92. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartua, Gendulaingo alderdian bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala Galar eta Zizur zendeetako udal mugapeetan aldatzeko espedientearen tramitazioa hasten duena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

Nafarroako Gobernuak, 2014ko abenduaren 17an, erabaki zuen Gendulaingo alderdian, Galar eta Zizur zendeetako udal mugapeetan, bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onestea, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoak sustatua. Erabaki hori 2014ko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 31n.

Aldaketa honek, UPSko eremuaren azalera osoari eutsita, helburu du bertako bi eremutan haren mugak aldatzea.

Aldaketa horren arrazoia da lurzatien errealitatea hobeki ezagutzen dela; izan ere, eskala aldatu ohi da planeamendutik birzatiketa proiektuaren garapenera.

Aldatu gogo diren bi eremuak UPSko hegoaldean daude, Gendulaingo barrutitik eta Galartik gertu, hurrenez hurren. Biek 3. exekuzio unitatea ukitzen dute.

Honako hauek dira eremu horietan proposatutako aldaketen deskripzioa eta justifikazioa:

1.–A eremua. Zizur Zendeako 9. poligonoko 9. lurzatira sartzeko bidea.

UPSko eremuaren barnean, Zizur Zendeako 9. poligonoko 9. zenbakiko nekazaritzako lurzatiari zerbitzua egiten dion bide pribatuko azken zatia baino ez da sartu.

Nekazaritzako lurzati horrek bi biderekin du muga. Nolanahi ere, topografia dela eta, lurzati hartara UPSko eremuaren barnean partez sartuta dagoen bidetik baino ezin da sartu tamaina handiko makina. Beste bidea, UPSko mugetatik kanpo badago ere, ez dago lurzatiko sestra berean, eta sobera estua da. Hartara, tamaina handiko makinek ez dute hura erabiltzerik.

Hirigintzako antolamenduak bide bat ukitzen badu, haren funtzionaltasuna lehengoratu behar da. Edonola ere, kasu zehatz honetan, eremuko topografia halakoa izanda, ezinezkoa da praktikan bidearen trazadura aldatzea, tamaina handiko nekazaritzako ibilgailuak sartzeko modukoa izan dadin, UPSko eremuko mugetara egokitzeko.

Hori dela eta, proposatzen da UPSko eremutik kanpo ateratzea aipatutako bidearen azken zatia, hain zuzen ere Zizur Zendeako 9. poligonoko 8. lurzati osoa, halako eran non katastroko 9. poligonoko 9. lurzatira sartzeko bide hori UPSko eremutik kanpo geldituko baita erabat.

2.–B eremua. Gendulaingo lehengo barruti borobila ureztatzeko baltsa.

3. exekuzio unitatea birzatitzeko lanak hasitakoan, eta, zehatzago, 1/500 eskalan proiektatzen diren nahitaezko planoak prestatzeko orduan, egiaztatu da Londáiz Mencos senideen jabetzakoa den ur baltsa, barruti horri ureztatzeko ura ematen diona, partez gelditu dela sartuta, haren itxiturarekin eta sarbidearekin batera, UPSko eremuan.

Hori kontuan izanda, Gendulaingo barruti borobila ureztatzeko azpiegitura guztiak UPSko eremutik kanpo geldi daitezen, proposatzen da baltsa guztia, haren itxitura eta haren sarbidea muga horietatik kanpo gelditzea. Zehatzago, proposatzen da UPSko eremutik kanpo geldi daitezela ureztatzeko azpiegitura horiek Zizur Zendeako katastroko 9. poligonoko 12. eta 99. lurzatietan eta bidean ukitzen dituzten zatiak.

Bestalde, eta onetsita dagoen UPSren kudeaketa errazteko asmoz, lehenago baztertutako lurzoruak konpentsatzeko, proposatzen da UPSko eremuaren barrenera sartzea Zizurko katastroko 9. poligonoko 11. lurzatiko 8.321 m². Azken lurzati horrek eta lehenago zehazten diren bazterketek ukitutako lurzatiek jabe bera dute, Londáiz Mencos senideak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 49. artikulua aintzat hartuta, UPSko hirigintza antolamenduko egiturazko determinazioetako aldaketatzat jotzen da espedientea. Hortaz, haren tramitazioa foru lege horren 45. artikuluan ezarritakoa izanen da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2015eko apirilaren 24an egindako txostenean adierazten da aldaketaren ezaugarriek ez dutela ondoriorik ingurumenaren aldetik, eta, hartara, ez dela bidezkoa beste tramitazio bat, 4/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko apirilaren 29ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Gendulaingo alderdian bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala Galar eta Zizur zendeetako udal mugapeetan aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta eragindako udalei entzutea ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, dokumentua Sustapen Departamentuaren webguneko “Jendaurrean jartzea eta parte-hartze publikoa” atalean kontsultatu ahalko da: http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Vivienda+y+Ordenacion+del+Territorio/Acciones/.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura igortzea, eta Galarko Zendeako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1506939