99. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2015eko maiatzaren 13koa, Nafarroako Gobernuak hartua, “Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” eguneratzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, “Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” onetsi zen (2010eko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 26koa). Planaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez ebatzi egin zen “Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialak” ukituriko jabe partikular berriei entzutea emateko tramitea, Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 13ko Erabakiaren bidez irekia. Hortaz, aurkeztutako erreklamazioen ondorioz, San Makario Baterako Planeko SGA-2 biribilguneak ukitutako lurren eremua UPSaren eremutik atera beharra dago, eta UPSaren mugak Baterako Plan horren mugetara egokitu.

Bestalde, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 581/2010 errekurtsoaren barrenean, 2013ko ekainaren 27an emandako epaiaren bidez partez baietsi zuen Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 18an hartutako Erabakiaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta, orobat, partez baliogabetu zuen “Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala”, baina, bakar-bakarrik, handik kanpo uzteari dagokionez, eta Zizur Nagusiko 1. poligonoko 373. katastro-lurzatiaren gainerako puskan eragina duen heinean. Hortaz, finka hori oso-osorik sartu behar da, horrek dakartzan legezko ondorio guztiekin.

AVEren jabeen Elkarte Administratiboak Donejakue Bidea etxebizitza-parkearen UPSa eguneratzeko dokumentu bat aurkeztu du, non grafikoen bidez jasotzen baita 1. poligonoko 373. lurzati osoa I. eremuaren barrenean (geltoki berria) sartzen dela, eta II. eremuan (lehengo geltokia), Plan Sektorialaren mugak San Makario Baterako Planaren mugetara egokitzen ditu. Horren ondorioz, determinazio hauek ere ezartzen ditu:

–UPSaren azalera osoa: 2.393.970,99 m².

–Aprobetxamendurako eskubidea duen azalera: 1.968.648.59 m².

–Irabazizko aprobetxamendua, guztira: 1.004.389,37 AU.

–Eredu-aprobetxamendua: 0,51019230913 AU/m².

–378. lurzatiari dagokion azalera berriaren erabilera: Berdegune publikoak.

Dokumentu hori azterturik, zuzena dela jotzen da, eta, hortaz, egoki ikusten da “Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” eguneratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI Du:

1. “Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko” Udalez gaindiko Plan Sektoriala eguneratzea, azalpen zatian adierazitakoarekin bat.

2. Egindako eguneratzeak kontuan hartu beharko dira UPS hau garatzeko birzatiketa eta urbanizazio proiektuak tramitatzen direnean.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusira eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura igortzea.

4. Erabaki hau jakinaraztea Iruñerriko Abiadura Handiko Trenaren Partzuergoari eta AVEren Jabeen Elkarte Administratiboari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1507442