92. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

234/2015 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena arautzen duena, etxebizitza babestuen erreserban sartzeko eta etxebizitza arloan babes daitezkeen beste jarduketen ondorioetarako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeak, bere 20. artikuluan, ezartzen du genero indarkeriaren biktimek %3ko erreserba jasoko dutela sustapenetan esleitu beharreko etxebizitzen zenbateko osoaren gainean. Erreserba hori %6ra arte igoko da esleitu beharreko etxebizitzen zenbateko osoaren gainean, erosteko aukerarik ez duten alokairu araubideko etxebizitzen kasuan.

Ondorio horietarako, foru lege horren 21.3 artikuluan xedatuan oinarrituta, genero indarkeriaren biktimak dira Nafarroako Gobernuan eskumena duen departamentuak halakotzat jotzen dituenak. Erregelamenduz arautuko da pertsona horiek jabetza edo alokairua eskuratzeko modua.

Bestalde, Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuak, bere 15.5 artikuluan, ezartzen du ezen, aurreko paragrafoetan aurreikusitako ondorioetarako, genero indarkeriaren biktimatzat hartuko direla horrela inskribaturik daudenak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Genero Indarkeriari buruzko Espedienteen Erregistro Integralean.

Foru dekretu horren bigarren xedapen iragankorrarekin bat, genero indarkeriaren biktima izatea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Genero Indarkeriari buruzko Espedienteen Erregistro Integralaren bidez frogatzerik ez dagoen bitartean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako agiriaren bidez frogatuko da (egun Gizarte Politiketako Departamentua).

Arlo horretan segurtasun juridikoa izateko asmoz, egun ez baitago araurik, iritzi da komeni dela genero indarkeriaren izaera egiaztatzeko baldintzak eta prozedurak arautzea, etxebizitza babestuen erreserban sartzeko eta etxebizitza arloan babes daitezkeen beste jarduketen ondorioetarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 75/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek helburu du genero indarkeriaren izaera egiaztatzeko baldintzak eta prozedurak arautzea, honako hauen berariazko erreserba eskuratzeko:

a) Etxebizitza babestua, lehendabiziko esleipena edo etxebizitza horren bigarrena edo ondokoagoa izan.

b) Etxebizitza arloan babes daitezkeen beste jarduketa batzuetarako ezartzen diren erreserbak.

2. artikulua. Aplikazio esparrua eta onuradunak.

Emakumeen kontrako indarkeriaren arloan ondorio horietarako indarra duen foru araudian genero indarkeriaren biktimatzat hartutakoek eska dezakete egiaztapena.

3. artikulua. Genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena eskuratzeko baldintzak.

1. Jabetza araubideko etxebizitza eskuratzeko ondorioetarako:

Jabetza araubideko etxebizitza eskuratzeko, genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena eginen da, soilik, genero indarkeriarengatik kondenatzen duen epai irmoa aurkeztuz.

Kasu horretan, jabetza araubideko etxebizitza eskuratzeko, etxebizitzaren esleipena genero indarkeriaren biktimak jasotzeko izan den esleipen prozedura hasi baino bost urte lehenago emana egon beharko du epaiak, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legean eta Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan etxebizitza esleitzeko araututako prozesuan zehazten den bezala.

2. Alokairu araubideko etxebizitza eskuratzeko ondorioetarako:

Alokairu araubideko etxebizitza eskuratzeko, genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena eginen da, agiri hauetakoren bat aurkeztuz:

a) Genero indarkeriagatik kondenatzen duen epai irmoa.

b) Biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabakitzen duen babes agindua edo ebazpen judiziala, indarrean dagoena.

c) Eskatzailea genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartean.

d) Txosten teknikoa, irizpen profesional bat biltzen duena eskatzailearen genero indarkeriaren biktimaren izaerari buruz. Beharrezkoa izanen da esku-hartzea genero indarkeriaren biktimaren izaeraren ondoriozkoa izatea, baita eskaera egin aurreko bost urteetan edo orain egina egotea ere, eta hala jasoko da txostenean.

Txosten hori eskaerarekin batera aurkezteko berariaz egina egonen da, eskaera egin aurreko bost urteetan gertatutakoaz aritzen bada ere.

3. Jabetza araubideko zein alokairu araubideko etxebizitza eskuratzeko, behar-beharrezkoa izanen da Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik egotea eta erasotzailearekin ez bizitzea. 3.1 eta 3.2 artikuluetan aipatzen den agirietako bat indarrean den artean ulertuko da biktima eta erasotzailea ez direla elkarrekin bizi, aurkakoa frogatzen ez bada.

4. artikulua. Txosten teknikoa.

Honako hauek dira 3.2.d) artikuluak aipatzen duen txostena egiteko ahalmena duten entitateak:

a) Oinarrizko Laguntzako gizarte zerbitzuak.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzako zerbitzuak.

c) Osasun mentaleko zentroak.

d) Foru Komunitatean genero indarkeriaren biktimak hartzeko baliabideak.

e) Nafarroako Gobernuko genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeak.

f) Emakumeari laguntzeko udal zerbitzuak, profesionalak dituztenak esku-hartzea integrala eta diziplina anitzekoa izan dadin genero indarkeriaren biktimak diren emakumeekin.

