99. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Aisialdiko lokalak arautzen dituen testua. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2014ko urriaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aisialdiko lokalak arautzen dituen testua.

Onesteko erabakia 2014ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Tafallan, 2015eko apirilaren 20an.–Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

AISIALDIKO LOKAL PRIBATUAK ARAUTZEN DITUEN TESTUA

Zioen azalpena

Tafallako udalerrian zenbait etxabe aisialdiko lokal moduan erabiltzen direla uka ezina denez, Tafallako Udalak, eskaera sozial hori bizilagunen eta erabiltzaileen beren segurtasunarekin eta atsedenarekin bateragarri egiteko, honako testu hau aurkeztu du, lokal horien erabilera arautzearren.

Testu hau prestatzerakoan alderdi ukitu guztiak hartu dira kontuan eta, horregatik, herritarrek parte hartzeko foroa eratu zen, eta bizilagunak, lokalen erabiltzaileak eta haien jabeak bildu ziren bertan.

Saiatu gara alderdiek adostutakoa eta egungo ordenamendu juridikoan sartzen dena biltzen testu honetan.

Gainera, topagune bat izateari eta gatazkei zein arazoei aurrea hartzeari begira, hitzaldiak edo prestakuntza eta sentsibilizazio ikastaroak antolatuko dira jokaera zibikoak behar direla erakusteko, bai eta Gaztediaren Etxearen erabilera bultzatzeko ere. Halaber, gomendagarria izanen litzateke, baina inolaz ere ez nahitaezkoa, erabiltzaileen eta eraikineko bizilagunen arteko bizikidetza akordio bat izatea. Hezkuntza tresna gisa, bai prestakuntza ikastaroak bai izaten ahal den bizikidetza akordioa borondatezkoak izanen dira eta, horien balioa bultzatu arren, halakorik ez izatea ez da oztopo izanen lizentzia lortu edo berritzeko.

Horretaz gainera, aisialdiko lokal pribatu horietan 16 urtetik beherakoei sarrera mugatzea gomendatzen da eta, era berean, lokal horiek adin horretatik beherakoei alokatu edo lagatzea.

Testuan azaltzen diren aurreneurri guztiak beterik ere, bizilagunekiko bizikidetza eragozten duten egoeretara iritsiz gero, eta zehapen ekintzak gauzatu baino lehen, udal honek bitartekaritza sistema bat ezarriko du alderdien artean, harremanak bideratzen eta arazoak konpontzen saiatzeko. Bitartekaritza organo hori, sortzen den egoera bakoitzerako, honako hauek osatuko dute: bizilagunen ordezkari batek, erabiltzaileetako batek, jabeetako batek eta bitartekari lana eginen duen udal teknikari batek.

Testu honek zazpi kapitulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, azken xedapen bat eta eranskin bat dauzka, eta horien bidez modu antolatu eta errazean azaldu nahi dira aisialdiko lokal pribatuak erabiltzearen inguruko alderdiak.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Testu honen helburua da Tafallako Udalaren esku-hartze administratiboa arautzea herritarrek aisialdiko lokal pribatuetan egiten dituzten josteta eta aisialdiko jarduerei dagokienez.

Testu honen helburutik kanpo daude elkarte gastronomikoak edo araudi zorrotzagoa duten gainerako lokalak.

2. artikulua. Testu honen helburuak.

Testu honen bidez helburu hauek lortu nahi dira:

1. Tafallako Udalaren esku-hartzearen araubidea ezartzea herritarrek hirian irekitzen dituzten aisialdiko lokal pribatuetako josteta eta aisialdiko jarduerei dagokienez.

2. Lokal horiek eta beren instalazioek bete beharreko gutxieneko baldintzak zehaztea.

3. Lokal horien erabilera bizilagunen eskubideekiko eta ingurumenarekiko errespetuarekin bateragarri egitea.

4. Segurtasunaren eta higienearen aldetik, lokal horiek gutxieneko baldintzak betetzen dituztela bermatzea, erabiltzaileei beraiei eta bizilagunei eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Testu hau Tafallako udalerrian dauden aisialdiko lokal pribatu guztiei aplikatuko zaie.

