Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 4koa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Kontuen Ganberako auditoriako teknikari izateko hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdia.
Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, maiatzaren 4an, honako ebazpen hau eman zuen:
Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusiak proposamen bat egin du auditoriako teknikari izateko hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdiaz. Lanpostu horiek 2015erako Ganberako plantilla organikoan ageri dira. Proposamen horri adostasun txostenak eman dizkiote erakundeko zerbitzu juridikoek, kontu-hartzailetzak eta administratzaileak. Hori dela-eta, Lehendakaritza honek, indarra duen arautegiarekin bat, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eman gabe utzi ondoren,
EBATZI DU:
Lehena.–Nafarroako Kontuen Ganberako auditoriako teknikari izateko hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, eranskineko oinarriekin bat etorriko dena.
Bigarrena.–Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web orrian argitara dadila xedatzea.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 4an.–Lehendakaria, Helio Robleda Cabeza.
NAFARROAKO KONTUEN GANBERAKO AUDITORIAKO TEKNIKARI IZATEKO HIRU LANPOSTU HUTS OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA
Deialdi hau ondoko oinarriei lotuko zaie:
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Kontuen Ganberako auditoriako teknikari izateko hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzea:
–Lehen eta hirugarren lanpostuak txanda irekikoak dira.
–Bigarrena, igoera txandakoa.
1.2. 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan edo, bestela, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatu eta betearazteko sarrera erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat burutuko da oposizioa.
1.3. Igoera txandako lanpostua hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaie.
Bestaldetik, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok probak gainditzen badituzte, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.
1.4. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, auditoriako teknikari lanpostuarentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
Beren eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoak dira. Erregelamendua Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onetsi zuen 2007ko otsailaren 16an (2007ko 19. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa). Hona hemen eginkizun horietako batzuk: a) orokorrean, auditoreek ezartzen dizkieten irizpideei jarraituz, unean-unean kontrolatzen diren zentro, erakunde eta bulegoetako kontuen, finantzen egoera-orrien, barne kontrolaren eta orotariko antolamenduaren gorabeherak, eraginkortasun eta efizientzia aztertu eta gainbegiratzea; b) beren eginkizunetan arituz lortzen dituzten emaitzen eta ondorioei buruzko txostenak ematea auditoreei; c) auditoreei laguntzea taldeari esleitutako lanaren plangintza eta antolaketa egiten, bai eta egindako kontrol lana betetzean lortutako behin-behineko emaitzak eta ondorioaz berrikusten ere, eta, d) beren eskumenen barruan, nagusi duten auditoreak esleitzen dizkien laguntza eta lankidetzako lan guztiak.
1.5. Izendapenak Kontuen Ganberako nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak eta indarra duten eskubide eta eginbeharrak izanen dituzte.
1.6. Lanpostuak B mailakoak izanen dira eta horri dagozkion lansariak izanen dituzte, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.
1.7. Izendatzen den funtzionarioa Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartu eta kidetuko da, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta hori osatzen duten xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubideko kidea bada, kasu horretan aukera izanen baitu araubide horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzan kidetzeko.
1.8. Oro har, lanaldia jarraitua izanen da, astelehenetik ostiralera, goizeko 07:45etik 15:15era, baina Kontuen Ganberako lehendakariak noiznahi alda dezake, zerbitzuaren beharretara egokitzeko.
2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.3 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) Adinez nagusia izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitate-diplomaduna, ingeniari teknikoa edo arkitekto teknikoa izatea edo ofizialki horien baliokidetzat jotzen den gradu edo titulu baten jabe izatea edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea edo lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehen hiru ikasmailak osorik gainditu izana.
d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea izatea.
2.2. Igoera txandako izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.3 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, aurreko atalean aipatzen den betebeharrez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioa izatea eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.
c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.
2.3. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte lanpostu-betetzearen prozesuak irauten duen denbora guztian. Lanpostu-betetzearen prozesua izendapenaren unean bukatzen dela ulertuko da.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Oposizioan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide-eredu ofizialarekin bat (deialdi honen I. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, helbidea, posta elektronikoko helbidea eta telefonoa, bai eta zein txandatan lehiatzen diren ere: irekian edo igoerakoan.
