Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
161/2016 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdia egiten duena 2016-2017 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte ikasketak egiteko berariazko sarrera probetarako.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste diseinuko goi mailako ikasketak. 57.2 artikuluan ezartzen da ezen, Diseinuko goi mailako ikasketak egiteko, beste betebehar akademiko batzuk betetzeaz gainera, sarrera proba bat gainditzea beharrezkoa dela. Proba horretan behar bezalako ezaupide eta trebetasun profesionalak dituztela erakutsi beharko dute izangaiek, kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko.
Urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren 12. artikuluan eta maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluan araututa dago diseinuko goi mailako titulua lortzeko irakaskuntza ofizialetan izangaiak sartuko direla berariazko proba gaindituz, betiere izangaiak batxiler-titulua badute edo 25 urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko proba gainditu badute, edo, 19 urtetik gorakoen kasuan, goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probak gainditu badituzte.
Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak, 5.4 artikuluan zehazten du hezkuntza administrazioei dagokiela, beren eskumenen esparruan, ikasketa horietan sartzeko berariazko probarako deia egitea eta hura antolatu, garatu eta ebaluatzea.
Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2016-2017 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako ikasketak egiteko sarrera probetarako deialdia egitea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2016-2017 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera probetarako deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileekin bat.
2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera, Eskolatze Bulegora, Iruñeko “CreaNavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendura eta Corellako Arte Eskolara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4 Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
I. ERANSKINA
Oinarriak
1. Xedea eta eremua.
2016-2017 ikasturtean, diseinuko goi mailako arte ikasketetan sartzeko berariazko probetarako deialdian nola onartu eta sartu arautzea du xede ebazpen honek, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak eman baitira diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezartzeko Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan, eta Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, hori aldatzen baitu.
2. Eragina eta balioa.
Sarrera proba gainditzeak ahalmena ematen du soilik 2016-2017 ikasturtean matrikula egiteko, eta ahalbidetzen du ikasketa horiek ematen dituen Estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan plazarik izanez gero.
3. Probak egiteko tokia eta egunak.
Corellako Arte eta Goi Mailako Eskolan eginen dira probak.
Nolanahi ere, beste leku bat erabili behar bada, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalari dagokio behar bezala eta aldez aurretik horren berri ematea, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Nafarroako Gobernuaren web orrialdean, zerbitzuen katalogoari dagokion fitxan (www.navarra.es) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeen iragarki oholetan.
Sarrera probak deialdi bakarrean eginen dira. Lehenengo proba 2016eko ekainaren 22tik aurrera eginen da, eta behar den denborarekin iragarriko dira aurreko paragrafoan adierazitako bideak erabiliz.
Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak argitaratuko du zer egun, ordu eta tokitan eginen den probaren zati bakoitza, baita emaitzak noiz argitaratuko diren ere, gutxienez 48 ordu lehenago, aipatutako bideak erabiliz.
4. Baldintzak
4.1. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek konplitzea:
a) Batxiler-titulua izatea, edo gainditua izatea 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba edo 19 urtetik gorakoentzako heldutasun proba (5. oinarrian agertzen dena).
b) Sarrera proba berariazko bat gainditzea, ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasunak dituela erakusteko.
4.2. Diseinuko goi mailako ikasketetan zuzenean sar daitezke, berariazko sarrera proba egin beharrik gabe, arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikariaren titulua dutenak, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuan eta martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan jaso bezala.
5.–Ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.
Batxiler titulua ez duten 19 urtetik gorako izangaiak edo 25 urtetik gorakoentzat unibertsitatean sartzeko proba gainditu ez dutenak heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke. Proba hori maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan aipatzen da eta hezkuntzako administrazioek antolatuko dute, dekretu horren bidez arautu baitzen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia.
Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako deialdi bat egin du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 30eko 94/2016 Ebazpenaren bidez.
6.–Probetan inskribatzea.
