Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
110E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintza Obstetriko-ginekologikoaren arloko erizain espezialista (emagina) izateko 7 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi hau arau hauetan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko da:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzkoa.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.
1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetan argitaratuko dira:
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentralen iragarki oholetan (Armada etorbidea, 2, Iruña) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen ofiziala izanen da.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren webgunean (www.empleosalud.navarra.es), “oposizio lehiaketa” izeneko estekan, “deialdiak” klikatu eta EMAGINEN O.L., 2009ko LPEa, aukeratu. Informazio balioa izanen du.
1.3. Deialdi honen xedea da Erizaintza obstetriko-ginekologikoaren arloko erizain espezialista (emagina) izateko 7 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, hutsik gelditu baitziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 14ko 2233/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren bitartez egindako lekualdatze lehiaketan (deialdia 2010eko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 11koan). Lanpostu horiek behar den lan publikoaren eskaintzan sartuta daude, eta destino hauek dituzte:
6 lanpostu Nafarroako Ospitalegunean:
Hauek dira lanpostu horien zenbakiak: 64454, 65015, 67904, 68372, 69789 eta 69790.
Lanpostu 1 Tuterako Reina Sofía ospitalean:
69944 lanpostu zenbakia du.
1.4. Lanpostu hutsak hurrenkera honi segituz banatuko dira:
a) Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.
b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.
Hurrenkera txanda irekitik hasiko da kontatzen, izan ere, lehenago eskainitako azken lanpostua barne igoerakoa izan zen. Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:
a) 4 lanpostu, txanda irekian.
b) 3 lanpostu, igoera txandan.
1.5. Izangaiek txanda bakar batean parte har dezakete. Beraz, parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute zein txandatan parte hartu nahi duten.
1.6. Igoera txandan lanposturen bat bete gabe gelditzen bada izangaiak hautaprobak gainditzeko ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen ez direlako, txanda irekikoetara gehituko dira, aurreko oinarrian xedatutakoari jarraikiz.
Era berean, igoera txandan betetzeko dauden lanpostuen kopuruan sar daitezkeenak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan probak gainditu baina lanposturik eskuratzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsak hartzeko aukera izanen dute, txanda horretara aurkezten diren beste izangaiekin lehia garbian, lortutako azken puntuazioaren arabera.
1.7. Deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute. Azterketa egiteko tasak ordaindu ez badituzte, ordainketa hori egin beharko dute.
1.8. Deialdiko lanpostuak B maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan eta “Erizaintza Obstetriko-ginekologikoa (emagina)” espezialitatean sailkatuta daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina).
1.9. Lanpostuen ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.
1.10. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
1.11. Erizaintza obstetriko-ginekologikoaren arloko erizain espezialisten (emagina) lanpostu bat lortzen dutenak azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera dagokien atxikipen-esparruari lotuta geldituko dira.
1.12. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangai zerrenda bat prestatuko da, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Erizaintzako diplomadun titulua eta Erizaintza Obstetriko-ginekologikoaren espezialitatea (emagina) izatea, edo balio berekoa den beste bat, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua eskuratzeko moduan egotea eta horretarako eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.
Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
Titulua atzerrian lortuz gero, homologaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako administrazio publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragoko batekoa izatea eta beste kategoria batean sailkaturik egotea.
c) Erizaintzako diplomadun titulua eta Erizaintza Obstetriko-ginekologikoaren espezialitatea (emagina) izatea, edo balio berekoa den beste bat, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
d) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.
2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.
3.–Eskaerak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
3.1. Eskaera.
Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina da.
Izena emateko eskabidea eta ordainketa telematika bidez eginen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunearen bidez, (www.empleosalud.navarra.es), “oposizio lehiaketa” izeneko estekan, “deialdiak” klikatu eta EMAGINEN O.L., 2009ko LPEa, aukeratu. On line eskabideari ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzeko agiri eskaneatuak erantsi beharko zaizkio.
Berariaz eskatu ezean, paperezko agiri bat ere ez da aurkeztu behar.
3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.
3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.
3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.
Agiri hauetako baten bidez frogatuko beharko dute desgaitasuna:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.
b) Deialdia argitaratzen den egunerako hilabete batez edo gehiago lan-eskatzaile gisa inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik goitiko diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.
Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren aitorpen baten bidez frogatuko da, hilabetean, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez duela jasotzen. Aitorpen hori orri zuri batean erredaktatu beharko da.
3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute, eta on line prestatuko den eremuan zehaztu beharko dute zein egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.
3.4. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek gainerako betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dituzte, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.
4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.
4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.
4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.5. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.
4.6. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran izangaiek eskatutako baldintzak betetzen dituztela aitortzeko. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Reina Sofia ospitaleko Erizaintza Zerbitzuko burua.
Ordezko mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintza Zerbitzuko burua.
Mahaikidea: Marta Aldaz Calvo andrea, Reina Sofia ospitaleko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Ordezko mahaikidea: Silvia Ainzúa Urra andrea, García Orcoyen ospitaleko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Mahaikidea: Araceli Mejías Jiménez andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Ordezko mahaikidea: Sofía Ramillete Bandrés andrea, Reina Sofia ospitaleko emagina, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Mahaikidea: Montserrat Port Gimeno andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.
Ordezko mahaikidea: Cristina Gómez Mariñelarena andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.
Batzordekide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Reina Sofía ospitaleko Langileria Zerbitzuko burua.
Ordezko mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Kudeaketa Zerbitzuko burua.
Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo eskudunari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1192 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Hurrenkera honetan eginen dira deialdi hau osatzen duten faseak: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2015eko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldiaren barrenean, idatziz erantzun beharko da I. eranskineko gai zerrendari buruzko galdera sorta bat. Galdera bakoitzarentzat zenbait erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Galdera kopurua, penalizazioa eta probaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.
6.3.2. Oposizialdia honela baloratuko da:
Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.
6.3.3. Probarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute bertara. Epaimahaiak jarritako egunean agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuak geldituko dira.
6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunak dituzten izangaientzat, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
6.3.5. Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki oholean azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ere izanen da aztergai.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaldia abiatuko dute oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.
Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte horretarako emanen den autobaremazioaren dokumentuan, eta agiri bidez frogatu, jatorrizko agiriak edo notario batek edo administrazioak konpultsatutako kopiak aurkeztuta, epaimahaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean, hurrengo paragrafoan xedatutako kasuetan izan ezik.
Izangaiek ez dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan emandako zerbitzuen zerrendarik aurkeztu beharko, ezta haiei buruzko frogagiririk ere, Giza Baliabideen Zuzendaritzak ofizioz aurkeztuko baititu. Bestalde, merezimenduak aurkezteko epea hasi aurretik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erakunde horretan dauden agiriak erakutsiko dizkio izangai bakoitzari, deialdi honetarako berriz aurkez ez ditzan. Informazio hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ikusten ahalko da.
Izangaiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan (Armada etorbidea, 2, Iruña) zuzenean aurkezten duten dokumentazioa interesdunei itzuliko zaie, behin erregistratu eta eskaneatu ondoren.
Dokumentazioa beste edozein erregistro bulegotan aurkezten duten izangaiek jatorrizkoak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, hiru hilabeteko epean, izendapena jakinarazi ondoren bi hilabete pasaturik, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu; izan ere, halakoetan, agiriak luzaroago gordetzen ahalko dira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak dokumentazioa berreskuratzen ez badu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haren gaineko eskubidea galduko du.
6.4.2. Euskaraz dakitela proben bidez frogatu nahi duten izangaiei behar den denborarekin jakinaraziko zaizkie proba horiek egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.4.3. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase horretan gehienez 40 puntu biltzen ahalko dira.
6.4.4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.5. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan eta “Erizaintza Obstetriko-ginekologikoa (emagina)” espezialitatean sailkaturik daudela (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen buruak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek agertu:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.
Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da.
6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
6.4.7. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita. Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ere ikusten ahalko dira.
7.–Azken puntuazioa.
Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.
Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena duen izangaia lehenetsiko da, baremoko hurrenkerari jarraituz.
8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Proposatutako izangaiek, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:
8.3.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzeko.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.3.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko edo Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek:
a) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
b) Nafarroako Foru Komunitatekoa ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez egiaztatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabilitako abiaburuko lanpostuan.
c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, aurreko atalean ezarritako baldintza beretan.
9.–Lanpostu hutsak hautatzea.