4. artikulua. Definizioa.

Testu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, aisialdiko lokal pribatutzat jotzen da sarrera mugatua eta titulartasun pribatua duena, jende guztiarentzat irekita ez dagoena, eraikin baten beheko solairuan jartzen dena eta pertsona batzuk xede kulturalekin, didaktikoekin, aisialdikoekin edo antzekoekin biltzeko erabiltzen dena.

II. KAPITULUA

Lokalaren gutxieneko baldintzak eta udal lizentzia

5. artikulua. Aisialdiko lokal pribatuaren gutxieneko baldintzak.

Aisialdiko lokal pribatuek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte, segurtasuna, osasungarritasuna eta bizikidetza berma daitezen bai erabiltzaileentzat bai kasuan kasuko eraikineko bizilagunentzat eta ondoko eraikinetakoentzat, bai eta gainerako herritarrentzat eta inguruko eremu publikoentzat ere. I. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte.

6. artikulua. Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia.

Aisialdiko lokal pribatua erabiltzen hasi baino lehen, Tafallako Udalaren “Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia” lortu beharko da.

III. KAPITULUA

Aisialdiko lokalerako lizentzia emateko prozedura

7. artikulua. Eskaera.

1. Lokalaren jabeak eskaturik hasiko da prozedura, eta Alkatetzari bidaliko zaio.

2. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen identifikazio agiria.

b) Testu honen 1. eranskinean aipatzen den ziurtagiri teknikoa.

c) Testu honen 1. eranskinean aipatzen den aseguru polizaren kopia.

d) Jabetzaren, errentamenduaren edo lagapenaren kontratua edo zuzenbidean balioa duen beste edozeinena. Erabiltzaileak adingabeak direnean, adin nagusiko pertsonak edo adingabeen legezko ordezkaritza dutenak agertuko dira kontratuko titular moduan.

8. artikulua. Zuzenketa.

Tafallako Udalak errekerimendua eginen dio eskatzaileari, hamabost eguneko epean eskabideko akatsak edo aurkeztutako agirienak zuzen ditzan, agiri horiek gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenean edo behar den guztia jasotzen ez dutenean; eskatzaileari jakinaraziko zaio, aipatu epean hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta hori adierazteko ebazpena emanen dela.

9. artikulua. Tramitazioa.

1. Udalaren eskumena, hirigintzako arrazoiak edo udal ordenantza kontuan harturik lizentzia espresuki ukatzea bidezkoa denean izan ezik, Tafallako Udalak iragarki oholean jarriko du eskaera, eta lokala non ireki nahi den jakinaraziko dio bizilagunen komunitateko buruari, ukitutakoek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal ditzaten hamabost eguneko epean.

2. Alegazioak aurkezturik, edo aurreko atalean aipaturiko epea amaiturik, Udaleko hirigintza zerbitzuek txostena eginen dute, testu honetan azaltzen diren baldintzak betetzen dituen baloratzeko.

3. Dagokion udal teknikariak txostena eman eta horren edukia kontuan izanik, Udalak behar diren errekerimenduak eginen ditu ebazpena eman aurretik edo, bestela, ebazpen arrazoitua emanen du, “Aisialdirako lokala erabiltzeko lizentzia” eman edo ukatzeko, eta neurri osagarriak ezarri ahalko ditu, jarduerak behar bezala egiteko.

4. Testu honetan berariaz ezarri ez den orotan, prozedura tramitatzeari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

10. artikulua. Ebazpena.

Ebazteko ahalmena Alkatetzari dagokio. Kasuan kasuko txosten teknikoak ikusirik, lizentzia eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen du. Lizentzia emantzat joko da, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.

IV. KAPITULUA

Lizentziaren ondorioak

11. artikulua. Ondorioak.

1. Testu honek aipatzen duen funtzionamendurako administrazio baimenak eskatzaileei ahalmena emanen die lokala eskatutako jarduerarako erabiltzeko, hau da, biltzeko, jostetarako eta aisialdi pribaturako, bai testu honetan bai aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritako muga eta xedapenekin bat.

