95. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

299E/2015 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Galarko udal mugapean dagoen Comarca 2 industria eremuko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egiten duena. Sustatzailea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentua da eta NASUVINSA sozietate publikoak aurkeztu du.

2014ko irailaren 18an Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak, SA (NASUVINSA) sozietate publikoak Galarko udal mugapean dagoen Comarca 2 industria eremuko Udalez gaindiko Plan Sektorialean aldaketa puntuala egiteko agiriak aurkeztu ditu, ingurumen ebaluazio estrategiko gisa tramitatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatuaren arabera.

31. artikuluan ezartzen denaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremua ukitzen duten planek eta programek, 3A eranskinean agertzen direnek, ingurumen ebaluazio estrategikoa behar dute onetsi aurretik, baita haien berrikuspenek ere, kasu guztietan, eta funtsezkotzat jotzen diren aldaketek.

Dokumentazioa aztertuta, eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan aurreikusiaren arabera, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman zuen 2014ko urriaren 9an dokumentazioa nahikoa zela eta jendaurrean jartzen ahal zela.

Nafarroako Gobernuak 2015eko urtarrilaren 14an hartutako erabakiaren bidez, “Galar Zendean eskualdeko industria eremu bat (Comarca 2 industria eremua) ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa” izeneko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona. Aldaketaren helburua zenbait lurzati berrantolatzea da. Erabaki horretan (2015eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 12an), espedientea jendaurrean paratu zen, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du. Bertan adierazten da espedientearen xede den planeamenduko aldaketak Comarca 2 UPSk urbanizagarria eta jadanik urbanizatuta bezala sailkatu duen eremu batean egiten direla, ez baitira aldatzen haren sailkapena, kategorizazioa, ezta erabilera orokorra ere. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko aldaketak proposatutako antolamenduak xede mugatua du: industria lurzorua berrantolatzea haren egungo eremuaren barrenean. Ingurumen ondorioen adierazpen honen I. eranskinean jaso da proposatutako aldaketen laburpena.

Aipatu txostenean adierazten da proposatutako aldaketak ez duela eraginik egungo hiri zerbitzuen gainean (hornidura, ur saneamendua, hondakinak, elektrizitatea, etab.). Beraz, ez da aurreikusten baliabide naturalen kontsumoa handituko dela, ezta hondakin uren produkzioa edo hondakinen sorrera ere. Gainera, azpimarratzen da ez dela aurreikusten ondoriorik izatea honako hauetan: biodibertsitatea, populazioa, fauna, flora, ura, atmosfera, faktore klimatikoak, kultura ondarea edo paisaia. Horregatik, ez da beharrezkoa neurriak hartzea inolako eragin negatikoak prebenitu, murriztu edo orekatzeko. Edonola ere, ingurumen ondorioen adierazpen honen ebazpen zatian, ingurumenari buruzko ohar batzuk proposatu dira, jatorrizko UPSren determinazioak eguneratu nahi baitituzte.

Horrela ondorioztatzen da aldaketak ez duela ingurumenean ukipen adierazgarririk eraginen, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan xedatuaren arabera, eta kontuan hartuta aldaketa dagoen industrialdeko lurzatien berrantolaketan oinarritzen dela eta eremu libreak lagatzeko hirigintzako estandarrak betetzen direla, parke, lorategi eta eremu publiko bereziei dagokienez, 25/2002 Foru Legearen 53. artikuluan arautzen denaren arabera.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Galarko udal mugapeko Comarca 2 industria eremuko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko aldaketa puntualaren alde. Sustatzailea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentua da eta NASUVINSA sozietate publikoak aurkeztu du.

2. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko aldaketa garatzeko honako baldintza hauek kontuan hartuko dira, jatorrizko UPSen jasota ez baitzeuden (horrela hori eguneratu nahi da):

–Ur-ibilguen babesa eta haien funtzionaltasuna korridore ekologiko gisa. UPSko aldaketa proposatuek ibaibiderik mozten ez duten arren, jarduketa eremuetako baten ondoan (15.4.1 unitatetik 50 m baino hurbilago) Errekazabal erreka-zuloa dago. Beraz, urbanizatzeko proiektuak hori babesteko neurriak sartu beharko ditu, besteak beste, haren inguruan eraikuntza materialik edo hondakinik ez pilatzea, eta saihestea makinek joan-etorririk egitea.

–Argi-kutsadura. Proposatutako aldaketaren ondorioz, aldaketa egin behar bada argiteria orokorrean, argiteria publikorako ordenantza gisa ezarriko da argi-puntuek ematen duten goiko hemisferioko fluxua %1ekoa izanen dela edo txikiagoa. Hori egingarria da, kontuan hartuz gero irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua argitaratu zenetik dagoen garapen teknologikoa eta zenbateko argi barietate dagoen merkatuan; foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

–Proposatutako aldaketak garatzeko lurzoru urbanizaezinean hornidura eta saneamenduko hoditeria berriak behar badira, garatzen diren proiektuak ingurumen ukipenetarako baimen gisa tramitatu beharko dira, dagokien ingurumen ukipenen azterlanarekin.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau NASUVINSAri, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Galarko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 24an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Galar Zendean dagoen Comarca 2 industria eremuko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketaren laburpena

Aldaketaren arabera, UPSaren 1., 11., 15., 16., 17. eta 18. etxe-sailetan kokatutako lurzatietan jardun behar da.

Zehazki, aldaketa hauek proposatzen dira:

1. 11.1 lurzatiari atxikita, han dagoen berdegunean, industria erabilerarako lurzati berri bat proposatzen da, 11.0 izenekoa, 11. etxe-saila handitu ahal izateko. Lerrokadurak ere aldatuko dira. Okupatzen den berdegune hori konpentsatzeko, 15.4.1 industria lurzatiaren zati bat hartuko da, eta horrela, Espartzako erreka-zuloaren ibilguaren ondoko berdegunea handituko da.

2. P-1.1 eta P-1.2 lurzatien erabilera (erabilera anitzeko lurzatiak dira) industriarako eta lorategietarako 16. lurzatira aldatzen da, eta lurzati haiei industria-erabilera ematen zaie.

3. 18. lurzatia, industriarako eta lorategietarako erabilera duena, bi industria lurzati bihurtzen da, 9.6 eta 9.7 lurzatiak.

4. 16. eta 17. lurzatietako oinplano-okupazioa handitzen da, eta lurzati horietan eta 12.1 lurzatian aparkalekuetarako dagoen azalera mugatzen da.

5. 15.4.4 lurzatiaren gehieneko okupazioa eta eraikigarritasuna handitzen da eta bere lerrokadurak aldatzen dira.

Iragarkiaren kodea: F1506407