2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EL BUSTO
Ordenantza, Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
El Bustoko Udalak, 2015eko urriaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen udal ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 20an.
Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da ondoren ematen den ordenantza; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.
El Buston, 2015eko abenduaren 10ean.–Alkatea, Jesús Ripa Arizaga.
UDAL ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOAK ETA BESTE TRAMITAZIO BATZUK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.
3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:
a) Obra-lizentzia eta eraikinak lehen aldiz erabiltzekoa ematea.
b) Udal Planeko aldaketa puntualak tramitatzea.
c) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.
d) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.
e) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.
f) Lur banantzeak tramitatzea.
g) Birzatiketak edo kudeaketarako bestelako bitartekoak tramitatzea.
h) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.
i) Hirigintza arloko kontsultak.
j) Alderdi batek eskaturik abiarazitako aurri espedienteak.
k) Jarduera lizentzia eta irekitzeko lizentzia ematea.
l) Betearazpen aginduak tramitatzea.
j) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada.
Ordaindu beharra
4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.
Tarifak eta karga-tasa
6. artikulua. Hirigintzako aholkularitzaren txostenek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek zer kostu duten, horrenbertze izanen dira aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-tasak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.
Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.
Tramitazioa
7. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskaera orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta zehaztapenak.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien aldeko txostena hartu ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.
9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
Iragarkiaren kodea: L1516696