96. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149E/2015 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez erabakitzen da Artaxoako 12. poligonoko 556. lurzatiko konpostaje plantaren proiektua ez jartzea Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozeduraren menpe. Proiektua Ecofert Sansoain SLk sustatu du.

Aipatutako espedientea Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozeduraren menpe jartzeari buruzko laburpen memoria 2015eko martxoaren 25ean sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Aurkeztutako agiriak berrikusirik, ondorioztatzen da konpostaje planta proiektatu dela ahalmena izan dezan, gutxienez, urtean 69.300 tona hondakin organiko ez arriskutsu balorizatzeko, tratamendu biologikoaren bidez. Horregatik, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako Erregelamenduaren 1. eranskinean sarturik dago, 5.4 kategorian (Hondakinen kudeaketa: hondakin ez arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, tratamendu biologikoaren bidezkoak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak).

Bestalde, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. Taldean sartuko litzateke, eta, horregatik, ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren menpe egonen litzateke.

Horrenbestez, aurkeztutako agiriak azterturik, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan esandakoarekin bat (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua), kontuan harturik haren neurriak eta ezaugarriak, baita inguruneko balio ekologikoak eta izan dezakeen eragina ere, aipatutako foru dekretuaren 3C eranskinean ezarri denaren arabera, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak erabaki du ez duela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren beharrik, ez baitago zuzenketa neurri handiak behar dituen ingurumen inpaktu nabarmenik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1.–Artaxoako 12. poligonoko 556. lurzatiko konpostaje plantaren proiektuak, Ecofert Sansoain SLk sustatuak, ez du behar Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozeduraren menpe egotea, kontuan harturik abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua; haren bidez Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen.

2.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen hau igortzea Artaxoako Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 21ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1506428