102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAN ADRIANGO, AZAGRAKO, ANDOSILLAKO ETA CARCARKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, familia-langilea aldi baterako kontratatzeko

Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak, 2016ko apirilaren 26ko 2/2016 Ebazpenaren bitartez, familia-langilearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko oinarriak onetsi zituen, Mankomunitatean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Hona hemen:

OINARRIAK

1.–Arauak.

1.1. Deialdi honen xedea da Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuan, familia-langile izateko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratzea.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Dena dela, kontuan hartuko da norbait ote dagoen hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe familia-langilearen lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

1.2. Kontratatzen den langilea D maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan lanaldi murriztua duten aldi baterako langileei ezartzen zaizkien lansari eta osagarriak jasoko ditu, eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, araubide horren babespean.

1.3. Lanaldia, ordutegia, oporrak eta gainerakoak Nafarroako Administrazio Publikoen lan-kontratudunen hitzarmenaren araberakoak izanen dira.

1.4. Eskualdearen zabaleraren handia kontuan izanik, kontratatzen den pertsona bere kabuz mugitu beharko da, Nafarroako Gobernuak ezarritako kilometro-ordaina jasotzen duela.

Laneko herria aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, Mankomunitatea osatzen duten entitateen artean betiere.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko lanbide ziurtagiria.

–Menpekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko teknikaria.

–Laguntza soziosanitarioko teknikaria (erdi maila).

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria, erdi maila edo horren baliokidea.

–Arlo soziosanitarioko bestelako titulu ofizialak.

Edo, halakorik ezean, izaera bereko lanpostuetan bi urtetik gora aritu izana eta eginkizun horiekin lotutako 100 ordutik gorako prestakuntza jaso izana.

d) Ibilgailuak gidatzeko, gutxienez ere B1 motako baimena izatea. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak izendapena baino lehenago ibilgailua duela frogatu beharko du.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Foruen plaza, 1-1.a, 31570, San Adrian).

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta, kasua bada, akatsak zuzendu ahalko dituzte, Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistroan.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko burutzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Mankomunitateko burua.

–Mahaikide teknikaria: Mankomunitateko gizarte langile bat.

–Mahaikide teknikaria: Mankomunitateko gizarte langile bat.

–Mahaikide teknikaria: Langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

–Mahaikide idazkaria: Mankomunitateko idazkaria.

Epaimahai hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta bere behin betiko osaera argitara emanen da, deialdian onartu eta baztertutako izangaien zerrendaren onespenaren argitalpenarekin batera.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Mankomunitateko burutzari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

6.1. Proba honetan ere aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri direnak izanen dira.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

6.2. Hautapen proba horretan gehienez ere 50 puntu emanen dira. Gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4. Azken emaitzan diren berdinketetan, laneko merezimenduen balorazioan puntu gehien lortzen dutenen alde joko da, baremo honen arabera:

–Familia-langile gisa, lanaldi osoan, administrazio publikoan lan egindako urte bakoitzeko: 4 puntu.

–Familia-langile gisa, lanaldi osoan, enpresa pribatu batean lan egindako urte bakoitzeko: 2 puntu.

–Erakunde pribatuetan edo publikoetan, adinekoak edo desgaituak zuzenean zaintzen emandako urte bakoitzeko: puntu 1.

6.5. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

7.1. Probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten izangaien zerrenda Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarkien oholean eta bere web-orrian. Halaber, izangaien artean berdinketarik gertatzen bada, merezimenduak aurkezteko toki eta eguna adieraziko ditu. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

Lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako zerrenda Mankomunitateko buruari igorriko zaio, ebazpen bidez onets dezan, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere.

7.2. Gainditu duten izangaiei Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

7.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei.

7.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

San Adrianen, 2016ko apirilaren 26an.–Mankomunitateko burua, Jesús Sola Aranda.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntza emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea.

3.–Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.

4.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen ingurumarian. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Etxeko laguntza zerbitzua zer egoeratan behar den. Gizartean eta familietan izaten ari diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxez etxeko laguntza zerbitzuan.

5.–Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan: Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen barrenean, informazio konfidentzialaren erabilera beste zerbitzu batzuekiko harremanetan.

6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean. Gatazka egoerak gobernatzea. Talde lana gizarte zerbitzuen barrenean, negoziazioa. Familia-langilearen koordinazioa lan taldeko profesionalekin.

7.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

8.–Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

9.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, soinketa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen sorospenak. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen moldatzea.

10.–Zaintzaileendako laguntza, etxeko laguntza zerbitzutik. Familia-langilearen esku-hartzea eta haren eginkizunak.

Iragarkiaren kodea: L1605069