98. ALDIZKARIA - 2015eko Mayren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 13an hartua, administrazio prozeduretan dokumentuak sinplifikatzeko jarraibideak onesten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, besteak beste, bere jarduketa eta funtzionamendua eraginkortasunaren eta administrazio egokiaren printzipioetara egokitu behar ditu. Orobat, prozedurak erraztea printzipio horiek betetzeko eskakizuna da, herritarrari zerbitzu hobea ematea baita azken helburua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak, 4 p) artikuluan, herritarren eskubide bat ezartzen du, Foru Komunitatearen Administrazioaren esku dauden datu eta dokumentuak ez aurkeztekoa; informazio hori biltzeko, baliabide elektronikoak erabiliko ditu, baina interesdunen adostasun espresa beharko du, edo lege batek hala agindu beharko du, datu horiek pertsonalak direnean.

Horri gehitu behar zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35 f) artikuluan herritarren eskubide bat aldarrikatzen dela, prozedurari aplikatzen zaizkion arauek eskatzen ez dituzten dokumentuak edo Administrazioaren esku daudenak ez aurkeztekoa, eta lege beraren 45.1 artikuluan ezartzen dela administrazio publikoek teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera eta aplikazioa bultzatuko dutela beren jarduera garatzen eta eskumenak erabiltzen dituztenean, Konstituzioak eta legeek baliabide horiek erabiltzeko jartzen dituzten mugekin.

Ildo berean, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak ezartzen du prozedurak sinplifikatzea ezinbestekoa dela Administrazioa hurbilago eta eskuragarriago izateko herritarrentzat eta zerbitzu publikoak azkar eta efizientziaz kudeatzeko, segurtasun juridikoa gutxitu gabe. Bada, arau horren 52. artikuluak, Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorrak bilatu behar dituen helburuen artean, honako hauek ezartzen ditu: ezinbestekoak bakarrik izatea herritarrei eskatzen zaizkien dokumentuak, kudeaketa korporatiborako tresnak ezartzea eta datu-baseak eta informatika aplikazioak beren artean konektatzea, elkarlana bultzatzeko beste administrazio batzuekin.

Bestetik, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bai Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak badute Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzua (SVCD), eta horrek aukera ematen du Administrazioko edozein organok herritarrei eskatzen dizkien zenbait datu eta eskakizun modu sinesgarrian egiaztatzeko.

Bidezko da, beraz, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek eta haren erakunde autonomoek nahitaez bete beharreko jarraibideak ematea, ez dakizkion herritarrari eskatu prozedura bideratzen duen administrazioaren esku dauden dokumentuak, edo dokumentuak egiaztatu eta kontsultatzeko zerbitzuen bidez lor ditzakeenak, eta administrazio prozeduretan eskatzen den dokumentazioa sinplifika dadin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren babesean.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Administrazio prozeduretako dokumentuak sinplifikatzeko jarraibideak ematea. Erabaki honen eranskinean jasotzen da testua.

2. Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek eta haien menpeko erakunde autonomoek beren eskumeneko administrazio prozedura guztietan aplikatuko dituzte onetsi diren jarraibideak; salbuespenak dira zerga arloko prozedurak eta kontratazio administratiboenak, horiek beren arau erregulatzaileak baitituzte.

3. Erabaki hau Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko departamentu guztietara eta haien erakunde autonomoetara igortzea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

ERANSKINA

Dokumentuak sinplifikatzeko jarraibideak

1. Dokumentuen sinplifikazioa lortzea dute helburu jarraibide hauek Nafarroako Foru Komunitatea eta haren erakunde autonomoak eskudun direnean prozedurak tramitatu eta ebazteko, eta aipatu administrazioen esku dauden zenbait dokumentu edo Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik, Estatuko Administrazio Orokorretik, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuen bidez (SVCD), edo beste sistema baliokide batzuen bidez lor daitezkeenak aurkezteko betebeharra kentzea.

2. Aplikatzen den arauak hala xedatzen duenean edo haren ondoriozko administrazio-egintzan hala aurreikusten denean bakarrik eskatzen ahalko da dokumentazioa aurkezteko betebeharra.

Araua prestatzeko edo dagokion administrazio-egintza onesteko prozesu guztietan hartu beharko dira kontuan dokumentuak sinplifikatzen dituzten irizpideak, eta aztertu haiek ezartzen dituzten betebeharrak ezinbestekoak ote diren bilatzen diren helburuak lortzeko.

3. Baldintza hauek gertatzen direnean bakarrik eskatzen ahalko da jatorrizko dokumentuak eta haien kopia konpultsatuak aurkezteko:

a) Beharrezkoa izatea prozedura ebazteko, arau batean nahitaezkotzat jotzen delako.

b) Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen esku ez egotea.

c) Badela eta zer eduki duen ezin egiaztatu denean Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuaren bidez (SVCD), edo beste sistema baliokide baten bidez.

4. Eskatzen den dokumentazioa edo informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen esku badago, baina ez badute horiek edo hark eman edo prestatu, interesdunari eskatu beharko zaio adieraz dezala zein artxibo, datu-base edo dokumentu funtsatan ageri den.

Modu berean, dokumentazio edo informazio hori teknika elektronikoen bidez egiaztatzen ahal bada, interesdunak adierazi beharko du zein baliabide edo helbide elektronikotan dagoen edo non eskura daitekeen.

5. Elektronika bidez hasten ahal diren administrazio prozedurek ez dute, berez, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkezteko betebeharra ekarriko hala eskatzen denean, geroago aurkeztu behar izatea galarazi gabe.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik edo Estatuko Administrazio Orokorretik, Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Zerbitzuen (SVCD) bitartez nahiz sistema baliokideen bitartez kontsultatzen ahal diren dokumentuak administrazio prozeduretan aurkezteko betebeharra kentzen da.

7. Tramitatzeko eskatzen den dokumentazioa biltzeaz arduratzen den organoak edo administrazio unitateak ofizioz aktibatuko du zerbitzu hau eta egiaztatuko ditu dokumentuak, datu horietan sartu eta benetakoak direla erabakitzeko beharrezkoak diren jarduketak burutuz. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuetan (SVCD) edo sistema baliokideetan egiten diren kontsulta guztiek zein bere sisteman ezarritako baldintzak beteko dituzte.

8. Betiere, jarraibide hauetan xedatutakoa bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta lege hori garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen gainerako araudian aurreikusitakoarekin.

9. Organo kudeatzaileak edo instruktoreak prozedura bakoitzean eskatzen diren datuak edo/eta baldintzak kontsultatu eta egiaztatu ahal izateko, beti beharko da interesdunaren adostasun espresa, eta prozedura hasteko eskaeran edo geroagoko edozein komunikaziotan agertu beharko du, non ez duen legeak eskakizun horretatik salbuesten.

Interesdunak ez badu bere adostasuna ematen, behartua egonen da prozeduran eskatzen diren baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztera.

10. Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, prozeduraren organo instruktoreak errekerimendua eginen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. eta 76.2 artikuluetan eta, zein den kasua, berariazko araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera.

11. Ekitaldi formaletan edo jendaurrekoetan ireki eta egiaztatzearren, dokumentazio egiaztatzailea Administrazioari gutun-azal itxi batean aurkeztu behar zaion prozeduretan, hura ekarri egin beharko da, harik eta ekitaldi horietan hura egiaztatzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak prestatzen diren arte.

12. Jarraibide hauek onesten direnetik aurrera, pixkanaka bete eta gauzatu behar dira onartzen diren administrazio xedapen eta egintza guztietan, eta behin betiko ezarriko dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1507440