5. artikulua. Eskaerak egiteko epea.

Genero indarkeriaren biktimek egiaztapena epe hauetan eska dezakete:

a) Genero indarkeriarengatik kondenatzen duen epai irmoa eman eta 5 urteko epean.

b) Indarrean jarraitzen duten bitartean babes aginduak, biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabaki zuen ebazpen judizialak edo Fiskaltzaren txostenak.

c) Genero indarkeriaren biktimaren izaeraren ondoriozko esku-hartze profesionala hasi eta 5 urteko epean.

6. artikulua. Baldintzak aldatzea.

Prozedura tramitatu bitartean egiaztapena emateko baldintzak aldatzen badira, eskatzaileak aldaketa horien berri eman beharko dio Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari eta behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar hori bete ezean, eskatutako egiaztapena ukatu eginen da.

7. artikulua. Egiaztapenaren indarraldia.

1. Babestutako etxebizitzak eskuratzeko, genero indarkeriaren biktimaren izaera frogatzeko agiriak 2 urteko indarraldia izanen du ematen den egunetik aurrera.

2. Bi urteak iraganda, agiria berritzen ahal da foru agindu honetan eskaerarako ezarritako moduan.

8. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Eskaera idatziz eginen da, foru agindu honen I. eranskinean jasotako eredu ofizialean, ondoko agiri hauek aurkeztuta:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia. Nazionalitate espainiarra ez duten pertsonek, haren ordez, egoitza-baimenaren edo lan-baimenaren fotokopiak aurkeztu beharko dituzte.

b) Erroldaren ziurtagiria, eskaera egin baino gehienez ere hilabete lehenago luzatua.

c) Genero indarkeriaren biktima izaera aitortzen duen dokumentazioa, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

9. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Instrukzio organoak bidezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen diren ikusteko.

10. artikulua. Prozedura ebaztea.

Genero berdintasunaren arloan ebazpena emateko eskuduna den organoak, instrukzio organoaren proposamena ikusita, ebazpena emanen du genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena emateaz.

Ebazpena, gehienez ere, bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, genero berdintasunaren arloan ebazpena emateko eskuduna den organoaren erregistroan sartu zen egunean hasita.

Aurreko ataleko epea igarotzen bada egiaztapena eman dela jakinarazi gabe, eskatzaileak ondorioztatzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsi dela.

11. artikulua. Egiaztagiria.

Genero indarkeriaren biktimaren izaera egiaztatzen duen agiriak beharrezko informazioa bilduko du jabetza eta errenta araubidean nahiz soilik errenta araubidean etxebizitza eskuratzeari dagokionez.

Azken xedapen bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko apirilaren 13an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Genero indarkeriaren biktimen egiaztapenaren eskaera
etxebizitza babestuen erreserban sartzeko eta etxebizitza
arloan babes daitezkeen beste jarduketen ondorioetarako,
234/2015 Foru Aginduaren arabera

Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak:

NANa / AIZ:

Jaioteguna:

Helbidea:

Udalerria:

Posta kodea:

Probintzia:

Harremanetarako telefonoa:

Nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu du (Espainiako nazionalitatea ez dutenek, horren ordez, AIZren fotokopia aurkeztu behar dute).

BAIEZ

Genero indarkeriaren biktimaren izaeraren egiaztagiria aurkeztu du (bidezkoa dena adierazi).

Genero indarkeriagatik kondenatzen duen epai irmoa, interesdunaren aldekoa.

Biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabakitzen duen babes agindua edo ebazpen judiziala, indarrean dagoena.

Interesduna genero indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartean.

Eskatzailea genero indarkeriaren biktima den zehazteko irizpen profesionala biltzen duen txosten teknikoa, foru agindu honen 3. artikuluko 2.d atalaren arabera.

BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta eskabide honetan adierazitako datuak egiazkoak direla.

BAIMENA EMATEN DU aitortutako datuei buruzko kontsultak egiteko eta horiek beste administrazio publiko batzuei emateko, espedientearen kudeaketa kontrolatzeko.

ESKATZEN DU genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena eman dakiola, Nafarroako etxebizitza babestuen erreserban sartzeko.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Sin.:

Ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak dagoeneko duen dokumentazioa aurkeztea.

5/1999 Lege Organikoaren 5. artikulua betetzeko, aditzera ematen da eskabide honetan azaltzen ahal diren datu pertsonalak datu pertsonalen fitxategi batean sartu, eta Nafarroako Gobernuak tratatuko dituela, eskatutako laguntza kudeatze aldera.

Emandako datu pertsonalak beste administrazio publiko batzuei lagatzen ahalko zaizkie, hala behar izanez gero eskatutako laguntzaren kudeaketa garatu, bete edo kontrolatzeko.

Nork bere datu pertsonalak kontsultatu, zuzendu edo, kasua bada, deuseztatzen ahalko ditu, Gizarte Politiketako Departamentuan (fitxategiaz arduratzen den organoa).

Eskaeran eskatzailea ez beste pertsona fisiko bati buruzko datu pertsonalak sartu behar izanez gero, halaxe jakinaraziko zaie lehenik.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea.

Iragarkiaren kodea: F1505798