Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ADIOS
Ordenantza, Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena
Adiosko Udalak, 2015eko otsailaren 18ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bikote egonkorren udal erregistroa arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2015eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Adiosen, 2015eko apirilaren 21ean.–Alkatea, Andrés Pérez Goñi.
EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Izatezko bikoteak edo ezkondu gabeko bikoteak, ezkontzaz kanpo beste errealitate bat osatuz sortu dira gizartean, eta agintariek horiek arautzeari ekin diote Konstituzioaren 9.2 artikuluaren babesean, gizabanakoaren eta hark osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna egiazkoak izan daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateak, errealitate hau aintzat hartuta, bikote egonkorrak arautu zituen Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen bidez, familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa bermatzearren, Espainiako Konstituzioaren 39.1 artikuluak xedatzen duen bezala, zioen azalpenean berariaz adierazita ezen, arau horrek familia eredu zehatz edo nagusi bat aipatzen ez duenez gero, beharrezkoa dela termino horri adiera zabala ematea, gizarteko errealitatearekin eta Konstituzioaren gainerako artikuluekin –bereziki 9.2 eta 14. artikuluekin– bat.
Ildo horrekin bat, Adiosko Udalak, Konstituzioak eta uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezarritako xedapenen babesean, Izatezko bikoteen udal erregistroa sortzen du, eta haren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua onesten; erregistroan inskripzioak egiteko prozedura ere onesten du.
I. TITULUA
Erregistroaren xedea eta izaera
1. artikulua.
Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren udal erregistroa sortzen da (hemendik aurrera, “erregistroa”), non inskribatzen ahalko baitira ezkondu gabeko bikoteak, ezkonduen gisako maitasun harreman batean bizi badira, libreki, bi kideek jarduteko gaitasun osoa badute eta gutxienez ere haietako bat Adios Udalean badago erroldatuta.
Erregelamendu honek eta hau garatzeko ematen diren xedapenek arautuko dute erregistroa.
2. artikulua.
Erregistroak administrazio izaera du eta Udalaren Alkatetzari dago atxikita. Alkatetzaren titularrak, udal idazkariaren laguntzarekin, zainketa lana eginen du, erregistroaren funtzionamendua eta kudeaketa egokiak izan daitezen.
3. artikulua.
Borondatezkoa da izatezko bikote bat erregistroan inskribatzea. Inskripzio guztiak eta erregistroko gainerako egintza guztiak doakoak izanen dira.
4. artikulua.
Pertsonen pribatutasuna babestearren, erregistroak eginen duen publizitate bakarra izanen da erregelamendu honen 14. artikuluan aipatzen diren bezalako ziurtagiriak ematea.
5. artikulua.
Erregelamendu honek arautzen duen erregistroko informazioak datu pertsonalen izaera du eta, hortaz, datu horiek jaso, tratatu eta zainduko dira datuen babesari buruz unean-unean indarra duen araudiarekin bat. Informatikako euskarriak erabiltzen badira, erabat beteko dira datu pertsonalen tratamendu informatikoari buruzko arauak.
6. artikulua.
Udalaren beste erregistro batean inskribatuta dauden bikote egonkorrak bikote egonkorren Adiosko erregistroan inskribatu ahal izateko, lehen erregistroko inskripzioa deuseztatu beharko da aldez aurretik.
II. TITULUA
Inskriba daitezkeen egintzak eta haien ondorioak
7. artikulua.
1.–Honako hauek inskribatzen ahalko dira:
a) Izatezko bikoteak eratzea eta desegitea.
b) Izatezko bikoteko kideen arteko giza nahiz ondare harremanak arautzen dituzten itunak, hitzarmenak edo kontratuak, eta horien aldaketak, baldin eta itun horiek ez badira legeen aurkakoak, kide bakoitzari dagokion eskubide berdintasuna mugatzen ez badute edo haietako batentzat oso kaltegarriak ez badira, deusetan ukatu gabe, ondorio juridiko osoa sortzeko, beharrezkoa izatea beste erregistro publiko batean inskribatzea edo agiri pribatu bat publiko bihurtzea.
8. artikulua.
1.–Erregistroan inskribatzeak deklarazio ondorioak izanen ditu izatezko bikotearen eraketaren eta desegitearen gainean; gauza bera gertatzen da giza eta ondare harremanak arautzen dituzten kontratuekin eta haien aldaketekin. Eta inskripzio horrek ez dakar inola ere egintzen edo agirien kalifikazio juridikorik.
