2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Udalak kultur erakundeei ematen dizkien diru-laguntzen deialdia
Baztango Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko apirilaren 24an egindako bilkuran erabaki zuen:
1.–Kultur erakundeek 2015. urtean eginen dituzten jarduera soziokulturaletarako diru-laguntzen deialdi publikoa eta diru-laguntza horiek arautzen dituzten oinarriak onartzea.
2.–Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legeak 9.3 artikuluan agintzen duen moduan, Baztango Udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-oholean.
Baztanen, 2015eko apirilaren 24an.–Alkatea, Garbiñe Elizegi Narbarte.
UDALAK KULTUR ERAKUNDEEI EMATEN DIZKIEN DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA
Baztango Udalak, elkarteek eta taldeek jarduera soziokulturalak antola ditzaten babestearren, norgehiagoka aritzeko oinarri hauek onetsi ditu.
1. Xedea.
Jarduera soziokulturalak antolatzeari diruz laguntzea, betiere ondoko ezaugarri hauek badituzte:
a) Euskararen erabilerari laguntzen diotenak.
b) Formakuntzakoak (ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak...).
c) Sormenekoak (erakusketak...).
d) Artistikoak (antzezlanak, bideo emanaldiak, kontzertuak...) edo izaera antzekoa duten bertze batzuk.
e) Herritar guziendako irekiak izatea.
1.1. Deialdi honetatik kanpo ondoko jarduerok gelditzen dira:
1.–Hezkuntza programetan aurreikusitako edo horiei lotutako irakaskuntza-jarduerak.
2.–Kirol-jarduerak.
3.–Herriko bestetakoak, gizarte-laguntzakoak.
4.–Udalerritik kanpo egiten direnak.
5.–Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde batzuek diruz erabat lagunduak.
6.–Egoitza edo lokalak egokitzeko lanak edo hirigintza arloko bertze edozein lan.
7.–Jardutze edo funtzionamendu gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak...); mantenu gastuak (bazkariak, afariak, ahalmenak.) kilometrajeak eta plazako musika taldeak (orkestak)
8. -Ezaugarri sexistak, arrazistak,indarkeriazkoak eta abar dituzten jarduerak.
9.–Udal eskaintzarekin lehiatuko diren jarduerak.
1.2. Hauek izanen dira diruz lagunduko direnak:
a) Antolakuntza. Kultur proiektua egiteak eta garatzeak zuzenean eragiten dituen gastuak baino ez dute diru-laguntza jasoko. Ez dira onartuko diruz laguntzeko gastu bezala, ez osorik, ezta zati baten ere, erakunde eskatzailearen egitura kudeatzeak eragindako gastuak (langileen gastuak, lokalak mantentzeko gastuak, egitura funtzionala mantentzeko gastuak..).
b) Hornikuntza edo ekipamendua.
2. Betebeharrak.
Diru-laguntza hauen onuradunek ondoko betebehar hauek dituzte:
1.–Irabazteko asmorik gabeko elkartea izatea.
2.–Zerga egoitza eta helbide soziala Baztanen izatea.
3.–Zerga eta Gizarte Segurantzako ordainketa egunean izatea eta Baztango Udalarekin zorrik ez izatea.
4.–Ezin izanen dute diru-laguntza hauen onuradunak izan 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, Diru-laguntzen gainekoak, 13. artikuluaren 2 eta 3 ataletan ezarritako egoeraren batean dauden erakundeak.
3. Deialdia eta izapidea.
Eskabideak aurkezteko epea urte naturaleko azaroaren 10 artekoa izanen da. Eskabideak Baztango Udaletxeko Erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira. Deialdian aurkezteak oinarri hauek onartzea dakar eta eskabideak emandako ereduaren arabera bete beharko dira. Jarduerak deialdiaren urte naturala akitu baino lehenago egin beharko dira.
Diru-laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta bideratzeko organo eskuduna Alkatetza edo honek ahalmen hori eskuordetzan eman dion organoa izanen da.
