Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko martxoaren 31koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Asociación Navarra sin Fronteras enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Asociación Navarra sin Fronteras entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008542012006) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko azaroaren 17an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko azaroaren 5ean izenpetu eta 2015eko urtarrilaren 15ean eta 2015eko martxoaren 25ean zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2015eko martxoaren 31n.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
ASOCIACION NAVARRA SIN FRONTERAS ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ezaugarriak eta irizpideak.
Asociación Navarra Sin Fronteras irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da eta Nafarroako Foru Komunitatean egoera ahulean dauden pertsonak birgaitu eta gizarteratzea du xede.
Hona hemen elkarteko zerbitzuak behar bezala funtzionatzeko irizpideak:
–Egoera ahulean dauden pertsonei laguntzea da gure jardunaren xedea.
–Langile guztiek Elkartearen jarduna gidatzen duten ildo, balore eta printzipio nagusiak, Zentroaren proiektua, erabiltzaileen araudia eta ezarritako kalitate sistema ezagutu eta bere egin behar dituzte.
–Ezinbesteko baldintza da taldean lan egitea, irizpideak bateratuz eta zereginak koordinatuz, komunikazio arin eta errazaren bidez.
–Erabilitako programak eta materialak zentroarenak dira eta hitzartutako epeetan itzuliko dira. Hortik kanpo erabiltzeko, zentroko zuzendaritzaren baimena beharko da.
–Langileak arduratuko dira esku-hartzeak barnean hartzen dituen hezkuntza zeregin guztiez.
2. artikulua. Langile eremua.
Araudi hau Asociación Navarra Sin Fronteras enpresan honako zerbitzu hauetan aritzen diren langile finko edo aldi baterakoei aplikatuko zaie:
–Gizarte gatazken eraginpeko adingabeei arreta osoa emateko Zerbitzua.
–Gizarteratze Zerbitzua.
–Gizartean egokitu ezinik dauden helduei ingurune irekian lagun egiteko Zerbitzua.
–Gizarteratzeko lan Zerbitzua.
–Esku-hartzearen beste zerbitzu batzuk.
Langileen Estatutuan ezarritako kontratazio motetatik edozein erabiliko da. Ez zaie hura aplikatuko gizarte lanetan boluntario ari diren pertsonei eta Asociación Navarra Sin Fronteras elkartearekin zerbitzu-errentamenduko kontratuak dituzten enpresetako langileei. Prestakuntzarako praktiketan edo erlijio zerbitzuetan ari diren pertsonak ere haren aplikazio eremutik kanpo geldituko dira.
Halaber, eta lanean gainerako langileekin ari baldin badira ere, araudi honen aplikazio eremutik kanpo daude, espresuki, Asociación Navarra Sin Fronteras elkartearen arlo edo departamentuetako zuzendariak.
3. artikulua. Iraunaldia.
Araudi honek sinatzen den unetik 2017ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra. Dena dela, soldataren kontuek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra.
Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik ezean, lehengoaren arauek segituko dute indarrean
Langileen Estatutuko 85.3 d) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hilabeteko epea egonen da lan hitzarmena salatzeko.
II. TITULUA
Lanbide sailkapena
4. artikulua. Lanaren antolaketa.
Diziplina eta lanaren antolaketa enpresari dagozkio soilik, eta Langileen Estatutuan eta lan arloko gainerako xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.
5. artikulua. Langileen sailkapena.
Langileak, betetzen duten lanaren arabera, lanbide talde, kategoria edo maila hauetakoren batean sailkatuko dira:
–1. taldea. Teknikariak.
- 1.1. Psikologoa.
- 1.2. Gizarte langilea.
–2. taldea. Hezkuntzako langile teknikoak.
- 2.1. Hezitzailea.
- 2.2. Zaintzaile - Hezkuntza laguntzailea.
- 2.3. Monitorea.
–3. taldea. Administrazioko langileak.
- 3.1. Administrari-ofiziala.
- 3.2. Administrari laguntzailea.
–4. taldea. Produkzioko eta Zerbitzu Orokorretako langileak.
- 4.1. Etxeko arduraduna
- 4.2. Garbitzaileak eta sukaldeko langileak.
- 4.3. Segurtasun zaintzailea.
Artikulu honek biltzen dituen talde, kategoria eta mailak zerrenda hutsa dira eta ez dira lanpostu guztiak zertan beterik egon. Orobat, eginkizunen atxikimendu zehatza egin eta talde, kategoria eta maila berriak sartzen ahal dira.
6. artikulua. Kategorietako eginkizunen definizioa.
–1. taldea. Teknikariak.
- 1.1. Psikologoa.
- Behar den titulua izanik, eginkizun hauek betetzen ditu:
- Erabiltzaileari abegi egitea zentrora iristen denean.
- Hasierako diagnostikoa.
- Esku hartzeko plana egitea, norbanakoen eta taldearen beharrei erantzunez.
