1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
144E/2015 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Imozko udal mugapean, Oskozko goi horniduraren sarea berritzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Imozko Udala da.
2014ko irailaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketak helburu du Oskozko Kontzejuan ura hartzeko sistema egokitzea eta ura bultzatzeko sarea eta biltontzi erregulatzailea berritzea. Hornidura sare horren egoera txarra dela eta, ponpaketa instalazioak egokituko dira, egun ura bultzatzeko sareko 800 metro berrituko trazadura paralelo baten bidez, eta biltontzi erregulatzaile berri bat eginen da, egungoaren ondoan.
Ura bultzatzeko sare berria, lehendabiziko 225 metroan, aldatutako trazadura batetik joanen da, errepideraino dagoen basobera saihesteko, horrek ekarriko bailuke sastraka asko garbitzea. NA-4130 errepidea galkatze sistemaren bidez gurutzatzen den puntuan, errepideak Probintzietako Errege Altxonbidearekin egiten du bat.
Ez da aurreikusten egungo hodia kentzea, eta hondeaketatik ateratzen den materiala zanga betetzeko erabiliko da. Hargune elektriko berri bat paratuko da lurpean, biltontzi berriko giltzategiraino.
Biltontzi berria 300 m³-koa izanen da, eta bi ontzi eta aurrealdeko giltzategi bat izanen ditu. Landare-lurrez estaliko da biltontziaren ingurua, eta belarkiak ereinen dira eskuz. Egungo hormigoizko bidetik eginen da sarrera. Hari zelaigune bat emanen zaio, ibilgailuak maniobratzeko. Perimetroa itxiko da.
Espedientean Imozko Udalaren 2014ko abenduaren 23ko aldeko txostena dago, baita Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren 2015eko apirilaren 9koa eta Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Atalaren 2014ko urriaren 31koak ere. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Oskozko goi horniduraren sarea berritzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Sustatzailea Imozko Udala da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
Hirigintza arloko edukiak:
–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (errepideak, bide publikoak, abelbideak, ibilgu publikoak, azpiegituren eta zerbitzuen sareak edo beste batzuk), sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, batik bat Herri Lan Zuzendaritza Nagusitik, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, proposatutako trazadurak NA-4130 errepidea ukitzen baitu, eta Ebroko Ur Konfederaziotik, egun uren arloan indarra duen araudiarekin bat.
–Aintzat harturik Herrilurren Atalak 2015eko otsailaren 10ean egindako txostenean adierazitakoa: obretako batzuk herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eta/edo haien desafektazioa eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. eta 172. artikuluetan ezarritakoarekin bat.
–Orobat, baimen hau ematen da jabetza eskubideari eutsiz, azpiegitura egiteak uki ditzakeen lurzati pribatuei dagokienez.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, proiektatutako azpiegiturari lotuta lurraren sestra gainditzen duten elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
–Udalak zainduko du udal eskumeneko determinazioak bete daitezela, hirigintzako udal planarekin bat, eta, ingurunean integratzeari dagokionez, lurzatiaren ezaugarriak eta bukaerako egoera behatuko dira, paisaiako inpaktua murrizteko.
Ingurumen arlokoak:
–Mugarriz zedarritu eta seinaleztatuko da aldi baterako ukituko den eremua, batik bat zuhaitzak eta zuhaixkak dituzten tokietan. Hala behar izatera, obretako mugetan dauden zuhaitzak babestuko dira.
–Zanga egitean, landare lurraren goiko geruza (30-50 cm) kenduko da, eta behar bezala gordeko, hondeaketako gainerako materialetik aparte, nahas ez daitezen.
–Neurri zuzentzaile gisa, belaietan eta belarkien eremuetan, behar bezala gordetako landare lurrarekin ordeztuko da laboreko lurra. Zuhaitzak edo zuhaixkak dituzten tokietan, zuhaixkak landatuko dira, proiektuak adierazten duen bezala. Ubidearen zortasunaren zerrendan, belarkiak eskuz ereinen dira.
–Abelbideak okupatutako azalera (lurra, lur azpikoa eta hegalkina) Nafarroako Foru Komunitateko altxonbideen titulartasunekoa izanen da.
–Hodiari lotutako elementurik (kutxetarik, bentosarik, erregistro putzurik, eta abarrik) ezin izanen da paratu abelbidearen lurretan.
–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.
–Hodiak jartzeko lanak egindakoan ukitutako eremua lehengoratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.
–Baldintza horiek bete direla frogatzeko, sustatzaileak Ultzama-Arakil aldeko Basozaintzari deitu beharko dio (ogfoular4@navarra.es), gutxienez, 72 ordu lehenago, zuinketa lanak ikus ditzan bertatik bertara.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Imozko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko apirilaren 17an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1505994