3.2. Eskabidean espresuki adierazi beharko da deialdi honetako 2. oinarrian aipatzen diren betebehar guzti-guztiak betetzen direla, 7. oinarrian ezarririko moduan frogatu beharko direnak.
3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta erakunde horren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Ansoleaga kalea, 10, Iruña), egun eta ordu baliodunetan (08:30etik 14:30era bitarte, astelehenetik ostiralera), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideak erabiliz. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidea posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezazkioten ziurtatu eta Nafarroako Kontuen Ganberako Erregistro Orokorrera igorri aurretik.
3.4. Ezgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean haiek eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko legezko ezgaitasuna frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
3.5. Eskabide eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web orrian ere.
4. oinarria.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta erakundearen iragarki-oholean eta web orrian. Zerrenda horretan izangai onartu eta baztertuen izena adieraziko da, bai eta zein txandatan lehiatzen diren ere: irekian edo igoerakoan. Izangai bazterturik ez badago zerrenda hori behin betikoa izanen da.
4.2. Interesdunek egoki deritzeten erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta akatsik izan bada, zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta erakundearen iragarki-oholean eta web orrian ere.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiko kideak, eraketa eta jarduna.
5.1. Hona hemen oposizioa epaitu behar duen epaimahaiko kideak:
Epaimahaiko burua:
–Karen Moreno Orduña andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.
Ordezkoa: Asunción Olaechea Estanga, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.
Epaimahaiko kideak:
–Isabel Brusca Alijarde, Zaragozako Unibertsitateko finantza-ekonomiako eta kontabilitateko irakasle titularra.
Ordezkoa: Vicente Condor López, Zaragozako Unibertsitateko kontabilitate eta finantzen departamentuko finantza-ekonomiako eta kontabilitateko katedraduna.
–Edurne Martinicorena Matxain, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, instituzioko langileen batzordeak izendatua.
Ordezkoa: Miguel Angel Aurrecoechea Gutiérrez, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, instituzioko langileen batzordeak izendatua.
–M.ª Eugenia Zugaza Salazar, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko auditorea.
Ordezkoa: Miguel Ángel Astiz López de Letona, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko auditorea.
Idazkaria:
–Gemma Angélica Sánchez Lerma, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.
Ordezkoa: José Luis Ezquerro Royo, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin osatu beharko da. Ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, bertan mahaikide gehienak ez badira.
5.3. Epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.4. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu.
5.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean baldin badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.
6. oinarria.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2016ko urtarrilean hasiko da. Gutxienez 2015eko azaroaren 30a baino lehen iragarriko da non eta noiz eginen den, Kontuen Ganberako iragarki oholean eta web orrian.
6.2. Hiru ariketa izanen dira, bi praktikoak eta bat teorikoa. Hona hemen proben edukia eta puntuazioa:
a) Lehen ariketa. Praktikoa. Lau orduz, kontabilitate publiko eta/edo pribatuko kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dira. Halaber, finantza-matematikako eta estatistikako kasu praktiko batzuk bildu beharko ditu. Ariketa hori egiteko, oposizio-egileek Kontuen Ganberak emanen duen kontuen taula erabili ahal izanen dute, eta erreferentziako araudia honako hau izanen da: 1514/2007 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontabilitate Plan Orokorra onesten duena; EHA/1037/2010 Agindua, apirilaren 13koa, Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra onesten duena; 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatzen duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan; 271/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuaren egiturari dagokionez garatzen duena, eta 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.
Lehen ariketa honetan 35 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 17,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.
b) Bigarren ariketa. Praktikoa. Lau orduz, epaimahaiak eskatuko dituen auditoretza publiko eta/edo pribatuko kasu batzuk konpondu beharko dira. Ariketa honetan 35 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 17,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.
c) Hirugarren ariketa. Teorikoa. Gehienez ere 5 ordu iraunen du, 30 puntuko balorazioa izanen du, eta bi zatitan eginen da, honelaxe:
1.–Deialdiaren II. eranskinean jasotako gaietatik ausaz hautatutako bat idatziz garatzea. Ariketa honetan gehienez ere 15 puntu eskuratzen ahalko dira, eta gainditzeko gehieneko puntuazioaren erdia bederen lortu beharko da, hau da, 7,5 puntu.