2. Baimenaren epea mugarik gabea izanen da, nahiz eta ondoren berrikusterik izanen den, 12. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dena dela, baimena eman eta urtebete igarotzen bada jarduera hasi gabe, funtzionamendurako administrazio baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da. Baimena iraungi eginen da, orobat, baldin eta, jarduera hasita dagoela, urtebetez baino gehiago bertan behera uzten bada. Baimena iraungitzeak behar den espedientea tramitatzea eskatuko du, zeinean interesdunek esan beharrekoa entzunen den, eta Udalak espresuki deklaratu beharko du iraungitze hori.

12. artikulua. Eskualdatzea.

“Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia” eskualdagarria izanen da, baina titular zaharrek zein berriek eskualdatzea agiri bidez frogatu beharko dute Udaletxean, lokalean egiten diren jardueraren titular arduraduna zein den jakin dadin une oroz.

13. artikulua. Ondorioak iraungitzea.

1. “Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia” baliogabetzen ahalko da dagozkion baldintzak betetzen ez direnean edo lizentzia ematea ekarri zuten inguruabarrak desagertzen direnean edo lizentzia ukatzeko arrazoi izanen liratekeen beste batzuk ezustean sortzen direnean. Kontuan hartzen diren beste irizpide batzuk ezartzean ere baliogabetzen ahalko da.

2. Oker eman diren edo ordenamendu juridikoarekin bat ez datozen lizentziak ere berrikusten ahalko dira, legez ezarritako dagoen prozedurari jarraikiz.

V. KAPITULUA

Aisialdirako lokalak gainbegiratzea

14. artikulua. Gainbegiratzearen xedea eta helburuak.

1. “Aisialdiko lokalak erabiltzeko lizentzia” behar duten lokalak gainbegiratzearen xedea da indarra duen legediarekin bat etor daitezela bermatzea, eta lizentzian ezarritako baldintzak eta indarra duen araudiak eskatzen dituen beste batzuk betetzen direla ere bermatzea.

2. Jardueren gainbegiratzeak honako helburu hauek ditu, zehazki:

a) Egiaztatzea lizentzian ezarritako baldintzei eta indarra duen legediari jarraikiz egiten direla jarduerak.

b) Lizentzian dauden prebentzio eta zuzenketa neurrien eraginkortasuna zehaztea.

c) Jarduerak sortzen dituen kalte-galerak egiaztatzea.

15. artikulua. Gainbegiratzeko eskumenak.

1. Tafallako Udalaren esku daude gainbegiratzeko eskumenak, “Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia”, testu honetan arautua, behar duten jarduerei dagokienez.

2. Lan horiek egiteko izendaturiko langileak agintaritzaren agenteak izanen dira esleituak dituzten eginkizunak betetzerakoan.

3. Lizentzien titularrek beharrezkoa den laguntza emanen diete gainbegiratzaileei, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

4. Gainbegiratze lan horiek guztiak kontrol teknikoko kasuetan edo kexak zein salaketak egiaztatzekoetan soilik egiten ahalko dira.

16. artikulua. Gainbegiratzaileen ahalmenak.

“Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia” behar duten jardueren gainbegiratzaileek ahalmen hauek dituzte:

a) Organo eskudunari proposatzea urratutako legedia babesteko eta, beharrik bada, leheneratzeko neurriak har daitezela, baita aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko neurriak ere.

b) Organo eskudunari jakinaraztea testu honetan zehaztutako arau-hausteak izan daitezkeen egintzak izan direla, eta egindako urratsen berri ematea; orobat, zehapen prozedura abia dadila proposatzea.

c) Indarra duen legedia babestearen arloan organo eskudunak esleitutako beste edozein jarduketa egitea.

VI. KAPITULUA

Lizentziaren titularren betebeharrak

17. artikulua. Lizentziaren titularren betebeharrak.

1. “Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentziaren” titularrek bateragarri bihurtu beharko dituzte lokalen erabilera eta bizilagunen eskubideekiko eta ingurumenarekiko errespetua.