- Banakako eta taldeko terapia psikologikoa.
- Erabiltzailearen inguruan esku hartzen duten profesionalekin koordinatzea.
- Profesionalak prestatzea.
- Erabiltzailea zentrotik alde egiteko prestatzea.
- Enpresari aholku ematea erabiltzaileen gainean.
- Enpresako kalitate sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak betetzea.
- 1.2. Gizarte langilea.
- Behar den lanbide kualifikazioa edo titulua izanik, lan hauek egiten ditu:
- Erabiltzaileari abegi egitea zentrora iristen denean.
- Haren familia-historiaren diagnostikoa.
- Esku hartzeko plana egitea.
- Eskatzen zaizkion txostenak egitea.
- Buruz buruko elkarrizketak erabiltzaileekin eta haien senideekin.
- Erabiltzailearen inguruan esku hartzen duten profesionalekin koordinatzea.
- Aisia eta lan programak proposatzea.
- Plan ekonomiko pertsonala egitea.
- Kudeaketak egiten laguntzea.
- Zentrotik alde egiteko prestatzea.
- Enpresako kalitate sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak betetzea.
–2. taldea. Hezkuntzako langile teknikoak.
- 2.1. Hezitzailea
- Behar bezalako titulua edo baldintzak izanik, zentroan bizi edo kanpotik etortzen diren erabiltzaileen hezkuntza integralaz arduratzen da, haien beharrak asetzen ditu, prestakuntza edo lan jardueretan laguntzen du eta ordena zaintzen du, eta eginkizun hauek betetzen ditu:
- Banakako proiektuak biltzen dituen jarduerak planifikatu, programatu eta ebaluatzea, talde teknikoarekin koordinaturik.
- Eguna egituratzea.
- Eguneroko bizitza antolatzea: tokien zainketa, bakarkako eta taldeko jarduerak, aisia, familiarekiko harremanak.
- Zentroko proiektua eta erabiltzaileen araudia betetzea.
- Portaera arazoak eta ikasketen ingurukoak konpontzea.
- Indartze programak egitea.
- Erabiltzaileak programetan parte hartzera bultzatu eta motibatzea.
- Prestakuntza eta lan programak prestatu eta gauzatzea.
- Prestakuntzan, lanean eta aisialdian erabiltzen diren materialak inbentariatu eta zaintzeko ardura du.
- Mezu hezitzaile koherentea ematea.
- Gainerako profesionalekin koordinatzea.
- Talde teknikoak ezartzen dituen ildoei jarraitzea.
- Erabiltzaileei lagun egitea, behar den guztietan.
- Egoiliarrak Foru Komunitateko edo kanpoko tokietara eramatea.
- Eraikinen egoera ona zaintzea.
- Instalazioetako ordena zaintzea.
- Enpresako kalitate sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak betetzea.
- 2.2. Zaintzaile - Hezitzaile laguntzaile.
- Erabiltzaileei laguntza eta arreta emateko askotariko eginkizunak betetzen dituen langilea da. Egoitzako arduradunak edo hezitzaileak ezarritako hezkuntza-ildoei jarraitzen die; harekin lankidetzan eta hark gainbegiraturik dihardu hezkuntza lanetan, ordena zaintzen, zentroko proiektua eta erabiltzaileen araudia betetzen eta gainerako eginkizunetan: erabiltzaileei laguntzea kanpora joaten direnean, enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion besteak edo hezitzaileak eta goragokoek ezartzen dizkiotenak betetzea.
- 2.3. Monitorea.
- Behar den titulua izanik, langile honek aisialdiko jarduerak garatzen ditu. Gainera, enpresako kalitate sisteman ezarritako eginkizun eta ardurak eta bere karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion besteak betetzen ditu.
–3. taldea. Administrazioko langileak.
- 3.1. Administrari-ofiziala.
- Behar den prestakuntza izanik, beste batzuek gainbegiraturik baina ekimen zabalaz baliatuz, zentroko langile eta baliabide materialen tramitazio administratiboa antolatu eta burutzen du, zentroan berean eta hortik kanpo. Harrera kudeatu, kobrantza eta ordainketak eraman, posta lanak egin, kontabilitateko oharrak, likidazioak, txostenak eta estatistikak egin eta kalitate sisteman ezarritako beste eginkizun eta erantzukizun batzuk eta bere karguagatik bere erantzukizunagatik dagozkionak egiten ditu.
- 3.2. Administrari laguntzailea.
- Beste batzuek gainbegiraturik, ekimen eta erantzukizun mugatuez baliatuz, zentroko langile eta baliabide materialen tramitazio administratiboa burutzen du, zentroan berean eta hortik kanpo. Harrera kudeatu, kobrantza eta ordainketak eraman, posta lanak egin, kontabilitateko oharrak, likidazioak, txostenak eta estatistikak egin eta kalitate sisteman ezarritako beste eginkizun eta erantzukizun batzuk eta bere karguagatik bere erantzukizunagatik dagozkionak egiten ditu.