2.–Deialdiaren II. eranskinean jasota dauden gaiei buruz epaimahaiak egindako 10 galderari idatziz erantzutea. Zati honetan gehienez ere 15 puntu eskuratzen ahalko dira, 1,5 puntu galdera bakoitzeko, eta gainditzeko gehieneko puntuazioaren erdia bederen lortu beharko da, hau da, 7,5 puntu, eta 10 galderetatik 8tan bederen puntuazioa lortu.
6.3. Lehen bi ariketak, praktikoak, plika itxien bidez zuzenduko dira. Horretarako, izangaiek, ariketa bakoitza bukatzean, orriak gutun-azal batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Izen-deiturak bestearekin batera aurkeztuko den gutun-azal txiki batean idatziko dira. Bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko plika zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, ariketa bakoitzaren egilea zehazteko.
6.4. Ariketa teorikoa bukatu ondoren, orriak gutun-azal batean sartuko dira. Interesdunak eta epaimahaiko idazkariak sinatuko dute hegalean eta idazkariak gordeko du gutun-azala. Bidezko denean, alfabetozko hurrenkerari jarraituz, lehiatzaileak berak sinaturiko gutun-azalak epaimahaiaren aurrean ireki eta ariketa jendaurrean irakurriko du. Gero, epaimahaiak kalifikatuko du.
6.5. Epaimahaiak Kontuen Ganberako iragarki oholean eta web orrian argitaratuko du ariketa bakoitzaren emaitza, kalifikatu ondoren, eta bertan adieraziko ditu, halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez hura egin baino 48 ordu lehenago.
Ariketa bakoitzeko puntuak izangaiek hurrengo probetan lortzen dituztenei metatuko zaizkie. Horrela oposizioko puntuazio osoa lortuko da.
6.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketan azaltzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
6.7. Oposizioko probak egiteko orduan, minusbalioak izan, eta halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Oposizioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Kontuen Ganberako iragarki oholean eta web orrian argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
7.2. Epaimahaiak puntu gehien lortu dituzten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Kontuen Ganberako lehendakariari, oposizioko akta eta gainerako agiriekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan, proposaturiko izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Kontuen Ganberan:
7.3.1. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak ez diren izangaiek:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.
d) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, hura deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.
e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.
f) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
Nafarroako Kontuen Ganbera ez beste Nafarroako Administrazio Publikoren bateko funtzionario edo langile finkoak diren izangaiek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.
7.3.2. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak diren izangaiek:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.
c) Nafarroako Kontuen Ganberak bertako funtzionario izateko eskatzen dizkion agiriak.
Minusbalioren bat alegatu duten izangaiek, gainera, hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.
7.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.
7.5. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.
8. oinarria.–Behin-behineko izendapena.
8.1. Deialdi honen 7.3 puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, ebazpen baten bidez, proposaturiko izangaiak behin-behinekoz izendatuko ditu. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izendatzen diren hautagaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.
8.3. Aipatu epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, deialdi honetako 7.3 oinarrian eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten edo jabetza hartzen ez duen lehiakideak oposizioaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela hartuko da, eta hala izanik, aurreko arauan adierazi zerrendan hurrengo dagoen izangaiarekin beteko da lanpostua.
9. oinarria.–Praktikaldia.
9.1. Auditoretzako teknikari izendatuak izateko, proposatu eta behin-behinean izendaturiko hautagaiek 6 hilabeteko praktikaldia gainditu beharko dute.
9.2. Praktikaldia izangaia lanpostuaz behin-behinekoz jabetzearekin batera hasiko da alegia, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean.