6.1. Berariazko sarrera proba egin nahi dutenek inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, ebazpen honen II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera. Bertan, aukeratu nahi dituzten espezialitatea edo espezialitateak (bi, gehienez ere) aipatu beharko dituzte. Bi espezialitate egin nahi izanez gero, lehentasunen arabera adieraziko dira.
6.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean eta, eskabidearekin batera, desgaitasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, organismo eskudunak emana, aurkeztuko dute, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, izangaiaren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak frogatzeko aukera errespetatuko du, hartu nahi dituen ikasketak probetxuz egiteko.
6.3. Dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren identitate txartelaren (bi aldeetatik bi kasuetan), pasaportearen, identitatea frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia.
b) Frogagiria, hala balegokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketarako kontuan sarrera probaren tarifarako ezarritako zenbatekoa ordaindu dela frogatzeko. Zenbateko hori Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 7ko 40/2015 Foru Aginduan ezarri zen, agindu horren bidez ezartzen baita diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko probaren tarifa:
–Inskripzioa sarrera proba berariazkorako: 61,30 euro.
–%50eko hobaria, kategoria orokorreko familia ugarietako kideentzat: 30.65 euro.
–%100eko salbuespena, kategoria bereziko familia ugarietako kideentzat eta ekintza terroristen biktimentzat, baita haien ezkontide eta seme-alabentzat ere.
c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena.
d) Batxiler-tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.
Probetan inskribatzeko unean batxilergoko azken kurtsoa egiten ari diren izangaiek eta, beraz, atal honetan aipatutako dokumenturik ez dutenek, haiek 2016ko ekainaren 23rako aurkeztuko dituzte, egun hori barne, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalari igorrita, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren Erregistroko edozein bulegotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean (38.4 artikuluan) ezarritako tokietan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian (www.navarra.es) eskura baitaiteke. Eskaera aurkeztuz gero Administrazio Publikoen Araubide Publikoari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, eskatzaileak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna frogatzen duen agiriaren kopiarekin batera.
e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik bada.
f) Diseinuko goi mailako ikasketak egiteko ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 19 urtetik gorako izangaientzat, heldutasun proba gainditu izanaren gordekinaren fotokopia.
Inskribatzeko orduan, heldutasun proba gainditu gabe duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute proba hori egiteko inskribatu direla eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, eta, edozein kasutan, uztailaren 1erako, egun hori barne, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute 6.4. oinarrian aurkezteko ezarritako tokietan.
g) Minusbalio mailaren ebazpena edo ziurtagiria, organismo eskudunak emana, hala balegokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.
Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.
6.4. Eskaera non eta noiz aurkeztu.
Eskaera, aipatu dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera igorriko da, eta honela aurkezten ahalko da:
–Bertaratuta: Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeetako idazkaritzan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako tokietan.
Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeetako idazkaritzan aurkezten diren eskaerak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera igorriko dira, inskribatzeko epea bukatu eta biharamunean.
–Telematika bidez, on line, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Web atarian (www.navarra.es) eskura baitago.
–Eskabidea posta bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten. Eskaera aurkeztuz gero Administrazio Publikoen Araubide Publikoari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, onuradunak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna frogatzen duen agiriaren kopiarekin batera.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik zazpi egun baliodunen buruan bukatuko.
6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.
Inskripzioak formalizatzeko ezarritako epea bukatu ondoren, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak onartu diren eskatzaileen izenen zerrenda argitaratuko du, behar denean espezialitateen arabera bereizirik, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoia azalduta, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Nafarroako Gobernuko web orrian, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan (www.navarra.es) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeen iragarki oholetan. Baztertutako pertsonek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzen ahal duen dokumentazioa aurkezteko. Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 6.4. oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da. Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die eta, ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.
7.–Berariazko sarrera probaren egitura eta edukia.
Probak hiru ariketa izanen ditu. Horietako bi, grafikoak, eta hirugarrena, testu-formatuarekin.
7.1. Lehen ariketa:
a) Irudiaren iruzkina: proposatzen diren bi irudiren arteko konparazio iruzkin bat idaztea.
Gehieneko iraupena: 45 minutu.
