98. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Adinekoen Udal Kontseiluaren Erregelamendua
Behin betiko onespena

Udalak, 2015eko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Adinekoen Udal Kontseiluaren funtzionamendurako arauak jasotzen dituen erregelamendua. Iragarkia 2015eko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an.

Jendaurreko aldia amaitu da, eta epe horretan ez da espedienteari buruzko erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horrenbestez, behin betiko onetsi da aipatu erregelamendua, eta argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2015eko apirilaren 20an.–Alkatea, Luis Casado Oliver.

ADINEKOEN UDAL KONTSEILUAREN
ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Prozesuak erraztea eta herritarrek parte hartzeko bideak sortzea gizarte politika aurrerazaleen etengabeko erreferentea da, politika horiek gizarte kohesioan aurrera egitea eta pertsonen bizi kalitatea hobetzea bilatzen baitute.

Osasunaren Mundu Erakundeak, 2002. urtean, zahartze aktiboaren paradigma azaldu zuen eta honela definitu: osasunerako aukeren, parte-hartzearen eta segurtasunaren optimizazioa bilatzen duen prozesua, pertsonen bizi kalitatea hobetze aldera, zahartzen diren neurrian. Eredu berri horretan, adinekoek gizartean parte hartzeak garrantzi berezia du alde askotatik begiratuta. Garrantzi berezia du, kontuan hartu behar baita adinekoak, uneren batean behar bereziak izan arren, eskubideak dituzten herritarrak direla, gaitasunak dituztela eta autonomoak direla.

Adinekoek gizartean parte hartzea garrantzitsua da, balioa ematen zaielako beraien ezagupenei, esperientziei eta baloreei, gizarte orekatu baten bilakaeran eta garapenean baliotsuak, garrantzizkoak eta ezinbestekoak diren erreferente bihurtuz. Eta, orobat, adinekoek gizartean parte hartzea garrantzitsua da zahartze prozesuan dagoen mundu batean gaudelako; eta mundu horretan, zorionez, urte gehiago bizi gara, urte horietan kalitate handiagoarekin bizi nahi dugu eta premiazkoa da herrialdeek politikak eratzea, egoera hau lorpen sozial baten moduan eraiki dadin.

Adinekoek gure komunitateak hobetzen lagun dezakete, eta ezin dira bazterrean gelditu beraiekin lotura zuzena duten politikak diseinatzen direnean, politika horiek oraina zehaztu eta etorkizuna antolatzen baitute.

Gizartean parte hartzeko bideak proposatu eta finkatzea eta horien bidez komunitate bateko adinekoek beren proposamen, azterketa eta eskaerak aurkeztea garrantzizkoa da, horri esker komunitate batean urte eta esperientzia gehien duten pertsonek erreferente sozial moduan duten zeregina aintzat hartu, ikusgai jarri eta antolatu egiten ahal baita.

Zalantzarik gabe, elkarteen mugimenduaren zeregina erabakigarria izaten ari da prozesu honetan eta, horregatik, garrantzitsua da antolamendua izatea, non elkarteen mugimenduak esateko duena entzun eta aintzat hartzen ahalko den, herriko kasuan kasuko erantzukizun eta eskumen esparruetan.

Horrenbestez, Adinekoen Herriko Kontseilua sortzea, kontsulta organo gisa, aurrerapauso handia da adinekoek gizartean parte hartzeko eta horiek kontuan hartzeko. Halaber, gizartearen eskura jarriko da adinekoek duten esperientzia, eta parte-hartzea bultzatuko da, betiere adinekoen bizi kalitatea sustatzera eta gizarte ongizatea hobetzera bideratutako proiektuak gehitze aldera.

I. KAPITULUA

Izaera eta xedeak

1. artikulua.

1. Tuterako Adinekoen Udal Kontseilua sortu da, adinekoek parte hartzeko eta hirugarren adinekoen inguruko entitate eta erakundeek parte hartzeko foroa izan dadin. Herritarrek parte hartzeko organo hori kontsultarako izanen da, eta adinekoen arretaren arloan agertzen ari diren behar berrien aurrean truke eta bateratze lana eta konponbideak sustatuko dira.

2. Kontseilua herriko organo osagarritzat joko da, eta adinekoen taldea ordezkatuko du, espresuki.

II. KAPITULUA

Eginkizunak

2. artikulua.