9.3. Praktikaldian, izangai izendatuek Kontuen Ganberako gainerako auditoretza teknikariei dagozkien eskubide eta eginbeharrak izanen dituzte.
9.4. Kontuen Ganberako lehendakariak, bertako kideei entzun ondoren, izangaiek praktikaldian izaniko etekina baloratu eta hori bukatzean kalifikazioa emanen du, gai edo ez gai, ebazpen arrazoitu baten bidez.
10. oinarria.–Auditoretzako teknikariaren behin betiko izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Aurreko oinarrian aipatzen den praktikaldia bukaturik, hautagaiek gai kalifikazioa lortuz gero, Kontuen Ganberako lehendakariak behin betikoz izendatuko ditu funtzionario. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean, karguez jabetu beharko dute behin betikoz izangaiek.
10.3. Ulertuko da izangai batek, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, oposizioaren ondoriozko eskubideei uko egiten diela. Kasu horretan, lanpostua deialdiko 7. oinarrian aipatzen den proposamenean hurrengo dagoen hautagaiarekin beteko da, praktikaldia egin ondoren.
10.4. Behin-behinean izendaturiko izangaiak praktikaldian gai kalifikazioa lortzen ez badu, aurreko atalean ezarri bezala eginen da.
11. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.
11.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agirien itzulketa berariaz eskatu beharko dute eta horretarako hiru hilabeteko epea izanen dute. Behin betikoz izendatzeko ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta handik hiru hilabetera hasiko da epe hori.
11.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.
11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdi honetako oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izen-deiturak: ....................................................................., adina: ........, NAN zenbakia: .........................., helbidea (kalea, zenbakia, solairua eta posta kodea): .........................; helbide elektronikoa ............................. eta telefono zenbakia: ............................, adeitasunez,
AZALTZEN DU:
1. Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak 2015eko maiatzaren 4an emandako ebazpenaren berri izan duela –haren bidez auditoriako teknikari izateko hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeko dei egiten da– eta hartan parte hartu nahi duela.
2. Eskabideak aurkezteko epean, deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guzti-guztiak betetzen dituela eta konpromisoa hartzen duela, izendatzen badute, deialdiko 7. oinarrian aipatzen diren agiriak ezarririko epean aurkezteko eta behin-behineko izendapena jakinarazi eta hurrengo 30 egunean praktikaldiko auditoretzako teknikari izateko lanpostuaz jabetzeko.
3. Txanda irekian aurkezten dela .
Txanda murriztuan aurkezten dela .
4. a) Ez duela minusbaliorik .
b) Minusbalioa duela , eta horregatik egokitzapena eskatu nahi duela (minusbalioaren nondik norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira).
Horrenbestez,
ESKATZEN DU:
Eskabide honetan aipatzen den deialdian onartua izatea. Deialdian eskatutako agiriak gaineratu ditut.
Iruñean, 2015......(e)ko .....................aren ..............(e)an
II. ERANSKINA
Deialdiaren programa
1. gaia. Ekonomia publikoaren justifikazioa. Oreka orokorraren eredu teorikoa. Ekonomiaren arloko kontu-hartze publikorako oinarriak. Estatuaren funtzio fiskalak: esleitzea, banatzea eta egonkortzea. Ogasun Publikoaren teoria positiboa eta normatiboa. Ogasun Publikoaren egungo gaiak.
2. gaia. Ongizatearen ekonomiaren oinarriak. Eragimen ekonomikoa kontsumoan, ekoizpenean eta eragimen orokorrean. Esku-hartze publikoa eragimena lortzeko: merkatuaren akatsak. Ondasun publikoak. Kanpo-efektuak. Ondasun pribatuen hornidura publikoa. Esku-hartze publikoa ekitatea lortzeko.
3. gaia. Osasuna, lehentasunezko ondasuna. Hezkuntza, lehentasunezko ondasuna. Mendekotasunerako arreta.
4. gaia. Enpresa publikoa. Kontzeptua. Enpresa publikoaren helburuak. Kudeaketaren funtsezko ezaugarriak. Enpresa publikoa kontrolatzeko sistema. Enpresa publikoaren finantzaketa. Kanpoko finantzaketaren iturriak. Finantza egitura.
