelako betebeharrik, adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako. Aitorpen hori V. eranskinean azaldutako ereduaren arabera prestatuko da.

6.–Publizitatean eta informazioa emateko jarduera guztietan, Nafarroako Gobernuaren komunikazioaren arloan indarra duen araudia aplikatuko da. Diruz lagundutako jardueren gaineko dokumentu guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan, espresuki adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Garapen Ekonomikorako Departamentuaren bitartez.

Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1.–2016. urtean egiten diren prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzen onuradunek ordainketa-eskaera eta egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2016ko azaroaren 16tik 27ra bitarte, biak barne.

Frogagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzak behar den dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

2.–Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatu beharko dute memoria hori.

b) Irakasleen nortasun datuak eta kualifikazioa, ikastaroen kasuan.

c) Egindako jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, bakoitzaren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak, noiz ikastaroetakoak, noiz jardunaldietakoak.

d) Justifikazio kontua, egindako ordainketen eta gastuen ordainagiriak erantsita. Egindako ekintzei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Ekintza entitatearen beraren langileekin egin baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.

e) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

f) Entitate onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinean berretsiko baitu egindako ekintzarako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publiko baten eskutik.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

h) Behin onuradunak diruz lagundutako ekintzak justifikatuta, inbertitu gabeko gerakinik egonez gero, organo emaileari eska diezaioke izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko baimena, hau da, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzen ahal diren eta bera egiten ari den beste jarduera batzuetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28 bis artikuluarekin bat.

Hamargarrena.–Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunek informazioa eman beharra bete ezean, emandako diru-laguntza ez zaie ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Gorago xedatutakoa ukatu gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ematen diren diru-laguntzak, gardentasunari buruzko betebeharraren ondoriozko informazioa eta onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko dira: www.navarra.es (deialdiaren aipamena).

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunen informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. eranskina

Eskabide eredua.

III. eranskina

Memoria.

IV. eranskina

Gastuak (irakasleak, materialak etab.).

V. eranskina

Gardentasunaren aitorpena.

VI. eranskina

Beste diru-laguntza batzuk jaso ez izanaren aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1605880