–4. taldea. Produkzioko eta Zerbitzu Orokorretako langileak.
- 4.1. Etxeko arduraduna.
- Egoitzetan erabiltzaileen elikadura, higienea, garbitasuna eta arropak antolatu, kontrolatu eta burutzeko ardura du, erabiltzaileen adinerako eta osasun egoerarako menu egokiak prestatzen ditu, janari eskabideak proposatu eta egiten ditu, sukaldeko materiala eta arropak berritzeko erosketak proposatu, inbentarioa zaindu, eta kalitate sisteman ezarritako beste eginkizun eta erantzukizun batzuk eta bere karguagatik bere erantzukizunagatik dagozkionak egiten ditu.
- 4.2. Garbitzaileak eta sukaldeko langileak.
- Garbitzailearen eginkizuna da zentroa garbitzea, zuzendaritzak izendatutako pertsonak gainbegiraturik eta kontrolaturik.
- Halaber arropak josi, garbitu eta lisatu egiten ditu eta sukaldeko eta jantokiko lanak egiten ditu. Gainera, enpresako kalitate sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak beteko ditu.
- 4.3. Segurtasun zaintzailea.
- Ezarritako segurtasun arauak betetzen eta betearazten ditu, langile eta erabiltzaileen osotasun pertsonala mantentzeko, eta instalazioak zaintzen ditu.
Kategoria guztietarako xedapena.
Artikulu honetan lanbide kategoria bakoitzarentzat adierazi diren eginkizun eta lanak adibide moduan jarri dira. Hortaz, langile guztiak gainean dituzten agintariek agintzen dizkieten bestelako lan eta eginkizunak egitera behartuta daude, hemen adierazi ez badira ere, betiere beren eskumen eta kategoriaren barrenekoak baldin badira.
Prestasun librea: hezitzaile eta hezitzaile laguntzailearen kategoriarako prestasun libreak lokalizatuta eta prest egotearen betebeharra dakar. Hasieran ez dute lantokian agertu beharko, baina bai hala eskatzen zaienean: 60 minutu baino lehen 08:00etatik 22:00ak arte, eta 90 minutu baino lehen lanaldiaren gainontzekoan.
Dena den, prestasun aldian lanera deitua izanez gero, benetan egindako lan denboraren truke beste hainbeste atseden denbora emanen zaio langileari. Denbora hori enpresarekin adostuko da, betiere zerbitzuaren beharrak kontuan izanik.
7. artikulua. Kategoria funtzionalak.
Lan funtzionalak dira langile batek denbora mugatuan egiten dituenak, zuzendaritzak berariaz izendatuta. Ezarritako eginkizunak amaituta, ez da inolako eskubiderik finkatuko eta langileak bere kontratuari eta lanbide kategoriari dagozkien lanak egiten segituko du.
Proiektuen koordinatzailea. Zuzendariak izendatzen duen pertsona, entitatearentzako proiektu berriak prestatzeaz eta horiek betetzen diren gainbegiratzeaz arduratzeko, esleitu edo abian jartzen badira.
Arlo psikologikoko koordinatzailea. Zuzendariak izendatzen duen pertsona, entitateko esku-hartzeari buruzko programa guztietan parte hartzen duten pertsona guztientzat arlo psikologikoa gainbegiratzen duena eta arlo horren arduraduna dena.
Gizarte arloko koordinatzailea. Zuzendariak izendatzen duen pertsona, entitateko esku-hartzeari buruzko programa guztietan parte hartzen duten pertsona guztientzat gizarte eta familia arloa gainbegiratzen duena eta arlo horren arduraduna dena.
Prestakuntza arloko koordinatzailea. Zuzendariak izendatzen duen pertsona, entitateko esku-hartzeari buruzko programa guztietan parte hartzen duten pertsona guztientzat prestakuntza arloa gainbegiratzen duena eta arlo horren arduraduna dena. Horretaz gain, entitateko barneko eta kanpoko prestakuntza antolatu eta egiteaz arduratzen da.
Egoitzako edo zerbitzuko koordinatzailea. Zuzendariak 8 erabiltzaile baino gehiagoko zerbitzu baten buru izendatzen duen pertsona.
Etxebizitzako koordinatzailea. Zuzendariak 8 erabiltzaile arteko etxebizitzako modulu baten buru izendatzen due pertsona.
Prebentzio arloko laguntzailea. Zuzendariak izendatzen du, prebentzio arloa koordinatzeko jarduerak egin ditzan, kanpoko prebentzio zerbitzu batekin azpikontratatzen baita.
8. artikulua. Lanpostuen mugigarritasuna.
Goragoko kategoriako lanak. Zentroaren beharrak direla-eta langile batek bere kontratua baino goragoko lanbide kategorian aritu beharra duenean. Kategoria horretako ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen du egoera horretan dagoen bitartean.