5. gaia. Aurrekontu-zuzenbidea: kontzeptua, edukia gaur egungo arautegia. Estatuko Aurrekontu Orokorrak: prestaketa, eztabaida eta onespena. Aurrekontuen egitura eta haien aldaketak. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak gai hauek nola arautzen dituen.
6. gaia. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoaren araubidea. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.
7. gaia. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. Finantza-eragiketak. Diruzaintza Atala. Kontabilitatea. Erantzukizunak.
8. gaia. Barne kontrola Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean eta 31/2010 Foru Dekretuan.
9. gaia. Zerga zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra: printzipio orokorrak eta zergapekoen eskubide orokorrak. Tributuak eta horien motak. Zergen arloko kudeaketa eta diru-bilketa. Zerga-ikuskapena.
10. gaia. Aurrekontu egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna arautzen dituen esparru juridiko berria. Printzipio orokorrak eta aplikazio esparrua. Prebentzio eta zuzenketa neurriak. Autonomia erkidegoetan eta toki entitateetan aplikatzea.
11. gaia. Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. Koroa. Gorte Nagusiak. Konstituzioaren erreforma.
12. gaia. Gobernua eta Administrazioa. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak. Botere Judiziala. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera. Konstituzio Auzitegia.
13. gaia. Administrazio zuzenbidearen iturriak. Konstituzioa. Legea. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak: lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Erregelamenduak: kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Erregelamenduen mugak: formalak eta funtsari dagozkionak. Legez kanpoko erregelamenduak.
14. gaia. Administrazio Publikoaren kontzeptua. Espainiaren antolaketa administratibo zentrala. Estatuaren administrazio periferikoa edo lurraldeetakoa. Administrazio organoen sorrera eta eskumenak. Entitate publikoen motak. Zerbitzu publikoak kudeatzeko modua. Zuzeneko kudeaketa. Zeharkako kudeaketa: zerbitzu publikoen administrazio kontzesioa.
15. gaia. Administrazio-egintza: kontzeptua eta ezaugarriak. Administrazio egintzen sailkapenak. Administrazio egintzaren elementuak: subjektua, objektua, helburua eta forma. Administrazio egintzen arrazoibidea. Isiltasun administratiboa.
16. gaia. Administrazio-egintza: administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Jakinarazpena eta argitalpena. Administrazio egintzen betearazpena. Administrazio egintzen baliotasuna eta baliogabetasuna. Administrazio egintzen ofiziozko berrikuspena.
17. gaia. Europar Batasuneko zuzenbidea: kontzeptua, ezaugarriak. Europar Batasuneko zuzenbidearen iturriak. Jatorrizko zuzenbidea. Zuzenbide eratorria: Erregelamendua, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituna. Europar Batasuneko zuzenbidearen eragina Foru Komunitatean.
18. gaia. Europa eraikitzeko prozesua. Europar Batasuna. Batasuneko sistema instituzionala: Europako Kontseilua, Europar Batasuneko Kontseilua, Europako Batzordea, Europako Parlamentua, Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Europako Kontuen Auzitegia eta Europako Banku Zentrala.
19. gaia. Administrazio instituzionala. Ente instrumentalak. Bereziki aipatu arlo hori nola arautzen den Foru Komunitatean.
20. gaia. Unibertsitate-administrazioa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Bereziki aipatu arlo hori nola arautzen den Foru Komunitatean. Nafarroako Unibertsitate Publikoa: sorrera, antolaketa eta funtzionamendua.
21. gaia. Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa. Aplikazio esparrua. Datuen babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. Titularitate publiko eta pribatuko fitxategiak. Datuen Babeserako Agentzia. Lege organikoa garatzeko erregelamendua.
22. gaia. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea. Legearen aplikazio esparrua. Helburu eta printzipioak. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea. Herritarren parte-hartzea eta elkarlana. Etika eta gardentasuna gobernuaren jardueran. Betetzeko bermeak. Gaiaren erregulazioa Estatuan eta aplikazioa Nafarroan.
