1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
145E/2015 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Zubietako Saltsako errekatik ur hornidura egiteko proiekturako, Zubietako udal mugapean. Sustatzailea Pedro Santesteban Loiarte da.
2014ko ekainaren 12an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketak helburu du Saltsako iturritik (2. poligonoko 345. lurzatia) ura eramatea 2. poligonoko 122. lurzatian dagoen borda batera (Atxuneko borda) eta poligonoko bereko 146. lurzatian eraikitzen ari den etxebizitza batera. Uraren hartzea behin betikoa izanen da, eta iturburuan harriz eutsitako hodi batekin eginen da. Hodi hori bi kilometrotik gorakoa izanen da. PVCkoa izanen da, hazbetearen ¾-ko lodierakoa, 10-15 cm-ko zanga batean lurperatua. Zanga eskuz eginen da (pikoz edo aitzurrez), eta, hortaz, ez da makina astunik erabiliko.
Lehendabiziko 200 metroan, eskatzaileetako baten lur partikularretan barna joanen da hodia, eta, geroago, 1.500 metroan, ia-ia etengabe paraleloan joanen da egun dagoen pista batekin, zanga batean pixka bat lurperaturik, haren goiko aldean. Pista bukaturik, hormigoizko bide batera iristen da, eta han, bi adarretan bereiziko da. Haietako lehena, bost bat metrokoa, erabiliko da 1.000 litroko biltontzi erregulatzaile bat hornitzeko. Horrek, bere aldetik, hornidura eginen dio handik 3 bat metrora dagoen abeltzaintzako borda bati (2. poligonoko 123. lurzatia). Bigarrena, 500 bat metrokoa, hormigoizko zoladuraren ertzetik joanen da, pixka bat lurrean sartuta, eta hornidura eginen dio 2. poligonoko 146. lurzatian dagoen etxebizitzako 3.000 litroko biltontzi erregulatzaileari. Etxebizitzak baimena duenez eta borda abeltzaintzarako denez, ustiapen baimendua edukita, ura eramatea justifikaturik da, haren erabilerak direla eta.
Espedientean jasota dago Zubietako Udalak 2014ko maiatzaren 2an emandako aldeko txostena, baita Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak 2015eko apirilaren 10ean emandakoa ere. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zubietako Saltsako errekatik ur hornidura egiteko proiekturako, Zubietako udal mugapean. Sustatzailea Pedro Santesteban Loiarte da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da.
Hirigintza arloko edukiak:
–Baimen honek soil-soilik babesten du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ekainaren 13ko 791/2003 Ebazpenaren bidez baimendutako etxebizitzaren ur hornidura (haren bidez, baimena eman zitzaion Pedro Santesteban Loyarte jaunari etxebizitza bat eraikitzeko Zubietako 2. poligonoko 146. lurzatian), eta zerbitzua emateko 2. poligonoko 123. lurzatian dagoen abeltzaintzako bordaren beharrei, non, sustatzaileak aurkeztutako justifikazioaren arabera, jabeak kudeatzen duen ustiategiko abereak babesten baitira urteko aldi batean. Baimen honek ez du babesten beste edozein erabilera borda horretan.
–Baimendutako etxebizitza baimenaren titularraren ohiko bizitegi iraunkorra izanen da. Lurzatia inter vivos eskualdatzen bada, hura eskuratzen duenak ohiko bizitegi iraunkor gisa erabiliko du etxebizitza. Horretarako, eskualdaketa horren berri emanen dio Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, etxebizitza horretarako erabiliko dela adieraziz.
–Udalak zainduko du udal-eskumeneko determinazioak bete daitezela, eta, ingurunean integratzeari dagokionez, lurzatiaren ezaugarriak eta bukaerako egoera behatuko dira, paisaiako inpaktua murrizteko.
–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
Ingurumen arlokoak:
–Hondeaketa lurrak behar bezala metatuko dira zangaren ondoan, berriro erabiltzeko zanga estaltzen denean. Ahaleginak eginen dira dagoen landareria errespetatzeko.
–Obrak ukitutako azalera guztiak nibelaturik geldituko dira, ondoko lurrekin bat eginda.
–Obrak hasi baino lehen, Bidasoa aldeko Basozaintzari abisatuko zaio (ogfobida1@cfnavarra.es 608-245812).
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Zubietako Udalari, Bidasoa-Leitza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko apirilaren 17an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1505995