9.1. Administrazioko organo eskudunak izendapen proposamena argitaratu baino lehen esleituko du izangai bakoitzaren destinoko lantokia, deialdiaren xedeko lanpostuetan sartzen ahal diren eta probak gainditu dituzten izangaien eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, betiere lanpostu horiek lortzeko oinarri honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
%33ko desgaitasuna edo handiagoa izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute, eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.
Desgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.
9.2. Destinoko lantokia aukeratzeko prozedura hauxe izanen da:
–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien zerrenda eta eskaintzen diren zentroen (edo) lanpostuen zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki oholean eta erakunde horren enplegu publikoaren webgunean argitaratuko da.
–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak 15 egun naturaleko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, www.empleosalud.navarra.es webgunetik abiatuta, “oposizio lehiaketa” izeneko atalaren barrenean “deialdiak” klikatu eta, EMAGINEN O.L., 2009ko LPEa, aukeratu ondoren, deialdiaren fitxan dagoen estekan sartu beharko dira, eta lanpostuak aukeratu, lehentasun hurrenkeraren arabera.
–Organo dei-egileak burutuko du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza, kontuan harturik puntuazio hurrenkera eta ezarri diren gainerako irizpideak.
–Emaitzaren gaineko informazioa interesdunen eskura jarriko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean.
10.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak, Erizaintza Obstetriko-ginekologikoaren arloko erizain espezialisten lanpostuetan aritzeko.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
10.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.
10.3. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
Hautaprobak gainditu eta izendatzen diren izangaiek funtzionario izaera eskuratuko dute, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliatuak badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.
10.4. Izangaiak amatasunagatik edo adopzioagatik lizentzia baldin badu, atzeratu eginen da funtzionario gisa lanpostuaz jabetzeko egintza.
Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.
Kasu horietan, lanpostuaz jabetu arteko atzerapen egun horiek ere Administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko dira. Aitorpen hori, dena dela, funtzionario gisa lanpostuaz jabetzearekin lotuta egonen da, eta, hortaz, jabetza gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.
10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik), edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.7. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo haren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.
11.–Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.
11.1. Erizaintza Obstetriko-gerontologikoaren arloko erizain espezialisten (emaginak) aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren. (2014ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
11.2. Deialdi honen emaitzetan oinarrituta prestatzen diren kontratazio zerrendetako izangaiek 2.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta hortik aurrera ere bai.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehalakoan baztertuko dira kontratazio zerrendatik.
11.3. Iraupen laburreko zein luzeko kontratazioetarako zerrendetan agertuko diren zentroak deialdian parte hartzeko eskabidean berean aukeratuko dira. Deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratutakoan, interesdunek, argitaratu eta biharamunetik hamar eguneko epean, hasieran aukeratutakoa aldatzen ahalko dute.
Zentro/Eremu bakar bat ere hautatzen ez dutenek aldi baterako kontratazio zerrendetan sartzeari uko egiten diotela ulertuko da. Dena dela, prozesua gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiei ez zaie hori aplikatuko. Izan ere, zerrendetan egon nahi ez dutela adierazteko eskabidea aurkeztu ezean, zerrenda guztietan agertuko dira (zentro eta lan eremu guztiak, eta kontratazio laburrak eta luzeak).
11.4. Eremu horietako bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta iraupen luzeko kontratuetarako bestea.
11.5. Hautapen prozesu honetan parte hartu eta lanpostua eskuratzen duen lehen izangaia lanpostuaz jabetzen denean hartuko du indarra aurreko ataletan xedatutakoaren arabera osatutako zerrendak.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat.
Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 3 artikuluarekin bat.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 7an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Cristina Ibarrola Guillén.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1. gaia. Osasuna babesteko eskubidea Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren arabera.
41/2002 Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari buruzkoa.
16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa: printzipio orokorrak, titularrak, herritarren eskubideak eta prestazioak.
44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko lanbideen antolamenduari buruzkoa: Osasun arloko lanbideetako jardueraren printzipio orokorrak.
2. gaia. Bioetikaren oinarrizko printzipioak: dilema etikoak. Espainiako Erizaintzaren Kode Deontologikoa, eta Emaginen Nazioarteko Konfederazioaren Kode Etikoa.
Lanbideko sekretua: kontzeptua eta araudi juridikoa.