Balorazioa. Eskabideen ebazpen-proposamena egiteko eskuduna izanen den balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute: kultura zinegotziak, kultura teknikariak eta talde politiko bakoitzeko izendatutako zinegotzi batek.
Hala berean, balorazio-batzordeak haren kide ez diren teknikarien aholkularitza eskatu ahal izanen du.
4. Diru-laguntza ematea.
Emanen den gehienezko zenbatekoa ez da diruz laguntzen ahal diren eta onartu diren gastuen %50 baino gehiago izanen.
Diru-laguntza eman baino lehenago, behar izanez gero, batzordeak eskatzaileari deitu ahal izanen dio honek behar dituen azalpenak eman ditzan.
Udalak onartutako diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen du, gastuak justifikatu eta ondoan: burututako jardueraren oroitidazkia edo memoria, jarduera egiteko erabili diren bertze diru-laguntzen edo bertzelako diru-sarreren gaineko erantzukizun-aitorpena.
Gastuen justifikazioa ondoko urteko urtarrilaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko da.
Onartutako gastuen %100 justifikatuko da, ez Baztango Udalak emandako diru-laguntza kopurua bakarrik. Gastuak justifikatuko dira kultur elkartearen izenean dauden jatorrizko fakturen bidez; hauek, behin egiaztatu eta zigilatu ondoren, diru-laguntzaren eskatzaileari bueltatuko zaizkio. Faktura horietan bilduko dira legeek eskatzen dituzten datu guztiak eta baita jarduera edo zerbitzuaren deskripzio zehatza ere.
Hartu-agiriak onartuko dira bertze modu batez egiaztatu ezin diren gastuak zuritzeko bakarrik, eta, edonola ere, hartu-agiria sinatzen duen pertsona ezin izanen da enpresaria edo profesionala izan; hala balitz, faktura egin eta ematera behartuta bailegoke. Hartu-agiriak datu hauek bildu behar ditu: jaulkitzailearen eta jasotzailearen izen-abizenak, IFZa eta helbidea; ekintza edo zerbitzuaren deskripzio zehatza; guztizko prezioa, eta tokia, data eta jasotzailearen sinadura.
Ematen den diru-laguntza bateraezina izanen da Baztango Udaleko bertze diru-laguntzekin, eta bateragarria izanen da bertze administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bertzelako diru-laguntzekin. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu egin beharreko jardueraren kostua. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertutakoan, diru-sarrerak gastuak baino handiagoak direla ikusten bada, Baztango Udalak emandako diru-laguntzari gehiegizko diru-sarreraren zenbatekoa kenduko dio.
Ekitaldi batean diru-laguntza jasotzeak ez du ondoko deialdietan diru-laguntza jasotzeko inolako eskubiderik sortuko.
5. Irizpideak.
Diru-laguntza ezartzeko batik bat honako hauek hartuko dira aintzat:
1.–Jarduera tokiko kulturari lotua izatea lehenetsiko da. %10 arte.
2.–Euskararen erabilerari eta sustapenari laguntzea. %10 arte.
3.–Herritarren parte hartzea baloratuko da. Borondatezko lana kontuan hartuko da. %10 arte.
4.–Jarduera erakunde eskatzaileak berak eta haren kideek antolatua eta burutua izatea. %30 arte.
5.–Baztanen egoitza soziala duten erakunde desberdinen arteko elkarlana baloratuko da. Bi erakundek jarduera berbera aurkezten badute aurrekontua handiena duenak diru-laguntza jasoko du. %10 arte.
6.–Elizondotik kanpo egiten diren ekitaldiak, Baztango gainerako herrietan egiten direnak alegia, baloratuko dira. %10arte.
6. Udalaren betebeharrak.
Diruz lagundutako jarduerak agendan sartzea, betiere antolatzaileek epearen barnean horren berri ematen badute.
Udalak bere materialak, baliabideak, lokalak .. erabiltzen utzi behar du.
7. Onuradunaren betebeharrak.
Diru-laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:
–Diru-laguntzen onuradunek diru-laguntzan eman diren xedeetarako erabili behar dituzte eta hala izan dela agirien bidez ziurtatu.