1. Udal Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Adinekoen solaskidea izatea Udalaren eta edozein erakunde publiko edo pribaturen aurrean.

b) Kontseiluarentzat interesa duten gaiei buruzko informazioa lortzea, aldez aurretik eskaera arrazoitua eginda.

c) Adinekoen arretaren arloan gauzatzen den udal kudeaketaren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egitea.

d) Adineko guztien parte-hartze aktiboa erraztea, eta taldearen baliozko solaskide gisa jokatzea botere publikoen aurrean.

e) Belaunaldien arteko harremanak, elkartegintza, parte-hartzea, elkartasuna eta, oro har, adineko pertsonen bizi kalitatea sustatzen dituzten neurriak eta jarduketak bultzatzea.

f) Eskualde, herrialde, Estatu eta nazioarte mailan aritzen diren antzeko beste organo batzuekin harremanak izatea eta laguntza ematea, esperientziak eta ekimenak hedatzeari begira.

g) Edozein pertsonari edo entitateri unean-unean aholkua eskatzea, egokitzat jotzen diren alderdiei buruz.

h) Hirugarren adinekoei buruzko jarduketa proposamenak egin eta bidaltzea, hala behar denean, Tuterako Udalari eta jarduketa esparru honekin lotutako erakunde, instituzio eta entitate publiko eta pribatuei.

i) Udalari ekimenak, proposamenak edo iradokizunak aurkeztea, kasuan kasuko udal batzordeetan eztabaidatzeko.

2. Tuterako Udalak beharrezkoak diren baliabideak eta informazioa emanen dizkio Kontseiluari, esleitutako eginkizunak beteko dituela bermatzeko.

3. Kontseiluak autonomiaz jokatuko du Tuterako Udaleko organoendako kontsulta, proposamen, informazio eta aholkularitza eginkizunak betetzean.

III. KAPITULUA

Egitura eta osaera

3. artikulua.

1. Honako hauek osatuko dute Udal Kontseilua:

a) Kontseiluburua.

b) Kontseilukideak, hurrengo puntuetan ezarritakoarekin bat.

2. Alkatea edo hark eskuordetzen duena izanen da kontseiluburua.

3. Kontseiluko kideak honela hautatuko dira:

a) Sei kide gehienez, adinekoen elkarte bakoitza edo elkarteen batasun bakoitza ordezkatuz.

b) Hiru kide gehienez, Kontseiluaren jardueraren arloarekin lotuta dauden beste erakunde batzuetakoak.

c) Udalean ordezkaturiko talde politikoen ordezkari bana, horretarako izendatuak.

d) Tuterako Udaleko teknikari bat.

e) Gizarte Gaien Alorreko zuzendaria.

4. Kontselukide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.

5. Kontseiluko idazkaria Gizarte Gaien Alorreko zuzenbideko lizentziaduna izanen da, eta hitza izanen du baina botorik ez.

4. artikulua.

1. Kontseiluko kideen izendapena, norberak duen kargua dela medio direnena izan ezik, alkateak eginen du, aurreko artikuluan aipatzen diren entitateen proposamena eta gero, halakorik bada.

2. Hirugarren adinekoen inguruko elkarteak, entitateak eta erakundeak ordezkatzen dituzten kideen kargualdiak udal agintaldi bakoitzak bezainbeste iraunen du.

3. Orobat, arrazoi hauetakoren batengatik utziko zaio Kontseiluko kide izateari:

a) Kontseiluko kidea hiltzean edo epaileek epai irmo baten bidez desgaikuntza ezartzen diotenean.

b) Berariaz uko egitean.

c) Kargualdia bukatzen denean. Dena dela, kide berriak karguaz jabetu arte, aurreko kideek beren eginkizun guzti-guztiak betetzen segituko dute.

d) Epai irmo baten bidez, bigarren ondorio gisa lanbide batean edo politikan jarduteko desgaikuntza dakarren zigor bat ezartzen denean.

e) Kontseiluan aritzeko ordezkaritza galtzean.

g) Foru dekretu honetan ezarritako beste edozein baldintza ez betetzeagatik.

5. Postu hutsak betetzeko, erregelamendu honetan izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, sartzen den kide berria Kontseilua uzten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da.

