10. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2016 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Mendi Zerbitzuko zuzendariak emana, eraginik gabe uzten duena sua erabiltzeko debekua hiri-lurzoruetatik kanpo, ura Kantauri Itsasora isurtzen duten arroetan; Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 22ko 307/2015 Foru Aginduaren bidez ezarri zen debekua.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 22ko 307/2015 Foru Aginduak aldi baterako debekatu zuen sua hiri-lurzoruetatik kanpo erabiltzea ura Kantauri itsasora isurtzen duten arroetan. Lurralde horretan gertatzen ari zen ezohiko egoera meteorologikoaren aurrean hartu zen erabaki hori, lehorte aldi larria baitzegoen, tenperatura handiak garairako, hezetasun indize txikiak eta hegoaldeko haizea nagusi, eta horren ondorioz oso handia zen baso-suteen arriskua.

Foru aginduak berak zehaztu zuen, kontrako baldintza meteorologikoak iraganik, Mendi Zerbitzuko zuzendariak kenduko zuela erretzeko debekua, eta erreketak eta baimenak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 24ko 195/2014 Foru Aginduan jasota dagoen indarreko araudiari egokituko zitzaizkiola; izan ere, horren bidez arautzen da suaren erabilera lurzoru urbanizaezinean, bai eta baimenak emateko salbuespeneko araudia ere, sua kudeaketa-tresna gisa erabiltzeko.

Ikusita Oihanak Kudeatzeko Atalaren txostena, baldintza meteorologikoak aldatu direla frogatzen baitu, ez hainbeste hegoaldeko haizearen nagusitasuna apaldu delako, euria etorri delako baizik, azken 8 egunean 50 l/m² egin baitu batez beste.

Kontuan hartuta azken astean egunero izan dela prezipitazioa, Kantauri isurialdeko estazio meteorologikoetako datuek erakusten dutenez.

Kontuan hartuta baso-suteak prebenitzeko eta haien aurka egiteko neurriak Baso Administrazioaren esku-hartzearen menpe daudela, hala ezarrita dagoenez abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatua).

Horrenbestez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 2015eko irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, izan ere Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak esleituta dituen zenbait eskumen Mendi Zerbitzuaren esku uzten dira.

EBATZI DUT:

1. Eraginik gabe uztea erreketak hiri-lurzoruetatik kanpo egiteko debekua, ura Kantauri itsasora isurtzen duten arroetan; zehazki, Arano, Goizueta, Leitza, Areso, Ezkurra, Eratsun, Saldias, Zubieta, Ituren, Doneztebe, Urroz, Donamaria, Beintza-Labaien, Sunbilla, Etxalar, Arantza, Igantzi, Lesaka, Bera, Bertizarana, Baztan eta Luzaideko udalerrietako lurretan, Erroibarko iparraldeko isurialdean eta lurralde horietako fazeria guztietan; bestetik, erreketak egiteko eskaera eta baimenen prozesuarekin jarraitzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 24ko 195/2014 Foru Aginduan araututakoaren arabera, horren bidez arautu baitzen suaren erabilera lurzoru urbanizaezinean, bai eta baimenak emateko salbuespeneko araudia ere, sua kudeaketa-tresna gisa erabiltzeko.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Foruzaingoari, Guardia Zibilari, Basozaintzari eta suhiltzaileei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 12an.–Mendi Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.

Iragarkiaren kodea: F1600395