Iragarkia
10. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2715/2015 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateendako diru-laguntzen kontzesioa arautzen duena langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko.
Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen diru-laguntzen oinarriak ezarri ziren, interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko.
Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.
Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren funtzioak eta zerbitzuak.
Estatuko araudia aintzat hartuta, bai eta egindako funtzioen eta zerbitzuen eskualdaketa ere, gai horren arloko diru-laguntzen oinarri arautzaile ezberdinak onetsi dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan. Azken deialdia Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 23ko 233/2012 Ebazpenaren bidez onetsi zen, baina indarrik gabe utzi zen irailaren 28ko 1943/2015 Ebazpenaren bidez.
Horrenbestez, bidezkoa da oinarri arautzaile berriak onestea eta horiei beharrezkoak diren hobekuntzak egitea Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak eman ahal izateko langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea. Foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.
Nafarroako Gobernuak, 2015eko azaroaren 17ko Erabakiaren bidez, deialdi honetan banakako ebaluazioa egiteko baimena eman du, haren xede eta helburuetara hobekien egokitzen dena baita.
Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren 13. artikuluak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak onestea, Nafarroako toki entitateek langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira oinarri arautzaileak.
2. 2.800.000 euroko gastua baimentzea 2016ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Gizarte intereseko obra edo zerbitzuak kontratatzeko diru-laguntzak. Sektoriala eta PE Gazte Enplegua EGF-YEI” izeneko 170001 15100 4609 241100 aurrekontuko kontu-sailaren kargura, edo helburu bererako gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, baldin eta aurrekontuetan behar adina badago.
3. Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako diruari gehitzen ahalko zaio.
4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen kontra zilegi izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, dagokion Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2015eko abenduaren 22an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
I. ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
1.a) Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei langabeak kontratatzeko emanen zaizkien diru-laguntzen baldintzak eta betebeharrak arautzea. Helburua da langabe horien enplegagarritasuna hobetzea, lan merkatuan sartzea erraztuko dieten lanbide-gaitasunak eskuratuta. Hori helburu, pertsona langabetuekin egindako kontratuak diruz lagunduko dira, betiere kontratu horiek hiru eta sei hilabete arteko iraupena badute eta lanaldia, gutxienez, kasuan kasuko araudiak finkatzen duen lanaldi osoaren %50 adinakoa baldin bada.
2.a) Entitate onuradunak eta bete beharreko baldintzak.
1. Diru-laguntzen onuradunak interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzen dituzten Nafarroako toki entitateak izan daitezke, kasuan kasuko proiektua gauzatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa-gaitasuna baldin badute.
2. Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.
3.a) Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren lanaldiak, gehienez.
1. Honako hau izanen da diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa hilean:
a) 1. kotizazio talderako kontratuetan, 1.095 euro hilean lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.
b) 2. kotizazio talderako kontratuetan, 1.038 euro hilean lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.
c) 3. kotizazio taldetik 11.era bitarteko kotizazio taldeetarako kontratuetan, 999 euro hilean lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.
Lanaldi laburragoko kontratuetarako, proportzionalki murriztuko da emanen den gehieneko zenbatekoa.
Zenbateko horiek unitate bakoitzeko baremo estandar bat erabiliz finkatu dira, baremo horrek toki entitateak honako hauei jarraikiz egin beharreko gutxieneko kontratazio kostuak estaltzen dituelarik: lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarrean dagoen legedia (lanbidearteko gutxieneko soldata eta Gizarte Segurantzako enpresaren kuota), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1303/2013 Erregelamenduaren 67. artikuluan ezarritakoa eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturiko gastuen justifikazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduaren 14.4 artikuluan ezarritakoa.
2. Toki entitate bakoitzari honenbeste lanaldi osotarako diru-laguntza ematen ahal zaio gehienez:
BIZTANLEAK | LANALDI OSOAK |
1.000 arte | 3 |
1.001-5.000 | 6 |
5.001-10.000 | 8 |
10.001-40.000 | 10 |
40.000 baino gehiago | 18 |
Laguntza eskatzen duen toki entitatea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3.1. artikuluko c), d) eta e) letretan jasotako inguruabarren batean baldin badago, entitate horretako biztanle kopurua kalkulatzeko, entitatea osatzen duten udalerri, kontzeju eta gainerako entitate guztien batez bestekoa hartuko da kontuan.