3. gaia. Osasun plangintza. Osasun programen prestaketa eta ebaluazioa. Praktika klinikoaren gidak. Zainketa-mapak. Bide klinikoak.
4. gaia. Laguntza espezializatuan eta oinarrizko osasun laguntzan erabiltzen diren informazio sistemak: historia klinikoa.
Osasun arazoen nazioarteko sailkapenak (CIAP-2, CIE-10 eta NANDA).
5. gaia. Ikerketaren metodologia. Ikerketa lan baten diseinu egokia: helburua eta hipotesia, plangintza, kostuak, etika eta legezkotasuna. Laginaren tamaina eta balioa. Laginketa-teknikak. Errore motak. Emaitzen komunikazioa. Artikulu zientifikoa eta komunitate zientifikoa: prestaketa, aurkezpena eta argitalpena. Ebidentzian oinarritutako medikuntza.
6. gaia. Osasun publikoa: Osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuak. Osasunaren sustapena eta prebentzioa: kontzeptua.
7. gaia. Epidemiologia: kontzeptua. Metodo epidemiologikoa. Diseinu epidemiologikoak. Zaintza Epidemiologikoaren Sistema Nazionala.
8. gaia. Irakaskuntza, lanbide garapenerako beharrezkoa den jarduera. Emaginak graduatu aurreko eta ondoko prestakuntzan parte hartzea. Etengabeko prestakuntza.
9. gaia. Komunikaziorako gaitasun eta teknikak. Pertsonen arteko eta lanbidearteko komunikazioa. Emaginak pazientearekin, ahaideekin eta gizarte taldeekin eduki beharreko harremana: entzule aktiboa, laguntza emateko harremana. Taldelana, arreta ematearen inguruko esparru guztietan.
10. gaia. Zainketen metodologia. Erizaintzako prozesua.
11. gaia Zainketa obstetriko-ginekologikoen antolaketa oinarrizko osasun laguntzan eta laguntza espezializatuan: osasun etxeak, komunitatea, ospitalea. Emaginen kontsulta. Zainketa obstetriko-gerontologikoen koordinazioa bi laguntza mailetan, hau da, oinarrizko osasun laguntzan eta laguntza espezializatuan. Zainketa obstetriko-ginekologikoen plangintza eta programak.
12. gaia. Emagina, osasun arloko hezitzaile. Komunikazio eta informazio sistemak emakumeen osasun hezkuntzaren arloan. Emakumeen eta jaioberrien osasun hezkuntza. Talde dinamikak aplikatzea emakumeen osasunerako hezkuntza programetan. Substantzia adiktiboen kontsumoari aurrea hartzeko hezkuntza.
13. gaia. Generoa eta osasuna. Genero indarkeria. Tratu txarrak: detektatzea eta aurrea hartzea.
14. gaia. Zainketa obstetriko-ginekologikoen plangintza eta programak. Zainketa obstetriko-ginekologikoen protokoloak: definizioa, egitura, prestaketa, ezarpena eta berrikuspenak. Zainketa obstetriko-ginekologikoen ereduak: hautatzeko irizpideak, zainketa obstetriko-ginekologikoak planifikatzeko sistemak: estandarizazioa, indibidualizazioa. Obstetriziako historiako datuak.
15. gaia. Giza ugalketa. Gametogenesia: obogenesia eta espermatogenesia. Giza ugalketa sexualaren kontzeptu orokorrak. Gizonezkoen eta emakumezkoen ugalketa-sistemaren egitura eta eginkizuna. Kanpoko organo genitalak. Hezur-pelbisa. Pelbis biguna. Barneko organo genitalak. Histologia. Baskularizazioa. Lotailuak. Inerbazioa. Emakumezkoen ugalketa zikloa: ziklo obarikoa eta ziklo endometriala.
16. gaia. Giza genetika: herentzia, geneak eta kromosomak. Mapa genetikoa eta kariotipoa. Herentzia patroiak: menperatzailea, errezesiboa eta poligenikoa. Alterazio kromosomatikoak eta herentziazkoak. Malformazio genetikoak: motak, sailkapena, zergatiak eta prebentzioa. Sailkapena. Jaio aurreko diagnostikoa. Proba inbasiboak eta ez-inbasiboak. Aholkularitza eta jarduketa.