Beheragoko kategoriaren lanak. Enpresaren beharrak direla-eta langile batek beheragoko kategoriako lanak egiten dituenean. Behar-beharrezkoa den denboran baino ez ditu halako lanak eginen, eta bere kategoria, ordainsariak eta gainerako eskubideak mantenduko zaizkio.
9. artikulua. Lanbide sustapena.
Enpresan hutsik dauden lanpostuak, hark erabakirik, bete edo amortizatzen ahalko dira, hala baderitzo, lanaren, garapen teknologikoaren eta hala eskatzen duten bestelako inguruabarren arabera.
Hiru modu izanen dira lanpostu hutsak betetzeko: enpresak egindako izendapen librea, merezimendu bidezko barne igoera eta kontratazio berriak.
Teknikari tituludunen administrazioko langileen lanpostuak eta, eskuarki, agintaritza edo konfiantza eta erantzukizun berezia behar duten lanpostuak, enpresaren egituraren edozein mailatan, izendapen libreen edo kontratazio berrien bidez beteko dira.
Barne igoera. Lanpostu berriren bat sortu edo langileren batek bere lanpostua hutsik uzten duenean, hartarako gaitasuna duten plantillako langileei eskainiko zaie, baldin eta lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen dituen langilerik badago. Enpresak lanposturako egokiena iruditzen zaion langilea izendatuko du hautagaien artetik. Enpresaren iritziz plantillako inork ez badu gaitasunik bete behar den lanpostuan aritzeko, kontratazio berri baten bidez beteko da.
III. TITULUA
Lanean hastea eta lana uztea
10. artikulua. Kontratuak.
Langilearen eta enpresaren arteko kontratazio librearen bidez sartuko dira langileak, legez ezarritako kontratu moten arabera.
Obra edo zerbitzu jakin baten kontratua: Kontratu modalitate horretan betetzen ahalko dira Nafarroako Gobernuak edo beste entitate publiko batzuek diruz lagundutako eta itundutako programak aurrera eramateko behar diren lanak.
11. artikulua. Probaldia.
Langile sartu berriek probaldia eginen dute, 6 hilabetekoa teknikari eta taldeburuek eta 3 hilabetekoa gainerako kategorietako langileek.
Probaldian bi aldeetako edozeinek bertan behera uzten ahal du lan harremana, kalte-ordainerako eskubiderik gabe eta aurrez jakinarazi beharrik izan gabe.
Probaldian langileari lanerako ezintasun iragankorra suertatzen bazaio ere, aldi hori ez da etenen.
12. artikulua. Lan kontratuaren amaiera.
Lan-kontratua amaituko da Langileen Estatutuaren 49. artikuluan ezarritako edozein arrazoirengatik.
Nafarroako Gobernuko departamentuek itundu edo diruz lagundutako programei lotuta egiten diren kontratu guztiak programa horien iraupenaren mende egonen dira beti.
Lanpostua utzi nahi duen langileak gutxienez ere hilabete lehenago jakinarazi behar du, teknikaria bada, edo hamabost egun lehenago, gainerako kategorietan.
Aurreabisu horren epea ez betetzeak azken likidazioan eta kitapenean kenketa bat ekarriko du, eta haren balioa aurreabisua egin behar zuenetik egin duenera bitarteko egunei dagokien lansaria adinakoa izanen da.
13. artikulua. Aurre-erretiroak eta erretiroak
Enpresak, unean uneko lege indardunei jarraikiz, erretiroa aldez aurretik hartzeko aukera emanen die egoera horretan dauden langileei.
IV. TITULUA
Lan osasuna
14. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.
Une bakoitzean indarra duen legeriak agintzen duenari jarraituko zaio eta, bereziki, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legeak eta hura garatzen duten arauek ezarritakoari.
Urtero, lehen hiruhilekoan, Osasun eta Segurtasun Batzordean txostena eginen da enpresak aurreko urtean egindako lanari buruz.
15. artikulua. Laneko arropa.
Zerbitzu Orokorretako langileei beren eginkizunetarako arropa eta oinetako egokiak emanen zaizkie urtean behin eta bidezko arrazoi justifikatuengatik behar dituzten guztietan.
V. TITULUA
Lanaldia, oporrak, lizentziak eta eszedentziak
16. artikulua. Lanaldia.
Benetako 1.695 orduko lanaldia ezarri da urteko, langile guztientzat.
17. artikulua. Lan egutegia.
Urtero, lehen hiruhilekoan, zentroaren beharren arabera, eta langileen ordezkariei entzun ondoren, enpresak lan egutegia prestatuko du. Bertan jasoko dira enpresaren zentro eta zerbitzu guztietako lan egunak.
18. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek urtean 30 egun naturaleko opor ordainduetarako eskubidea izanen dute. Urteko opor horiek, urte naturalean hartu beharko direnak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu, salbu eta lan harremana hautsiz gero edo eszedentzia hartuz gero.
