Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DEIKAZTELU
Ordenantza, prozedurak arautzen dituena Deikazteluko udal mugapean jarduera ekonomikoetan aritzeko aurretiazko komunikazioa duen erantzukizuneko aitorpena egiteko, edo establezimenduen aurretiazko komunikazioa egiteko. Behin betiko onespena
Deikazteluko Udalak, 2015eko irailaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ordenantza, prozedurak arautzen dituena Deikazteluko udal mugapean jarduera ekonomikoetan aritzeko aurretiazko komunikazioa duen erantzukizuneko aitorpena egiteko, edo establezimenduen aurretiazko komunikazioa egiteko.
Onespenaren erabakia 2015eko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 235. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Deikaztelun, 2016ko apirilaren 19an.–Alkate udalburua, Javier Oteiza Gurucharri.
ORDENANTZA, PROZEDURAK ARAUTZEN DITUENA DEIKAZTELUKO UDAL MUGAPEAN JARDUERA EKONOMIKOETAN ARITZEKO AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA DUEN ERANTZUKIZUNEKO AITORPENA EGITEKO, EDO ESTABLEZIMENDUEN AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA EGITEKO
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1. Ordenantza honen xedea da argitzea zer kasutan ez den eskatu beharko lizentzia edo aldez aurreko baimena, txikizkako merkataritza jardueretan hasteko eta zerbitzu batzuk ematen hasteko eta/edo haiek egokitzeko dagozkien obrak hasteko, Merkataritza eta Zerbitzu Batzuk Liberalizatzeko Presako Neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearekin bat, eta beraz, zer kasutan aplikatzen ahal zaien erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren araubidea, arautzen dena Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.1 c) artikuluan.
2. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 84 ter. artikuluan eta 12/2012 Legearen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, ordenantza honen xedea da udal eskumenen esparruaren barnean arautzea behar diren komunikazio prozeduren ezarpena eta plangintza (erantzukizuneko aitorpena, aurretiazko komunikazioa), baita interesdunak erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren bitartez agerian jarritako elementu eta inguruabarren geroko egiaztapen eta frogapenaren ezarpena eta plangintza ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan xedatuari jarraikiz. Komunikazio prozedurei dagokienez, bi tekniken arteko bereizketa egitea erraza ez denez, erabaki da erantzukizuneko aitorpenaren eredu baten bidez bideratzea 12/2012 Legean jasotzen diren kasuak, haren bidez biltzen baita hobekien arau honen 4.2 artikuluak dokumentu horretarako gutieneko edukitzat hartzen duena, hau da, “baldintzak betetzen direla berariaz adieraztea”. Aurretiazko komunikazioaren kasuan, aplikatzeko arauek (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta 12/2012 Legea) espresuki horrela adierazten dutelarik bide hori hautatuko da.
3. Haren azken asmoa hau baizik ez da: bermatzea arestian aipatutako jarduera ekonomikoetan aritzen diren establezimenduek betetzea jarduera bakoitzaren arau berariazkoek erregelamenduz ezartzen dituzten baldintza teknikoak, hirigintzako araudiaren eta segurtasunaren, higienearen, osasunaren, irisgarritasunaren, erosotasunaren, bibrazioen eta asots mailaren aldetik, eta orobat Eraikinetako eraikuntzari eta suteen aurkako babesari buruzko oinarrizko arauetan ezartzen direnak eta ingurumenaren babesaren eta eraikinetako irisgarritasunaren arloan aplikatzekoa den araudia.
2. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:
1. Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan aurreikusiari jarraikiz.
–Zerbitzua: norbaitek bere kontura eta normalean ordainsari baten truke egiten duen jarduera ekonomikoa, Europako Erkidegoaren Itunaren 50. artikuluan jasoa.
2. Erantzukizuneko aitorpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentu honetan, hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten du eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako betekizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikulua).
3. Aurretiazko komunikazioa: dokumentu honen bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari adierazten dizkiote beren datu identifikagarriak eta gainerako baldintzak, eskubide bat erabiltzeko eta jarduera abiatzeko eskatzen direnak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikulua).
4. Baimena: norbaitek zerbitzu jarduera baterako sarbidea izan dezan edo hartan aritu ahal izan dadin agintaritza eskudunak aldez aurretik eman behar diona, berariaz edo isilbidez.
3. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Erantzukizuneko aitorpena duen aurretiazko komunikazioaren araubidea honako kasu hauetan aplikatzen da:
a) Txikizkako merkataritza jarduerak –sailkatuak nahiz sailkatu gabeak– eta halako zerbitzu batzuk, abenduaren 26ko 12/2012 Legearen eranskinean aurreikusiak, irekitzen edo hasten direlarik, horiek baldin badira establezimendu iraunkorren bidez eginak eta horiek salgaiak ikusgai jartzeko eta jendeari saltzeko duten azalera erabilgarria ez bada aldi bakoitzean indarra duen legeriak agintzen duena baino handiagoa eta betiere eraginik ez badute ondare historiko-artistikoan edo jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan.
b) Jarduera sailkatu bat ezartzea, lekualdatzea edo funtsez aldatzea, hura baldin bada 12/2012 Legearen aplikazio esparruan araututako merkataritza jarduera batean aritzeko.
c) Delako merkataritza jarduera edo zerbitzua egiteko lokalak egokitzeko obrak egitea, baldin obra proiektu bat prestatzea behar ez badute, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearekin bat (12/2012 Legearen 3.3 artikulua). Nolanahi ere, jardueraren sustatzaileak, obrak hasi aitzin, behar den dokumentazio teknikoa izan beharko du eraikuntzako segurtasunari eta osasunari buruz, baita jardueretarako instalazioen gaineko proiektuak ere, hau da, teknikari eskudun batek sinaturiko dokumentuak, halako jarduera batean aritzeko lokal batek behar dituen elementu mekaniko eta elektronikoak, makineria eta instalazio berariazkoak.
Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legearekin bat, merkataritza lokaletan egiten diren obrek ez dute proiekturik beharko baldin badira egokitzapen tikiak egiteko, eta, baldin lokalei eraginik ere, legezko edo hirigintzako arauek babesten dituzten elementu edo atalei eragiten ez badiete, eta honako hauek bestelakotzen ez badituzte:
–Egiturazko elementuak, eraikuntzari sostengu eta erresistentzia ematen diotenak, hala nola zimendua eta egiturak.
–Elementu funtzionalak: erabilerak, instalazio orokorrak.
–Elementu formalak; fatxadaren kanpo konposizioa, bolumena.
Honako hauek ere ez dute proiekturik beharko: barne obra tikiak; estalkiak eta zabaltzak konpontzea; fatxadak pintatu, iztukatu eta konpontzea; ateak eta pertsianak ordeztea jadanik badiren irekiduretan; erakusleihoak, betiere diren hutsarteak bestelakotzen ez badituzte; instalazio, hustubide eta ur zikinen erretenetako hodiak konpontzea eta partez ordeztea; komunak egitea eta aldatzea.
Kasu horietan, dagokien tributu likidazioaren ondorioetarako, jardueraren sustatzaileak izan beharko ditu, gutienez, obrak hasi aitzin, eraikuntza enpresa edo teknikari eskudun batek egindako agiria, honako hauek agertzen dituena: obra gauzatzeko aurrekontua, kontu-sail eta unitateak zehaztuta, eta egin beharreko obrak deskribatzeko eta justifikatzeko txostena.
Jarduera beraren inguruan edo hura egiten den lokalean jarduketa bat baino gehiago egin behar bada, erantzukizuneko aitorpenak / aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira (12/2012 Legearen 4.4 artikulua).
2. Aurreiazko komunikazioa eta geroko kontrola egiteko araubidea honako hauetan aplikatzen da:
–Merkataritza edo zerbitzu jardueren titulartasun aldaketak, jakingarri hutsa direlarik (12/2012 Legearen 3.2 artikulua).
3. Honako hauek aplikatzeko beren araudiari lotuko zaizkio, eta ordenantza honen esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Udalaren hornidura azoketako saltokietan kokaturiko establezimenduak.
b) Erakunde edo enpresa publikoen instalazio, lurzati edo bestelako higiezinetan kokaturik daudenak, lurzati eta bizitegi multzo berean badaude eta haiek kudeatzen badituzte.
c) Prentsa, aldizkariak eta argitalpenak, gozokiak, loreak edo gisako bertze batzuk saltzeko kioskoak, udalerriko erabilera publikoko espazioetan daudenak.
d) Kalez kaleko salmenta, eremu eta espazio publikoetan kokatua, eta orokorrean jarduera ekonomiko batean aritzean jabari publikoaz egin daitekeen erabilera.
