98. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

858/2015 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

Hainbat faktore direla eta, beharrezkoa da apirilaren 22ko 641/2013 Ebazpenaren bidez arautu zen enplegu publikoaren programa hau berrikustea. Bereziki, ekonomia sozialeko enpresen lehiakortasuna eta enplegua hobetu beharra dago, horrelako enpresa gehiagok jaso ditzaten lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan inbertsioak egiteko laguntza hauek.

Horrenbestez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 10eko 529/2014 Ebazpenaren bidez, baliorik gabe utzi zen aipatutako 641/2013 Ebazpena.

Irailaren 5eko 751/2014 Foru Dekretuaren bidez, onetsi egin da Enplegua Sustatzeko 2014-2016 Espainiaren Estrategia, enplegurako politika aktiboak lurralde bakoitzaren errealitateari doitzeko aukera ematen duena.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko martxoaren 25ean egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea diru-laguntzak eman ditzan lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko egindako inbertsioetarako; deialdi honetan, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da, izan ere, sistema hori ezin egokiagoa da horrelako laguntzentzat, non diru-laguntzaren gertaera eragilea kasu guztietan bera baita.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 11.2 eta 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak.

3. 465.875,88 euroko gastua baimentzea, 2015era arte luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Kooperatiba eta lan sozietateentzako diru-laguntzak enplegua sustatzeko” izeneko 15100 170001 7709 241200 kontu-sailaren kargura (biltegi zentraleko zenbakia: 4966).

4. 2015. urterako, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik aurrera egiten diren inbertsioak onartzen ahal dira. Inbertsio horiek 2015. urteko ekitaldi ekonomikoaren barrenean ordaindu beharko dira.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 4an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko jarduneko zuzendari kudeatzailea, Imelda Lorena Echavarren.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan egiten diren inbertsioetarako diru-laguntzak emateko baldintza eta betebeharrak arautzea; horrela, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta modernizatzeko proiektuak garatzen lagunduko da, haien lehiakortasuna hobetuko baita, eta, aldi berean, halako enpresak sortzea eta sendotzea erraztuko da.

Lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan inbertsioak egiteko diru-laguntza eskaerak, urte naturaleko urtarriletik abendura bitarte aurkezten direnak, ebatziko dira deialdi honen bidez.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Nafarroako lan elkartuko kooperatibak eta lan sozietateak sortzen, sendotzen edo haien lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten inbertsioak egiteak izan dezake diru-laguntza.

3.–Diru-laguntzaren onuradunak.

1. Lan elkartuko kooperatiben edo/eta lan sozietateen arteko lankidetza proiektuen ondorioz sortzen diren kooperatibak, lan sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak izan daitezke laguntza hauen onuradunak, baldin eta lan bazkide bat gutxienez badute eta oinarri hauen babeseko inbertsioak egiten badituzte.

2. Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratuak egotea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

c) Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zehatuak ez izatea.

d) Helbide fiskala Nafarroan izatea. Orobat, oinarri hauetara jo ahal izateko, lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

3. Deialdi hau ez zaie aplikatuko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua), haien jarduera dela kausa, laguntza hauetatik baztertuta dauden enpresen eskaerei, ezta enplegu programen aplikazioaren ondoriozko onuretatik baztertu diren enpresen eskaerei ere, baztertzeko arrazoia arau-hauste oso larriak egitea izan baldin bada, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aurreikusitakoari jarraituz.

Kanpo gelditzen dira, orobat, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean ageri diren produktuen produkzioarekin, lehen eraldaketarekin eta/edo handizkako merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten enpresak (Tratatuaren 38. artikulua).

4.–Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.

Hauek dira inbertsioek bete beharreko baldintzak:

a) Ibilgetu materialeko inbertsioen kasuan, honako inbertsio hauek jaso dezakete diru-laguntza: lurretan, eraikinetan, instalazio teknikoetan, makinerian, erremintetan, altzarietan, informazio prozesuko ekipamenduetan eta garraioko elementuetan egindakoak.

Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, 2 ibilgailurentzako laguntza ematen ahalko da enpresa eta urte bakoitzeko, eta, betiere, industriako edo merkataritzako ibilgailuak izanen dira, hau da:

–Fitxa teknikoan adierazita daukaten sailkapen kodearen hasiera-hasieran 03, 04, 06, 10 edo 31 ez duten ibilgailu guztiak, salbu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ustez, egoera bereziengatik, bestelako tratamendua hartzen ahal dutenak.

–Bidaiarien zerbitzu publikorako diren auto taximetrodunak.

–Gaixoak edo istripua izandako pertsonak eramateko autoak.

b) Ibilgetu ez-materialeko inbertsioak badira, administrazio kontzesioei, jabetza industrialari, merkataritza funtsari, eskualdaketarako eskubideari eta aplikazio informatikoei lotutako aktibo guztiek izaten ahal dute diru-laguntza.

Ez dira aktibo finkoetako inbertsiotzat joko errentamendu finantzarioaren edo leasing bidez finantzatzen direnak, ezta aplikatzekoak diren zergen likidazioagatik dagokion zenbatekoa ere. Entitatean sartzen diren bazkideenak diren inbertsioak ere ez dira onartuko.

c) Eskuarki, aktibo berriak erosiz eginen dira inbertsioak. Hala ere, inbertsioak bigarren eskuko ekipamendua erosiz egiten direnean, baldintza hauek bete beharko dira:

–Ekipamenduaren saltzaileak ekipamenduaren jatorriaren gaineko adierazpen bat egin beharko du, frogatzeko ez dela erosia izan azken zazpi urteotan Espainiatik edo Europar Batasunatik etorritako diru-laguntzen bidez.

–Peritu independente batek egindako ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da ekipamenduaren prezioa ez dela merkatuko balioa edo antzeko ekipamendu berri baten kostua baino handiagoa, eragiketarako behar diren ezaugarri teknikoak dituela eta aplikatzekoak diren arauak betetzen dituela.

–Egiaztatzen bada enpresa hornitzailearen jarduera ekonomikoa ondasun erabiliak saldu eta/edo egokitzea dela, aktibo finko ez-material berritzat hartuko dira; horrelakoak hartuko dira, orobat, eskuratzen diren eraikin eta bestelako eraikuntza erabiliak, eta, itxita dagoen enpresa batetik abiaturik, ekonomia sozialeko enpresa bat sortzeko beharrezkoak diren inbertsio-elementuak, izan ere, kasu horretan konkurtso-balorazioa aurkeztu beharko da.

5.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, gutxienez 6.000 euroko inbertsioa egin beharko da, eta 500 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko, salbu inbertsio berrien kasuetan, izan ere, horietan ez dago gutxieneko inbertsiorik edo gutxieneko fakturarik.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Enpresa sortu berria bada, hau da, urtebete baino gehiago igaro ez bada ekonomia sozialeko enpresa gisa kalifikatu zenetik: inbertsioaren %45eko diru-laguntza emanen da.

b) Jadanik eratuta dagoen enpresa bat bada, inbertsioaren %35eko diru-laguntza emanen da.

c) Jadanik eratuta dagoen enpresa bat izanik, diru-laguntzaren eskaeraren egunaren aurreko 6 hilabetean bere plantilla finko osoa handitu badu: %5 igoko da b) letran adierazitako portzentajea.

d) Inbertsioa egin gogo den lantokia Iruñetik eta Iruñerritik kanpokoa bada: %5 igoko da a) eta b) letretan adierazitako portzentajea.

e) Inbertsioa Moderna planean sailkatutako jarduera batentzat bada: %5 igoko da a) eta b) letretan adierazitako portzentajea; betiere, proiektuak Moderna zigilua eraman beharko du.

f) Inbertsioa lan ekartuko kooperatiben edo/eta lan sozietateen arteko lankidetza proiektu baten ondoriozkoa bada: %5 igoko da b) letran adierazitako portzentajea.

