Iragarkia
95. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
109E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako Teknikari (EZLT) izateko 69 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi hau arau hauetan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko da:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzkoa.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.
1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetan argitaratuko dira:
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentralen iragarki oholetan (Armada etorbidea, 2, Iruña) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen ofiziala izanen da.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren webgunean (www.empleosalud.navarra.es), “oposizio lehiaketa” izeneko estekan, “deialdiak” klikatu eta EZLT, 2009ko LPEa, aukeratu. Informazioa emateko balioko du.
1.3. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako Teknikari (EZLT) izateko 69 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea;
53 lanpostu, Osasunbidea–Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako otsailaren 1eko 175/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren bitartez egindako lekualdatze lehiaketan hutsik gelditu zirenak (ebazpena 2010eko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 26an):
–42, Nafarroako Ospitalegunean:
Hauek dira lanpostu horien zenbakiak: 61321, 61485, 61966, 61970, 61975, 63153, 63178, 63223, 63345, 63544, 63885, 64373, 64486, 64642, 64821, 64959, 65000, 65022, 65090, 65253, 65349, 65559, 65560, 65568, 65801, 65804, 65806, 66713, 67166, 67189, 67257, 67259, 67262, 68021, 68119, 69665, 69668, 69671, 69676, 69677, 69679 eta 69834.
–5, Lizarrako García Orcoyen Ospitalean:
Hauek dira lanpostu horien zenbakiak: 66646, 69900, 69901, 69903 eta 69905.
–6, Osasun Mentalaren Sarean:
Hauek dira lanpostu horien zenbakiak: 61759, 61953, 61986, 62054, 62266 eta 62300.
16 lanpostu, Osasunbidea–Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bitartez onetsitako ez ohiko lekualdatze-lehiaketan hutsik gelditzen direnak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2015eko maiatzean argitaratuko baita. Non aritu behar duten eta plantilla zenbakiak hautapen-prozesuan zehar zehaztuko dira ebazpenaren bidez.
1.4. Lau lanpostu desgaitasunak dituzten pertsonen txandako izangaiek betetzeko erreserbaturik daude. Gainerako lanpostu hutsak halako lanpostuak betetzeko ordena honi segituz banatuko dira:
a) Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.
b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.
Hurrenkera txanda irekitik hasiko da kontatzen, izan ere, lehenago eskainitako azken lanpostua barne igoerakoa izan zen. Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:
a) 33 lanpostu, txanda irekian.
b) 32 lanpostu, igoera txandan.
c) 4 lanpostu, %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenendako txandan.
1.5. Izangaiek txanda bakar batean parte har dezakete. Beraz, parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute zein txandatan parte hartu nahi duten.
1.6. Igoera txandako lanpostu hutsak edo minusbaliotasuna dutenentzat erreserbatutakoak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, aurreko oinarriaren arabera dagokion txandakoei gehituko zaizkie.
Era berean, igoera txandan eta/edo desgaitasuna dutenentzako txandan lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsetarako aukera izanen dute, aipatu txandara aurkeztu direnekin lehia hertsian, lortutako azken puntuazioari jarraituz.
1.7. Deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak eta desgaitasunak dituzten pertsonen txandakoak txanda irekian onartuko dira, baldin eta azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute. Azterketa egiteko tasak ordaindu ez badituzte, ordainketa hori egin beharko dute.
1.8. Deialdiko lanpostuak D maila edo taldekoak dira, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko “Osasun laguntzaileak” estamentuan eta “Zainketa lagungarriak” espezialitatean sailkatuta daude (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berezko araubidea erregulatzen duena, Eranskina).
1.9. Lanpostuen ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.
1.10. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
1.11. EZLTren lanpostu bat lortzen dutenak azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera dagokien atxikipen-esparruari lotuta geldituko dira.
1.12. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangai zerrenda bat prestatuko da, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Teknikari laguntzailea, osasun arlokoa, klinikako laguntzailea, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria LH1eko titulua edo baliokidea dena izatea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua eskuratzeko moduan egotea eta horretarako eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.
Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
Titulua atzerrian lortuz gero, homologaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitakoez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioak, estatutupeko langileak edo lan-kontratudun finkoak izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa eta beste kategoria batekoa izatea.
c) Teknikari laguntzailea, osasun arlokoa, klinikako laguntzailea, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria LH1eko titulua edo baliokidea dena izatea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua eskuratzeko moduan egotea.
d) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.
2.1.3. Desgaitasunak dituzten pertsonentzat erreserbatutako txandako izangaiek, txanda irekikoentzat ezarritako baldintzez gain, %33ko desgaitasuna edo handiagoa ofizialki onartua izan beharko dute.
2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.
3.–Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
3.1. Eskaera.
Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina da.
Izena emateko eskabidea eta ordainketa telematika bidez eginen da, webgunearen bidez, (www.empleosalud.navarra.es), “oposizio lehiaketa” izeneko estekan, “deialdiak” klikatu eta EZLT, 2009ko LPEa, aukeratu. Online eskabideari ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzeko agiri eskaneatuak erantsi beharko zaizkio.
Berariaz eskatu ezean, paperezko agiri bat ere ez da aurkeztu behar.
3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.
3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 15,60 euroko tasa ordaindu behar da.
3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.
Agiri hauetako baten bidez frogatuko beharko dute desgaitasuna:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.
b) Deialdia argitaratzen den egunerako hilabetez edo gehiago lan-eskatzaile gisa inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik goitiko diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.
Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren aitorpen baten bidez frogatuko da, hilabetean, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez duela jasotzen. Aitorpen hori orri zuri batean erredaktatu beharko da.
3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute, eta online prestatuko den eremuan zehaztu beharko dute zein egokitzapen eskatu duten edo zein doikuntza behar duten.
3.4. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek gainerako betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dituzte, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.
4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.
4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.
4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.5. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.
4.6. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran izangaiek eskatutako baldintzak betetzen dituztela aitortzeko. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Epaimahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintzako zuzendaria.
Ordezko mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintza Arloko burua.
Mahaikidea: María Lucía Lahuerta Guillermo andrea, Reina Sofia ospitaleko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Ordezko mahaikidea: Iosune Vicente Uriel andrea, Reina Sofia ospitaleko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Mahaikidea: Esther Irigoyen Aznárez andrea, García Orcoyen ospitaleko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Ordezko mahaikidea: Asunción Merino Peralta andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintza Unitateko burua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.
Mahaikidea: María Yolanda Ayerra Ituráin andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.
Ordezko mahaikidea: Begoña Ruiz Malagón andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.
Mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren zuzendaria.
Ordezko mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren Administraziorako Zerbitzuko burua.
Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo eskudunari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1192 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Hurrenkera honetan eginen dira deialdi hau osatzen duten faseak: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2015eko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan hasiko den.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldiaren barrenean, idatziz erantzun beharko da I. eranskineko gai zerrendari buruzko galdera sorta bat. Galdera bakoitzarentzat zenbait erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Galdera kopurua, penalizazioa eta probaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.
6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:
Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.
6.3.3. Probarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute bertara. Epaimahaiak jarritako egunean agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuak geldituko dira.
6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunak dituzten izangaientzat, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
6.3.5. Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki oholean azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ere izanen da aztergai.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaldia abiatuko dute oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.
Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte horretarako emanen den autobaremazioaren dokumentuan, eta agiri bidez frogatu, jatorrizko agiriak edo notario batek edo administrazioak konpultsatutako kopiak aurkeztuta, epaimahaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean, hurrengo paragrafoan xedatutako kasuetan izan ezik.
Izangaiek ez dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan emandako zerbitzuen zerrendarik aurkeztu beharko, ezta haiei buruzko frogagiririk ere, Giza Baliabideen Zuzendaritzak ofizioz aurkeztuko baititu. Bestalde, merezimenduak aurkezteko epea hasi aurretik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erakunde horretan dauden agiriak erakutsiko dizkio izangai bakoitzari, deialdi honetarako berriz aurkez ez ditzan. Informazio hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ikusten ahalko da.
Izangaiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan (Armada etorbidea, 2, Iruña) zuzenean aurkezten duten dokumentazioa interesdunei itzuliko zaie, behin erregistratu eta eskaneatu ondoren.
Dokumentazioa beste edozein erregistro bulegotan aurkezten duten izangaiek jatorrizkoak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, hiru hilabeteko epean, izendapena jakinarazi ondoren bi hilabete pasaturik, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu; izan ere, halakoetan, agiriak luzaroago gordetzen ahalko dira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak dokumentazioa berreskuratzen ez badu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haren gaineko eskubidea galduko du.
6.4.2. Euskaraz dakitela proben bidez frogatu nahi duten izangaiei behar den denborarekin jakinaraziko zaizkie proba horiek egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.4.3. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase horretan gehienez 40 puntu biltzen ahalko dira.
6.4.4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.5. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak “Osasun laguntzaileak” estamentuan eta “Zainketa lagungarriak” espezialitatean sailkaturik daudela (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskineko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen buruak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.
Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da.
6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
6.4.7. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita. Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean ere ikusten ahalko dira.
7.–Azken puntuazioa.
Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.
Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena duen izangaia lehenetsiko da, baremoko hurrenkerari jarraituz.
8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Proposatutako izangaiek, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:
8.3.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzeko.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.3.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko edo Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek:
a) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia, notarioak edo administrazioak konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
b) Nafarroako Foru Komunitatekoa ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez egiaztatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabilitako abiaburuko lanpostuan.
c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, aurreko atalean ezarritako baldintza beretan.
8.3.3. Eskabidean %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, baloratzeko eta orientatzeko taldeek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, desgaitasun gradua eta bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen dituena.
9.–Lanpostu hutsak hautatzea.
9.1. Administrazioko organo eskudunak izendapen proposamena argitaratu baino lehen esleituko du izangai bakoitzaren destinoko lantokia, deialdiaren xedeko lanpostuetan sartzen ahal diren eta probak gainditu dituzten izangaien eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, betiere lanpostu horiek lortzeko oinarri honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
%33ko desgaitasuna edo handiagoa izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute, eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.
Desgaitasuna duen izangairik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.
9.2. Destinoko lantokia aukeratzeko prozedura hauxe izanen da:
–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien zerrenda eta eskaintzen diren zentroen (edo) lanpostuen zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori Zerbitzu Zentraletako iragarki oholean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko webgunean argitaratuko da.
–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak 15 egun naturaleko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, www.empleosalud.navarra.es webgunetik abiatuta, “oposizio lehiaketa” izeneko atalaren barrenean “deialdiak” klikatu eta, EZLT, 2009ko LPEa, aukeratu ondoren, deialdiaren fitxan dagoen estekan sartu beharko dira, eta lanpostuak aukeratu, lehentasun hurrenkeraren arabera.
–Organo dei-egileak burutuko du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza, kontuan harturik puntuazio hurrenkera eta ezarri diren gainerako irizpideak.
–Emaitzaren gaineko informazioa interesdunen eskura jarriko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean.
10.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu ebazpen bidez, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariaren lanpostuan aritu daitezen.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
10.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.
10.3. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
Hautaprobak gainditu eta izendatzen diren izangaiek funtzionario izaera eskuratuko dute, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliatuak badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.
10.4. Izangaiak amatasunagatik edo adopzioagatik lizentzia baldin badu, atzeratu eginen da funtzionario gisa lanpostuaz jabetzeko egintza.
Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.
Kasu horietan, lanpostuaz jabetu arteko atzerapen egun horiek ere Administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko dira. Aitorpen hori, dena dela, funtzionario gisa lanpostuaz jabetzearekin lotuta egonen da, eta, hortaz, jabetza gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.
10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik), edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.7. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo haren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.
11.–Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.
