98. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2015 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Osasuneko kontseilariak emana, haurren Hartutako Kalte Zerebraleko Adituen Batzordea sortzen duena.

Hartutako Kalte Zerebrala (HKZ) jaio eta gero zerebroan gertatutako kaltea da, hura jasaten duen gaixoaren osasunean eta bizi-kalitatean eragin handia duena.

Eragiten duten kausak hainbat dira. Garrantzitsuenak traumatismo kranioentzefalikoak (TKE) eta garuneko hodietako istripuak (GHI) dira, baina beste zenbait arazok ere sor dezakete: tumoreak, garuneko infekzioak, anoxiak, etab.

Garunak bizi-funtzio guztiak kontrolatzen ditu, eta, horregatik, bertako edozein lesiok kalte egiten ahal die organismoaren funtzioei, eta ondorio fisiko, psikiko edo sentsorial utzi.

Zaila da problemari tamaina hartzea, patologiaren jatorriak asko izaten direlako, eta desberdinak izaten direlako sintoma eta zeinuak. Bestalde, ez dago irizpide homogeneorik kalte zerebralaren lesioak definitzeko.

Oro har, Espainiako osasun sistemak arreta egokia ziurtatzen dio gaixoari hasierako faseetan, gaixoaren egoera kritikoa izan eta helburu nagusia bizirik irautea denean. Lehenbiziko fase hori gainditurik, asmoa honakoa izaten da: ospitalean hasitako zerbitzuari jarraipena ematea eta helburuak HKZ duen gaixoak eta familiak pasatzen dituzten faseetara egokitzea. Bigarren fase honetan, bada, arreta ez da hasieran bezain segurua, eta bereziki zaila bihurtzen da defizitek aldaketak edo asaldurak sortzen dituztenean nortasunean eta emozioetan, gaixoaren premiak gehienbat pertsonaren aspektu sozialenekin baitute zerikusia.

Haurren kasuan, kontuan hartzekoa da zerebroa garatzen ari dela, eta, horregatik, garunaren areak aktibatzen dituzten eboluzio-etapak bete ahala, ikusiz joaten gara nolako gabeziak sortzen dituen HKZk. Horrek zailtasun diagnostiko handiagoa dakar, eta, horrekin batera, helduen kasuan baino segimendu-premia handiagoa eta problemaren azterketa latzagoa.

Nafarroan, Osasuneko kontseilariak maiatzaren 15ean emandako 60/2003 Foru Aginduaren bidez, Garuneko eta Bizkarrezur-muineko Gaitzen Unitatea sortu zen Ubarmin klinikan, Errehabilitazio Zerbitzuaren menean, gaixo hauen problematikari erantzun integral biopsikosoziala emateko asmoz.

Aipatu foru aginduan adierazi bezala, gaixoen eta familien beharrei erantzuna emateko, errehabilitazio integrala behar da, gaixoaren ahalik bizkortze funtzional handiena eta ahalik integrazio biopsikosozial hoberena lortzeko.

Ubarmin klinikako Garuneko eta Bizkarrezur-muineko Gaitzen Unitateak gaixo helduak atenditzen ditu, baina beharrezkoa da adinez txikikoen kasuan ere arretarako metodologia bat ezartzea, diziplina anitzekoa, familia ere aintzat hartzen duena, bizkortze funtzionala daukana helburu, eta beste zerbitzu batzuekin koordinatzen duena, Gizarte Politiketako Departamentuarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin batik bat.

Hori dela eta, eta osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzearren Osasuneko kontseilariak 1990eko urtarrilaren 12an emandako Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen da Haurren Hartutako Kalte Zerebralean adituak direnen batzorde bat sortzea,

AGINDU DUT:

1. Haurren Hartutako Kalte Zerebraleko Adituen Batzordea sortzen da.

2. Aipatu batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Isabel Ansa Erice andrea, Osasuneko zuzendari nagusia, batzordeburu arituko dena.

–M.ª Ángeles Goñi Herranz andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen zuzendariordea.

–Jesús Alfredo Martínez Larrea jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Adimen Mentaleko zuzendaria.

–M.ª Jesús Condón Huerta andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Errehabilitazio Zerbitzuko burua.

–Sergio Aguilera Albesa jauna, Nafarroako Ospitaleguneko pediatriako sendagile espezialista.

–M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Berrikuntza eta Ebaluazio Ataleko burua.

3. Hauek dira batzordearen eginkizunak:

a) Haurren Hartutako Kalte Zerebralaren problema Nafarroako Foru Komunitatean nolakoa eta zenbaterainoa den aztertzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoak gaixo hauentzat dituen laguntza-baliabideak egokiak, behar adinakoak eta aski ote diren aztertzea.

c) Foru Komunitatean gaixo hauei modu integral eta integratuan laguntzeko zer arlo hobetu litezkeen detektatzea.

d) Gaixo talde horren eta haien familien beharren araberako laguntza modelo bat proposatzea, Osasun Departamentuaren plan eta programei egokitzen zaiena.

e) Planteatutako modeloari erantzuteko premiak zehaztea.

f) Gaixo talde honentzako arretaren segimendua egiteko adierazleak ezartzea, eta jarduketen eraginkortasuna eta efizientzia aztertzea.

4. Batzordeko idazkari lanetan lantaldeko kideek aukeratzen duten kidea arituko da.

5. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

6. Batzordeak foru agindu honi eta barne funtzionamendurako arauei jarraituko die.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko apirilaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1507444