IV. KAPITULUA

Antolaketa eta funtzionamendua

5. artikulua.

1. Kontseiluak urtean lau aldiz behintzat eginen du bilkura arrunta. Bilkura bereziak egiten ahalko dira kontseiluburuak dei egiten badu, bere ekimenez edo Kontseiluko kideen heren batek eskaturik.

2. Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, kontseiluburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Horiez gainera, lehenbiziko deialdian kideen erdiek gehi batek egon beharko dute gutxienez, eta bigarren deialdian kideen herenak.

3. Bilkurak egiteko deialdietan gai zerrenda adierazi beharko da. Kontseiluko kideek bilkura eguna baino zazpi egun lehenago gutxienez jaso beharko dute deialdia. Presako kasuetan, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izan daiteke.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak eta horien arrazoiak emanen dira. Zilegi izanen da gehiengoaren kontrako boto partikularrak ematea.

Berdinketa gertatuz gero, kontseiluburuaren botoak erabakiko du.

5. Bilkura guztien akta egin beharko da, hartutako erabakien berri emanen duena. Kontseiluko kide interesdunak eskatuta, hartutako erabakiaren kontra emandako botoak jasotzen ahalko dira aktan, baita abstentzioak ere, eta botoa azaldu edo justifikatzeko arrazoiak.

6. artikulua.

Tuterako Adinekoen Udal Kontseiluak antolaketarako bere erregelamendua eta bere funtzionamendu arauak ezar ditzake, araudi orokorrean eta erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat.

7. artikulua.

Kontseiluko buruaren eginkizunak hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkaritza bere gain izan eta dagozkion ekintzak gauzatzea.

b) Bilkura arrunt eta berezietarako dei egitea eta eguneko gai zerrenda ezartzea.

c) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Aktak ikus-onestea.

f) Kontseiluko buru gisa dagozkion gainerako eginkizunak.

8. artikulua.

Kontseiluko kideek eginkizun eta eskubide hauek izanen dituzte:

a) Kontseiluaren bilkuretan hitzez parte hartzea, boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.

b) Kontseiluan aztertzen diren gaiei buruzko informazioa izatea.

c) Kontseiluaren bilkura berezia eskatzea.

d) Proposamen edo iradokizunak aurkeztea eguneko gai zerrendan sartzeko, baita osoko bilkuran erabakiak hartzeko edo gai zehatz bat aztertzeko ere.

e) Aldez aurretik jasotzea, ezartzen den epean, deialdia eta bilkuretako gai zerrenda, eta beren eskura izatea agertzen diren gaiei buruzko agiriak eta informazioa, bai eta aurreko bilkurako akta ere.

f) Galderak eta eskaerak egitea.

g) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua.

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluaren zerbitzu administratibo eta teknikoak zuzendu eta koordinatzea.

b) Kontseiluan hitza duela parte hartzea, baina botorik gabe.

c) Kontseiluaren bilkuretarako dei egitea, buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

d) Kontseiluaren bilkuren aktak prestatu, idatzi eta baimentzea, buruak ikus-onetsita.

10. artikulua.

Kontseiluak bilkuran aztertzen diren gaiei buruzko espezialistak gonbida ditzake bilkuretara, beren aholkuek xedeak betetzen lagundu ahal izateko. Aholkulari tekniko horiek hitza izanen dute baina botorik ez.

11. artikulua.

Osoko Bilkurako kideek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Osoko Bilkuraren osaerako kide badira, bilkura horietara joatea.

b) Isiltasunez eta zuhurtasunez jokatzea aztertzen diren gaien izaerak horixe eskatzen duenean eta, bereziki, norberaren eta familiaren ohorea eta intimitatea eta norberaren irudia ukitzen direnean.

c) Erregelamendu honen eta hori garatzeko onesten diren arau eta jarraibideen arabera jardutea.

12. artikulua.

Erregelamendu honetan ezarritako xedapenek arautuko dute Kontseilua. Erregelamenduak aurreikusten ez duen orotan, informazio batzordeetarako ezarri den funtzionamendu araubidea aplikatuko da osagarri gisa.

Azken xedapenetako lehena.–Tuterako Udaleko Gizarte Gaien Alorrak Kontseiluaren funtzionamenduaren erregelamendua betetzen den begiratuko du.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu honek Tuterako Udalak onetsitakoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1506083