10. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Landalurretan aire zabaleko lastategiak paratzea
arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2015eko irailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Deikazteluko udalerriko landalurretan aire zabaleko lastategiak jartzea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2015eko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 235. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Deikaztelun, 2015eko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, Inmaculada Hermoso Cía.

DEIKAZTELUKO UDALERRIKO LANDALURREAN LASTO SILOAK AIRE ZABALEAN PARATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1.–Xedea.

Ordenantza honen helburua da aire zabaleko lasto siloak (lastategiak) arautzea Deikazteluko udal mugapeko lurzoru urbanizaezinean. Gainera, baimenaren eskatzaileak eta lurzatiaren katastroko titularra izanen dira ordenantzan ezarritakoa betetzearen erantzule, bata zein bestea eta solidarioki.

2.–Zehaztapenak.

Guztiz debekatuta dago lastategiak herrilurretan, oihan lurzoruetan, zaindu beharrekoetan, urbanizagarrietan eta hiri lurzoruetan jartzea. Landalur generikoan soilik baimentzen dira siloak, eta Udalaren lizentzia behar da horretarako.

Finka bakoitzean, bertatik ateratako fardoak soilik pilatzen ahalko dira, eta silo baten eta beste baten artean (lastategiak) 100 metroko tartea utziko da gutxienez; hala ere, beste finka batzuetatik ekarritako fardoak biltzen dituzten lastategiak ere baimentzen ahalko dira, dela nekazaritza bideetatik dela komunikazio bide nagusietatik sarbide zuzena duten landa finketan.

Lastategietatik etxebizitzen hiri lurzorura edo etxebizitzen eraikin bakartuetara gutxienez ere 300 metroko tartea utzi beharko da.

Industriaren hiri lurzorura 200 metroko tartea utzi beharko da gutxienez. Erreketako ertz landaredunetara 50 metroko tartea utzi beharko da gutxienez, eta oihaneko lurzoru urbanizaezinera, berriz, 100 metro.

Lastategien eta areken artean 10 m-ko tartea utziko da gutxienez, eta ezin izanen dira finkaren sarbidetik hurbil egon. Lastoa ateratzen denean bideek lehor egon behar dute. Fardoak, garraiatzen direnean, ongi estalita egonen dira eror ez daitezen.

Gehienez ere 6 m-ko garaiera izanen dute lastategiek.

Halaber, ondoko muga ezartzen da denboran biltegi mota honetarako, nork bere finkatik biltzen dituenean fardoak: 20 egun, biltzen hasten direnetik denak eraman bitarte. Zenbait finkatako fardoak biltzen dituztenak: bi hilabete, biltzen hasten direnetik denak eraman bitarte.

Zirkulazio handieneko sarbidetik perpendikularrean paratu beharko dira pakak, hau da, pakaren alde laburrena bidearen norabidean jarrita, meta beheiti etorriz gero pakak jabetza pribatuko lurzatian eror daitezen, eta ez zirkulazio bideen gainean.

Siloak eratzeko nahiz kentzeko lanak finken sarreratik eginen dira, bideen arekak ukitu gabe. Lan hauek ez dira egiten ahalko hezetasuna dela-eta ibilgailuen joan-etorriak kalteak egiten ahal baditu bideetan.

Pilatutakoaren bolumena trinkoa izanen da eta berehola gorde beharko da lizentziaren baimenak irauten duen bitartean. Zerbait beheiti etorriz gero, siloa lehen zegoen bezala altxatu beharko da berriz, bai aitzineko artikuluarekin bat eginez pakak berriz pilatuz, bai eroriak eta deseginak kenduz.

Fardo guztiak eta horien hondar guztiak eraman beharko dira, salbuespenik gabe, eta hondakinei buruz indarra duen araudiaren arabera kudeatu.

Ez dira ukituko pertsonen eta ibilgailuen joan-etorrirako libre egon behar duten eremu publikoak.

3.–Prozedura.

Udalaren baimena lortu beharko da, eta hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko da.

Baimenaren eskaerarekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Egin gogo den jarduketa.

–Kokalekuaren planoa, hiri lurzoru hurbilenari dagokionez.

–Lastategietako fardoen bolumena eta kopurua.

–Finkan zenbat denbora egonen diren eraman arte.

Horretaz gainera, Udalak pilaketa egiteko baimena eman aurretik, 3.000 euro jarri beharko dira Udaleko Diruzaintzan, eskudiruzko fidantza, abala, asegurua, kauzioa edo zuzenbidean onartutako beste bide bat erabiliz, lastoa garraiatzean bideetan eta pasabideetan egiten ahal diren kalteen berme gisa. Baimenaren titularrak garraioa egin baino hiru egun lehenago jakinarazi beharko dio Udalari zein egun eta ordutan eginen den garraio hori, egiaztapenari begira. Bermea itzultzeko, Udaleko zerbitzuek horren aldeko txostena egin beharko dute.

4.–Neurri zuzentzaileak.

Kasu guztietan, Deikazteluko Udalak suebakiak zabaltzea eta zaintzea eskatzen ahal du, oztoporik, hondakinik edo zaborrik gabekoak eta 6 metro zabalekoak, gutxienez.

Lastategitik suebakira, gutxienez, 15 metroko tartea izanen da, suebakiko barneko ertzetik neurturik.

Alkatetzak eskatutako su-hesiak ez egiteak berarekin ekarriko du Udalak gehieneko zehapena ezartzea.

Lastategia egiteko lurzatian uzta bildu eta 10 eguneko epean, interesdunak suebaki zerrenda bat eginen du, oztopo, hondakin eta hondarrik gabea, eta gutxienez ere 15 metroko zabalera izanen du pilaketaren inguruan; suebakiaren ertz hurbilenetik neurtuta gutxienez ere 15 metrotara eginen da pilaketa, ez dadin eremu horretan sua zabaldu, eta lur-lantze mekanizatuaren bidez edo herbiziden bidez kontserbatu beharko da. Edonola ere, nekazaritzako jardunbide egokien kodea eta indarra duen araudia bete beharko dira, eta ezin izanen da inolaz ere suebaki zerrenda landu.

5.–Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

Espresuki debekatzen da lastategiei su ematea.

6.–Zehapenak.

Arau-hausteek 250 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna izanen dute, arau-haustearen larritasunaren eta/edo ondorio kaltegarrien arabera.

Ordenantza honetan eta hori garatzeko ematen diren udal bandoetan ezarritako arauak behin eta berriz hausten badira, gehieneko zehapena aplikatuko da.

Zehapenak ez ditu alde batera uzten eragindako kalteen ondoriozko erantzukizunak.

Isuna borondatez ordaintzen ez bada, premiamendu bidez bilduko da.

Azken xedapena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1516798