23. gaia. Toki Administrazioa Espainian: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea. Gaiari buruzko araudia Foru Komunitatean.
24. gaia. 1839ko urriaren 25eko Legea. Lege Itundua, 1841eko abuztuaren 16koa. 1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretu Itundua.
25. gaia. Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoak. 1990eko Itunaren aipamen berezia, bai eta ondoren izandako eguneratze eta aldaketa nagusiena ere.
26. gaia. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Oinarriak. Nafarroako foru erakundeak. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Legearen erreforma.
27. gaia. Sektore publikoa Foru Komunitatean. Hura osatzen duten entitate nagusien deskripzioa, tipologia eta definizioa. Nafarroako toki sektore publikoa: Hura osatzen duten entitate nagusien deskripzioa, tipologia eta definizioa.
28. gaia. Parlamentua edo Nafarroako Gorteak: eginkizunak. Osaera, antolakuntza eta eginkizunak. Kontuen Ganberarekiko harremanak. Langileen Estatutua.
29. gaia. Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legea. Nafarroako Gobernuaren eskudantziak, antolaketa eta funtzionamendua. Parlamentuaren kontrola. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren izendapena, eskudantziak eta estatutu pertsonala. Kontseilariak. Nafarroako Gobernuaren lege ekimena eta arau ahalmena.
30. gaia. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko Foru Legea. Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa. Jarduketaren oinarri orokorrak. Administrazio prozedura. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondare-erantzukizuna. Erakunde publikoak eta haien menpeko beste entitate batzuk.
31. gaia. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa eta Nafarroako Kontseilua. Bi erakunde horien eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendua.
32. gaia. Nafarroako Ondareari buruzko Foru Legea. Edukia eta aplikazio esparrua. Ondasunak eskuratzea, besterentzea eta lagatzea. Ondarearen babesa eta defentsa. Jabari publikoa eta pribatua. Enpresa-ondare publikoa.
33. gaia. Nafarroako kontratu publikoei buruzko Foru Legea. Aplikazio-esparru objektiboa eta subjektiboa. Administrazio publikoen kontratazioa, aurretiazko jarduketak, esleitzeko prozedurak eta irizpideak, kontratuak perfekzionatu, formalizatu eta betearaztea.
34. gaia. Nafarroako kontratu publikoei buruzko Foru Legea Administrazio-kontratuen motak. Administrazio publikoak ez diren beste subjektu eta entitate batzuen kontratu publikoak. Erreklamazioak kontratazioaren arloan.
35. gaia. Diru-laguntza publikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko Foru Legea. Diru-laguntzei buruzko lege orokorra: aplikazioa Nafarroan.
36. gaia. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea. Legearen xedea eta helburua. Lurraldearen eta hirigintzaren antolamendua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea. Planeamenduaren exekuzioa. Esku hartzeko tresnak.
37. gaia. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria. Langile motak. Enplegu publikoa eskuratzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Langile kategoria desberdinei aplikatu beharreko araubide juridikoa.
38. gaia. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria. Egoera administratiboak, eskubideak eta betebeharrak, ordainsari eta diziplina araubidea. Lan-kontratudunak funtzionario egitea.
39. gaia. Nafarroako Toki Administrazioa. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. Funtzionamendua. Ondasunak. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Nafarroako Administrazio Auzitegia: aurrekariak, antolaketa eta eskumenak.
40. gaia. Toki Ogasunei buruzko Foru Legea. Nafarroako toki entitateetako baliabideak. Toki Administrazioaren diru-bilketa. Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzea. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa. Diruzaintza, kontabilitatea, kontrola eta fiskalizazioa.
41. gaia. 270/1998, 271/1998, 272/1998 eta 273/1998 foru dekretuak, irailaren 21ekoak, Nafarroako Toki Ogasunen Foru legea garatu eta Nafarroako toki entitateen aurrekontu eta kontabilitate araubidea ezartzen dutenak.