4. artikulua. Jarduerak gauzatzeko arau komunak.
Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumeneko kalitateari dagokienez, espazio publikoetan izan litekeen eragina murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, horiek eskura badira.
5. artikulua. Eredu normalizatuak eta behar den dokumentazioa.
5.1. Eredu normalizatuak erabiliko dira interesdunei errazteko datuen ekarpena eta eskatzen den dokumentazioa; horiek ordenantza honen eranskinean bildurik daude. Eredu horiek herritarren eskura egonen dira baliabide elektronikoen bitartez eta dagozkien udal bulegoetan.
5.2. Erantzukizuneko aitorpena duen aurretiazko komunikazioaren meneko jarduketetan dokumentazio hau ekarriko da:
1.–Eredu normalizatua, erantzukizuneko aitorpena duen aurretiazko komunikazioaren eranskinean agertzen dena, behar bezala betea; hartan behar bezala egiaztatu beharko da interesduna eta, hala behar badu, haren ordezkaria nor den. Orobat, agiri honetan berariaz adierazi beharko da indarra duen araudiaren arabera eska daitezkeen baldintzak betetzen direla, teknikari eskudunak sinaturiko proiektua edukitzea barne, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeak eskatzen badu (12/2012 Legearen 4.1,2 eta 3 artikulua); eta orobat adierazi hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala eta jardueran ari bitartean horiek guztiak betetzen segituko duela.
2.–Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denetan.
3.–Dagokion tributua ordaindu izanaren gordekina, hori eskatzeko modukoa delarik ordenantza bakoitzari jarraikiz: tasa, hirigintzako lizentziak emateko eta erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa tramitatzeko; tasa, irekitzeko lizentziak emateko eta erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa tramitatzeko; zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gainekoa.
4.–Establezimenduak irekitzeko edo obrak egiteko: obrak eta/edo lokala deskribatzeko eta justifikatzeko txostena, honako hauek aipatzen dituena: instalazio eta aparatuen potentzia mekanikoa; lokalaren azaleraren eta barne banaketaren eskalako planoak, agertzen dituztenak sekzioak, altxaera eta oinplanoa; instalazioen plano eta xehetasunak eta, hala behar badu, neurri zuzentzaileenak.
Modu osagarrian, dokumentazio hau identifikatu beharko da (edo borondatez ekarri), galarazi gabe jardueraren frogapen/egiaztapenaren edo ikuskapenaren tenorean dokumentazioaren errekerimendua egin ahal izatea:
–Proiektu teknikoa, horrela eskatzen badu Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeak, jardueran aritzeko lokala egokitzeko obrak egiten badira; hala ez bada, egin beharreko obren txosten baloratua.
–Jarduera zer lokaletan eginen den, haren hirigintzako lizentzia (obrak, lehen erabilera, okupazioa, irekiera). Eraikuntzaren Kode Teknikoak indarra hartu aitzinekoa baldin bada, lokalaren baldintzen gaineko ziurtagiria, erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren meneko jarduerak han gauzatzen direlarik; eranskinean agertzen da.
5.–Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz, jarduera sailkatutzat hartzen diren jardueretarako: jarduera sailkatuaren proiektua, dokumentazioa abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 66. artikuluan eta haren ordez une bakoitzean ematen den arauan ezarritakora egokitua.
6.–Erantzukizuneko aitorpena duen aurretiazko komunikazioaz eranskinean agertzen den ereduan aipatzen den dokumentazio guztia.
5.3. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketetarako dokumentazio hau ekarri beharko da:
a) Aurretiazko komunikazioaren eredu normalizatuak, eranskinean daudenak, behar bezala beteak; haietan behar bezala frogatu beharko da interesduna eta, hala behar badu, haren ordezkaria nor den, eta jardueran hasteko gainerako baldintzen berri eman beharko da.
b) Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denetan.
c) Dagokion tributua ordaindu izanaren gordekina, hori eskatzeko modukoa delarik ordenantza bakoitzari jarraikiz.
d) Titulartasuna aldatzen bada, eskualdaketaren frogagiria, aitzineko irekitzeko lizentziarekin edo aurretiazko komunikazioarekin batera.
e) Aitzineko irekitzeko lizentzia Eraikuntzaren Kode Teknikoak indarra hartu aitzinekoa baldin bada, jarduera zer lokaletan gauzatzen den, haren baldintzen gaineko ziurtagiria aurkeztu beharko da.