4.a) Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetan araututako diru-laguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako finkatzen den aurrekontuko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, baldin eta halako kontu-sailik badago eta bertan kreditua badago.
Baimendutako gastutik, 800.000 euro gordeko dira gizarteratze-errenta jasotzen duten langabeen kontratazioa finantzatzeko.
Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izanen dute, %50ekoa, Nafarroako 2014-2020 EGF ekintza programaren bitartez.
5.a) Egin beharreko obra eta zerbitzuek bete beharreko baldintzak.
1. Entitate eskatzaileek egin beharreko obra eta zerbitzuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak izatea, eta toki entitateen eskumenekoak. Obra eta zerbitzu horiek ez dute ekarriko ahalmen publikoaren erabilera zuzena edo zeharkakoa eskatzen duten eginkizunak betetzea edota Estatuaren edo administrazio publikoen interes orokorrak zaintzeko ardurari dagozkionak, horiek funtzionario publikoei soilik baitagozkie.
b) Toki entitate eskatzaileek zuzenean gauzatzea.
c) Obra eta zerbitzuak pertsona langabeek egitea oso-osorik, nahiz eta, laguntza eta antolaketa lanetarako, toki entitatearen langile propioak erabiltzea onartuko den.
d) Obra eta zerbitzuek gutxienez hiru hilabete irautea.
2. Baldintza horietatik edozein betetzen ez bada, diru-laguntza eskaera ukatuko da.
6.a) Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, lan-kontratua hasi eta biharamunetik hasita. 2016ko abenduaren 1etik aurrera sinatzen diren kontratuetarako eskaerak, betiere, 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.
2. Eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es webgunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
3. Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
4. Toki entitate eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.
b) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden baldintza orokorrak betetzen dituela dioena.
c) Obraren edo zerbitzuaren memoria, eredu ofizialaren araberakoa. Eredua Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke.
d) Toki-korporazioko Idazkaritzaren ziurtagiria, non agertzen den egin beharreko obra edo zerbitzua toki entitate eskatzailearen organo eskudunak onetsi duela, eta hori aurrera eramateko ez dela beharrezkoa funtzio publikoen erabileran edo administrazio publikoen interes orokorren zaintzan diharduen langilerik kontratatzea, 5.1.a) oinarrian aurreikusitako terminoetan.
e) Toki korporazioko idazkariaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den obra edo zerbitzuaren zatia finantzatzeko kreditua badagoela adierazten duena.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.
g) Europar Batasunaren araudia aplikatzearen ondoriozko betebeharrak ezagutzen eta onartzen dituela adierazten duen aitorpena. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke aitorpenaren eredua.
h) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.
Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak toki entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.
5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7.a) Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
Eskaerak aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz ebatziko dira.
8.a) Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa.
Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuari dagozkio prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa; horretarako, behar diren egiaztapenak eginda eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena emanen du, eta dagokion ebazpen proposamena eginen, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
9.a) Prozeduraren gaineko ebazpena.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak egindako proposamena kontuan hartuta, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.
2. Egindako eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka, toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
10.a) Kontratatu beharreko pertsonek bete beharreko baldintzak.
1. Obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzen diren pertsonek, kontratazioa egiten den egunean, lan gabe egon beharko dute, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko Enplegu Agentziaren batean.
Gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzen badira, pertsona horiek laguntza horren onuradun izan beharko dute dagokion enplegu agentziak eskaintza tramitatzen duenean.
2. Ez da diru-laguntzarik emanen toki entitate eskatzaileak, aurreko urtean hiru hilabetez edo gehiagoz, deialdi honen antzekoa den deialdi baten babesean kontratatuak dituen pertsonak kontratatzeko.
11.a) Langabeen kontratazioa.
1. Entitate onuradunek behar dituzten langabeak eskatuko dizkiote Enplegu Agentziari, aurreko oinarrian ezarritakoa kontuan harturik.
Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da diru-laguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenak. Azterketa hori eginda, agentziak entitate onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai aukeratuko ditu proiektuak aurreikusten duen lanpostu bakoitzeko. Zerrendan izangaiek gizarteratze-errenta jasotzen ote duten identifikatuko da.