11.1. Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren. (2014ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
11.2. Deialdi honen emaitzetan oinarrituta prestatzen diren kontratazio zerrendetako izangaiek 2.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta hortik aurrera ere bai.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehalakoan baztertuko dira kontratazio zerrendatik.
11.3. Iraupen laburreko zein luzeko kontratazioetarako zerrendetan agertuko diren zentroak deialdian parte hartzeko eskabidean berean aukeratuko dira. Deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratutakoan, interesdunek, argitaratu eta biharamunetik hamar eguneko epean, hasieran hautatutakoa aldatzen ahalko dute.
Aipatu zentro/eremuetatik bakar bat ere hautatzen ez dutenek oinarri honen arabera prestatzen diren aldi baterako kontratazio zerrendetan sartzeari uko egiten diotela ulertuko da. Hori ez zaie aplikatuko prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez dutenei, zeinek, non ez duten salbuesteko eskatzen, laneko zentro/esparru guztietan eta zerrenda guztietan agertuko baitira, iraupen luzekoak zein laburrekoak izan.
11.4. Eremu horietako bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta iraupen luzeko kontratuetarako bestea.
11.5. Hautapen prozesu honetan parte hartu eta lanpostua eskuratzen duen lehen izangaia lanpostuaz jabetzen denean hartuko du indarra aurreko ataletan xedatutakoaren arabera osatutako zerrendak.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat.
Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 3 artikuluarekin bat.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 7an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Cristina Ibarrola Guillén.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1. Osasunaren eta eritasunaren kontzeptuak. Osasun-adierazleak. Osasun publikoa eta komunitarioa. Osasun hezkuntza. Eritasunaren prebentzioa eta osasunaren sustapena.
2. Osasun Sistema Nazionala. Osasun laguntzaren mailak. Egitura organikoak eta funtzionalak. Autonomia erkidegoetako Osasun Zerbitzuak. 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa. 10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Nafarroako Osasunari buruzkoa.
3. 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa.
4. Pertsonek osasuna dela-eta dauzkaten eskubideak eta betebeharrak. 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa. Osasun dokumentazioa. Konfidentzialtasuna. Argibide ondoko baimena. Informazio sistemak. Bioetikaren oinarrizko printzipioak.
5. Komunikazioa. Teknika eta trebetasunak. Pazienteekiko harremanak. Entzute aktiboa.
6. Laguntza mailen arteko koordinazioa. Oinarrizko beharrak eta autozainketa. Ospitaleratutako pazientearen arazo psikosozialak eta egokitzapenekoak.
7. Osasun biltegiak. Segurtasunari eta eta kontserbazioari buruzko arauak. Izakinen kudeaketa. Osasunerako erabiltzen den materialaren manipulazioa eta kontserbazioa.
8. Farmakologiari buruzko printzipioak. Sendagaiak emateko bideak. Arretazko neurriak. Biltegiratzea eta kontserbazioa. Etiketatzea.
9. Infekzioari buruzko kontzeptu orokorrak. Infekzio nosokomiala. Isolamendua eta isolamendu motak. Segurtasun eta higiene arauak. Eskuen garbiketa.
10. Asepsia eta antisepsia. Antiseptikoen eta desinfektatzaileen mekanismoa. Materiala eta tresneria desinfektatzea eta garbitzea. Esterilizazio kontzeptua, metodoak eta kontrolak. Osasun-hondakinak. Araudia. Sailkapena. Garraioa eta kentzea. Arretazko neurriak.
11. Lan-osasuna. Segurtasuna. Arrisku fisiko, psikiko, kimiko eta biologikoaren faktoreak. Ergonomia. Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko araudia.
12. Presako eta larrialdietako irizpideak. EZLTren arreta egoera kritikoetan. Oinarrizko bizi-euskarria. Bizi-euskarriaren orga. Materiala berritzea eta mantentzea. Erien immobilizazioa eta garraioa.
13. Bizi-konstanteak. Kontzeptua. Prozedura. Grafikoak eta balantze hidrikoa.
14. Ginekologiaren eta obstetriziaren printzipio anatomofisiologikoak. EZLTren arreta Ginekologian. Zainketak erditzeko gelan. EZLTren arreta jaioberriekiko eta bularreko haurrekiko. Larrialdiko egoeretan nola jokatu.