2.–Aipatutako kontratuen balio juridikoa eta ondorioak bestela sortuko dira, erregistroan inskribatzetik kanpo.
3.–Adiosko Udalaren kudeaketari dagokionez, erregistro honetan inskribatutako bikote guztiek ezkondutako bikoteen kontsiderazio juridikoa izanen dute.
III. TITULUA
Inskripzioak
I. KAPITULUA
Inskripzioak egiteko beharkizunak
9. artikulua.
1. Izatezko bikote gisa inskribatu ahal izateko, honako beharkizun hauek bete beharko dira, 1. artikuluan aipatuez gain:
a) Biak adinez nagusiak edo adingabeko emantzipatuak izatea.
b) Ahaidetasun harremanik ez izatea ez lerro zuzenean odol-ahaidetasunagatik edo adopzioagatik, ez alboko lerrotik hirugarren gradura arte.
c) Ezkondu gabeko izatezko bikotea eratzeko gogoa adieraztea, eta lekukoen bidez frogatzea aldez aurretik kideak elkarrekin bizi zirela libreki, era publiko eta agerian, eta maitasunezko harreman batean. Bien arteko ondorengoak badituzte, aski izanen da eratzeko gogoa adieraztea, besterik gabe.
d) Ezkontzaren bidez lotuta ez egotea.
e) Beste pertsona batekin ez eratzea ezkondu gabeko bikote egonkorra.
f) Judizialki ezgaitua ez egotea.
2. Ezin izanen da aldi baterako izatezko bikotea osatzeko itunik egin, ezta baldintzapetu ere.
II. KAPITULUA
Inskripzio motak eta haiek formalizatzeko behar diren agiriak
10. artikulua.
Erregistroko inskripzioak interesdunek eskatuta eginen dira beti, eta lau motatakoak izan ahalko dira: oinarrizkoak, osagarriak, ezereztekoak eta bazterreko oharrak.
10.1. Oinarrizko inskripzioaren helburua da delako izatezko bikotea existitzen dela jasotzea.
Oinarrizko inskripzioaren eskabidea izatezko bikoteko bi kideek aurkeztuko dute erregistroan, biak elkarrekin hara joanda.
Eskatzaileekin batera bi lekuko joan beharko dira, biak adinez nagusiak eta beren eskubide zibilak erabat erabili ahal dituztenak. Lekukoek frogatuko dute aldez aurretik bikoteko kideak elkarrekin bizi zirela libreki, era publiko eta agerian, eta maitasunezko harreman batean. Ez da lekukoen beharrik izanen, baldin eta eskatzaileek frogatzen badute bien arteko ondorengoak dituztela, 8.c artikuluan xedatuarekin bat.
Oinarrizko inskripzioa egiteko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskatzaileen eta lekukoen NANa, pasaportea edo egoitza-txartela.
b) Dagokionean, emantzipazioaren egiaztagiria: Erregistro Zibileko ziurtagiria nahiz eskritura publikoa aurkez daiteke edo legeek ezarritako beste bide bat erabili.
c) Egoera zibilaren egiaztagiria: Erregistro Zibileko ziurtagiria aurkeztuko da.
d) Udal erroldaren egiaztagiria, 1. artikuluan aipatzen diren egoitzari eta erroldatuta egoteari buruzko baldintzak frogatzeko. Adiosko Udalean erroldatuta egoteari buruzko egiaztagiria erregistroak eskuratuko du ofizioz, interesdunek ekarri gabe.
e) Bi kideen deklarazioa, adierazten duena beren artean ez dutela 9.b artikuluan aipatzen den ahaidetasun harremanik.
f) Bi kideen deklarazioa, izatezko bikotea izan nahi dutela baliozko eran onesteko ezgaituak ez daudela dioena.
g) Bi kideen deklarazioa, beste pertsona batekin bikote egonkorra ez dutela osatzen dioena.
h) Arau honen 6. artikuluan aipatzen den erregistroa ez den beste batean badago bikotea inskribatuta, inskripzio hori ezereztu delako ziurtagiria, dagokion erregistroak emana. Oinarrizko inskripzioaren eskabidea erregelamendu honen I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da.
10.2. Inskripzio osagarriak eskatzen ahalko dira oinarrizko inskripzioarekin batera edo horren ondoren. Izatezko bikotea eratzen duten pertsonen arteko giza eta ondare harremanak arautzen dituzten kontratuei eta haien aldaketei buruzkoak dira inskripzio osagarriak.