Urte naturalean kontratatutako langileek lan egiten duten denborari proportzioan dagozkion opor egunak izanen dituzte.
Oporrak, horiek hartzean langileak kobratzen duen benetako soldataren arabera pagatuko dira.
Oporretako txanden egunak urtero finkatuko dira, lehen hiruhilekoan, betiere oporrak hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez. Horrela bermatuko da plantillako behar adina langile egonen direla une oro erabiltzaileei arreta emateko. Hori dela eta, gutxienez 15 opor egun hartu beharko dira jarraian.
Enpresak, langilearekin batera, oporraldiak aldatzen ahalko dizkie haien eginkizunetan ordezten ez diren langileei.
Behartutako lekualdatzeengatik edo zerbitzuaren beharrengatik, ez zaizkio langileari oporraldiak aldatuko ezarrita den egutegian.
19. artikulua. Aldi baterako ezintasuna oporretan.
Aldi baterako ezintasuneko prozesu baten ondorioz, langile batek oporrik hartu ezin baditu, haietarako eskubidea izanen du medikuaren senda agiria hartu eta lanera itzultzen denean. Ukitutakoak eta enpresak adostuta finkatuko da noiz hartu opor horiek.
Enpresaren opor-egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor-egunak ABE edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.
20. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordutzat joko dira ezarritako urteko lanalditik gora egiten direnak. Bi aldeak prest agertu dira aparteko orduak murrizteko. Ezinbesteko kasuetan bakarrik eginen dira, zentroaren ezaugarrien arabera, deuseztatu ezin diren programak zerbitzurik gabe gera ez daitezen.
Aparteko orduak egin behar direnean, atseden denboraz edo diruz konpentsatuko dira, langileak aukeratzen duenaren arabera. Lanegunetan egindako aparteko ordu bakoitzeko ordu bateko atsedena hartu edo lanordu bat kobratuko da; eta jaiegunetan egindako aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdiko atsedena hartu edo lanordu bat eta erdi kobratuko da.
21. artikulua. Ordaindutako baimenak.
Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:
a) Ezkontzagatik: 15 egun natural.
b) Seme-alaben jaiotza: 4 egun natural (bi haurra jaiotzen denean eta beste bi langileak nahi duenean, jaiotza ondoko hamabost egunen barnean).
c) Ondokoen heriotza, eritasun larria, ospitaleratzea edo prozesu larri baten ondoriozko ebakuntza:
–Ezkontidea eta seme-alabak: 4 egun natural.
–Gurasoak: 2 egun natural.
–Anai-arrebak, aiton-amonak eta bilobak: 2 egun natural.
–Koinatu-koinatak (koinatu-koinaten senar-emazteak edo anai-arreben koinatu-koinatak izan ezik), aitaginarreba-amaginarreba eta suhi-errainak: egun natural bat.
c.bis) Ezkontidearen edo seme-alaben ospitaleratzea edo ebakuntza, larria ez den prozesu baten ondorioz: egun natural bat.
d) Ohiko bizilekuz aldatzeko (ezkontzaren ondoriozkoarekin bat ez badator): egun bat.
e) Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.
f) Beharrezkoa den denbora, langilea Gizarte Segurantzako familia-medikuaren zein espezialisten kontsultara joateko, edo birgaikuntza tratamendu mediko-funtzionalak egiteko, kontsulta horietara lan orduetatik kanpo joaterik ez bada.
Langileak enpresan egiten duen lanarekin zuzeneko zerikusia duten orientazio, prestakuntza eta berregokitze ekintzetan parte hartzeko, lan orduetatik kanpo joaterik ez bada. Halako absentziak sei hilabetean hamar izan daitezke gehienez ere.
g) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.
h) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz HZMak edota Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo onartuetan, izena eman duten langileek, azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joan ahal izateko behar-beharrezkoa den denbora.
i) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz.
j) Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Eskubide hori amak nahiz aitak baliatzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.
c) eta c) bis ataletako kasuetan baimenak hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira. Halaber, espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitaleratzealdia baino luzeagoa izan.
Ospitaleraturik daudenean, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera. Langileak ezein kasutan ezin izanen ditu hartu, gozamen geroratuaren sistema berri honen bidez, gertaera eragilearen ondotik egokitu izanen litzaizkiokeenak baino lanegun gehiago.
c) eta c) bis ataletako kasuetan arrazoi horiek direla-eta langileak Foru Komunitatetik kanpora joan behar badu, lizentzia hori egun natural bat luzatuko da alboko probintzien kasuan, eta 2 egun natural gainerakoetan.
a) eta e) bitarteko epigrafeetako lizentziak, biak barne, egun naturaletan kontatuko dira eta, c) epigrafeko ospitalizazioetarako egindako oharraren kasuan salbu, gertaera eragilea sortu den unetik beretik hartuko dira.
Ezkontidea aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duen udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.
22. artikulua. Eszedentziak.
