89. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

168/2015 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aldez aurreko administrazio-baimena ematen da gas naturala banatzeko MOP 4 bar-eko sarea eta antena egiteko, Iturengo, Latsagako eta Aurtizko hiriguneetan, Iturengo (Nafarroa) udal mugapean.

Gas Navarra SA enpresak baimena eskatu du gas naturala kanalizaturik banatzeko sarea eta antena egiteko, "Gas naturala banatzeko MOP 4 bar-eko sarea eta antena egitea, Iturengo, Latsagako eta Aurtizko hiriguneetan, Iturengo (Nafarroa) udal mugapean" izeneko proiektuaren arabera.

Baimen eskaera hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2015eko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 16koan, eta "Diario de Navarra" nahiz "Diario de Noticias" egunkarietan 2015eko martxoaren 16an. Ez da alegaziorik jaso horren inguruan.

Proiektu teknikoaren oinarrizko datuak honako hauek dira: antena Elgorriagako udalerrian egonen den saretik abiatuko da, eta banatzeko lotura bi puntutan eginen da, DN 110 polietilenoarekin eta 4 bar-eko presioan. 90 eta 63 mm-ko DN 110 polietilenoa eta Ac DN 4 erabiliz gauzatuko da.

Proiektutako sareak guztira 6.248 metro luze dira, gutxi gorabehera.

Aurrekontua berrehun eta laurogeita lau mila zortziehun eta hogeita hamabi euro eta hogeita bi zentimokoa da. (284.832,22 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldez aurreko baimena ematea Gas Navarra SA enpresari, "Iturengo udal mugapean (Nafarroa) Iturengo, Latsagako eta Aurtizko hiriguneei gas naturala banatzeko sarea eta antena" egiteko.

2. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesioak eta baimenak.

3. Baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.–Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 5.696,65 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko zaio enpresari.

Bigarrena.–Instalazioetan eta haien muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, berdintasun baldintzetan, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Laugarrena.–Behin proiektua eginik, Gas Navarra SAk honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan, zerbitzuan jarri eta hogeita hamar egun igaro baino lehen:

–Obrako zuzendariak obra zuzendaritzaren ziurtagiria prestatu beharko du. Bertan honako hau sartu beharko da: emaitza positiboko froga eginen deskribapena eta adieraziko du obra hasierako proiektuaren arabera egin dela eta, proiektuan aurreikusiaren arabera, exekuzioan aldaketak egin badira, identifikatu eta justifikatu beharko ditu horiek, betiere erregelamenduko xedapenei eta egokiak diren JTOei jarraikiz.

–Exekuzioaz arduratzen den enpresak, instalazioaren ziurtagiria emanen du eta, hala behar bada, egindako frogena. Bertan adierazi beharko da hori erregelamenduan eta JTOetan ezarritakoaren arabera egin dela, eta dokumentazio teknikoarekin bat. Aipatu agirietan aurreikusiaren aldean, exekuzioan aldaketak egin badira, identifikatu eta justifikatu beharko ditu.

–Instalazioen muntaketa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratzen diren enpresa edo entitateen azken ziurtagiria, adieraziko duena emaitza egokia izan dela bukaerako ikuskapenetan eta egin diren saiakuntza eta probetan.

–"Gas erregaia hartzen duten instalazioen dokumentazioaren erregistroa" izeneko agiria, behar bezala betea.

Bosgarrena. Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.

b) Proiektuaren exekuzioa aldatzea edo handitzea, Zuzendaritza Nagusi honek baimendu gabe.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzeko ezartzen diren baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

Seigarrena. Gas Navarra SAk, instalazioak egiten hasi baino lehen, ukitutako ondasun eta zerbitzuen jabe diren erakunde guztien baimena beharko du; hortaz, horiek ezarritako baldintzak onartuko ditu enpresa titularrak.

4. Ebazpen hau Gas Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko apirilaren 15ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1505758