Inskripzio osagarriaren eskaera bi kideek batera egin beharko dute, eta horrekin batera eskritura publikoa aurkeztuko da, non ezarriko baitira bizikidetza garaiko harreman ekonomikoak arautzeko itunak eta bikotea utzi ondoren harreman horiek likidatzekoak.
Norberak aurkeztuko du edo, bestela, botere berezia duen ordezkari batek. Alabaina, eskritura publikoan agertzen bada bi kideek nahi dutela hura erregistroan inskribatu, hirugarren batek aurkezten ahalko du.
Inskripzio osagarriaren eskaera erregelamendu honen II. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da.
10.3. Ezerezteko inskripzioa erregistroan eginen da, honako arrazoi hauetako batengatik izatezko bikotea bukatzen denean:
a) Biak ados daudelako.
b) Bikoteko kideetako batek nahi duelako.
c) Izatezko bikoteko kideetako baten heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik.
d) Sei hilabetetik gorako izatezko banantzea izan delako.
d) Kideetako bat ezkondu delako.
Izatezko bikotearen inskripzioaren ezereztea kideetako bakar batek eskatzen ahalko du, bera agertuta edo horretarako notario-ahalorde berezia duen ordezkari baten bidez. Erregistroaren arduradunak ezereztearen berri emanen dio beste kideari.
Izatezko bikoteko kideak behartuta daude erregistroari jakinaraztera zer egitatek ekarri duen –artikulu honetan arautuaren arabera– bikotearen ezereztea.
Era berean, bidezko izanen da inskripzioa ezereztea izatezko bikoteko kide batek ere ez baditu betetzen erregelamendu honen 1. artikuluan erroldatzeari buruz ageri diren beharkizunak edo, erregelamendu honen 9. artikuluan ezartzen diren beharkizunak ez betetzeagatik, bikotearen inskripzioa eragotziko luketen inguruabarrak ikusten badira. Kasu horietan, Administrazioak ofizioz jardun ahalko du, betiere bikoteko kideei entzutea emanda, 10 eguneko epean.
Ezerezteko inskripzioak hura ekarri duen arrazoia agertuko du, eta oinarrizko inskripzioa, osagarriak eta bazterreko oharrak ezereztea ekarriko du.
Izatezko bikotea ezerezteko inskripzioaren eskaera erregelamendu honen III. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da.
10.4. Bazterreko oharretan agertuko dira, izatezko bikotea bukatu gabe, oinarrizko inskripzioko datuetan eragiten duten aldaketak. Bikoteko bi kideek edo kideetako batek legezko ordezkaritza duten pertsonen gaineko inguruabarrak jasoko dira, besteak beste, bazterreko oharretan.
Bazterreko oharra inskribatzeko eskaera norberak egin beharko du –gutxienez ere bikoteko kideetako batek– edo horretarako notario-ahalorde berezia duen ordezkari batek; eskaera hori erregelamendu honen IV. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta dagokion dokumentazioa erantsiko zaio. Bazterreko oharra datu pertsonalen edo helbidearen aldaketari buruzkoa bada, ez da ezinbestekoa izanen norbera agertzea.
III. KAPITULUA
Inskripzioak tramitatzeko prozedura
11. artikulua.
1. Artikulu honen 6. atalean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, espedienteak tramitatuko dira legedia administratibo orokorraren arabera, eta alkatearen esku egonen da horien ebazpena. Alkateak eskumen hori zinegotzi baten esku utzi ahalko du.
2. Eskaerak baietsitzat joko dira, dagozkion epea igaro ondoren ez bada ebazpenik ematen.
3. Oinarrizko inskripzioa egiteko aurkezten den eskaera bakoitzeko administrazio espediente bat eratuko da. Eskaerak eta dagozkion frogagiriek osatuko dute espediente hori. Espediente nagusiari lotuko zaizkio inskripzio osagarriaren, ezerezteko inskripzioaren eta bazterreko oharraren eskaerak eta haien dokumentazioa.
Erregistroaren arduradunak ikusten badu eskaerak ez dituela betetzen inskribatu ahal izateko beharkizunak, interesdunei eskatuko die hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzatela. Aditzera emanen die horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi dutela ulertuko dela.
Erregistroaren arduradunak ebazpen proposamena eginen dio alkateari edo, dagokionean, ebazteko eskumena delegatu zaion zinegotziari, eta hark inskripzioa onesteko edo ukatzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, eskaera Udalaren Erregistro Orokorrean sartzen denetik aitzina.
