1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
669/2015 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez enpresen hasierako gastuetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten da.
Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 31n onetsi zuen Nafarroako Lehenbiziko Ekintzailetza Plana (2013-2015). Planaren helburua da, besteak beste, Nafarroan eratzen eta errotzen diren enpresen kopurua handitzea, enplegua sortzeko eta, horren ondorioz, garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko.
Helburu hori lortzeko neurrien artean, enpresak eratzeko diru-laguntzen 2013ko, 2014ko eta 2015eko deialdiak onetsi ziren. Deialdi horietan honako gastu hauetarako diru-laguntzak eman ziren nagusiki: enpresa eraketaren eskritura publikoa egilesteko gastuak eta merkataritza erregistroan inskribatzekoak, hasieran erabiltzen diren lokalen alokairu gastuak, patente eta marken gastuak eta publizitatekoak.
Deialdi horietan erantzun ona izan da, eta Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetarako duen helburu bat da enpresak eratu eta errotzea, enplegua sortzeko. Horregatik, erabaki da 2016ko deialdia prestatzea sozietate gisa eraturiko enpresen hasierako gastuetarako diru-laguntzak emateko. Enpresek berriak izan behar dute, edo identitatea eta jarduera mantendu enpresa-ondorengotzako prozesu batean.
Nafarroako Gobernuak, 2013ko uztailaren 3ko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazio araubidean emateko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Sozietate gisa eraturiko enpresen hasierako gastuetarako diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea. Enpresek berriak izan behar dute, edo lagapen-hartzailea enpresa-ondorengotzako prozesu batean, edo helbide soziala eta jarduera Nafarroara eraman.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 298.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enpresen eraketa sustatzeko diru-laguntza” izeneko 125004-16510-4701-422200 kontu-sailaren baliokidea den 2016ko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura, betiere horretarako kreditu aski eta egokia baldin badago.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Diru-laguntza honen helburua da ekintzailetza bultzatzea Nafarroan, enplegua sortzeko, eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzea, enpresen hasierako gastuetarako laguntzaren bidez. Enpresek eratu berriak izan behar dute, edo enpresa-ondorengotzako prozesu baten ondoriozkoak, edo helbide soziala eta jarduera Nafarroara eraman.
Orobat, kapitalaren osaeran gizonek eta emakumeek partaidetza berdintsua duten ekimen enpresarialak sustatu nahi dira, laguntza gehigarria emanez.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Sozietate gisa eraturiko enpresa hauek eska ditzakete laguntzak:
a) Enpresa eratu berriak.
b) Helbide soziala eta jarduera Nafarroara eraman dituzten enpresak.
c) Enpresa-ondorengotzako prozesu baten ondoriozko enpresak (enpresa lagapen-hartzailea, aurrerantzean).
Oinarrion ondorioetarako, enpresa-ondorengotza gertatzen da enpresa, lantoki edo produkzio-unitate autonomoaren titularra aldatzen denean, betiere eskualdatutako entitate ekonomikoak identitatea mantentzen badu. Entitate ekonomikotzat joko da jarduera ekonomiko bat (funtsezkoa ala osagarria) gauzatzeko antolatzen diren baliabide multzoa. Enpresa lagatzailea da titulartasuna aldatzen duena edo enpresaren funtsezko faktoreak eskualdatzen dituena, eta enpresa lagapen-hartzailea, berriz, faktore horiek jaso eta jarduera mantentzen duena.
Eskualdatzen den enpresa, lantoki edo produkzio-unitatearen titulartasunak sozietate baten izaera izan behar du.
2. Enpresatzat joko dira jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten enpresak.
3. Laguntza hauek jaso ahal izateko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskritura 2015eko uztailaren 1etik 2016ko ekainaren 30era bitarte sinatzea.
b) Enpresa berria eratu aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren talde bereko jarduera bat norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) garatu duten bazkideen partaidetzak ezin du kapital sozialaren %50 gainditu.
c) Kapital sozialaren titulartasunaren %50 (edo gehiago) beste sozietate batzuena ez izatea.
d) Establezimendua eta helbide soziala Nafarroan izatea.
e) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidean ageri den erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da hori.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.
g) Enpresa-ondorengotzaren kasuan, aurrekoez gain, honako hauek:
i. Laguntzak eskatzen diren unean, enpresa lagatzaileak gutxienez 3 urteko antzinatasuna izan behar du, eta 2015eko uztailaren 1aren aurretik jarduera utzi ez izana.
ii. Enpresa lagapen-hartzailearen bazkideek enpresa lagatzailearen kapitalean izan duten partaidetzak, guztira, ezin du %50 gainditu.
iii. Enpresa lagapen-hartzaileak eta enpresa lagatzaileak EJSN 2009ren talde bereko jarduera garatu behar dute.
3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza, betiere 2015eko uztailaren 1etik 2016ko ekainaren 30era bitarte sortu eta pagatu badira:
a) Notariotza eta erregistroko gastuak: enpresa eratzeko edo aldatzeko behar diren notariotza eta erregistroko gastuak.
b) Patente eta marken tasak: Espainiako Patente eta Marken Bulegoan eta Europako Patente eta Marken Bulegoan ordaindutako tasak.
c) Alokairu edo erosketa gastuak: merkataritzako lokalak edo nabe industrialak erosi edo alokatzearen ondoriozko gastuak.
d) Komunikazio eta publizitate gastuak:
–Ferietan parte hartzea.