3. Betiere, enpresa bakoitzarentzat ematen den diru-laguntza ez da 10.000 eurokoa baino handiagoa izanen urtean, ezta inbertsioaren %50 baino handiagoa ere; gainera, ezin du gainditu Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako kopurua (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

6.–Aurrekontuko zuzkidura.

Urtero Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, ekonomia sozialeko enpresetako inbertsio programa kudeatzeko, onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

7.–Eskaeren eta erantsi beharreko dokumentazioaren aurkezpena.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, aurkezten diren fakturen azkeneko ordainketa egiten denetik.

Urte bakoitzeko urtarriletik abendura bitarteko fakturak eta ordainagiriak onartuko dira.

Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es webgunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

2. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten enpresek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.

b) Diru-laguntzaren xedeko inbertsioak azaltzeko memoria teknikoa eta diru-laguntzaren xedeko objektuen fakturen zerrenda, memoria teknikoan jasotako inbertsioen azalpenarekin bat etorri beharko duena.

c) Identifikazio fiskaleko txartela.

d) Entitate onuraduna eratzeko eskrituraren edo aktaren fotokopia konpultsatua, estatutuekin batera.

e) Diru-laguntzak emateko prozeduretan pertsona juridiko baten izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren nortasun agiri nazionala eta, horrekin batera, Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko eman zaion ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.

f) Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharra duten langilerik ez duen entitatearen kasuan, kontu horren gaineko aitorpena aurkeztuko du haren legezko ordezkariak.

Zergaren batetik salbuetsiak dauden entitateek salbuespen hori egiazki onartu zaiela frogatzen duten agiriak aurkeztuko dituzte.

g) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko diru-laguntzak azalduko dituen aitorpena, eskabidean berean agertzen ahalko dena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen aitorpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako diru-laguntza edo laguntza eskabide berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz aitortzeko konpromisoa. Aitorpen horrek “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko ditu, indarrean den zergaldian eta aurreko bietan jasotakoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietako debekurik urratzen ez dela frogatzen duen agiria, artikulu horren 7. idatz-zatian xedatutakoaren arabera egina.

i) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik inoiz jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

j) Kooperatibako edo lan sozietateko organo eskudunak emandako ziurtagiri bat, eskabidean berean sartzen ahalko dena, bazkide langileen eta kontratudun mugagabeen kopurua frogatzen duena, baina, bakar-bakarrik, plantilla handitu bada.

k) Egiazki pagaturiko fakturen kopia konpultsatua, edo frogatarako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari dagokion ordainagiria erantsiko zaio, hau da, fakturen eta ordainketen arteko trazabilitatea egiaztatzeko aukera ematen duten bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Bigarren eskuko ondasunen kasuan, fakturen zerrendan horren berri eman beharko da, eta, ondasun horiek jadanik itxita dauden enpresetatik eskuratu badira, konkurtso-balorazioa ere aurkeztu beharko da.

l) Diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioaren gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipamendu-ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo kontsulta enpresek emandako zerbitzuen kasuan, edo 30.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo), obrak egiteagatiko kostuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen. Hasieran aurreikusten zen hornitzailea eta benetan hautatzen dena ezberdinak badira, diru-laguntzaren justifikazioan frogatu beharko da efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharko justifikatzen duenean diru-laguntzaren xede den gastuaren ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudela.

m) Bigarren eskuko ondasunen kasuan, peritu independente batek egindako ziurtagiria, adierazteko prezioa ez dela merkatuko balioa baino handiagoa, ezta antzeko ekipamendu berri baten kostua baino handiagoa ere.

n) Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena:

n.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

n.2) Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) letran ezarrita dago herritarrek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, eskubidea dutela kasuan kasuko prozedurari aplikatu beharreko arauetan eskatzen ez diren agiriak ez aurkezteko, ez eta jadanik jarduneko administrazioaren esku dauden agiriak ere. Eskubide horretaz baliatzeko, jakinarazi beharko dute agiri horiek zeintzuk diren eta non, noiz eta zein departamentutan aurkeztu zituzten.

