2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VIANA
Vianako udal mugapean enpresak ezartzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Vianako Udalak, 2015eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Vianako udal mugapean enpresak ezartzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.
Onesteko erabakia 2015eko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 10ean, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.
Vianan, 2015eko apirilaren 20an.–Alkatea, Gregorio Galilea Arazuri.
VIANAKO UDAL MUGAPEAN ENPRESAK EZARTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Ordenantza honen xedea enpresa jarduera berrien sorrera sustatzea da, Vianan kokatzen direnendako laguntzak emanez.
1. oinarria.–Xedea.
Ordenantza honek arautzen dituen laguntzek Vianan enpresa berriak sortzea sustatuko dute, eta xede hauek izanen dituzte: enpresak ezartzeko egiten diren inbertsioak eta ezartzen diren enpresen titulartasuna duten instalazioetako enpresa jardueraren jarraipena.
Enpresa guztiek, laguntza lortu ahal izateko, Udalaren irekitze lizentzia eduki beharko dute.
Enpresaren ezarpen data jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta ematen den eguna izanen da, baldin eta data horretan Udalaren irekitze lizentzia eskuan badute jada.
Kanpo daude:
a) Lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak eta enpresa jarduerak.
b) Enpresak eta enpresa jarduerak hirian bertan lekuz aldatzea, JEZa eta jabeak aldatzea ekarri ala ez.
c) Jarduera beraren edo antzekoaren titulartasun aldaketak.
d) Eskualdatzeak.
Ez dira jarduera ekonomiko berritzat hartuko ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek: deialdiaren aurretik jada jarduera ekonomiko batean aritu arren JEZeko beste epigrafe batean alta ematen dutenak edo sustatzaileak aldatzen dituztenak, hasierako jarduera ekonomikoa mantendu ala ez.
2. Laguntzak urtean behin emanen dira, eskaera aurkeztu eta ordenantza honetako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten enpresen artean.
2. oinarria.–Finantzaketa.
Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen finantzaketa “Enpresak ezartzeko diru-laguntza” kontu-sailaren kargura eginen da.
3. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen kostuak:
Diru-laguntza hauek ezarri dira:
Enpresak ezartzeko egiten diren inbertsio guztiek jaso dezakete laguntza, hau da, enpresa jarduera berriei dagozkien inbertsioek; behar den baimenarekin Vianako udal mugapean lekualdatze bidez edo enpresa sortu berri gisa ezartzen diren enpresak izanen dira, betiere inbertsioaren zenbatekoa 50.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe). Laguntzaren zenbatekoa eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %60aren parekoa izanen da; zerga hori Udalak enpresari likidatuko dio udalerrian ezartzeagatik. Edonola ere, aldez aurretik Udalean ordaindu behar da zenbateko hori.
Halaber, honako laguntza hauek ere emanen dira, aldez aurretik eskaera eginez gero, betiere enpresa jarduerak jarraitzen badu eta deialdi honetan eskatutako baldintza eta beharkizunak betetzen badira; aldez aurretik, urte bakoitzerako justifikatu behar da, ordenantza honen 6. oinarriaren arabera, eta laguntzak urtero doituko dira jasotako informazioa kontuan harturik:
–Lehenbiziko 12 urteetan eta 5-10 langileko enpresentzat:
- Deialdi honetako laguntza jaso dezaketen ondasunei dagokien lurralde kontribuzioko zergaren urteko ordainagiriaren %40aren pareko laguntza; ordainagiri hori Udalak luzatuko dio entitateari. Edonola ere, zenbateko hori aldez aurretik ordaindu behar da.
- Deialdi honetako laguntza jaso dezakeen jarduerari dagokion jarduera ekonomikoen zergaren urteko ordainagiriaren %10aren pareko laguntza; ordainagiri hori Udalak luzatuko dio entitateari. Edonola ere, aldez aurretik ordaindu behar da zenbateko hori.
–Lehenbiziko 12 urteetan eta 11-50 langileko enpresentzat:
- Deialdi honetako laguntza jaso dezaketen ondasunei dagokien lurralde kontribuzioko zergaren urteko ordainagiriaren %60aren pareko laguntza; ordainagiri hori Udalak luzatuko dio entitateari. Edonola ere, zenbateko hori aldez aurretik ordaindu behar da.
- Deialdi honetako laguntza jaso dezakeen jarduerari dagokion jarduera ekonomikoen zergaren urteko ordainagiriaren %10aren pareko laguntza; ordainagiri hori Udalak luzatuko dio entitateari. Edonola ere, aldez aurretik ordaindu behar da zenbateko hori.
–Lehenbiziko 12 urteetan eta 50 langile baino gehiagoko enpresentzat:
- Deialdi honetako laguntza jaso dezaketen ondasunei dagokien lurralde kontribuzioko zergaren urteko ordainagiriaren %80aren pareko laguntza; ordainagiri hori Udalak luzatuko dio entitateari. Edonola ere, zenbateko hori aldez aurretik ordaindu behar da.
- Deialdi honetako laguntza jaso dezakeen jarduerari dagokion jarduera ekonomikoen zergaren urteko ordainagiriaren %10aren pareko laguntza; ordainagiri hori Udalak luzatuko dio entitateari. Edonola ere, aldez aurretik ordaindu behar da zenbateko hori.
4. oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.
Ordenantza honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke Vianako udalerrian ezartzen diren enpresak (pertsona fisikoak edo juridikoak eta sozietate irregularrak), horrek enpresa jarduera berriak ekartzen dituenean, diru-laguntza hauek jasotzen ahal dituztenak, baldin eta ez badira kaudimena duen beste enpresa baten jarraipen ekonomikoa, beste izen batekin, edo aurrekoaren baliabide pertsonal edo materialak erabiliz.
