2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXARRI ARANAtZ ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEA
Estatutuetako aldaketa. Behin betiko onespena
Etxarri Aranatz aldeko gizarte zerbitzu oinarrizkoen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2013ko urriaren 2an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Mankomunitate horren estatutuetako aldaketa puntualaren proiektua. Proiektua jendaurrean egon zen hilabetean Mankomunitatea osatzen duten udalen idazkaritzetan, eta ez zen alegaziorik aurkeztu epe horretan. Horrenbestez, Batzar Nagusiak behin betiko onetsi zuen 2015eko martxoaren 12ko bilkuran.
Toki Administrazioko Departamentuak adostasun txostena eman ondotik, ukitutako Udalek osoko bilkuran onetsi zituzten; horrenbestez, argitara ematen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.6 artikuluan adierazitakoa bete dadin.
Testuaren bete-beteko argitaratzea hau da:
ETXARRI ARANATZ ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
Eraketa, izena eta helbidea
1. artikulua. Lakuntzako, Arbizuko, Etxarri Aranazko, Ergoienako, Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo udalek borondatezko Mankomunitatea eratu dute, II. kapituluan agertzen diren zerbitzuak, bere eskumenekoak baitira, elkarrekin antolatu eta emateko.
Beste kideren bat onartzeko Estatutu hauen arauei jarraikiko zaie.
Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta toki korporazioei aplikatzen zaizkien legezko edo erregelamenduzko gainerako xedapenek ezarritakoari ere.
2. artikulua. Nortasun juridikoa.
Mankomunitate honek, irabazi asmorik gabeko izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, ahalmen juridiko osoa izanen du bere helburuak betetzeko, eta une bakoitzean hura osatzen duten toki entitateen mugapeak izanen dira Mankomunitatearen mugak.
3. artikulua. Aipatutako toki entitatearen izena Etxarri Aranatz aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea izanen da, eta Etxarri Aranatzen izango du egoitza ofiziala.
II. KAPITULUA
Helburuak
4. artikulua. Mankomunitateak helburu hauek ditu:
a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak garatzea.
b) Hezkuntza, kultura eta osasun zerbitzuekin behar den koordinazioa garatzea zerbitzua ahalik eta eraginkorrena eta merkeena izan dadin bere prestazioetan.
c) Aipatutako xedeak lortzeko zuzenean nahiz zeharka lagungarri izanen den jarduera oro gauzatzea. Helburu horiek lortzeko, toki entitateak arautzen dituen legeriak emandako eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.
d) Osasun Zentroaren kontrola eta jarraipena Mankomunitateko udalei dagozkien gaietan eta osasunari buruzkoetan.
5. artikulua. Goian zehaztutako eskumenen eremuan, Mankomunitateak ahalmena du aurreko artikuluan adierazitako helburuei begira jarduteko eta, bereziki, ondokoak egiteko:
1.–Estatuari, korporazio publikoei nahiz pribatuei diru-laguntzak, sorospen eta bestelako laguntzak eskatzea.
2.–Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak egitea.
3.–Mankomunitatearen zerbitzu guztiak antolatzea.
4.–Obrak, instalazioak eta haien mantenimendu nahiz zainketa lanak esleitzeko mota guztietako kontratuak egitea; aurrerakinen eta kreditu-maileguen kontratuak egitea.
5.–Mota guztietako material, tresna, lanabes eta ondasunak eskuratzea.
6.–Mankomunitatearen zerbitzuak eman behar dituzten langileen kontratazioak egitea, behin betikoak edo aldi baterakoak izan, indarra duen legeriari jarraituz.
III. KAPITULUA
Indarraldia
6. artikulua. Mankomunitatearen indarraldia mugagabea da eta haren estatutuak behin betikoz onesterakoan hasiko da, indarreko legealdian ezarritakoaren arabera.
IV. KAPITULUA
Zuzendaritza eta kudeaketa organoak
Mankomunitatearen gobernua eta kudeaketa honako organoen esku egongo dira:
–Batzarra
–Lehendakaria
Batzarra da Mankomunitatearen organo nagusia. Estatutu honetan aipatzen diren eskumenak zein eskurantzak eta ordenamendu juridikoan aitortzen zaizkion guztiak izanen ditu.
7. artikulua. Batzarra, herritarrek gizarte zerbitzuetan parte hartzeko organoa den aldetik, honela osatuko da:
800 biztanletik beherako udalerriak | Ordezkari 1 |
801etik 1.600ra bitartean | 2 ordezkari |
1.601etik 2.800era bitartean | 4 ordezkari |
Batzarra osatuko duten kideen kopurua zehazteko, udal guztien zuzenbideko biztanle kopurua hartuko da kontuan.