8.–Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

9.–Prozeduraren ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, diru-laguntzaren xedeko jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, diru-laguntza eman eta ordainduko du.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta lau hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren webgunean eta Nafarroako Atarian argitaratzearekin.

10.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.

c) Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten dituzten adierazpen guztietan Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela agertu beharko da.

d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek konpromisoa hartzen dute diru-laguntza lortzen duen inbertsioa bere jabetzapean eta enpresaren jarduera ekonomikoari atxikia mantentzeko, zazpi urtez bederen erregistroan inskribatzen ahal diren inbertsioen kasuan, eta bi urtez gainerako inbertsioetan, laguntza ematen zaien egunetik aurrera; bestela, jasotako kopuruak berandutzako interesekin itzuli beharko dituzte, ez-betetzea gertatzen den egunetik; gainera, behartuta daude ez-betetze horren berri Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ematera hilabeteko epean.

f) Entitate onuradunak, diru-laguntza ematen zaionetik gutxienez zazpi edo bi urtez, zein den kasua, izan beharko du diru-laguntza horren onuradun izateko eskatzen zaizkion forma juridikoetako bat; bestela, hori betetzen ez duen unetik jasotako diru kopuruak berandutzako interesekin itzuli beharko ditu, eta behartua dago horren berri ematera Nafarroako Enplegu Zerbitzuari hilabeteko epean.

g) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko edo ordaintzeko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko.

h) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

i) Onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

j) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu inbertsioaren izena eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako inbertsioa” testuarekin batera.

11.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza eman eta ordaindu aurretik, onuradunak diru-laguntza emateko oinarri den jarduketa egin izana frogatu beharko du, kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa.

Frogatzeko orduan, diruz laguntzen ahal diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiazki ordaindu dituzten kostu errealekin. Kostu horiek jatorrizko faktura ordainduen bidez edo frogatzeko balio bera duten kontabilitateko beste dokumentu batzuen bidez justifikatuko dira.

12.–Jarraipena eta kontrola.

Onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, kontu-hartzailetza eskuordetuari dagozkion finantza-kontrolekoak, hala badagokio, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

13.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Inbertsioetarako diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Edozein kasutan, haien zenbatekoak ez du egindako inbertsioaren %100 gaindituko, ezta “minimis” laguntzen Erregelamenduak ezarritako gehieneko muga ere.

14.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpena emanen du diru-laguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutza interesak barne.

Halaber, emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

Onuradunak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du, baina berandutzako interesak eskatu gabe.

Ekonomia sozialeko enpresa desagertzen bada oinarri hauetan ezarritako epea bukatu baino lehen (zazpi urte edo bi urte, kasua zein den), edo diru-laguntzaren xedeko inbertsioa mantentzen ez badu epe hori bukatu arte, diru-laguntza eman zenetik igarotako denboraren araberako zati proportzionala besterik ez du itzuli behar izanen, berandutza interesak barne, betiere ekonomia sozialeko enpresa izateari eutsi baldin badio eta eskatutako epearen %60 igaro baldin bada gutxienez, hori guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren 1. idatz-zatiko c) letran xedatutakoa aplikatuz.

10. oinarriko e) letran ezarritako epea betetzen ez den gainontzeko kasuetan, azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluko 3. idatz-zatia aplikatuko da itzulketaren zenbatekoa zehazteko. Aurreikusitako helburuen %60 edo gehiago betetzen direnean, baldintzak erabat betetzetik hurbil direla ondorioztatuko da.

15.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

16.–Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako moduan.

17.–“De minimis” araubidea.

Diru-laguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak 2006ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

18.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

Aplikagarriak izanen dira, orobat, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta berau garatzeko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1506756