1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
148E/2015 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Etulaingo 9. poligonoko 120. lurzatian lurren betelanaren proiekturako, Anueko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.
2015eko martxoaren 6an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketan, hondeaketako lur eta harri garbiak zabalduko dira (guztira 1.300 m³) Anueko 9. poligonoko 120. lurzatian. Hor, abandonatutako harrobi bat dago, eta, 2008an, N-121-A errepidea hobetzeko Ostizko saihesbidean egindako obretako lurrak eraman ziren hara. Kasu honetan, lurrak izanen dira Iruña-Behobia N-121-A errepidea 16+780 eta 17+530 kilometro puntuetan, hautatutako kokapenetik oso hurbil dagoen tarte batean hain zuzen, zabaldu eta hobetzeko obretakoak.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin du proiektuari buruz, baldin eta ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak betetzen badira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Etulaingo 9. poligonoko 120. lurzatian lurren betelanaren proiekturako, Anueko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
–Lurra eramaten hasi baino lehen, okupatu beharreko eremua balizatuko da.
–Lehengoratze honetan hondeaketako lur garbiak baino ez dira onartuko (170504 LER kodea), hau da, 9/2005 Errege Dekretuan konpostatu organikoetara beste erabilera batzuetarako ezarritako erreferentzia maila orokorrak gainditzen ez dituztenak, ezta erreferentzia maila orokorrei buruzko azterlanean Nafarroako metaletarako ezarritakoak ere.
–Sustatzaileak bermatu behar du harrobia lehengoratuko dela soil-soilik erabiliz zehaztu diren hondeaketako lurrak, R10 baimena duen kudeatzaile batetik heldu direnak, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat. Lurrak eremuan zabaldu baino lehen, egiaztatu behar da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetako harri zatiak kendu direla, baita hondeaketa lurraren definizioarekin bat egiten ez duten hondakin guztiak ere, lurrak sortzen dituzten obretan ager daitezkeenak.
–Metro batetik 2 metrora bitarteko geruzatan zabalduko dira lurrak, behetik gora. Ongi trinkoturik geldituko dira, amaieran betelana egonkorra dela bermatzeko.
–Isurketa urei aterabide bat emanen zaie, eta saihestuko da leku beheratuak sortzea, haietan urik bil ez dadin.
–Topografia berriarekin saihestuko da ertzik agertzea eta ahaleginak eginen dira trantsizio apaleko doikuntza fisiografikoa egiteko inguru-inguruko azalerekin. Betelanaren azken azalera ongi profilaturik geldituko da, harririk gabe.
–Azken azaleretan gutxienez 20 cm dituen geruza bat erantsiko da, obretatik hartuta ustez materia organikoaren aldetik kalitate handiagoa duten lurrekin.
–Azarotik martxora eskuz ereinen dira eskualde horretako belarkien eta zuhaixken (%2) haziak, nahasturik, 32 gr/m²-ko dosi batekin.
–Azkenean, urtarriletik martxora, 5 x 5 m-ko markoan landatuko dira zuhaitzak, ondoko espezie hauetakoak: Fraxinus excelsior-a, Quercus pubescens-a, Betula celtiberica eta Acer opalus-a, 6/8 tamainakoak eta sustrai hutsetan. Hodi batez babestuko dira landareok, eta behar bezala zurkaiztuko.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Anueko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko apirilaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1506145