Zentroan gutxienez lau urteko antzinatasuna duten langileei urtebeteko borondatezko eszedentzia hartzeko aukera eman eta lanpostua gorde behar zaie.
Zuzendaritzak ez du eszedentzia onartu beharrik izanen, baldin eta hura eskatzen den momentuan eszedentzian dauden enpresako langileak ehuneko 5 baino gehiago badira.
Eszedentzia hasi baino hilabete lehenago eskatu behar da beranduenik, eta lanera itzultzeko eskaera ere eszedentzia amaitu baino hilabete lehenago egin behar da.
Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.
23. artikulua. Prestakuntza.
Enpresako langile guztiek prestakuntzarako eskubidea dute. Enpresak agindutako prestakuntza bada, hark ordainduko ditu gastuak, eta prestakuntzan ematen den denbora lan denboratzat hartuko da ondorio guztietarako.
Langileek mantenuko eta ostatuko gastuaren %100 jasoko dute, langileriaren arduradunak baimendu eta hura frogatu ondoren, gastu hori lanaren edo prestakuntzaren beharrek eraginda eginez gero.
VI. TITULUA
Baldintza ekonomikoak
24. artikulua. Soldataren egitura eta ordainsariak emendatzea.
1. Soldaten egitura hauxe da: oinarrizko soldata, aparteko eskersariak, eta 7. artikuluan aipatutako aldi baterako eginkizunengatik jasotzen den lanpostuko osagarria.
2. Oinarrizko soldata. Denbora-unitateko ordainsari finkoa da. Hitzarmen honen eranskin bakarrean oinarrizko soldataren zenbatekoa ezarri da 2014rako. Benetan egindako lanaldia nahiz ezarritako atsedenaldiak ordainduko dira.
3. Aparteko eskersariak. Enpresako langile guztientzat aparteko bi eskersari ezarri dira, udakoa eta Eguberrietakoa. Bakoitza hileko oinarrizko soldata adinakoa izanen da.
Aparteko eskersari horiek ekainaren 30ean eta abenduaren 22an ordainduko dira, ordainketaren egunean indarra duten zenbatekoen arabera, egindako lan denboraren proportzioan.
Eskersari horien sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da bi kasuetan, eta haiek ordaindu, kontatu eta likidazio, hasiera edo bukaeretarako hainbanatzeko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era hartuko da udako eskersariaren kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitarte Eguberrietako eskersariaren kasuan.
4. Lanpostuko osagarria. Eranskineko tauletan eginkizunen araberako kategorietarako ezarritakoa da, eta agindutako eginkizuna betetzen den bitartean jasoko da.
5. Langileen Estatutuaren 26.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hitzarmen honetan ezarrita dauden ordainsari guztiak gordinak dira.
Eranskineko soldata tauletan ageri diren zenbateko guztiak lanaldi osoei dagozkie.
25. artikulua. Bidaia gastuak eta kilometro-ordaina.
Langile guztiek, lanbide kategoria edozein dutela ere, dagozkien eginkizunen barreneko kudeaketaren bat zentrotik kanpora egin behar dutenean, enpresaren ibilgailua erabiliko dute lehentasunez, edo, halakorik ezean, beren ibilgailua.
Era berean, erabiltzaileei zuzeneko laguntza ematen dieten langileek, dagozkien eginkizunen barrenean, egoiliarrak norabait eraman behar badituzte, joan-etorri horiek gidari edo laguntzaile gisa eginen dituzte, beti entitatearen ibilgailua erabiliz, edo, halakorik ezean, beren ibilgailua, behar-beharrezkoa denean.
Zentroko langileek beren lanaren ondorioz joan-etorriak egin behar dituztenean, bidaia gastuak (langileak etxetik lantokira eta alderantziz egiten dituen bidaiak izan ezik), ostatu eta otordu gastuak enpresak ordainduko ditu osorik, langileak egiaztagiriak aurkeztu eta gero.
Enpresaren beharrak direla-eta langileak bere ibilgailua erabiltzen badu arestian aipatutako joan-etorrietan, kilometro bakoitzeko 0,25 euroko kalte-ordaina jasoko du.
6. Soldata igoerak.
Eranskinean ezarritako ordainsarien urteroko igoerak, etorkizunean, enpresaren zerbitzua jasotzen duten Nafarroako Gobernuko departamentuen aurrekontu-aplikazioen gehikuntzen mende egonen dira.
Erreferentzia gisa, urtez urte kontuan hartuko da Nafarroako kontsumorako prezioen indizearen bilakaera.
VII. TITULUA
Hobekuntza sozialak
26. artikulua. Aldi baterako ezintasuneko ordainsaria.
Enpresak langilearen ordainsariak osatuko ditu soldata errealaren %100 berdindu arte, betiere medikuaren baja-agiriak eta ezintasunaren berrespen agiriak aurkezten badira.
27. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Enpresak erantzukizun zibileko poliza itunduko du bere langileentzat, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.
28. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.