17. gaia. Enbriologia. Enbrioi-egoeraren aurreko aldia: ernalketa, garraioa eta ezarpena. Enbrioi-egoeraren aldia: Hosto germinalen bereizketa. Gorputz itxura agertzea. Plazentaren ezaugarri morfologiko eta funtzionalak. Fetu garaia: garapena. Fetu zirkulazioa.
18. gaia. Ernalezintasun arazoak dituzten bikoteak: antzutasunaren zergatiak, balorazio klinikoa, alternatibak antzutasunari. Antzutasuna/Ernalezintasuna. Jaio aurreko/Jaio ondoko diagnostikoa. Laguntza bidezko ugalketa teknikak.
19. gaia. Haurduntzaren kontzeptua. Haurduntzaren anatomia eta fisiologia. Emakumeak izaten dituen aldaketa estrukturalak, aldaketa funtzionalak, emozionalak eta psikologikoak. Haurduntzaren diagnostikoa: Haurdunaldiaren proba. Norberaren zainketa haurdunaldian.
20. gaia. Jaio aurreko kontsulta: Emakume haurdunari arreta ematea. Jaio aurreko kontrolaren helburuak. Emakume haurdunaren historia. Azterketa orokorra eta obstetrikoa: Leopold-en maniobrak. Ohiko analitika eta proba diagnostikoak (kardiografia, ekografia, zitologia, erradiologia, amniografia, amniozentesia), jarraibideak, prestaketa eta arriskuak. Erditzea noiz izanen den nola kalkulatu. Arazoen identifikazioa. Emakume haurdunaren kontrola eta jarraipena. Emakume haurdunaren etengabeko balorazioa.
21. gaia. Haurdunaldiko infekzioei aurrea hartzea eta arreta ematea. Immunizazio aktiboa eta pasiboa. Zainketak haurdunaldian, erditzean, erditu ondoren eta edoskitze aldian. Osasun hezkuntza.
22. gaia. Emakume haurduna eta bikotekidea jaiotzarako, amatasunerako eta hazkuntzarako prestatzea. Edukiak: aldaketak haurdunaldian, haurdunaldiko zainketak, erditze prozesua, erditzeko prestaketa psikofisikoa, erdiberriaroa, jaioberriaren zainketak, amagandiko edoskitzea. Metodologia. Taldekako eta banakako teknikak. Ebaluazioa.
23. gaia. Erditze arruntari arreta emateko estrategia eta horren gaineko praktika klinikoaren gida, Osasun eta Gizarte Politikaren Ministerioak argitaratua. Emakumearentzako zainketak eta arreta ematea erditzean: Zantzuak eta sintomak. Azterketak ospitalera iristean. Barneko eta kanpoko monitorizazioa. Amniorresia. Erditze lanetako etapak: erditzearen fisiologia, amaren organismoa erditze lanetara egokitzea, fetua erditze-kanalera egokitzea. Fetuaren kokapena eta aurkezpena: nomenklatura. Amaren eta fetuaren balorazioa.
24. gaia. Zoru pelbikoaren ebaluazioa: erditu aurreko balorazioa eta erditu ondoko balorazioa. Masaje perineala eta Kegel-en ariketak. Teknika hipopresiboak. Erditzearen ondoriozko aldaketak. Perineo eskasa izatearen ondorioak. Prebentzioa, balorazioa, jarduketa eta emaginaren kontsultatik deribazioak egitea. Osasun hezkuntza. Errehabilitazioa.
25. gaia. Fetuaren ongizatearen balorazioa: teknika inbasiboak eta ez-inbasiboak.
26. gaia. Farmakoterapia erditze prozesua bitartean: dilatazio induzitua. Arazoak eta konplikazioak. Induktoreak, analgesikoak eta anestesikoak.
Mina arintzeko metodo ez-farmakologikoak.
27. gaia. Zilbor-hesteko odol emateak. Definizioa. Prozedura. Lege alderdiak.
