1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
2753/2015 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten duena lanetik kanpoko praktikak egiteko hitzarmenak izenpetzeko eskumena.
Urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuaren bidez, gazteentzako lanetik kanpoko praktikak arautzen dira, lan esperientzia faltagatik enplegarritasun arazoak baitituzte, Enplegu Zerbitzu Publikoekin hitzarmenak egiten dituzten enpresetan edo enpresaburuen elkarteetan egiteko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 108.2. artikuluak ezartzen du erakunde publikoetako lehendakariek edo zuzendari kudeatzaileek horien ordezkaritza gorena izanen dutela. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12.a) artikuluan antzeko aurreikuspena dago.
Foru lege beraren 36.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen berezko eskumenak maila bereko edo baxuagoko beste organo bati eman dakizkiokeela eskuordetzan, hierarkian haren menpe ez badaude ere, kontrakoa ezartzen ez bada.
Artikulu horren 4. atalak aurreikusten duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetza egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. 6. atalak dio eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan egoera hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak bailiran hartuko direla.
Azaldutakoari jarraituz, Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea lanetik kanpoko praktikak egiteko hitzarmenak izenpetzeko eskumena.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpena igortzea Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariari eta Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
Iragarkiaren kodea: F1517548