–Onuradunek behin proiektua akituz gero, jardueraren oroitidazkia edo memoria, balantze ekonomikoa (gastuak eta diru-sarrerak) bai eta jarduera egiteko izandako gastuen frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte, hurrengo urteko ilbeltzaren 15a baino lehenago.
–Onuradunek diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste edozein laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideren berri eman beharko diote Baztango Udalari.
–Onuradunek indarren dagoen araudia bete beharko dute, batez ere Baztango Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.
–Onuradunek diru-laguntza jaso duten jardueren publizitate eta hedapenerako Baztango Udalaren ikurra erabili beharko dute.
–Onuradunek programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean jakinarazi beharko diote Baztango Udalari.
Oinarrietan aurreikusitako betebeharren bat ez betetzeak laguntzaren baliogabetze osoa edo haren zati batena ekarriko du.
8. Diru-laguntzaren itzulketa.
Diru-laguntzak emateko ebazpena baliorik gabe utziko da eta jasotako diru-kopuruak itzuli beharko dira 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, diru-laguntzen gainekoak, II. Tituluko I. eta II. kapituluetan aurreikusitako egoeretan eta ezarritako moduan.
9. Arau-hausteak.
Ondoko portaerak dira diru-laguntza eta laguntza publikoen arloko administrazio arau-hausteak, baldin eta horietan dolu, erru edo, besterik gabe, arduragabekeria badago:
–Diru-laguntza edo laguntza bat eskuratzea, hori hartzeko baldintzak faltsutuz, edo hura eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz.
–Jasotako kopuruak ez erabiltzea diru-laguntzaren xedeetan, baldin eta ez bada diru-laguntza itzuli aurretiko errekerimendurik gabe.
–Erakunde onuradunari edo zuzenbidezko edo egitatezko administraile gisa aritutakoei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik, diru-laguntza ematerakoan ezarririko eginbeharrak ez betetzea.
–Erabilera ez egiaztatzea, jasotako funtsen edo egiaztagiri faltsuen ondorioz.
Lehen aipaturiko portaerak agertzen dituzten elkarte onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Itzuli beharraren eta -halakorik badago- zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak; alegia, betebeharrak saihestu (nahiz eta beren esku egon), ez betetzea ekarri duten erabakiak hartu edo beren mendekoen urraketa onartu zuten pertsona juridikoen administratzaileak.
Gainera, jardunak utzi dituzten pertsona juridikoek itzuli beharreko zenbatekoen eta ordaindu beharreko zehapenen erantzule subsidiarioak izanen dira egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak.
Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta entitate interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatzen denaren arabera tramitatuko da espediente hori.
Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.
10. Errekurtsoak.
Deialdiak agiri honek bildutako baldintzei jarraituko die; agiriak ez bildutakoari dagokionez, ondoko arauei jarraituko die: Nafarroako Tokiko Administrazioaren Foru Legea, Nafarroako Tokiko Ogasunen Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoaren Foru Legea eta, osagarri gisa, Aurrekontuen gaineko Lege Orokorra, diru-laguntzak arautzen dituena estatu mailan.
Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio egintzen aurka errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da:
1.–Jakinarazpen hau jaso eta hurrengo hilabetean eta aukeran, berraztertzekoa, hura egin zuen udal organoari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua). Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin da ez gora jotzekorik ez administrazioarekikorik aurkeztu, harik eta lehenbizikoa ebatzi edo ustez ezesten den arte. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz aurkeztu.
2.–Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Errekurtso hau aurkezten bada, ez da administrazioarekikorik aurkezten ahalko, harik eta gora jotzekoa ebatzi edo ustez ezesten den arte.
3.–Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).
11. Diru-laguntzen araudia.
Diru-laguntza hauen lege oinarria ondoko hauek dira: oinarri hauek eta hauek ez ezik, dagokion urterako Baztango Udalaren aurrekontua betearazteko oinarriak; 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki-Administrazioaren gainekoa; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, diru-laguntzei buruzkoa; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta horiekin bat datorren gainerako legeria.
Iragarkiaren kodea: L1506946