7.2. Bigarren ariketa:
a) Geometria metriko laua: ariketa bat ebaztea, non trazadura hauek izan daitezkeen: poligonoak egitea, transformazio geometrikoak, irudi baliokideak, tangentziak eta proportzionaltasuna.”
Gehieneko iraupena: 45 minutu.
b) Geometria deskribatzailea: ematen den objektu baten krokis kotatua, esku hutsez prestatua, eta objektu beraren marrazketa zehaztuko den eskalan, tresnak erabiliz. Bi marrazketak arkatzez eginen dira.
Gehieneko iraupena: 75 minutu.
7.3. Hirugarren ariketa: Marrazketa Artistikoa
a.1) Proposatutako eredutik abiatuta, hura irudikatzea, teknika lehorrarekin, kontuan harturik proportzioa, argi-ilunak, konposizioa, etab.
a.2) Natura hila osatzen duten objektuak abiapuntu izanda, konposizio librea egitea, tresnen laguntzarik gabe
Gehieneko iraupena: 90 minutu.
b) Diseinuaren oinarriak:
Errepikapen diseinu bat egitea, sare modularren erabileran oinarriturik.
Gehieneko iraupena: 60 minutu.
Izangaiek beren nortasuna frogatzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute probetan.
8.–Berariazko sarrera proba nola kalifikatu eta gainditu.
Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den kalifikazioa 5,00 puntukoa edo hortik gorakoa bada. Emaitzak, partzialak zein guztizkoak, kasuan kasuko aktetan jasoko dira. Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, Nafarroako Gobernuaren web orrialdean, zerbitzuen katalogoari dagokion fitxan (www.navarra.es), eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeetako iragarki oholetan.
Berariazko sarrera proba gainditzen bada, kasuan kasuko gainditze ziurtagiriarekin egiaztatuko da. Hura Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emanen du eta epaimahaiko buruak eta idazkariak sinatua egonen da, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak ikus-onetsia, kasuan kasuko probaren kalifikazio aktarekin bat, IV. eranskinean jasotzen den ereduari jarraituz. Besteak beste, ikasturtea, espezialitatea eta lortutako kalifikazioa zehaztuko dira. Ez zaie ziurtagiririk emanen proba guztiz gainditzen ez duten izangaiei, ezta ziurtagiri partzialik eta ariketa bakoitzaren kalifikazioari buruzkorik ere.
9.–Diseinuko goi mailako ikasketetan Nafarroako Gobernuaren eskumeneko ikastetxe publikoetan eskaintzen diren plazak.
Diseinuko goi mailako ikasketetan eskainitako plazak 24 izanen dira Corellako Arte Eskolan, diseinu grafikoaren espezialitatean.
10.–Ikasleak onartzea
Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren 4 bis artikuluan jasotzen den bezala, honako hauek izanen dira ikasleak onartzeko irizpideak:
10.1.
a) Ikaspostuen %75, proba berariazkoen bidez sartzen diren ikasleentzat.
Proba espezifikoen bidez sartzearen kasuan, lehentasuna emanen zaio kalifikazio hoberena lortu duenari Nafarroako Foru Komunitatean deitutako proba berariazkoan. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna emanen zaio nota hoberena lortu duenari, ordena honetan: sarbide probako lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak.
b) Ikaspostuen %25, zuzenean eta proba espezifikorik gabe sartzen diren ikasleentzat.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulu bidez sartzen denean, lehentasuna izanen du bukaerako kalifikaziorik hoberena duenak, ikasketa horiek Nafarroako Foru Komunitatean eginik. Baliokide deklaratutako tituluen bidez sartzen denean, lehentasuna izanen du espediente akademiko onena frogatzen duenak.
10.2. Aurreko bi irizpideak aplikaturik ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa bidez ebatziko da.
10.3. Erreserba kupo batean bete gabeko ikaspostuak beste kupora erantsiko dira, baldin horretan gehiegizko eskaerak badaude.