Enpresak istripu poliza itunduko du, istripuz langilea hil edo ezintasun iraunkor oso edo erabatekoa suertatuz gero 42.075 euroko estaldura ekonomikoa eskainiko duena.
29. artikulua. Mantenua.
Enpresarekin ados jarrita jantokiko zerbitzua erabiltzen duten langileek zerbitzu horretarako ezartzen den prezioa ordaindu beharko dute.
30. artikulua. Norberaren aferak.
Langile bakoitzak egun bat hartu ahal izanen du bere aferetarako, baina ez dute batek baino gehiagok aldi berean hartuko. Enpresari aurreabisua emanen diote ahalik lasterren, gutxienez ere bi lanegun lehenago.
Norberaren aferetarako eguna ezin da eskatu 6 hilabete baino gutxiagoko antzinatasuna baldin badu enpresan.
VIII. TITULUA
Diziplina araubidea: Hutsegiteak eta zehapenak
Zentroko zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, lanean hutsegiteak egiteagatik, titulu honetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.
31. artikulua. Hutsegiteak.
Hiru hutsegite mota ezarri dira langile guztientzat: hutsegite arinak, hutsegite larriak, hutsegite oso larriak.
A) Hutsegite arinak:
1. Lankideenganako errespetu edo begiramendu falta.
2. Puntualitate falta, arrazoirik eman gabe, enpresak ezarritako ordutegiaren arabera, hiru aldiz hilabete batean gehienez. Langilea lanaldia hasi eta ordu bat pasatu baino lehen berandu ailegatzea hartuko da puntualtasun hutsegitetzat.
3. Eguneko lanaldia garaia baino lehen bukatutzat ematea bidezko arrazoirik gabe, hogeita hamar egunean behin.
4. Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere.
5. Sakelako telefonoa lanean erabiltzea kontu pertsonaletarako.
6. Lanpostuan erretzea.
7. Garbiketa edo higiene pertsonalik eza, baita lanposturako egokiak ez diren jantziak erabiltzea ere.
8. Zabarkeria arina erakundearen esku utzitako erabiltzaileak zaintzean.
9. Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.
B) Hutsegite larriak:
1. Hilabete berean lanera hiru aldiz baino gehiagotan berandu joatea, bidezko arrazoirik gabe.
2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez joatea, hogeita hamar eguneko epean hiru aldiz baino gutxiagotan.
3. Eguneko lanaldia garaia baino lehen bukatutzat ematea bidezko arrazoirik gabe, hogeita hamar egunean bi aldiz.
4. Zabarkeriaz jokatzea zentroko funtzionamendu arauei edo norberaren eginkizunei dagokienez.
5. Lantokian lankideekin eztabaidan aritzea jendaurrean, erabiltzaileen aurrean beren hezitzailearen irudia gutxiesteko moduan.
6. Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean.
7. Hutsegite arin bera errepikatzea hirurogei egunean.
8. Lanaldiaren barrenean lokartzea.
9. Zabarkeria larria erakundearen esku utzitako erabiltzaileak zaintzean.
C) Hutsegite oso larriak:
1. Hilabetean hamar aldiz baino gehiagotan edo hiru hilean hogei aldiz baino gehiagotan berandu iristea bidezko arrazoirik izan gabe.
2. Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, hirutan edo gehiagotan lanera ez joatea.
3. Gaixotasun edo istripu itxurak egitea.
4. Lana bertan behera uztea.
5. Errespetu falta larriak eta tratu txarrak, hitzezko zein egitezko, enpresako edozein kideri edo programen erabiltzaileei.
6. Diziplinarik eza, desobedientzia edo zabarkeria larria zentroko funtzionamendu arauei edo norberaren eginkizunei dagokienez.
7. Iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua agindu zaizkion eginkizunetan.
8. Enpresaren edo lankideen ondasunak lapurtu edo ebastea.
9. Sei hilabetean hutsegite larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota ezberdinetakoak izan, baldin eta haien ondorioz zehapena egon bada.
10. Zabarkeria oso larria erakundearen esku utzitako adingabeak zaintzean.
11. Langileen Estatutuaren 54.2 artikuluaren arabera langilea kaleratzeko bidezko arrazoia den beste edozein jokabide.
32. artikulua. Zehapenak.
Hutsegiteen kalifikazioaren arabera enpresak ezartzen ahal dituen zehapenak hauek dira:
A) Hutsegite arinengatik:
–Hitzezko kargu-hartzea edo kargu-hartze idatzia.
–Kargu-hartze idatzia.
–Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
B) Hutsegite larriengatik:
–Hiru egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
C) Hutsegite oso larriengatik:
–Hogeita bat egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
–Kaleratzea.
33. artikulua. Zehatzeko prozedura.
Zehapen ororen berri, ahozko ohartarazpena salbu, idatziz emanen zaio langileari. Jakinarazpen horretan zehatz-mehatz esanen zaio zein eta noiz egin zuen hutsegitea, nolako kalifikazioa duen hutsegiteak eta zer zigor jartzen zaion.