2. Bereziki, betebehar hauek dituzte:

a) Ez da koltxoirik, kartoirik eta plastikorik biltzen ahalko, ezta bere ezaugarriak direla-eta sutea eragin edo zabal dezakeen bestelako materialik ere.

b) Ezin izanen da kalera atera oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen duen altzaririk.

c) 22:00etatik aurrera, musika ekipoa piztuta baldin badago, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

d) Eremu publikoa garbitu egin beharko da, baldin eta lokalaren jardueragatik zerbaitetarako erabiltzean zikindu egin bada.

e) Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

f) Lokalak kontserbazio egoera onean egon beharko du.

g) Zaratari buruz une bakoitzean indarra duen araudia betetzea.

Arlo horretan, berariazko araudian ezarritako zehapen prozedura jarraituko da.

VII. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

18. artikulua. Arau-hausteen definizioa.

Sektoreko legediak ezartzen dituenak ukatu gabe, testu honek arauturiko gaietan arau-hauste administratiboak dira ondorengo artikuluetan sailkatutako eta zehatutako egintzak eta ez egiteak.

19. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Lizentzia eskabidean eskatzaileek azaldu dituzten eta biltokirako baimena emateko ebazpenean jaso diren xedeetarako erabili beharrean lokala, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Lokala lizentzia eduki gabe irekitzea eta/edo erabiltzea.

c) Testu honen 1. eranskinean ezarritako gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea edo horiei buruzkoak ez betetzea, horrek arrisku oso larriak ekartzen baditu pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat.

d) Tafallako Udalak ekipamenduei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Lokalean gauez edo egunez animaliak edukitzea arduradunik gabe.

b) Leihoak eta ateak itxita ez edukitzea, musika izanez gero, 22:00etatik aurrera.

c) Testu honen 1. eranskinean ezarritako gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea edo horiei buruzkoak ez betetzea.

d) Lokala azpierrentan ematea, lagatzea edo eskualdatzea Udalari jakinarazi gabe.

e) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

3. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, testu honen lehenbiziko xedapen gehigarrian xedatuari jarraituz.

b) Testu honetan eremu publikoaren garbiketari buruz ezarritako eginbeharrak ez betetzea.

c) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, oinezkoen eta/edo ibilgailuen zirkulazioa oztopatuz.

d) Bestelako edozein, testu honetan xedatutakoa ez betetzeaz gainera aurreko ataletan espresuki aipatzen ez bada.

20. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

1. Testu honetan zehaztutako arau-hausteak preskribatuko dira:

a) Arau-hauste oso larriak direnean, hiru urte igarotakoan.

b) Arau-hauste larriak direnean, bi urte igarotakoan.

c) Arau-hauste arinak direnean, sei hilabete igarotakoan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

21. artikulua. Erantzulea.

“Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentziaren” titularra izanen da arau-hausteen erantzulea.

Lizentziarik gabeko lokalen kasuan, bertan daudenak eta lokalaren jabeak izanen dira erantzuleak.

22. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste oso larriak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

a) Lizentzia baliogabetzea.

b) Lizentzia etetea eta lokala gehienez ere bi urtez ixtea.

c) 401 eurotik 600era bitarteko isuna.

2. Arau-hauste larriak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

a) Lizentzia etetea eta lokala gehienez ere urtebetez ixtea.

b) 201 eurotik 400era bitarteko isuna.

3. Arau-hauste arinak egiteagatik, honako zehapen hauetako bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

a) Lizentzia etetea eta lokala gehienez ere 30 egunez ixtea.

b) 200 euro arteko isuna.

c) Ohartarazpena.

4. Arau-hauste arinen kasuan, zehatuak eskaturik eta borondatez, diruzko isunen ordez gizartearentzako lanak egiten ahalko dira, 25 euro lanegun bakoitzeko, baldin eta arau-haustea behin eta berriz egin ez bada. Erantzuleak zenbait pertsona direnean, txandaka egiten ahalko dituzte lan horiek.

23. artikulua. Zehatzeko prozedura.

1. Zehapen prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da arau-hauste oso larrien eta larrien kasuan, eta 3 hilabetekoa arau-hauste arinenean.

2. Tafallako Udaleko zerbitzu teknikoei dagokie zehazpen prozeduraren instrukzioa.

3. Zehapen prozedura hasi eta ebazteko organo eskuduna Alkatetza da.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Aisialdiko lokal pribatuen udal erregistroa.