8. artikulua. Udaletako bokalak hautatzea.
Korporazio bakoitzak nahi bezala hautatu eta aldatuko ditu bere ordezkariak, eta udal hauteskunde bakoitzaren ondotik izendapena berritu beharko dute ezinbestean. Batzarkideren batek kargua utziko balu, bai berak hala nahi duelako bai Udalbatzen erabakiz edo beste edozein arrazoia dela eta, aurrekoak kargua utzi eta hilabeteko epearen barnean ordezkoa hautatuko da.
9. artikulua. 1.–Alkateak edo eskualdeko udaletako bokal ordezkariek beraiek eta haien artean hautatutakoek hartu beharko dute lehendakariaren kargua.
2.–Bertaratutako ordezkariek ezin izango dute beste pertsona bat izendatu haien ordez bozkatzeko. Nolanahi ere, beste udal zinegotzi bat joan daiteke bileretara haren ordez, eta boto eskubidea izango du.
10. artikulua. Lehendakariordea ere hautatuko da, lehendakariaren eginkizun eta eskurantza guztiak izango baititu hura kanpoan denean edo kargua hutsik bada, harik eta berria hautatu arte. Lehendakaria Batzarra eratzen den bilkuran nahiz hura berritzeko hurrengoetan izendatuko da.
11. artikulua. Batzarrak hautatuko du Mankomunitateko idazkaria.
12. artikulua. Batzarrak honako eginkizun hauek ditu:
1.–Hura eratu, berritu, eta handitzeko, baita karguak eta langileak izendatu eta kentzeko ere, behar dena erabakitzea, Estatutuei eta aplikatu behar diren legezko edo erregelamenduzko arauei jarraituz.
2.–Mankomunitatearen helburutako aurreikusi zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko behar diren oinarrizko plan eta proiektuak onestea.
3.–Mankomunitatearen urteko aurrekontuak, arruntak nahiz bereziak, eta kontuak eztabaidatzea eta onestea.
4.–Edozein ondasun eskuratzea.
5.–Estatutuak aldatzeko proposamena Udalei igortzea.
6.–Mankomunitateko plantilla onestea.
7.–Kudeaketarako eta zerbitzuetarako entitateak eratzea eta horien estatutuak onestea; komenigarritzat jotzen dituen eskumenetarako eskuordetuko ditu, 23. artikuluan jasotakoetarako izan ezik.
8.–Araudiak onestea, barne erregimenekoa barne, bai eta zerbitzuak eta zentroak erabiltzeko prezioak eta tarifak edo tasak arautzen dituzten ordenantzak ere.
9.–Lan kontratuak onetsi eta ebaztea, baita, behar izanez gero, disziplinazko zehapenak ezartzea ere.
10.–Era berean, Batzar Orokorrak Udaletako osoko bilkurei dagozkien gainontzeko eskumenak izango ditu.
13. artikulua. Honako hauek dira mankomunitateburuaren eskurantzak:
a) Mankomunitatearen eskubideak defendatzeko ekintzak aurrera eramatea, Mankomunitatea auzitara eramaten duten auzi-eskeei aurka egitea eta mota guztietako helegiteak jartzea edozein maila, gradu eta jurisdikziotako aferetan, jarduneko letratuak aldeko txostena eman ondoren.
b) Zerbitzuaren antolamendua eta jardunbidea hobetzeko beharrezko neurriak hartzea.
c) Zerbitzuek ekarritako gastuak ordaintzea.
d) Zerbitzuen garapena kontrolatu eta gainbegiratzea.
e) Zerbitzuaren jarduerak zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.
f) Idazkariarekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak prestatzea eta legezko xedapenen eta aplikatu beharreko arauen arabera onetsitako aurrekontuak behar bezala gauzatzeko neurriak hartzea.
g) Agindua ematea Mankomunitateak aurrekontuetan erabakitako ordainketak egin daitezen.
h) Mankomunitatearen diruak eta ondasunak administratzea eta urte natural bakoitzeko lehen seihilabetean aurreko ekitaldiko kontuen berri ematea.
i) Mankomunitatearen ordezkari izatea, hura uki lezaketen egintza eta lege afera guztietan, eta prokuradoreei ahalordeak ematea, epaiketan agertzeko eta baita handik kanpo ere, horren beharra izanez gero, eta Batzarrak kasuan-kasuan erabakitzen dituen bidezko ahalmenekin.
j) Batzar Iraunkorreko eta Batzarreko bilkura guztietarako dei egitea eta haien buru izatea.
k) Bien erabakiak bete eta betearaztea.
l) Entitateko egintza eta agirietatik luzatzen diren ziurtagiriei bere sinaduraren bidez ikus-onetsia ematea.
m) Zerbitzuaren funtzionamendua zuzena izan dadin eta Mankomunitatearen helburuak bete daitezen beharrezkoak diren gainerako eginkizun guztiak, Batzarraren eskumenekoak ez badira, baita alkateei Udaletan dagozkien gainerako guztiak ere.
n) Langile guztien buru aritzea.
o) Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.
p) Era berean, mankomunitateburuak udaletako alkateei dagozkien eskurantzak izango ditu.