10.4. Aurreko atalak aplikatu ondoren ikasposturik gelditzen bada, sarbiderako proba espezifikoa beste autonomia erkidego batzuetan, deialdiko ikasturtean, egin dutenei esleituko zaizkie, edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo lortu dutenei, eta aurretik azaldutako onarpen irizpideak aplikatuko dira.
10.5. Aurrekoa gorabehera, talde bakoitzeko plaza bat erreserbatuko da goi mailako edo errendimendu handiko kirolari diren ikasleentzat. Ikaspostu horren hornidura sarbidearen araberakoa izanen da; alegia, kirolaria den ikaslea proba espezifiko bidez onartua bada, sarbide horretarako erreserbatutako ikaspostuetako bat esleituko zaio, eta kirolaria den ikaslea zuzenean onartua bada, gainerako ikaspostuetako bat emanen zaio.
Goi mailako edo errendimendu handiko kirolari bat baino gehiago izanez gero, ikaspostua erreserbatuko zaio kirol maila handiena duenari, Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatuari jarraituz. Kirol maila berdina izanez gero, notarik onena duenari gordeko zaio ikaspostua, ikasketa espedienteko nota izan nahiz sarrera probakoa izan. Berdinketarik izanez gero, zozketa bidez erabakiko da
11.–Epaimahaia
Epaimahai bakarra eratuko da, mahaiburuak eta mahaikideek osatua. Epaimahaiko kideen kopurua bakoitia izanen da, baina ez hirutik beherakoa.
11.1. Epaimahaiaren osaera.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun eta irakasleen kidegoko eta marrazketa espezialitateko Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek osatuko dute epaimahaia, haietako bat mahaiburu dela. Mahaikide gazteena arituko da idazkari.
Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak mahaikideak izendatuko ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
12.–Erreklamazioak.
Proben kalifikazioen inguruko erreklamazioak, halakorik balego, 6.4. oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko dira, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera zuzenduta, gehienez ere bi egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioaren arrazoiak argi adierazi behar dira. Erreklamazioak gehienez ere hamar egun balioduneko epean ebatziko dira, erreklamazio epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena interesdunari komunikatuko zaio, jaso duela frogatzeko moduan.
Ebazpen horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, komunikazio hori jaso eta hilabeteko epean.
13.–Dokumentazioa gordetzea.
Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko probetan sortutako dokumentazio guztia Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalean gordeko da, gutxienez bi hilabetean proba horiek bukatu ondoren, aurkeztutako erreklamazioei dagokiena izan ezik, hura gorde beharko baita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen testu bateginean ezarritako epearen arabera.
II. ERANSKINA
Izena emateko eskabidea (PDF).
III. ERANSKINA
Izangaiak ekarri beharko dituen materialak, diseinuko goi mailako arte ikasketetan sartzeko probak egiteko 2016-2017 ikasturtea
Lehen ariketa:
Irudiaren iruzkina:
–Bolaluma beltza edo urdina.
Bigarren ariketa:
Geometria metriko laua eta geometria deskribatzailea:
–2H portamina, borragoma, eskuaira eta kartaboia, erregela edo eskalimetroa eta konpasa.
Aukeran, honako hauek erabiltzen ahalko dira:
–HB arkatza edo portamina.
Hirugarren ariketa:
a) Marrazketa artistikoa:
–Teknika lehorrak.
b) Diseinuaren oinarriak:
–Marrazteko tresnak, hala nola, arkatza (2H) edo portamina, borragoma, erregela, eskuaira, kartaboia.
–Errotuladore grisa: fina, irudia markatzeko, eta lodia, punta alakadunekoa, irudiaren barrena betetzeko.
–Errotuladore beltza: fina, irudia markatzeko, eta lodia, punta alakadunekoa, irudiaren barrena betetzeko.
Aukeran, honako hauek erabiltzen ahalko dira:
–HB arkatza edo portamina
–A3 formatuko kartulina zuria, beltza eta grisa.
–Cutterra.
–Ebakitzeko alfonbratxoa.
–Bi aldeko zinta edo barra itsaskorra.
IV. ERANSKINA
Ziurtagiriaren eredua (PDF).
Iragarkiaren kodea: F1605966
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