Enplegu agentziak, aurretiko azterketa horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).
2. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu bere kontratua bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 15 eguneko epean, oinarri honetan eta 10.ean ezarritako betebeharren arabera, betiere ordezten den kontratuaren lanaldi bera eta kotizazio talde bera errespetatuz. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.
Entitateak ordezkorik jartzen ez badu edo oinarrietan ezarritakoa bete gabe ordezkatzen badu, dagokion zatia itzuli beharko du, 18. oinarrian eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.
12.a) Onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko dute.
b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, erantzukizuneko aitorpen baten bidez, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu duen. Horren berri jakin bezain laster jakinaraziko du, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jasotzen ez badu, hori ere jakinarazi beharko du justifikazio memoriarekin batera, eskabidea lortzeko ezarritako bide berberak erabiliz eskura daitekeen aitorpen ereduari jarraikiz.
c) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere.
Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituen egiaztatzeko.
d) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.
Europar Batasunaren Aurrekontu Orokorretik datorren baterako finantzaketaren ondorioz, kontrolak honako erakunde hauek egin ditzakete, besteak beste: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak. Kontrol horiek eginez gero, toki entitate onuradunak behar den laguntza emanen du ongi egin daitezen.
e) Ekintza horien kudeaketarekin eta gastuekin zerikusia duten egiaztagiriak auditoria eta kontrol organoen eskura edukitzea hiru urtez, eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak ezartzen duen bezala.
f) Kontabilitate-sistema bereizi bat edo azpi-kontu bat eramatea Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.
g) Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantziazioaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak argitaratzen dituen agirietan, prentsako iragarkietan eta informazio edo zabalkunde materialetan agerrarazi beharko dira, betiere, programaren, jardueraren eta/edo funtzionamenduaren izena eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, eta horiekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako programaren, jardueraren eta/edo funtzionamenduaren testua, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoarena eta Europako Gizarte Funtsarena, Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera.
h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
i) Entitate onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete behar dituzte.
13.a) Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordaindu aurretik, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak egiaztatuko du entitate onuradunak deialdian ezarritako terminoetan egin dituela diruz lagundutako kontratazioak, eta egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
14.a) Jarraipena eta kontrola.
1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, obrak eta zerbitzuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren bidez, egiaztatuko du deialdi honen bidez laguntzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako aldian egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran. Hori egiaztatuta, dagokion ebazpena emanen da: diru-laguntzaren likidazioarena edo espedientea bukatzekoa.
2. Jarduketak gauzatzean eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzean, egiturazko funtsei diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.
15.a) Publizitatea.
1. Ebazpenak Nafarroako Atarian argitaratu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115.2. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta jakinarazpena).
2. Era berean, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du diru-laguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, IFK, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.
Diru-laguntza onartzearekin batera, toki entitateak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web orrietan.
3. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izan dutela. Kasu horretan, diru-laguntzaren xedeko lan kontratuan berean jasoko da Europatik etorriko den baterako finantzaketa.
16.a) Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Aurrekoa gorabehera, ematen diren laguntzen baturak ez du inola ere gaindituko, bakarka edo denak batera, diruz lagundutako obra eta zerbitzuetan parte hartzen duten langabeak kontratatzearen ondoriozko lan kostuak.
17.a) Diruz lagundutako proiektuen aldaketa.
1. Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gainera, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzetan gertatutako aldaketa guztiak ere komunikatu beharko dizkiote Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.
Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
2. Diruz lagundutako proiektuen aldaketen ondorioz diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzak aldatzen ez badira ere, aldaketa horiek egiteko ere Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren oniritzia beharko da.
18.a) Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutza interesak barne.
Toki entitate onuradunak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa komunikatu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du, baina berandutzako interesak eskatu gabe.
Edonola ere, kontratazio baterako emandako diru-laguntza osorik itzuliko da baldin eta horren iraupena ez bada diruz lagundutako epearen %60ra iristen. Ehuneko hori gainditzen bada, dagokion partea itzuliko da, kontratazioa ez bada iristen aurreikusitako eta diruz lagundutako iraunaldi osora.
19.a) Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
Iragarkiaren kodea: F1517172
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