15. Higienearekin eta garbitasunarekin lotuta dauden prozedurak. Azalaren eta ilearen higiene orokorra eta partziala. Aho osasuna eta higienea.
16. Azala. Orokortasunak. Ultzerak presioagatik. Kontzeptua. Arrisku faktoreak. Prebentzio neurriak. Zaurien zainketa.
17. Eusteko eta mugitzeko printzipio anatomofisiologikoak. Bendajeak. EZLTren arreta pazientea lekuz aldatzeko eta ibiltzen laguntzeko. Istripuei aurrea hartzeko neurriak. Gertaera kaltegarriak jakinarazteko sistemak.
18. Pazientea prestatzea azterketetarako eta operazio kirurgikoetarako. Material eta dispositibo mediko-kirurgikoak. Operazioa egin aurretiko eta ondorengo arreta.
19. Elikagaien sailkapena. Manipulazioa. Dieta terapeutikoak. Elikadura enteralaren eta parenteralaren teknikak. Metabolismoa eta nutrizioa.
20. Sistema neuroendokrinoa eta zentzumenen organoak. Fisiologia eta patologia ohikoenak.
21. Inmunitate-sistema eta odol-sistema. Organoen eta ehunen transplantea.
22. Bihotz eta arnas aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. EZLTren arreta bihotz eta arnas prozesuetan. Proba funtzionalak eta diagnostikoak.
23. Iraitz-aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. EZLTren arreta iraitzi beharrean.
24. EZLTren arreta Osasun Mentalean eta buru-nahasmenduen sailkapena.
25. EZLTren arreta toxikomania, alkoholismoa edota droga-mendekotasuna duten pertsonekiko.
26. EZLTren arreta eta zainketak adinekoekiko. Dementzia duten pertsonak. Laguntza zaintzaile nagusiari eta familiari.
27. EZLTren arreta paziente terminal eta bere familiarekiko. Zainketa aringarriak. Hil ondoko zainketak. Dolua.
II. ERANSKINA
Baremoa
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Honako hauek baloratuko dira:
1.1. Edozein administrazio publikotako zentroetan, lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.
1.2. Beste estamentu eta/edo espezialitate batean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. 0,75 puntu, urte bakoitzeko.
Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratuko langile finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Horren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarritako irizpideei jarraikiz kontatuko dira egindako zerbitzuak.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldiaren araubidea kontuan hartu gabe.
Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, aldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik hartuko da kontuan.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Atal honetan, guztira, 17 puntu lor daitezke gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
Bigarren, laugarren eta bosgarren azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak izanda ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.
Akta liburuetan edo abstraketan egiten diren txostenak, afixak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea, kreditu akademiko bakoitzeko 0,2 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztapenean orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian orduen kopurua ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak proportzionalki puntuatuko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.
Atal honen barrenean, eraakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintzak bete gabe ere, Administrazioak agindu edo homologatu dituen prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, bai eta sindikatuek “Administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen” ondorioz antolatuak ere.
Titulazio ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Gehienez ere 10 puntu emanen dira.
2.2. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, afixak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartekoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,2 puntu.
–Estatukoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu.
–Autonomia erkidegokoa: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,05 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.3. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak:
–Nazioartekoa: 0,75 puntu.
–Estatukoa: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegokoa: 0,2 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.4. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehenengo hiru sinatzaileak, 0,4 puntu. Hurrengo hiru sinatzaileak: 0,2 puntu.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.5. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.6. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: hamar orduko: 0,2 puntu.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa, eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Egiaztagiriaren arabera, ikasturte osoa egiaztatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Gehienez ere puntu 1 emanen da.
2.7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Atal honetan, guztira, 22 puntu lor daitezke gehienez.
3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa:
Euskararen jakite-mailaren balorazioa ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu baitzen.
Iragarkiaren kodea: F1507017
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