28. gaia. Zainketak jaiotzatik beretik. 2010eko jardunbide egokietan eta probetan oinarritutako gomendioak (Osasuneko eta Gizarte Politikako Ministerioa). Jaioberriari berehalako arreta ematea. Hasierako balorazioa, erregistroak eta berehalako zainketak. Azterketa orokorra: Apgar-en testa. Balorazio neurologikoa. Arrisku egoeren identifikazioa. Jaioberria umetokiz kanpoko bizitzara egokitzea. Jaioberriaren zainketak: oxigenoa ematea, termoerregulazioa, ongizatea eta segurtasuna. Elikadura, kanporaketa, jarduera, loa. Metabolopatien baheketa. Gurasoei orientabideak ematea jaioberrien zainketei buruz.
29. gaia. Erdiberriaroan emakumeari arreta ematea. Erdiberriaro arrunta. Aldaketa fisiko eta psikologikoak. Arreta ematea hasiera-hasierako erdiberriaroan. Norberaren zainketa erdiberriaroan. Kontrola eta jarraipena erdiberriaroan: Etxeko bisita, kontrol programak ama berriari eta jaio berriari. Erditu ondoko azterketa.
30. gaia. Amagandiko edoskitzea. Bularraren anatomia eta fisiologia. Edoskitzealdi baten behaketa eta ebaluazioa. Nola kokatu haurra bularrean: hazkuntza biologikoa. Amaren esnea ateratzea. Jaiotzan eta Edoskitzean ematen den Laguntza Humanizatzeko Ekimena. Bularreko afekzioak. Amagandiko edoskitzea egoera berezietan. Edoskitze artifiziala.
31. gaia. Arriskua nola enfokatu ama-haurren osasunaren ikuspegitik. Arriskuko haurdunaldia duten emakumeentzako arreta eta zainketak. Arrisku gineko-obstetrikoa. Arrisku psikologikoa. Arrisku soziala. Jarraibideak. Zainketak eta norberaren zainketak. Osasun hezkuntza.
32. gaia Haurdunaldi eta erditze anizkoitza. Balorazioa eta zainketak.
33. gaia. Haurdun dauden emakume diabetikoentzako arreta eta zainketak. Hipertentsioa eta haurdunaldia. Jarraibideak. Zainketak eta norberaren zainketak. Osasun hezkuntza.
34. gaia. Haurdunaldiari lotuta ez dagoen patologia eta bestelako konplikazioak dituzten emakumeentzako arreta eta zainketak: arazo kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hematologikoak. Infekzioak: toxoplasmosia, listeriosia, errubeola. Toxemiak (hiperemesia, aurre-eklanpsia, eklanpsia), etab. Jarduketa ildoak.
35. gaia. Haurdun dauden emakumeentzako arreta eta zainketak, lehenengo eta bigarren hiruhilekoan konplikazioak agertzen direnean: Mola hidatiformea, haurdunaldi ektopikoa, abortu mehatxua, berezko abortua. Arreta emateko ildoak. Alarma-sintomak. Jarduketa.
36. gaia. Hirugarren hiruhilekoan konplikazioak dituzten emakumeentzako arreta eta zainketak. Plazenta prebioa, ongi txertatua dagoen plazenta askatzea, luzatutako haurdunaldia. Arreta emateko ildoak. Alarma-sintomak. Jarduketa.
37. gaia. Obstetrizia arloko larrialdi egoerak erditzean: zilbor-hestearen prolapsoa, likido amniotikoaren enbolia, umetokia apurtzea, sorbalden distozia, plazenta aldez aurretik askatzea, erditzearen odoljarioa, umetokiaren atonia. Alarma-sintomak eta jarduketa-ildoak. Definizioa, sailkapena, etiopatogenia, arrisku faktoreak, adierazpen klinikoak eta kirurgiak. Amaren bihotz-biriken erreanimazio oinarrizkoa eta aurreratua.
38. gaia. Erdiberriaroko arrisku egoerak. Kontzeptua, faktore etiologikoak eta batera gertaturiko faktoreak. Konplikazio orokorrak: odoljarioak, eritasun tronboenbolikoa. Erdiberriaroko infekzioa: profilaxia, emakumearentzako arreta eta zainketak. Konplikazio lokalizatuak: mastitisa, josturen dehiszentziak, perineoko hematomak. Emaginaren zainketak. Ama berriaren egokitzapen psikosoziala: erditze ondoko depresioa.
39. gaia. Arreta eta doluaren tratamendua fetua hiltzen denean umetokiaren barrenean edo erditu ondoren. Ezaugarriak eta dolu motak. Doluaren faseak.
