1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
405E/2015 EBAZPENA, abenduaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Alloko Ocarín alderdian obra-hondakindegia lehengoratzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Alloko Udala da.
2015eko irailaren 17an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuko jarduketaren xedea da Alloko Udaleko obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzea. 5. poligonoko 1143. lurzatiko E azpilurzatian dago. Obra-hondakindegiak itxitura eraginkorra du. Kanpoaldean, sarreraren ondoan, tamaina handiko hondakinak eta zaborrak utzi berri dira. Obra-hondakindegia ibarbidea da, goiko bide batetik betetzeko modukoa. Ohiko topografia du: goiko plataforma zelaia, zirkuluerdi formakoa, eta hegoalderako orientazioa duen ezponda bat, malda handia duena (toki batzuetan %75eko inklinazioak daude). Betegarriaren hegalean, toki batzuetan, lurra dago eta zuhaixkak landatu dira, eta obra- eta eraispen-hondakinak agertzen dira. Goiko plataforma zelaian Alloko frontoiaren obretatik datorren lurra dago, bai eta udalerriko bide eta arekak garbitzetik datozen lurra, hartxintxarra eta belarrak ere.
Eremua itxi eta lehengoratzeko proposamenean hiru aukera agertzen dira, eta jarraian deskribatzen dena aukeratu da, bideragarritasun tekniko handiena duelako:
–Hondakinak kentzea (hiri-hondakintzat har daitezkeenak).
–Lurrak zabaltzea malda gutxitzeko eta lurzoruaren kalitatea handitzeko, jarduteko hiru eremu (0, 1 eta 2) bereiziz.
–Belarrak eta zuhaixkak ereitea, inguruneko landareentzat egokia den hazi-nahasketa bat erabiliz. Goi-lautadan egin beharrekoa.
–Belarrak eta zuhaixkak hidroereitea, inguruneko landareentzat egokia den hazi-nahasketa bat erabiliz. Ezpondan lurra jaso duten bi azaleretan egin beharrekoa.
–Alepo pinuak landatzea. Obra-hondakindegiaren ezponda osoan egin beharrekoa, bai aurrealdeko nagusian, bai alboko bigarren mailakoan.
–50 alepo pinu landatzea 3 litroko edukiontzi batean. Obra-hondakindegiaren aurrealdeko ezponda nagusian egin beharrekoa.
Espedienteak aldeko txostena jasoa du, Alloko Udalak (Lizarrerriko EZABUren bitartez) 2015eko irailaren 23an emana, jarduketaren hirigintzako bateragarritasunari buruz. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak ere aldeko txostena eman du, 2015eko azaroaren 30ean, jarduera baimentzeko modukotzat har baitaiteke, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jarduketaren aldeko txostena eman du, betiere ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Alloko Ocarín alderdian obra-hondakindegia lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Alloko Udala da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Hondakinen kudeatzaile baimendu batek lurperatu behar ez diren materialak kentzea.
–Ezinbestekotzat jotzen da obra-hondakindegiaren ezponden malda gutxitzea; horregatik, betegarriaren goiko aldetik edo goiko ertzetatik jokatu beharko da, materiala ezpondaren behealdera mugituz eta lursailaren oinarria okupatuz (koniferoez landatutako lursaila). Beste aukera bat da materiala atzera eramatea, iparralderantz, lursailaren kota sarbidearen gainetik goratuz. Landareztatzearen arrakasta bermatzeko aldapa homogeneoa lortu beharko da, 2H/1V-koa edo hortik beherakoa.
–Lerro zuzenak saihestuko dira, malda desberdina duten azalerak bereizten dituztenak, eta azalera jarraitua eta homogeneoa lortuko da.
–Obra-hondakindegiaren birmoldaketa topografikoa egin aurretik, goiko plataforman metatutako landare-lurra mutur baterantz mugitu beharko da, eta egoera onean metatuko da azkeneko azaleretan erabiltzeko.
–Landareztatzeko lanak izanen dira proiektuan proposatzen direnak. Landaketak mantentzeko unitateak sartu beharko dira, gutxienez egin ondorengo bi urteetan, honako jarduera hauek barne: ureztatzea agorraldian, hutsarteak betetzea eta jorraketak.
–Egungo itxitura mantenduta ere, gomendatzen da areka bat egitea lehengoratzen den azalera osoan zehar, sarbidearen ondoan, ibilgailuak nekez sar daitezen lehengoratutako azaleran eta drainatze gisa, ura betegarrian ez sartzeko.
–Beharrezkoa denean, hau da, departamentu honi inguruabar baten berri eman behar zaionean, abisu emanen zaio Basozaintzari. Horretarako, posta elektroniko bat bidaliko zaio Lizarra Hegoaldeko Basozaintzari (ogfoeste11@cfnavarra.es).
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Alloko Udalari eta Lizarra Hegoaldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko abenduaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1516679