BIGARREN KAPITULUA
Prozedura
6. artikulua. Jakitun egitea.
Erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa, hurrenez hurren, obrak edo jarduera hasi aitzin formalizatu beharko dira. Jarduera irekitzen edo abiarazten delarik, aurretiazko komunikazioa duen erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko da jarduera gauzatzeko behar diren baldintza sektorial guztiak beteta eta baimen guztiak eskuratuta.
Behar den erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ahalmena ematen dio interesdunari jardueran hasteko aurkezten den egunetik edo adierazten den hasiera datatik aitzina.
Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopiak edo erregistro elektronikoak luzaturiko ordainagiriak jakitun eginen dute Administrazioa. Jardueraren establezimenduan ikusgai jarri beharko da agiri hori.
Jakitun egitea ez da jarduera batean aritzeko administrazio baimena, baizik eta baliabide bat Administrazioak jakiteko jarduera hori badela eta geroko kontrola posible izateko, ohiko ikuskatze ahalmenetik berezita, behar diren administrazio egintzen bidez, horiek administrazio egintzagatik tasa bat eskatzeko parada ematen baitute ordenantza fiskal bakoitzean ezartzen denari jarraikiz.
Ordenantza honek arautzen dituen jarduerek, gainera martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz jarduera sailkatutzat jotzen badira –jarduerarako ez irekitzeko lizentziarik behar ez badute ere– 4/2005 Foru Legeak eta hura garatzeko erregelamenduak ezarritako tramite eta txostenak bete beharko dituzte, eta horien ondorioen berri eman beharko zaio interesdunari, horietatik ondorioztatzen diren neurriak bete ditzan zehazten den epean; tramitazio honen ondoriozko neurriak betetzen ote diren fiskalizatuko da ikuskapen eta garapen faseetan.
7. artikulua. Aurreko egiaztapena.
1. Erantzukizuneko aitorpenak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendu eginen zaio, hamar eguneko epean, akatsa zuzen dezan edo aurkez ditzan aginduzko agiriak; ohartaraziko zaio jarduera berehala etenen dela, funtsezko baldintzaren bat betetzen ez bada. Orobat ohartaraziko da erantzukizuneko aitorpena ezarritako epean zuzentzen ez badu, aurkeztu gabetzat joko dela, eta horrek ekarriko duela ukitutako eskubide edo jardueran aritzen segitu ezina, eta interesdunaren betebeharra egoera juridikoa kasuan kasuko jardueraren hasieraren aitzineko puntura lehengoratzeko, aparte utzirik kasuan kasuko erantzunbehar penal, zibil edo administratiboak.
2. Orobat, erantzukizuneko aitorpena aurkezten baldin bada ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo dagoen jarduera bat hasteko, ebazpen arrazoituaren bidez adieraziko da erantzukizuneko aitorpen horren onartezintasuna; horrek berekin ekarriko du adierazpen espresa, ukitutako eskubide edo jardueran hasteko ezintasunaz behar den lizentzia aitzinetik eskuratu gabe.
3. Erantzukizuneko aitorpena aurkeztu ondoan, interesdunari noiznahi egiten ahalko zaio errekerimendu administrazio espedientea ekar dezan edo erakuts dezan aitorpenaren arabera daukan dokumentazioa, baita bidezko den gainerakoa, jarduera bera edo jarduerari lotutako obrak egiaztatzeko.
HIRUGARREN KAPITULUA
Egiaztapena eta ikuskapena
8. artikulua. Egiaztatzeko eta ikuskatzeko jarduera.
1. Egiaztatzeko eta ikuskatzeko jarduketak dagozkien arau sektorialei lotuko zaizkie. Halakorik ez bada, kapitulu honetako aginduak aplikatuko dira.
2. Udal zerbitzu eskudunek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren ikuskapen eta egiaztapenak ordenantzaren xede diren jarduerei dagokienez, indarra duen legeriak egozten dien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, aplikatzeko araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen delako egiaztagiriak aurkezteko eskatzen ahalko da.