14. artikulua. Idazkaria
Mankomunitateko idazkariaren eginkizunak honakoak izango dira:
1.–Mankomunitateburuari eta Batzarrari eman behar diren ebazpenen gainean informazioa eta aholkua ematea, betiere estatutuek, ordenantzek eta indarrean dagoen legediak zehaztutakoaren arabera.
2.–Mankomunitatearen korrespondentzia eta dokumentazio guztia igortzea eta artxibatzea, mankomunitateburuari jakinarazi eta ebazpena eman ondoren.
3.–Batzarrak egiten dituen bileretako aktak, lehendakariaren ebazpenak eta mankomunitateak egin behar dituen agiriak erredaktatzea eta baimentzea.
4.–Ziurtagiriak egitea, lehendakariak agindu eta ontzat emanda.
5.–Udaletako idazkariak dituen zereginetatik, bidezkoa izan eta lehendakariak beren esku utz dezakeen beste edozein.
15. artikulua. Idazkari kontuhartzailea eta diruzaina.
Kontuhartzailearen eta diruzainaren eginkizunak indarra duten lege eta arauei egokituko zaizkie. Banketxe batek edo aurrezki kutxa batek bete ahal izango dituzte diruzaintzako eginkizunak.
V. KAPITULUA
Furntzionamenduaren araubidea
16. artikulua. 1.–Batzarra urtean bitan egingo du bilkura arrunta; gainerako bilkurak ohiz kanpokoak izango dira, eta udal bilkurak bezala funtzionatuko dute, indarreko legediari jarraikiz. Orobat, egokitzat jotzen diren bilkurak eginen dira, bai batzarreko lehendakariak deituta bai batzarra osatzen duten kideen lautik batek eskatuta.
2.–Batzarreko kideen laurden batek batzarra biltzeko eskatzen badu, mankomunitateburuak deialdia egingo du hilabeteko epean, eskaera jasotzen duenetik aurrera.
17. artikulua. Lehendakaritzari dagozkio Batzarrerako dei egitea eta eguneko gai-zerrenda erabakitzea. Deia garaiz eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten landuko diren gaiak aztertzeko.
Deialditik aurrera, kide guztiek eskura izanen dituzte landu beharreko gaien espedienteak.
Deietan bilkura zein egun, ordu eta tokitan egingo den adieraziko da, lehen nahiz bigarren deialdian.
18. artikulua. Erabakiak Toki Udalbatzen erabakien araubideari buruz indarra duen arautegiari jarraikiz hartuko dira, ondorengo artikuluan xedatutakoa izan ezik.
19. artikulua. Ondoren aipatzen diren kasuetan, erabakiak hartzeko Batzarra osatzen duten batzarkide guztien legezko gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da:
1.–Obra edo Inbertsioetarako hainbat urtetako planak, urte bakoitzean hurrengo urtekoa bereziki zehaztuz.
2.–Entitate kudeatzailearen estatutuak onestea.
3.–Mankomunitatean kide berriak onartzea.
4.–Zor publikoaren jaulkipena eta batzar honen eskumenekoak diren kredituen kontratazioa.
20. artikulua. Estatutuak aldatzeko onartzeko erabilitako prozedura bera erabili beharko da, hau da, indarreko xedapenek ezartzen dutena. Aldaketaren prozesuari ekiteko Batzar Nagusiak horretarako proposamena egin baharko du, aurreko artikuluan aipatutako quoruma izanik.
21. artikulua. Herritarren parte hartzea.
Herritarren interes orokorrak nahiz sektore batenak aldeztuz parte hartzen duten elkarte edo entitateek egokia iruditzen zaiena azaltzen ahalko dute Batzar Orokorrean gai-zerrendako punturen bati buruz, haren tramitazio administratiboan interesdun gisa parte hartu badute.
Hark baimenduta, Lehendakaritzak emandako denboran azalduko dute iritzia, gai-zerrendan sartutako proposamena irakurri, eztabaidatu eta bozkatu aurretik.
