Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 9koa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko mandatari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.
Ikusirik Nafarroako Kontuen Ganberaren idazkari nagusiaren eta administratzailearen txostenak, mandatari izateko lanpostu huts bat betetzeari buruzkoak, lanpostu hori aurreikusirik baitago Nafarroako Kontuen Ganberaren 2016rako plantilla organikoan, eta Zerbitzu Juridikoaren eta Kontu-hartzailetza Zerbitzuaren aldeko txostenak baititu. Horri buruz egoki den txostena eman zaio erakundeko langileen batzordeari. Horrenbestez, lehendakaritza honek, bere ahalmenak eta bere eskumenak erabiliz,
EBATZI DU:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko mandatari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Deialdia eranskineko oinarriekin bat etorriko da.
Bigarrena.–Deialdi hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web orrian argitara dadila xedatzea.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 9an.–Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.
Deialdia, Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko mandatari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko, B2 pareko
euskara mailarekin
Hona hemen deialdiaren oinarriak:
1. oinarria. Arau orokorrak.
1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko mandatari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzea, bere eginkizunak beteko baititu erakundeak Iruñeko Ansoleaga kaleko 10ean duen egoitzan.
1.2. Lekualdatze lehiaketa honako hauei jarraikiz eginen da: 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua eta lekualdatze lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2007ko otsailaren 26an onetsia (21. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, 2007ko martxoaren 7koa). Horien osagarri aplikatuko dira Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua.
1.3. Deialdiaren bidez izendatutako pertsonak Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat ezarritako eginkizunak beteko ditu eta horien eskubide eta betebeharrak izanen ditu, eta, bereziki, mandatari lanpostuari dagozkionak.
Haren eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren (2007ko 19. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa) 14. artikuluan ezarritakoak dira. Hona hemen eginkizun horietako batzuk: telefono-banaguneaz eta jendearentzako informazioaz arduratzea, dokumentuen lekualdatzea, erreprografia eta banaketa, prentsa egunkariak eta laburpenak prestatzea, Kontuen Ganberako instalazioen zainketa eta mantentze-lana, dokumentuak artxibatze eta gordetzearen alorrean eginkizun osagarriak betetzea eta laguntza ematea, eta, oro har, Lehendakaritzak, edo Idazkaritza Nagusiak agintzen dizkion guztiak, haren eskumenen barnekoak.
1.4. Lanpostua D mailakoa da eta horri dagozkion ordainsariak izanen ditu, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan 2016rako zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.
1.5. Deialdiko lanpostu kopuruari geroago beste zenbait gehitzen ahalko zaizkio, alegia, epaimahaiak lehiakideen zerrenda (lortutako puntuazioaren araberakoa) deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik daudenak.
2. oinarria. Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
2.1. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanpostu huts hori lekualdatze lehiaketaren bidez beteko da. Lehiaketa horretan parte hartu ahal izanen dute jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) D mailako funtzionarioa izatea.
b) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo baliokideren bat izatea. Beharkizun horri dagokionez, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 15. artikuluan aipatutako barne igoeraren bidez behar den mailara iritsi izana frogatuta bete daiteke.
c) B2ren pareko euskara maila izatearen frogagiria izatea, hizkuntza eskola ofizial batek luzatua edo ofizialki onartutako erakunde batek luzatutako agiri baliokide bat, edo aski den hizkuntz maila frogatzeko proba bat gainditzea. Proba hori izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen eginen da.
d) Mandatari, etxezain edo atezain lanpostu baterako izendatu izana.
Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.
2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak hautapen prozedurak iraun bitartean bete beharko dituzte. Hautapen prozedura izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.
3. oinarria. Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Lekualdatze lehiaketan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide baten bidez, eredu ofizialarekin bat (deialdiaren II. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.
Eskabideak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web orrian ere (www.camaradecomptos.es), langileak hartzeko deialdien atalean.
3.2. Honako hauek erantsi behar zaizkio eskabideari:
–Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duten ziurtagiriak.
–Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta berauen frogagiriak, behar bezala kautotuak.
3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta erakunde horren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Ansoleaga kalea, 10), egun eta ordu baliodunetan (goizeko 8:30etik 14:30era bitarte, astelehenetik ostiralera), hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideak erabiliz. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskaeran adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
4. oinarria. Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Kontuen Ganberako iragarki oholean eta www.camaracomptos.es web orrian argitaratuko da.
4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta, akatsik izan bada, haiek zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epearen barruan.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko da.
4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.5. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, hura argitara emanen da, Ganberaren iragarki oholean eta www.camaradecomptos.es webgunean. Izangai bakarra ere onartzen ez bada, lehiaketa eman gabe utziko da.
5. oinarria. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Hona hemen merezimendu lehiaketaren epaimahaiko kideak:
Burua: Joxe Julen Fernández Goñi jauna, Nafarroako Kontuen Ganberako administratzailea.
Ordezkoa: María Francisca Pérez de Albéniz Andueza andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako administraria.
Kideak:
Julia Elizalde Elizalde andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako administraria, langileen batzordearen ordezkari.
Ordezkoa: Teresa Elizalde Del Rincón andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako administraria, langileen batzordearen ordezkari.
–José Luis Ezquerro Royo jauna, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria, epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.
Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.
5.2. Epaimahai kalifikatzailea izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost eguneko epearen barruan eratu beharko da.
Epaimahaiaren eraketak eta jarduerak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
Epaimahaiaren ebazpenak gehiengoz emanen dira eta epaimahaiburuak kalitatezko botoa erabiltzen ahalko du.
5.3. Deialdiaren oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoak ere, epaimahaiak ebatziko ditu.
5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6. oinarria. Merezimenduen kalifikazioa.