–Komunikabideetan publizitate-tarteak erostea.
–Interneten posizionamendu-kanpainak egitea (babestutako iragarkiak, Search Engine Optimization, etab.).
e) Bideragarritasun azterlanaren gastuak: enpresa-ondorengotzaren bideragarritasun azterlanaren gastuak, kanpoko aholkularitza batek egina.
2. Edozein motatako tributuak ez dira diruz lagunduko, ez eta aurreko ataleko c), d) eta e) letretako gastuak ere alderdiek akzioen bidezko harremana badute edo odol edo ezkontza bidezko hirugarren gradura arteko ahaideak badira.
4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzak zenbateko hauetakoak izanen dira:
GASTU MOTA | DIRU-LAGUNTZAREN % | MUGA, GASTU MOTA BAKOITZEAN |
Notariotza ea erregistroa | %100 | Mugarik gabe |
Patente eta marken tasak | %100 | Mugarik gabe |
Alokairua edo erosketa | %100 | 2.500 euro; enpresa-ondorengotzaren kasuan, 4.000 euro (1) |
Komunikazioa eta publizitatea | %50 | 1.000 euro |
Bideragarritasun azterlana | %50 (2) | 3.000 euro (1) |
(1) Kapitalaren proportzionaltasun irizpidea: Enpresa berrien edo enpresa-ondorengotzako prozesu baten enpresa lagapen-hartzaileen kapitalaren osaeran bai gizonek bai emakumeek gutxienez akzio edo partaidetzen titulartasunaren %40 badute, alokairu edo erosketa gastuetarako laguntzaren muga 100 euro handituko da enpresa eratu berrientzat, eta 300 euro bideragarritasun azterlanen gastuetarako. (2) Enpresa-ondorengotzaren kasuan, enpresa lagatzailearen bazkideren bat eta enpresa lagapen-hartzailearen bazkideren bat lehen graduko ahaideak badira, bideragarritasun azterlanaren diru-laguntzaren ehunekoa %30 izanen da. |
2. Kasu guztietan, eskatzaile bakoitzari guztira emandako diru-laguntzak ezin ditu zenbateko hauek gainditu:
a) 4.000 euroko diru-laguntza enpresa hauentzat:
–Enpresa eratu berriak.
–Helbide soziala eta jarduera Nafarroara eraman dituzten enpresak.
Muga 4.100 eurokoa izanen da enpresak aurreko atalean ezarritako proportzionaltasun irizpidea betetzen badu.
b) 6.000 euroko diru-laguntza enpresa-ondorengotzako prozesu baten ondoriozko enpresentzat. Muga 6.300 eurokoa izanen da enpresak aurreko atalean ezarritako proportzionaltasun irizpidea betetzen badu.
5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko ekainaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.
Eskaerak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan (laguntzen fitxa, aurrerantzean) lortzen ahal den ereduaren araberakoak, Garapen Ekonomikorako Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1, 31006 Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaera telematika bidez aurkezten bada, jarraian adierazten diren agiriak eskaneatuta aurkeztuko dira, dokumentu banatan eta bakoitzari bere izena jarrita.
2. Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia.
Enpresa-ondorengotzaren kasuan, enpresa lagapen-hartzailea eta enpresa lagatzailea eratzeko eta/edo aldatzeko eskriturak aurkeztu beharko dira, bai eta bi enpresen bazkideen NANa ere, ahaidetasun-maila adierazita 4. oinarrian xedatutakoaren ondorioetarako.
b) Enpresaren bazkide bakoitzaren lan bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzak luzatua.
c) Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren altaren frogagiria, eta zerga ordaindu izanaren ziurtagiria.
d) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak; enpresa eskatzailearen izenean egon behar dute.
e) Merkataritzako lokalen edo nabe industrialen alokairu kontratuaren kopia, edo salerosketa eskriturarena.
f) Halakorik bada, kanpoko aholkularitza batek enpresa-ondorengotzaren bideragarritasunari buruz egindako azterlana.
g) Lehenago inoiz ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso, “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea”, betea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskuratzen ahal dena.
3. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, ezarritako epean egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta, ondorioz, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.
6. oinarria.–Diru-laguntza eman eta ordaintzea.
1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.
Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.
Eskaera bakoitza aztertu ondoren, aipatu zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.
3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia da diru-laguntzak ebazteko eta pagatzeko eskumena duen organoa. Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da.
Ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa jakinarazi eta hilabeteko epean, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari zuzenduta eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, interesdunek telematika bidez aurkeztuko dute gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura duten ereduaren araberakoa.
Betebehar hori betetzen ez bada, diru-laguntza itzuli egin beharko da.
b) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarriotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, diru-laguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, betebeharren bat hein batean ez betetzeak emandako diru-laguntzaren zati bat, kasuan kasukoa, itzuli beharra ekar dezake, proportzionaltasun irizpidea aplikatuz.
8. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.
9. oinarria.–‟De minimis” laguntzak.
Diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan.
Horretarako, eskatzaileek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.
10. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaileon aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
11. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1517486