40. gaia. Arriskua duten jaioberriak: erditze goiztiarreko jaioberriak, pisu gutxiegikoak eta erditze berantiarrekoak. Arazoen sailkapena. Jaioberrien anoxia. Hiperbilirrubinemia. Jaioberriaren eritasun hemolitikoa. Zergatiak, konplikazioei aurrea hartzea. Zainketa espezifikoak. Jaioberrien sepsia: zergatiak eta konplikazioei aurrea hartzea. Jaioberrien baheketa metabolikoa eta hipoakusiakoa.
Jaioberrien bihotz-biriken erreanimazio oinarrizkoa eta aurreratua.
41. gaia. Antisorgailuak. Indikazioak eta kontraindikazioak. Segurtasun mailak. Pearl-en indizea. Antisorkuntzaren Espainiako Sozietatearen Adostasunerako Biltzarra (2011). Hezkuntza eta aholkularitza afektibo-sexuala. Arreta ematea antisorkuntzaren gaineko gaietan, eta gazteen arrisku-jokaerei aurrea hartzea. Familia-plangintzarako programa.
42. gaia. Emakumeari laguntzeko Plan Integrala. Emakumearentzako arreta eta zainketak: nerabezaroa, menarkia, pubertaroa. Emakume emankorren arazo ginekologikoak.
Sexualitatea: anorgasmia, sexualitateari lotutako asaldurak.
Ohitura osasungarriak sustatzea. Arriskuen kontrola eta prebentzioa.
43. gaia. Arazo ginekologikoak dituzten emakumeentzako zainketak. Ziklo menstrualaren alterazioak. Ugalketa sisteman egiturazko arazoak dituzten emakumeak. Ugalketa sistemaren infekzioak eta hantura-prozesuak.
44. gaia. Genitaletako eta bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra. Prebentzio programak. Epidemiologia. Laguntza ildoak. Minbizi ginekologikoa duten emakumeentzako arreta eta zainketak.
45. gaia. Genitalen bidez transmititzen diren infekzioak, sailkapena.
Diagnostikoa, prebentzioa eta tratamendua.
46. gaia. Emakumeentzako arreta eta zainketak klimaterioan: Aldaketak. Ohitura osasungarriak sustatzea. Arriskuen kontrola eta prebentzioa. Osasun hezkuntza, indibiduala eta taldekakoa.
II. ERANSKINA
Baremoa
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Honako hauek baloratuko dira:
1.1. Edozein administrazio publikotako zentroetan, lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.
1.2. Edozein administrazio publikotan beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. 0,75 puntu, urte bakoitzeko.
Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratuko langile finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Horren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarritako irizpideei jarraikiz kontatuko dira egindako zerbitzuak.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldiaren araubidea kontuan hartu gabe.
Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, aldi berean egindako zerbitzuak badira; halakoetan, handiena bakarrik hartuko da kontuan.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.
Atal honetan, guztira, 17 puntu lor daitezke gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak izanda ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta liburuetan edo abstraketan egiten diren txostenak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Graduondoko prestakuntza:
–Ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.
–Doktore gradua: 1 puntu.
–Unibertsitateko aditua: 1 puntu.
–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.
2.2. Prestakuntza espezializatua:
–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitateetako batekoa: 1 puntu.
–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da atal honetan baloratuko.
2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztapenean orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian orduen kopurua ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak proportzionalki puntuatuko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.
Atal honen barrenean, eraakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintzak bete gabe ere, Administrazioak agindu edo homologatu dituen prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, bai eta sindikatuek “Administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen” ondorioz antolatuak ere.
Titulazio ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.
2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, afixak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartekoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,2 puntu.
–Estatukoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu.
–Autonomia erkidegokoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,05 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak:
–Nazioartekoa: 0,75 puntu.
–Estatukoa: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegokoa: 0,2 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehenengo hiru sinatzaileak, 0,4 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,2 puntu.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.8. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa, eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Egiaztagiriaren arabera, ikasturte osoa egiaztatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Gehienez ere puntu 1 emanen da.
2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Atal honetan, guztira, 22 puntu lor daitezke gehienez.
3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa:
Euskararen jakite-mailaren balorazioa ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera.
Iragarkiaren kodea: F1507019
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