Halaber, enpresak hutsegite larri edo oso larriengatik jartzen diren zehapen guztien berri emanen die enpresako delegatuei.
34. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
35. artikulua. Batzorde paritarioa eratzea hitzarmen honen interpretazio, bitartekotza, arbitraje eta segimendurako.
Batzordea eratu da, lau kidez osatua; horietatik, bi enpresa-zuzendaritzak izendatuko ditu eta beste biak langileen ordezkariak izanen dira, ahal dela, hitzarmen hau onartu aurreko negoziazioan parte hartu dutenen artean.
Batzordeak, besteak beste, ondotik heldu diren eginkizunak izanen ditu:
Hitzarmena interpretatzea. Haren aplikazioari jarraipena egitea. Hitzarmenaren aplikazioa eta interpretazioa direla-eta sortzen diren gatazkez arduratzea eta gatazkok ebaztea. Hitzarmenaren aplikazioa eta interpretazioa direla-eta sortzen diren gatazketan bitartekari aritzea. Hitzarmena ez aplikatzearen baldintzen gaineko txostenak prestatzea. Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritakoan esku-hartzea.
Batzordeak jardun eta ebazteko epea 7 egun baliodunekoa izanen da, edozein alderdik deialdia egiten duenetik aurrera. Deialdian zehaztu beharko da irekitako prozeduraren arrazoia. Behin eskaera jasota, 5 egun balioduneko epean bildu beharko da eta kontsultaren gaineko iritzia 3 eguneko epean eman beharko du.
Batzorde paritarioan desadostasuna dagoenean, alderdietako edozeinek eskatzen ahalko du Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiak esku-hartzea.
ERANSKIN BAKARRA
(2014. urteko soldaten taula)
KATEGORIA | HILABETEA | URTEA | |
ETXEKO ARDURADUNA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.066,96 | 14.937,44 |
HEZITZAILE LAGUNTZAILEA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.223,68 | 17.131,52 |
HEZITZAILE LAGUNTZAILEA PRAKTIK. 1.a | OINARRIZKO SOLDATA | 978,94 | 13.705,16 |
HEZITZAILE LAGUNTZAILEA PRAKTIK. 2.a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.101,31 | 15.418,34 |
SUKALDARIA (A) | OINARRIZKO SOLDATA | 1.066,96 | 14.937,44 |
ZAINDARIA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.124,64 | 15.744,96 |
GARBITZAILEA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.003,43 | 14.048,02 |
MANTENTZE-LANETAKO LANGILEAK | OINARRIZKO SOLDATA | 1.124,64 | 15.744,96 |
ADMINISTRARI-OFIZIALA. | OINARRIZKO SOLDATA | 1.468,45 | 20.558,30 |
ADMIN. LAGUNTZ. | OINARRIZKO SOLDATA | 1.223,68 | 17.131,52 |
GIZARTE LANGILEA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.631,60 | 22.842,40 |
GIZARTE LANGILEA PRAKTIK. 1.a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.305,27 | 18.273,78 |
GIZARTE LANGILEA PRAKTIK. 2.a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.468,45 | 20.558,30 |
ZAINTZAILEA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.223,68 | 17.131,52 |
HEZITZAILEA (A) | OINARRIZKO SOLDATA | 1.427,61 | 19.986,54 |
HEZITZAILEA (A) PRAKT. 1.a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.142,09 | 15.989,26 |
HEZITZAILEA (A) PRAKT. 2.a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.284,85 | 17.987,90 |
MONITOREA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.191,50 | 16.681,00 |
PSIKOLOGOA (A) | OINARRIZKO SOLDATA | 1.651,22 | 23.117,08 |
PSIKOL. (A) PRAKT. 1. a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.320,98 | 18.493,72 |
PSIKOL. (A) PRAKT. 2.a | OINARRIZKO SOLDATA | 1.486,10 | 20.805,40 |
GOI MAILAKO TEKNIKARIA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.427,61 | 19.986,54 |
ZAINTZAILEA | OINARRIZKO SOLDATA | 1.124,64 | 15.744,96 |
Eginkizunen araberako kategoriak
EGINKIZUNEN ARABERAKO KATEGORIAK | HILABETEA | URTEA |
Arlo psikologikoko koordinatzailea | 200,00 | 2.400,00 |
Gizarte arloko koordinatzailea | 200,00 | 2.400,00 |
Prestakuntza arloko koordinatzailea | 200,00 | 2.400,00 |
Egoitzako edo zerbitzuko koordinatzailea (+8 ading.) | 150,25 | 1.803,00 |
Egoitzako edo zerbitzuko koordinatzailea (-8 ading.) | 90,15 | 1.081,80 |
Prebentzio arloko laguntzailea | 50,00 | 600,00 |
Arloko koordinatzailea | 200,00 | 2.400,00 |
Iragarkiaren kodea: F1505834:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