Tafallako Udalak udal erregistro bat sortuko du, bertan jasotzeko testu honetan aipaturiko lizentzia duten lokalei buruzko datuen zerrenda eguneratua. Erregistroan lokal baimenduen oinarrizko datuak jasoko dira, baita lizentzia eskatzen duen pertsonarenak ere, eta ez da inolaz ere izanen lokaleko erabiltzaileen izenen zentsua.

Erregistroa eguneratuta edukitzearren, lizentzia eskuratzeko eman ziren datuetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko dute, hamabost eguneko epean, lizentziaren titularrek, eta aldaketa frogatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aisialdiko lokal pribatuen erabiltzaileendako prestakuntza.

Tafallako Udalak prestakuntza ikastaroak antolatu edo sustatuko ditu, aisialdiko lokal pribatuak egoki erabil daitezen.

Lizentziaren titularrek prestakuntza ikastaro horietara joan beharko dute, eta beren lokaletako erabiltzaileen parte-hartzea bultzatuko.

Xedapen iragankor bakarra.–Testu honek indarra hartu baino lehen zeuden lokalak.

Testu honek indarra hartu baino lehen funtzionamenduan zeuden lokalek hemezortzi hilabeteko epea izanen dute, testuak indarra hartzen duenetik, beren egoera testu honetako zehaztapenen arabera erregularizatzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Testu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunen buruan hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Aisialdiko lokal pribatuek beharrezko baldintzak bete beharko dituzte besteei eragozpenik ez sortzeko eta jendearen zein ondasunen segurtasuna bermatzeko; batez ere, egituren sendotasunari eta instalazioen funtzionamenduari buruzko baldintzak, baita suteen aurkako prebentzio eta babes neurriak eta segurtasun eta higieneko baldintzak ere. Hori dela eta, aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia izan beharko dute eta baldintza hauek bete:

1) Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudunak sinatua eta lanbide elkargoak ikus-onetsia, ziurtatzen duena kasuan kasuko higiezina ondotik ematen diren zerbitzuez horniturik dagoela:

–Eraikina indarra duen udal araudiari eta udalez gaindiko araudiari egokitzea, bereziki egiturazko elementuei eta elementu funtzionalei dagokienez.

–Beheko solairuan egotea, eremu publikotik sarrera zuzenean duela. Eraikinaren barnealdetik beste sarbide batzuk baditu, desgaitu egin beharko dira.

–Gehienez onartutako aforoa, egoteko eremuen azalera erabilgarriaren araberakoa: 1,5 metro karratuko eremu bakoitzeko pertsona 1.

–Edateko ur korrontearen zerbitzua.

–Instalazio elektrikoari buruzko araudia betetzearen gaineko ziurtagiria.

–Komuna, bertako komunontzia eta konketa eraikinaren saneamendu sareari lotuta daudela.

–Aireztatze natural edo behartua.

–Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteei aurrea hartzeari eta erabileraren segurtasunari dagokienez. Suteei aurrea hartzeko neurriak, indarra duen araudi sektorialari jarraikiz.

–Aisialdiko lokaleko kideak adin nagusikoak badira (18 urte baino gehiago badituzte), lokalak sukaldea izaten ahal du, aplikatu beharreko araudian agertzen diren baldintzak beterik: 6/2002 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituena (2002ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 11koa), eta Eraikuntzaren Kode Teknikoa (CTE) DB SI orokorrean eta, zehazki, 1-2 Atala, 2.1 Taula (2. oharra).

Adin nagusikoak ez diren kideak izanez gero, mikrouhin-labea soilik baimenduko da janariak berotzeko.

–Hotsen gehieneko immisio eta igorpen mailak betetzen direla bermatzeko neurriak.

–Lokalean joko edo josteta makinarik baldin badago, doan erabiltzekoak eta eskudiruzko saririk gabekoak izan beharko dute.

2) Aisialdiko lokala erabiltzeko lizentzia eskatzen duenak suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa hartu beharko ditu.

Tafallan, 2015eko martxoaren 31n.

Iragarkiaren kodea: L1506055