3. Zantzurik baldin bada arau-hauste bat egin dela, erantzuleari ohartaraziko zaio, eta ohartarazpen hori jasoko da aktan, eta bidezkoak diren neurriak hartzeko proposamenak eginen dira.
9. artikulua. Egiaztatzeko eta ikuskatzeko aktak.
1. Egiaztapen eta ikuskapen jardueraz akta jasoko da; txostena izaten ahalko da:
a) Aldekoa: ikuskatutako jarduera aplikatu beharreko araudiaren arabera gauzatzen delarik.
b) Baldintzatua: neurri zuzentzaileak hartu beharra ondorioztatzen delarik.
c) Kontrakoa: ikuskatutako jarduerari funtsezko irregulartasunak agertzen zaizkiolarik eta jarduera eteteko beharra ikusten delarik harik eta bidezko diren neurri zuzentzaileak hartzen diren arte, horiek posible badira. Hala egin ezean, jarduera behin betiko bertan behera uztea proposatuko da.
2. Txostena baldintzatua edo kontrakoa izanez gero, zerbitzu eskudunek epea zehaztuko dute adierazten diren neurri zuzentzaileak hartzeko. Ofizioz nahiz interesdunek eskaturik, ezarritako epea luza dezake, gehienez ere hasieran emandakoaren erdia baino gehiago ez bada, betiere egoerak hartara behartuz gero eta hirugarrenendako kalterik sortu gabe, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluari jarraikiz.
3. Aitzineko zenbakiak aipatzen duen epea iraganik errekerimendua hartu dutenek ez badituzte hartu agindutako neurriak, organo eskudunak ebazpena emanen du jarduera eteteko harik eta agindutako neurri zuzentzaileak hartzen diren arte; horretaz aparte, legokiokeen zehapen prozedura abia liteke.
10. artikulua. Jarduera etetea.
1. Ordenantza honek aipatzen dituen jarduera guztiak eteten ahalko dira ez badira gauzatzen aplikatzeko araudian ezartzen diren baldintzen arabera; horretaz aparte daude 18. artikuluarekin bat bidezko diren gainerako behin-behineko neurriak.
2. Aurkezten diren salaketek dagozkien eginbideak irekitzea ekarriko dute, salatutako egitateak egiazkoak ote diren egiaztatu beharrez.
3. Behar den erantzukizuneko aitorpena aurkeztu gabe edo ezartzen diren neurri zuzentzaileen kontra gauzatzen diren jarduerak berehala etenen dira. Halaber, Udalak egiaztatzen badu aurkeztutako funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat okerrekoa edo faltsua dela edo ez direla betetzen indarra duen legerian ezarritako baldintza guztiak, halako egitateak jakiten diren puntutik aitzina ezin izanen da eskubidea erabili edo jardueran aritu, aparte utzirik izan litezkeen erantzunbehar penal, zibil nahiz administratiboak.
4. Aitzineko atalak aipatzen dituen egitateak eteteko agintzen duen ebazpena berehala betetzekoa izanen da eta jakinarazi beharko zaio interesdunari. Badaezpadako neurri hau hartzeko ez da beharrezkoa izanen aitzinetik entzutea ematea, zehapen prozeduran bidezko juzgatzen diren alegazioak aurkezten ahalko badira ere.
LAUGARREN KAPITULUA
Zehapen araubidea
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Araudi sektorial berariazkorik izan ezean, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten eginak eta ez eginak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.
2. Arau-hausteen sailkapena da oso larriak, larriak eta arinak, ondoko artikuluetan ezartzen den tipifikazioari jarraikiz.
12. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:
a) Jardueran edo zerbitzuan aritzea dagokion erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe, betiere kalte edo hondatze larria eragin bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri bada.
b) Agintari eskudunak jarduera uzteko edo eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.
c) Arau-hauste larriak errepikatzea edo haietan berrerortzea.
d) Arau-hauste larri gisa tipifikaturiko edozein portaera, pertsonendako edo ingurumenarendako kalte larriak ekartzen baditu.
