100. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

249E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2016ko laguntzak” izeneko diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko azaroaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen gizarte-erantzukizuna Nafarroan eragin, sustatu eta bultzatzeko II. programa orokorra 2020rako, I. programan egindako aurrerapenak sendotzearren, gizarte-erantzukizuna Nafarroako enpresetan ezartzeari dagokionez.

Programa horietan jasotzen den jarduketa lerroetako bat da enpresei zuzendutako laguntzen deialdia, gizarte-erantzukizuna beren estrategietan txerta dezaten laguntzeko.

Enpresa onuradunek hainbat topagunetan adierazi dutenez, laguntzak tresna garrantzitsua izan dira merkatuko lehiakortasuna hobetzeko. Orobat, analisiarako tresna bat ikusi dute haietan, bereziki laguntzen duena antolakuntzaren egitura hobetzen. Beraz, enpresa onuradunek beraiek laguntza horiek balioetsi ondoren, 2016an deialdia egiten jarraitzea erabaki da.

Halaber, Nafarroako Gobernuak, 2009ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioaren bitartez tramitatzea baimendu zuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016. urteko laguntzen deialdia onestea gizarte-erantzukizuna sustatzeko.

2. Laguntza horiek, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak, emateko oinarri arautzaileak onestea.

3. 60.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2016ko Gastuen Aurrekontuko “Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa” izeneko 810012 81500 4819 494112 kontu-sailaren kargura:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KOD.

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494112: Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa

2016

60.000,00

Baimendutako gastutik, hauek dira diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzerako diru kopuruak: 14.000 euro, diagnostikoak egiteko; 30.000 euro, jarduketa planetarako, 3.900 euro, jasangarritasun txostenetarako; eta 12.000 euro, hobekuntza zikloetarako. Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketa bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, haiek zein ordenatan aurkeztu diren kontuan hartuta.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena NAOn argitaratu arte.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 12an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Enpresen gizarte-erantzukizuna Nafarroako Foru Komunitateko enpresetan bultzatzeko xedea dute laguntza hauek, “InnovaRSE” metodologiaren araberako diagnostikoak, jarduketa planak, jasangarritasun txostenak eta hobekuntza zikloak prestatuz.

Europako Batzordearen arabera, gizarte-erantzukizuna “enpresen erantzukizuna da, gizartean duten eragina dela eta”. Enpresaren estrategian kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeekin nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

Urte honetako deialdiak bereziki bultzatuko ditu, legezko gutxienekoak gaindituz, berdintasun arloan puri-purian dauden kezka sozialak enpresetan txertatzen dituzten jarduketak, eta hori, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko emakume eta gizonen arteko Berdintasun Programa, Nafarroako Gobernuak 2016ko martxoaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez onetsia, betetzearren.

Horren inguruan, gogoratu behar da Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak arreta berezia eskaintzen diola desberdintasunen zuzenketari lan harremanen berariazko eremuan, eta enpresetako berdintasunaren aldeko neurri zehatzak sustatzen ditu. Lege horren VII. titulua enpresek beren borondatez gizarte-erantzukizuneko ekintzak berenganatzeko aukerari buruzkoa da zehazki, enpresa barrenean edo bere ingurune sozialean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun baldintzak sustatze aldera.

2. oinarria.–Aholkulariak baimentzea.

1. Lan Zerbitzuak aholkulari gisa baimendutako pertsonen zerrenda bat prestatuko du, diru-laguntzaren xedeko jarduketak egiteko; haiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea.

b) Kontsulta eta aholku lanetara emana den enpresa edo entitate batean jardutea, enpresak helbidea Nafarroan izanik.

c) “InnovarSE” metodologia erabiltzeko baimenduta egona izatea deialdiaren aurreko hiru urtean.

d) “InnovarSE” metodologia behin gutxienez ere aplikatu izatea.

2. Egiaztagiri hori eskuratu nahi dutenek 10 egun naturaleko epea izanen dute eskabidea bidaltzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, honako helbide honetara: responsabilidadsocial@navarra.es. Eskabideak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen ereduaren araberakoa izan behar du.

3. Aholkulari gisa baimendutako pertsonen zerrenda aipatutako Interneteko helbidean argitaratuko da, enpresek aukera dezaten norekin egin nahi dituzten diruz laguntzen ahal diren jarduketak.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Hurrengo jarduketak aholkulari gisa baimendutako pertsonekin egitea da diru-laguntzaren xedea:

1.1. Diagnostikoak: enpresei bide ematen diete gizarte-erantzukizunari dagokionez beren egoera atzemateko eta jarraitu behar dituzten bideak planteatzeko, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak aplika daitezen.

Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko jarduketak baloratzearren, aztertu egin beharko da neurri hauetako zein ari diren aplikatzen:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzea 250 langiletik beherako enpresetan.

b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzen nabarmentzeagatik enpresei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat lortzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo Amednaren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurrien aplikazioa.

d) Berdintasuna sustatzen duten beste neurri batzuk, behar bezala frogatzen ahal direnak; besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, rol aniztasuna eta ardurakidetza enpresaren dokumentazioan eta materialetan erabiltzea, hizkera ez-sexista erabiltzea dokumentazioan eta materialetan, eta berdintasuna bultzatzen duen beste edozein jarduketa, frogatzen ahal dena.

1.2. Jarduketa planak: aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren gizarte-erantzukizuna hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazten dituzte. Laguntza hauek eskuratzeko, aholkulari baimendu batek egindako gizarte-erantzukizunari buruzko diagnostikoa dutela frogatu beharko dute enpresek.

Jarduketa planek 1.1. atalean zehaztutako jarduketetakoren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute.

1.3. Jasangarritasun txostenak: tresna bat dira jarduketa plana egin duten enpresentzat, plan hori gauzatu dutela erakusteko. Txosten horretan sartzen dira erakundeak garapen jasangarriarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea, barne eta kanpoko interes-taldeen aurrean.

250 langiletik beherako enpresa baten txostenean argi gelditzen denean berdintasun plan bat prestatu eta aplikatu dela,%50 gehituko zaio 3. ataleko taulan ezarritako portzentajea aplikatuz dagokion laguntza.

1.4. Hobekuntza zikloak: jasangarritasun txostena egina duten enpresentzat; haietan beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa plan bat ere, non hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak proposatzen baitira.

Jarduketa plan berriek 1.1. atalean zehaztutako jarduketetakoren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute.

2. Gainera, diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) “InnovaRSE” metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) 2016ko urriaren 14a baino lehenago egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago benetan ordaindu dena.

c) Enpresako jarduketa bakarrerako emanen da diru-laguntza.

d) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 25 ordukoa gutxienez, diagnostiko bakoitzeko; 50 ordu, jarduketa plan bakoitzeko; 15 ordu, jasangarritasun txosten bakoitzeko eta 60 ordu, hobekuntza ziklo bakoitzeko.

3. Diru-laguntza jaso dezakeen gastua aholkularien ordainsarien portzentajea (BEZa kanpo) izanen da, ondotik ematen baita, egindako jarduketagatik jaso beharreko gehieneko diru-laguntzarekin batera:

JARDUKETA

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKEEN GASTUA

GEHIENEKO
LAGUNTZA

1.1. Diagnostikoa

%100

1.000 euro

1.2. Jarduketa plana

%75

1.500 euro

1.3. Jasangarritasun txostena

%50*

300 euro/450 euro

1.4. Hobekuntza zikloa

%50

1.200 euro

250 langiletik beherako enpresek, Berdintasun Plana prestatu eta aplikatzen dute,%50eko laguntza gehigarria lortuko dute, dagokienaz gain; kasu horretan, 450 eurokoa izanen da jarduketa horretarako gehieneko laguntza.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Laneko zentro bat Nafarroan izatea, gutxienez 5 langile kontratatuta dituena eskaera aurkezten denean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehatua ez izatea Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Aurreko ataleko a) eta d) letretako beharkizunak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizuneko aitorpena erabiliko da. Gainerako beharkizunak ofizioz egiaztatuko dira.

3. 2. oinarriaren arabera baimendutako pertsonak dituzten aholkularitzako enpresak ezin dira laguntzen onuradunak izan, ezta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko sozietate publikoak ere.

5. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

1. 2016ko ekainaren 6an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta 2016ko ekainaren 20an bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Sinadura elektronikoaren titularrak du erantzukizuna, eskaeran emandako datuak egiazkoak izan daitezen.

3. Eskabideari honako hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Enpresa zuzendaritzaren konpromisoa, diruz lagundutako jarduketak abian jartzekoa, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

b) Jasangarritasun txostenetarako laguntzak eskatu eta 3. oinarrian aipatu den %50eko igoera lortu nahi duten enpresek Berdintasun Plana erantsi beharko dute.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.~Diru-laguntza emateko prozedura.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztu beharko dute (Erregistro Orokor Elektronikoan, Lanaren Zerbitzuari zuzendua) diru-laguntzen onuradunen gardentasunaren aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) 9. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko da diru-laguntzaren xedeko jarduera.

c) Behar izatera, Lan Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2016ko urriaren 14a arte, egun hori barne, izanen dute epea onuradunek 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Diagnostikoaren, jarduketa planaren, diruz lagundutako jasangarritasun txostenaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira.

c) Diagnostikoa egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Aholku-emailearen faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izatea.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiria aurkezten denetik.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira beste administrazio publiko batzuek, beste ente publiko edo pribatuek edo partikularrek, Estatukoek edo nazioartekoek, helburu bererako emandakoekin.

11. oinarria.–’’De minimis” laguntzak

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnestrans/GE/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1606070