89. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 29an hartua, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zenbait master titulu ofizial eskuratzeko irakaskuntzak ezartzeko baimena ematen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak baimena eskatu dio Nafarroako Gobernuari Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitutako titulazio berriak ezartzeko, egun eskaintzen dituenak osatzeko.

ANECA-Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak titulazio horien guztien aldeko ebaluazioa egin du, eta Unibertsitateen Kontseiluaren egiaztapena eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren txostena ere aldekoak izan dira.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak aldeko txostena egin du titulazio berriak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan honako unibertsitate master hauek ezartzeko baimena ematea, betiere Unibertsitateen Kontseiluak egiaztatu eta ANECA-Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak ebaluatu dituen memorietan ezarritako baldintzetan:

–Ingurumen Nanoteknologiako unibertsitate masterra (Zaragozako eta Lleidako Unibertsitateekin batera).

–Informazio geografikoko sistemak eta Teledetekzioko unibertsitate masterra.

2. Erabaki hau Politika Unibertsitarioaren Konferentzia Orokorrari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari igortzea, baimendutako tituluen izaera ofiziala ezartzeko proposamena Espainiako Gobernuari bidal diezaion eta tituluak Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari jakinaraztea, eta adieraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko apirilaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1506688