42. gaia. Merkataritza sozietateak: kontzeptua eta motak. Merkataritza sozietatearen kontratuak: funtsezko elementuak. Eratzeko formalitateak. Eskritura eta erregistroko inskripzioa. Sozietate taldeak. Estatutuetako aldaketa nagusiak. Kapital sozietateen funtsezko ezaugarriak.
43. gaia. Sozietateen urteroko kontuak. Motak, prestatu, egiaztatu, onetsi eta gordetzea. Merkataritza Erregistroa: inskripzioaren kontzeptua, edukia eta esanahia.
44. gaia. Konkurtsoak: aurrekontu objektiboa eta subjektiboa. Konkurtsoaren deklarazioaren autoa eta haren eraginak. Masa aktiboa eta pasiboa zehaztea. Sailkapena eta ordainketa. Hitzarmenak. Amaiera eta kalifikazioa.
45. gaia. Kontabilitate publikoa eta pribatua: oinarri orokorrak eta helburuak. Kontabilitate Publiko eta Pribatuaren Plan Orokorra: oinarriak eta egitura. Kontabilitatearen eta Finantza Informazioaren Nazioarteko Arauak, Espainiara egokituak.
46. gaia. Kudeaketari buruzko informazioa Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorrean. Kontabilitate analitikoa toki kontabilitatearen eredu arruntaren instrukzio berrian. Kostu efektiboa toki kontabilitate publikoaren esparruan.
47. gaia. Kontuen auditoretzari buruzko Legea eta haren erregelamendua. Kontabilitaterako eta Kontuen Auditoretzarako Institutua: antolaketa eta eginkizunak.
48. gaia. Auditoretza eta haren motak. Sektore publikoaren aipamen berezia.
49. gaia. Auditoretzarako oinarriak eta arauak. Honako hauen aipamen berezia: sektore publikoa eta 100, 200, 300 eta 400 ISSAI-ES.
50. gaia. Auditoretzaren plangintza: helburuak eta egiteko faseak.
51. gaia. Auditoretzako frogak eta prozedurak. Hautaketa eta laginketarako metodoak. Auditoretzaren ebidentzia.
52. gaia. Barne kontrola: zehaztapena eta helburuak. Barne kontrolaren ebaluazioa auditorearen aldetik.
53. gaia. Auditoretzako txostenak. Orotariko gogoetak eta edukia. Iritzi motak.
54. gaia. Aurrekontuko diru-sarreren kapituluen gaineko auditoretza.
55. gaia. Aurrekontuko gastuen kapituluen gaineko auditoretza.
56. gaia. Balantzearen aktiboa osatzen duten elementuen gaineko auditoretza.
57. gaia. Balantzearen pasiboa osatzen duten elementuen gaineko auditoretza.
58. gaia. Auditoretza ingurune informatikoetan: oinarriak, metodologia eta berrikusteko teknikak. Sistema informatizatuen barne kontrola eta segurtasuna.
59. gaia. Goi mailako entitate fiskalizatzaileak edo kontu auzitegiak. Ezagutza orokorra. Kontrol esparrua. Parlamentu eta gobernuekiko harremanak.
60. gaia. Administrazio publikoen kanpo kontrola. Espainian duen eraketa.
61. gaia. Espainiako Kontuen Auzitegiaren oraingo osaera, bere lege organikoan eta funtzionamendu legean: antolaketa eta eginkizunak. Europar Batasuneko Kontu Auzitegia.
62. gaia. Kontabilitatearen arloko erantzukizuna: izaera eta helburua. Kontabilitateko erantzukizunaren kasuak eta hori eskatzeko prozedurak. Kontabilitateari buruzko jurisdikzioaren organoak.
63. gaia. Nafarroako Kontuen Ganbera: bilakaera historikoa eta egungo arauak. Izaera, esanahia eta eginkizunak. Nafarroako Parlamentuarekiko eta Kontuen Auzitegiarekiko harremanak.
64. gaia. Nafarroako Kontuen Ganbera: antolaketa eta funtzionamendua. Funtzionamenduaren eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren erregelamenduak.
Iragarkiaren kodea: F1506775
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