Eskaera baiesten bada, dagokion idazpena eginen da erregistroan.
Eskaera ezesten bada, ezeste horren arrazoiak eman beharko dira.
Espedientearen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie. Oinarrizko inskripzioaren eskaera denean, eskaera baiestearekin batera, Udalak izatezko bikote hori onartzen duela erakusten duen ziurtagiria emanen da.
5. Bikote bakoitzaren lehen inskripzioa oinarrizko inskripziotzat joko da, eta hartan agertuko dira kideen datu pertsonalak, harremanak arautzen dituzten hitzarmenak, agertu direneko eguna eta tramitaturiko espedientearen erreferentzia.
6. Bazterreko ohar bat inskribatzeko eskatu denean datu pertsonalak edo helbidea aldatu direlako, inskripzioa beste tramiterik egin gabe onartuko da, aldaketa hori frogatzen bada.
7. Ezin izanen da beste inskripzio bat egin, interesdun berei buruzko aurreko inskripzioak ezereztu gabe.
12. artikulua.
Inskripzioaren eguna izanen da alkatearen ebazpenaren eguna edo, dagokionean, ebazteko eskumena delegatu zaion zinegotziaren ebazpenarena. Edonola ere, ezerezteko inskripzioek jarraian aipatzen den mementotik aitzina izanen dituzte beren ondorioak:
a) Izatezko bikotea desegiten bada biak ados jarrita: kideek diotenaren arabera bikotea zer egunetan desegin zen, egun hartatik aitzina.
b) Izatezko bikotea desegiten bada kideetako batek bakarrik erabakita: kideetako batek besteari zuzenbidean onartzen den edozein bidez jakinarazpena egiten dion egunetik aitzina.
c) Izatezko bikotea desegiten bada izatezko bikoteko kideetako baten heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik: hura hiltzen deneko edo heriotzaren deklarazioa egiten deneko egunetik aitzina.
d) Izatezko bikotea desegiten bada sei hilabetetik gorako banantzeagatik: bikoteko kideek diotenaren arabera muga hori noiz igaro den, egun hartatik aitzina.
e) Izatezko bikoteko kideetako bat ezkontzen bada: hura ezkontzen denetik aitzina.
f) Bi kideek Adiosko Udalean erroldatuta egoteari uzten badiote: udal erroldan baja ematen denetik aitzina.
IV. TITULUA
Erregistroaren antolaketa
13. artikulua.
13.1. Adiosko Udaleko izatezko bikoteen erregistroak Liburu Nagusi bat eta Liburu Lagungarri bat izanen ditu.
13.2. Erregelamendu honetan araututako inskripzio idazpenak Liburu Nagusian eginen dira.
13.3. Liburu Lagungarrian agertuko dira, banan-banan eta abizenak alfabetoaren hurrenkeran jarrita, Liburu Nagusian inskribatuta daudenak.
Liburu Lagungarriko inskripzioak administrazio espedientearen erreferentzia emanen du; halaber, inskripzioak egin direneko Liburu Nagusiko orrialdeen erreferentzia.
13.4. Bi liburuak –euskarri informatikoan izaten ahalko baitira– orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatuta egonen dira, eta hasieran eta bukaeran irekitzeko eta ixteko eginbideak izanen dituzte, alkate udalburuak edo, hura ez dagoenean, haren legezko ordezkariak sinatuak.
13.5. Espedienteen artxiboa eratuko dute inskripzio desberdinak egiteko aurkeztu behar diren agiriek. Oinarrizko inskripzioa egiteko aurkezten den eskaera bakoitzeko, espediente bat egonen da, eta segidan dagokion zenbakia emanen zaio; zenbaki hori Liburu Nagusian eta Lagungarrian jasoko da.
13.6. Erregistro hau osatzen duten liburuak ezin izanen dira inola ere Udaletxetik atera.
14. artikulua.
Erregistroaren edukia erregistroaren arduradunak egindako ziurtagirien bidez frogatuko da, alkate udalburuak aginduta eta ikus-onetsita.
Ziurtagiriak egiteko eskatzen ahal duten bakarrak dira dagokion bikoteko kideetako bat, haien kausadunak eta epaileak nahiz justizia epaitegiak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehen xedapen gehigarria.–Honako eredu hauek onetsi dira erregelamendu honen eranskinak izan daitezen:
–I. eranskina: Izatezko bikotearen oinarrizko inkripzioa egiteko eskabidea.
–II. eranskina: Inskripzio osagarria egiteko eskabidea.