Onuradun izanen dira Vianako udalerrian enpresa berriak sortzen dituztenak iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31ra bitarte (biak barne), kasu hauetan:
1. Ezarpenaren hasierako inbertsioa 50.000 eurotik gorakoa denean (BEZik gabe), eta enpresa jarduerak gutxienez 5 urte irauten badu, inbertsioagatiko laguntza kasuetan (eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %60).
2. Ezarpenaren hasierako inbertsioa 50.000 eurotik gorakoa ez denean (BEZik gabe), eta enpresa jarduerak gutxienez 5 urte irauten badu eta sortutako eta mantendutako lanpostuak 5 edo gehiago badira, jardueran jarraitzeagatiko laguntza kasuetan (lurralde kontribuzioaren gaineko zergaren urteko ordainagiriaren %40-60-80 eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren urteko ordainagiriaren %10).
Diru-laguntza honen aplikazio eremutik kanpo geratzen dira nortasun juridiko-publikoa duten entitateak; halaber, beste enpresa baten jarraipen ekonomikoa diren enpresa guztiak, haien helburua honako laguntza hau jasotzea bada.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, enpresek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Vianan kokaturik egotea.
b) Bere betebehar fiskalak eguneratuak izatea, baita Gizarte Segurantzakoak, Nafarroako Zerga Ogasunekoak eta Vianako Udalekoak ere.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako batean ere ez egotea.
d) Behar diren obra lizentziak, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoak eta nahitaezkoak direnak (jarduera sailkatuena eta irekitzekoa) eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga eskatu eta ordaindu izana.
5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak:
Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak dituzte; garrantzitsuena, diru-laguntza emateko oinarri izan den jarduera gauzatzea.
Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Vianako Udalean frogatzea ordenantza honetako betebehar eta baldintzak betetzen direla.
–Udalaren iragarki oholean jartzea sortuko diren lanpostuak, Vianan erroldatuek horiek lortzeko lehentasuna izan dezaten.
–Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita finantzen kontrolerako eta egiaztapenerako egin dezakeen beste edozein ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
–Jarduera ekonomikoa eta hasiera batean deklaratutako lanpostuak 5 urtez mantentzea, diru-laguntza ematen denetik.
–Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.
–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
6. oinarria.–Agiriak.
Deialdi honetako eskabideak eta eranskinak Udalaren web orrian eskura daitezke: www.viana.es.
Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANa eta enpresaren IFK.
–Gizarte Segurantzaren ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.
–Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.
–Jarduera ekonomikoen gaineko zergako altaren frogagiria, Vianako udalerrikoa.
–Udal lizentzia eman izanaren frogagiriak (irekitzekoa, jarduera sailkatuarena...).
–Gizarte Segurantzaren TC2 eredua, enpresako plantillari dagokiona.
–Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen dituela eta debekurik ez duela dioena.
–Deialdi honen xede den inbertsioa benetan egin dela erakusteko fakturak eta ordainagiriak.
Eskatzen den dokumentazio guztiak jatorrizkoa izan beharko du edo, bestela, kopia konpultsatua edo indarra duen legeriaren arabera egiazkoaren izaera duena.
Vianako Udalak aurkezten den eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.
7. oinarria.–Epea.
Eskabideak aurkezteko epea behin betiko ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
Urte natural bakoitzeko urriaren 31 izanen da diru-laguntzetarako eskaerak aurkezteko mugaeguna.
8. oinarria.–Ebazpena, jakinarazpena eta ordainketa.
Laguntza eman edo ukatzeko ebazpena urte bakoitzeko azaro-abenduetan eman eta jakinaraziko da, Vianako Udalak diru-laguntzaren xede den jarduketa gauzatu den ala ez egiaztatu ondoren.
Laguntza ematen bada, ordenantza honetan ezarritako betebehar eta baldintzak bete direla egiaztatu ondoren ordainduko da; justifikaturiko arrazoiren bat izan ezean, urte bakoitza bukatu baino lehen izanen da.
9. oinarria.–Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.
Diru-laguntza emateko ebazpena aldatu eginen da baldin eta ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira eta honekin batera beste diru-laguntza batzuk eskuratzen badira.
10. oinarria.–Ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea.
Ordenantza honetan ezarritakoa betetzen ez bada, emandako datuak ezkutatu edo faltsutzen badira eta laguntzak emateko erabakigarri diren egitateak eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatzen badira, itzuli egin beharko da jasotako dirua, laguntzak jaso arren, eta bidezkoa den legezko interesa ordaindu beharko da.
Diru-laguntzak itzultzeko prozeduraren arauak izanen dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean administrazio prozeduren gainean dauden xedapen orokorrak.
11. oinarria.–Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna.
Ordenantza honetako diru-laguntzen xede diren jarduerak bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonak xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin, baina bildutako diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen diruz lagundutako gastuen kostuaren %100 baino handiagoa.
12. oinarria.–Zehapen prozedura.
Dirua itzultzeko espedientearen tramitazioaren ondorioz sumatzen bada Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluan zehazten diren arau-hausteetako bat izan dela, foru lege berean ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.
13. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Vianako Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira.
Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.
14. oinarria.–Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den udal organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA
2015. urtean, onuradunak izanen dira Vianako udalerrian aurtengo urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte (biak barne) enpresa berriak sortzen dituztenak.
Iragarkiaren kodea: L1506198