VI. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa
22. artikulua. Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:
1.–Nafarroako Gobernuaren edo beste edozein entitate publiko nahiz pribaturen aldetik Mankomunitateak hartzen dituen diru-laguntzak, laugarren artikuluan ezartzen diren jarduerak gauzatzeko.
2.–Bere jarduerek ekar ditzaketen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.
3.–Harentzat emandako dohaintzak, legatuak edo usufruktuak.
4.–Bere ondasun eta eskubideen emaitzak, errentak eta korrituak.
5.–Haren esku utz daitekeen beste edozein baliabide.
23. artikulua. Mankomunitateko Udalek bere gain hartuko dituzte Mankomunitateak hartu eta ordaintzen ez dituen zor eta obligazioak.
Banaketa udalen artean egingo da, bakoitza bere biztanle eskubidedunen kopuruaren araberako proportzioan, betiere biztanleen azken udal erroldaren azken eguneratzeari jarraikiz.
24. artikulua. Idazkari-kontuhartzaileak Zerbitzuko diru-sarrera eta gastuen kontu hartu eta zenbaketa eginen du. Batzarrak balantzearen bidez eman du kontuen berri.
Gastu guztiak ordaindu ondoren, hala nola Zerbitzukoak, obra eta instalazioen mantenimendukoak, langileen lansariak eta hitzartutako gainerako betebeharrei dagozkienak, soberakinik balego, gerakin osoa hurrengo ekitaldiko aurrekontuari gehituko litzaioke.
Kontuak emateko, Toki korporazioen sistema erabiliko da, hots, aldez aurretik eginik dagoen aurrekontu batean oinarrituta dagoena. Beraz, kontuetan haien likidazioa agertuko da, gainerako toki entitateen berezko sistema aplikatuta.
25. artikulua. Udal bakoitzak lokal egoki bat utziko du bere udalerrian Gizarte Zerbitzuetako langileentzat.
26. artikulua. Udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari edo haren atal berariazkoei edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko.
27. artikulua. Udalek konpromisoa beren kuota lau zatitan sartuko dute Mankomunitatearen kontuetan: Urtarrila-apirila-uztaila-urria Aurrekontuetan ezarritako kuota, sarrerarako oinarri gisa erabiliko da.
VII. KAPITULUA
Langileak
28. artikulua. Mankomunitateak behar dituen langile guztiak izanen ditu, eta Batzarrak osatzen dituen plantilletan zehaztuko dira langile kopurua, kategoria eta bakoitzaren eginkizunak.
29. artikulua. Mankomunitatearen zerbitzuko langileak izan daitezke: funtzionarioak, lan erregimenean kontratatutakoak, lan kontratu mugagabekoa dutenak eta behin-behineko langileak. Hori guztia indarra duen legerian eta behar den plantilla organikoan xedatuari jarraikiz.
Idazkariaren eta kontu-hartzailearen kargua une bakoitzean zer entitate mankomunatuk duen, han idazkari aritzen denari esleitzen ahal zaio Mankomunitateko Idazkaritza, hala eskatzen badu, edo, eskaririk ez badago, esleitzen zaionak nahitaez hartu beharko du bere gain, txandaka. Horrelakoetan, mankomunitateak zehaztuko duen ordainsaria jasoko du.
VIII. KAPITULUA
Kide gehiago onartzea
30. artikulua. Udal berriak Mankomunitatean onartzeko, 18. artikuluan aipaturiko gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da eta erabaki hori hamabost egunez jarriko da jendaurrean.
IX. KAPITULUA
Kideak ateratzea
31. artikulua. 1.–Udalak, egokia dela uste badute, Mankomunitatetik ateratzen ahal dira eta, horretarako, aldez aurretik Udal horren osoko bilkuran erregelamenduzko gehiengoz (gehiengo osoz) hartuko da erabakia.
2.–Erabakia urte bakoitzeko azken hiruhilekoa hasi aurretik hartu beharko da.
3.–Erabakiaren ondorio ekonomikoek banaketa erabakia hartu eta hurrengo ekitaldira arte ez dute indarrik izanen.
X. KAPITULUA
Desegitea
32. artikulua. Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak Nafarroako Foru Legetan ezarritakoak izango dira.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena–Estatutuak indarrean sartuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean.
Bigarrena.–Mankomunitateko udal guztiei erabaki honen berri ematea, estatutuak behin betikoz onar ditzaten beren osoko bilkuretan.
Hirugarrena.–Espedientean dokumentazio osoa jasota dagoenean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.”
Etxarri Arantzen, 2015eko maiatzaren 13an.–Mankomunitateko burua, Xabier Ardaiz Esteban.
Iragarkiaren kodea: L1507318