–III. eranskina: Izatezko bikotearen inskripzioa ezerezteko eskabidea.
–IV. eranskina: Bazterreko Inskripzioa egiteko eskabidea.
Bigarren xedapen gehigarria.–Alkatetzari ahalmena ematen zaio erregelamendu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Erregelamendu honek indarra hartuko du Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluak ezarritako eran.
Alkate udalburua,
I. ERANSKINA
Izatezko bikoteen udal erregistroa.
Izatezko bikotearen oinarrizko inskripzioa
.................................. jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: ............................ Nazionalitatea:
Helbidea:
.................................... jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: ......................... Nazionalitatea:
Helbidea:
ADIERAZTEN DUTE:
1.–Izatezko bikotea eratzen dutela, Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregelamenduan adierazten denaren arabera.
2.–Dagokion erregistroan inskribatzeko ezarrita dauden beharkizunak betetzen dituztela frogatzeko behar diren agiriak eta frogabideak aurkezten dituztela.
3.–Honako eskabide hau aurkezten den unean bi lekukok agiri honetan ezarritako sinaduraren bidez egiaztatzen dutela ezen betetzen direla izatezko bikoteen gaineko erregelamenduan bizikidetzari buruz ezarritako baldintzak.
4.–Honako pertsona hauen legezko ordezkariak direla
(hala badira, agirien bidez egiaztatu beharko dute):
Ez direla hirugarren pertsonen legezko ordezkariak.
Lekukoa: ............................................ jauna/andrea. Lekukoa: ........................................ jauna/andrea.
NAN/AIZ: ........................................ NAN/AIZ:
ESKATZEN DUTE:
Izatezko bikotearen inskripzioa egiteko, Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregistroan.
Adiosen, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Stua.: .......................... Stua.: .......................
Adiosko Udaleko alkate udalburua.
II. ERANSKINA
Izatezko bikoteen udal erregistroa.
Inskripzio osagarria egiteko eskabidea
.................................... jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: ...................... Nazionalitatea:
Helbidea: ................................
............................................ jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: ...................... Nazionalitatea:
Helbidea:
ADIERAZTEN DUTE:
1.–Izatezko bikotea eratzen dutela, Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregelamenduan adierazten denaren arabera.
2.–Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregistroan inskribatuta daudela (edo inskribatzeko eskaera aurkeztu dutela).
ESKATZEN DUTE:
Honako kontratu arauemaile hauen edo, dagokionean, haien aldaketen inskripzio osagarria egin dadila Izatezko bikoteen erregistroan:
Horretarako, honako agiri hauek erantsi dira:
Adiosen, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Stua.: ............................... Stua.: ..........................
Adiosko Udaleko alkate udalburua.
III. ERANSKINA
Izatezko bikoteen udal erregistroa.
Izatezko bikotea ezerezteko inskripzioaren eskabidea
........................................... jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: ......................... Nazionalitatea:
........................................... jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: ........................ Nazionalitatea:
Helbidea:
ADIERAZI DUTE:
1.–Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregistroan inskribatuta daudela.
ESKATZEN DUTE:
Izatezko bikotea ezerezteko inskripzioa egiteko, Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregistroan, arrazoi honengatik:
Adiosen, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Stua.: .............. Stua.: ............
Adiosko Udaleko alkate udalburua.
IV. ERANSKINA
Izatezko bikoteen udal erregistroa.
Bazterreko inskripzioa egiteko eskabidea
........................................... jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: .............. Nazionalitatea:
Helbidea:
........................................... jaunak/andreak. NAN/AIZ:
Jaioteguna: .............. Nazionalitatea:
Helbidea:
ADIERAZTEN DUTE:
1.–Izatezko bikotea eratzen dutela, Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregelamenduan adierazten denaren arabera.
2.–Izatezko bikote gisa inskribatu zituztela erregistroan, Adiosko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorraren ardura duen zinegotzigoan baitago, oinarrizko inskripzioaren zenbaki honekin.
3.–Aipatu berri den oinarrizko inskripzioa eratzen duten datuetako bat aldatu delarik, behar diren agiriak aurkezten dituztela datu berria bazterreko idazpen gisa ezar dadin.
Zuzendu beharreko datua:
ESKATZEN DUTE:
Aldatutako datuaren bazterreko inskripzioa egin dadila Izatezko bikoteen Adiosko Udalaren erregistroan.
Adiosen, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Stua.: .............................. Stua.: .............................
Adiosko Udaleko alkate udalburua.
Iragarkiaren kodea: L1506130
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