6.1. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 45 puntu izanen dira.
6.2. Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.
6.3. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.
6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa Nafarroako Kontuen Ganberako web orrian, eta bost eguneko epea ezarriko du, merezimenduen balorazioaren gainean eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.
6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Ganberako iragarki oholean eta web orrian argitaratuko da berriz ere, izangaiek merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin. Iragarki horretan, proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua emanen dira aditzera.
7. oinarria. Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoa eta Nafarroako Kontuen Ganberaren gaineko ezagutzari buruzkoa.
7.1. 2016ko irailaren 15ean hasiko da proba praktikoa: bi ariketa egin beharko dira idatziz, bakoitza gehienez ere bi orduan; gehieneko puntuazioa 20 puntu izanen da.
Horietako lehenbizikoan 10 puntu emanen dira gehienez, eta Nafarroako Kontuen Ganberari buruzko ezagutza baloratuko da; 10 galderari erantzunen zaie, eta bakoitzak puntu bateko balioa izanen du. Honako honi buruzkoak izanen dira: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Kontuen Ganbera arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legea eta haren antolaketari buruzko Erregelamendua.
Ariketetako bigarrenean 10 puntu emanen dira gehienez; hainbat galdera izanen dira lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz. Deialdi honen 1. oinarriko 3. atalean deskribatu dira. Zehazki, honako hauei buruzkoak izanen dira galderak: nola eman jendearentzako arreta, aurrez aurrekoa eta telefono bidezkoa, instalazioen zainketa eta mantentze-lana, agiriak artxibatzea, gordetzea, koadernatzea, erreproduzitzea eta eskaneatzea, eta prentsa egunkariak eta laburpenak prestatzea. Horretaz gain, oinarrizko informatikako gaiei buruzkoak izan daitezke galderak, hots, eginkizunak egoki betetzeko beharrezkoa den ezagutza informatikoei buruzkoak: erabiltzailearen ezagutza mailarekin erabiltzea ordenagailua, windows, helbide elektronikoa eta word.
Proba hau baztertzailea izanen da, eta, gainditzeko, beharrezkoa izanen da, bi ariketak kontuan harturik, gutxienez ere 10 puntu lortzea.
7.2. Plika itxien sistema erabiliko da ariketa hauek zuzentzeko. Horretarako, izangaiek, ariketa bakoitza bukatzean, orriak gutun-azal batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Ondoren, izangaiek izen-deiturak gutun-azal txiki batean jarriko dituzte, eta gutun-azal hori bestearekin batera aurkeztuko da. Bi gutun-azalak itxita aurkeztu beharko dituzte. Probak bukatzean, bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko plika zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, ariketa bakoitzaren egilea zehazteko.
Gutun-azalak jendaurrean irekitzeko eguna proba egiten ari den bitartean jakinaraziko zaie izangaiei.
Proba honetan lortutako puntuazioa erakundearen iragarki oholean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web orrian argitaratuko da.
7.3. Proba egiteko orduan, minusbalioren bat izanik halaxe eskatzen duten pertsonek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
8. oinarria. Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.
8.1. Epaimahaiak lehiatzaile guztien puntuazioa prestatu eta izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren araberakoa, Kontuen Ganberako lehendakariari eta hark deialdiaren hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman lezake, hori egitea egokia balitz. Halaber, lehendakariak zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
8.2. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiakide zaharrenaren alde eginen da.
8.3. Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiari esleituko dio lanpostua, eta izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
9. oinarria. Lanpostuaren jabetza hartzea.
9.1. Izendatzen den izangaiak izendapen erabakia jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.
9.2. Aipatutako epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duen lehiakideak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazitako zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.
10. oinarria. Aurkeztutako agiriak.
10.1. Aurkeztutako agiriak berreskura ditzakete izangaiek, halaxe eskatu ondotik, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.
10.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.
10.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratu ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
11. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdiaren, bere oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.
Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. Gehienez ere 25 puntu.
Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa egiteko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.
3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa. Gehienez ere 15 puntu.
1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka jasotako edo saritutako zientzia edo ikerketa lanak egitea, aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea, baita itzulpenak argitaratzea ere: 4 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz ea lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, estatu edo nazioarteko maila duen.
3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 4 puntu gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.
Oharrak b) atal osorako:
1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira atal honetan aipatutako merezimenduak.
2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 15 puntukoa izanen da gehienez.
c) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak. Gehienez ere 5 puntu.
1. Deialdian eskatutakoez bestelako goi mailako titulazioak, gehienez ere puntu bat.
2. Erdi mailako titulazioak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 0,50 puntu.
3. Doktore maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere puntu bat.
4. Europako Erkidegoko hizkuntzak jakitea: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 0,20 puntu jasoko dira, A2 maila izanez gero 0,40 puntu, B1 izanez gero 0,60 puntu, B2 izanez gero 0,80 puntu, eta C1 edo baliokidea izanez gero puntu 1.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean hainbat tituluren eta egiaztagiriren artean ezarritako baliozkotzeak. 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ebazpen hori, irailaren 27an.
Oharrak c) atalerako:
1. Hizkuntzen ezagutza hizkuntza eskola ofizial baten ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, edo erakunde publiko kreditatu batek emandako ziurtagiriaren bidez. Hartan lortutako titulazioa edo maila adieraziko da.
2. Titulu ofizialik ahalbidetu ez arren hizkuntza ikasmaila osoak edo unibertsitate ikasketak gainditu badira, epaimahaiak horiei puntuazioa ematea erabaki dezake, dagokion tituluaren proportzioan.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1605801
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
