10. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

403E/2015 EBAZPENA, abenduaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da gasolina-zerbitzugune batetik datozen urak Oibarko kolektore publikora isurtzeko proiekturako, Oibarko udal-mugartean. Sustatzailea Juan Carlos Ciprés Aznar da.

2015eko abuztuaren 25ean Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea da Oibarko udal-mugarteko 9. poligonoko 373. lurzatian dagoen gasolina-zerbitzuguneko saneamendu-instalazioak herri horretako uren saneamendu eta arazketako azpiegiturarekin konektatzea. Gaur egun, ur beltzak eta hidrokarburatuta egon daitezkeenak hurbileko errekara isurtzen dira zuzenean. Proiektuaren arabera, arbastatzeko burdin sarea duen kutxeta bat paratuko da komunetatik datozen saneamendu-urak eta ibilgailuen garbitegitik eta erregaia hartzeko gunetik datozen ur hidrokarburatuak elkartzen diren tokian. Hori egin ondoren, 2 m³-ko biltegi bat instalatuko da bulkatze ponpa muntatzeko. Ponpa ur azpian jarriko da, errodete birrintzailea izanen du eta gehienez 6 mm-ko solidoak pasatuko dira. Hortik lurpeko hoditeria jarriko da. Polietilenozko tutua erabiliko da, 63 mm-ko diametrokoa, junturarik eta eta tarteko miatze zulorik gabe.

Proiektuko hodiaren trazaduraren luzera 290 metrokoa da, eta alor, bide eta errepide batzuk zeharkatzen ditu. 373. lurzatian hasten da, 9. poligonoko 483. eta 799. lurzatiak zeharkatzen ditu eta gero abelbide bat, NA-8606 errepidea zeharkatu arte, eta kolektore publikoaren isurketa-putzuan bukatzen da. Abelbidearen ertzetako landaredi naturala ukitu gabe egin daitezke lanak. Ez da interes ekologikoko bestelako balorerik ukitzen.

Espedientean Oibarko Udalak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak haren alde emandako txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere proiektuaren aldeko txostena eman du. Abelbideen ukipenei dagokienez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren 2015eko urriaren 1eko 438/15 Ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea gasolina-zerbitzugune batetik datozen urak Oibarko kolektore publikora isurtzeko proiekturako, Oibarko udal-mugartean. Sustatzailea Juan Carlos Ciprés Aznar da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Abelbidearen ertzetako landaredi naturala ukitu gabe egin beharko dira obrak.

–Zanga irekitzetik ateratako materiala zanga bera betetzeko erabiliko da.

–Lanak bukatu ondoren, proiektuak ukitzen duen eremua obra-hondakinik gabe utziko da, eta behar bezala lehengoratua.

Hirigintza arloko edukiak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, proiektuko saneamendu-instalazioari lotuta dauden eta lurretik ateratzen diren elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo hor kokatu nahi diren bestelako jarduketa zehatzak saneamendu-sarearekin konektatzea, hau da, espedientearen xedeko gasolina-zerbitzugunea ez den beste edozein.

–Lizentzia eman aurretik, Udalak deklarazio bat eskatuko dio sustatzaileari, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Egin nahi den jarduketak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, organo eskudunak T-11 abelbideari buruz ezartzen dituen baldintzak beteko dira, eta NA-8606 errepidearen gaineko ukipenari dagokionez, sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren aginduzko baimena eskuratu beharko du, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legea betez.

–Halaber, saneamendu-sare orokorraren kudeatzailearen baimena eta instalazioa egiteak ukitzen ahal dituen lurzatien titularrenak izan beharko ditu sustatzaileak.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Oibarko Udalari, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko abenduaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1516678