2. Arau-hauste larritzat joko dira:
a) Jarduerak edo zerbitzuak abiatzea dagokien erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe, betiere kalte edo hondatze larria eragin ez bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri ez bada.
b) Orokorrean, jardueran aritzea erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aitorpenaren arabera betetzen diren zehaztapenak bete gabe, kalte edo hondatze larria eragin ez bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri ez bada.
c) Erantzukizuneko aitorpenean edo aurretiazko komunikazioan, funtsezko datuak modu okerrean paratzea, faltsutzea edo ez aurkeztea.
d) Ikuskapen eta kontrol jarduera galaraztea, gibelatzea edo trabatzea.
e) Finkatutako neurri zuzentzaileak betetzeko egindako errekerimendua ez betetzea.
f) Azken dokumentazio teknikoa aurkeztea edo instalazioaren azken ziurtagiria sinatzea dokumentuaren edo ziurtagiriaren egunean den errealitateari lotu gabe.
g) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.
3. Arau-hauste arintzat joko dira:
a) Tipifikazioan larritzat jotzen diren eginak eta ez eginak, halako kalifikazioa hartu behar ez badute garrantzi edo munta tikikoak izateagatik edo hirugarrenei egindako kaltea tikia izateagatik.
b) Jarduerak ate, leiho edo hutsarteak kanpora irekita dituela funtzionatzea, jarduerak ingurunean kalte edo traba egiten duelarik.
c) Establezimenduan ez egotea erantzukizuneko aitorpena aurkeztu izanaren frogagiria eta aitorpen horrek aipatzen duen dokumentazioa.
d) Establezimenduetako baldintza teknikoetan aldaketa ez funtsezkoa egitea, horretaz jakitun egin gabe, hala egitea aginduzkoa delarik.
e) Establezimenduetan eta haien instalazioetan aldaketa ez funtsezkoa egitea, horretaz jakitun egin gabe, hala egitea aginduzkoa delarik.
f) Ordenantza honetan eta berak aipatzen dituen legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa nolanahi ez betetzea, betiere arau-hauste oso larri edo larri gisa tipifikaturik ez badago.
13. artikulua. Zehapenak.
Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:
a) Arau-hauste oso larriak: mila eta bostehun eurotik hiru mila eurora bitarteko isuna.
b) Arau-hauste larriak: zazpiehun eta berrogeita hamar eurotik mila eta bostehun eurora bitarteko isuna.
c) Arau-hauste arinak: hiruretan hogeita hamabost eurotik zazpiehun eta berrogeita hamar eurora bitarteko isuna.
14. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.
1. Arau-hausteen erantzuleak izanen dira, bakoitzean biltzen diren inguruabarrei begiraturik, arau-hausteak egiten dituztenak edo legez erantzule direnak, eta bereziki hauek:
a) Jardueren titularrak.
b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.
c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.
2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak iraungitzen baldin badira, erantzunbeharra haien administratzaileei galdatuko zaie, halakorik baldin bada, haiek gobernatzeko arauetan aurreikusten den maneran.
15. artikulua. Zehapenen mailakatzea.
1. Arau-hauste mota bakoitzari dagozkion isunak ondoko irizpide hauen balorazioaren arabera mailakatuko dira:
a) Kalte arriskua edo eskatzen ahal den osasun edo segurtasun maila.
b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.
c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.
d) Arau-hausteak errepikatzea eta haietan berrerortzea, betiere aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.
2. Erantzunbeharraren aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.
16. artikulua. Behin-behineko neurriak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 72. artikuluan aurreikusitako ildotik eta hala bereko ondorioekin, behin-behineko neurriak hartzen ahalko dira halakoak beharrezkoak baldin badira etor litekeen ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko, interes orokorrak zaintzeko, prozedura behar duen tokira eramateko edo arau-haustearen ondorioen iraupena galarazteko.
Xedapen gehigarri bakarra.–Dokumentu ereduak.
1. Erantzukizuneko aitorpenari eta aurretiazko komunikazioari dagozkien dokumentu normalizatuak ezarri dira ordenantza honen eranskinean.
2. Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau garatzeko behar diren dokumentu eredu normalizatu guztiak onesteko eta aldatzeko.
Lehen xedapen iragankorra.–Tramitazioan dauden prozedurak.
Ordenantza honek indarra hartu aitzin baimena eskuratzeko hasitako prozedurei dagokienez, interesdunek haien tramitazioari jarraipena ematen ahalko diote ordenantza honetan arautzen diren prozedura edo araudien arabera, Udalari aditzera emanda.
Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun baliodun geroago hartuko du indarra.
ERANSKINAK
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: L1604797
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
