89. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Ultzamako Club de Golf Ulzama enpresaren II. hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ultzamako Club de Golf Ulzama SA enpresaren II. hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31100072012011) aztertu da, erregistro honetan 2014ko azaroaren 18an sartu zena eta enpresaren legezko eta sindikatuetako ordezkariek izenpetu zutena 2014ko urriaren 21ean, eta 2015eko otsailaren 18an zuzendu, eta honako honekin bat: Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatiak eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 25ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

CLUB DE GOLF ULZAMA ENPRESAKO LANGILEENTZAKO II. HITZARMEN KOLEKTIBOA 2014. eta 2015. URTEAK

1. artikulua. Langile eta lurralde eremua.

Harreman juridiko eta lanekoaren bidez "Club de Golf Ulzama" enpresan (Ultzaman, Nafarroa) diharduten langileen lan baldintzak arautzen ditu hitzarmen kolektibo honek. Konpainiako zuzendaritza karguak hitzarmenaren aplikaziotik kanpo gelditzen dira.

2. artikulua. Indarraldia

Hitzarmen kolektibo honek bi urteko indarraldia izanen du, hots, 2014. eta 2015. urteetan. Hitzarmen hau mugaegunean salatuko da, eta sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute hitzarmen honen indarraldiko azken hiruhilekoan hitzarmen berria negoziatzen hasteko. Beste lan hitzarmen bat egin arte, lan hitzarmen honetako klausulek indarrean segituko dute.

3. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.

Hitzarmen kolektibo honetan ezarritako lan baldintzak, oro har eta urte osoa kontuan harturik, indarreko xedapenetan ezartzen diren baldintza orokorrekin konpentsa eta irents daitezke.

4. artikulua. Ordainsariak.

1.–Hitzarmen honek iraun bitartean ez da soldata igoerarik izanen, eta 2013ko abenduaren 31n jasotzen ziren zenbatekoek bere horretan segituko dute.

2.–Lansarien egitura. Soldatan kontzeptu hauek sartzen dira:

A) Oinarrizko soldata: unean-unean indarra duen LGSa adinakoa.

B) Antzinatasuna: hirurtekoak, lau gehienez. Bakoitzagatik indarreko LGSaren %8 emanen da, betiere langilea plantillako langile finko bihurtzen den unetik aurrera.

C) Osagarri pertsonala: langile bakoitzari esleitutako gainerako ordainsariak hartzen ditu. Osagarri horiek langilearen lanbide merezimenduengatik, jardun mailagatik, enpresarekiko jarreragatik, prestakuntza eta balioaniztasunagatik, ikasketa mailagatik eta abarrengatik ematen dira. Osagarri horren zenbatekoa langile bakoitzari 2004ko abenduaren 31n aitortu zitzaiona izanen da, eta aurreko 1. idatz-zatian adierazi bezala igoko da itunaren indarraldiko urteetan. 2014. eta 2015. urteetan, soldataren osagarri horren urteko gutxieneko zenbatekoa hauxe izanen da hamargarren artikuluan jasotzen diren soldata mailetatik bakoitzean:

MAILAK

EUROAK

I. maila

21.510,34

II. maila

17.208,50

III. maila

13.981,54

IV. maila

8.603,66

V. maila

5.156,55

VI. maila

0

Urteko zenbaketa eginda, zazpigarren artikuluan adierazten den urteko lanalditik beherako lanaldia duten langileek dagokien proportzioan jasoko dute osagarri hau, baita gainerako osagarriak ere.

Eguberrietako jaiegunak eta asteburuak ordainduko dira, egun horietan instalazioak itxita badaude ere.

D) Aparteko eskersariak: soldata horiek hamabi paga ohikotan ordainduko dira, eta beste aparteko bi paga ere ordainduko dira, zenbateko berekoak, uztailean eta abenduan, gehi bi paga berezi, hamar eguneko soldata adinakoak, martxoan eta irailean.

5. artikulua. Gaueko lana.

Gauez, hau da, 22etatik 6ak bitarte, lan egiten duten langileek, horretarako bereziki kontratatu direnak izan ezik, gaueko ordu bakoitzeko osagarria jasoko dute, oinarrizko soldatako ordu bakoitzaren prezioaren %25 adinakoa.

6. artikulua. Konpentsazio bereziak.

Bi alderdiek adostu dute aparteko ordutzat hartuko direla lan egutegian aurretik finkatutako eta enpresako zuzendaritzak onartutako eguneko lanalditik gainerako orduak. Horien ordez, atsedenaldiak emanen dira, honela:

1. Larunbatetan, igandeetan eta gainerako jaiegunetan egindako soberako lan denborari %75 gehituko zaio, eta atsedenaldi hori langile guztiei aplikatuko zaie, salbu asteburuetan edo jaiegunetan lan egiteko propio kontratatu diren langileei.

2. Lanegunetan (astelehenetik ostiralera) egindako soberako lan denborari %50 gehituko zaio.

Konpentsazio hori honela eginen da:

–Egindako aparteko orduen kopurua lanaldi bat edo gehiago hartzeko adinakoa baldin bada, ateratzen diren egun horiek bere oporraldietako bati gehitzen ahalko dizkio langileak.

–Egindako aparteko orduen kopurua lanaldi bat hartzeko adinakoa ez bada, konpentsazio denbora bere aferetarako denbora bezala hartzen ahalko du langileak, baina 24 ordu lehenagotik abisatuta.

Nolanahi ere, zerbitzua ez da inoiz atenditu gabe utziko aparteko orduen konpentsazioagatik.

Urtero, abenduaren 31n, denboran hartu ez diren aparteko orduak esku-dirutan ordainduko dira, proportzio berean.

7. artikulua. Lanaldia.

Urteko lanaldia 1.717 ordukoa izanen da, hitzarmenaren indarraldi osorako. Urteko lanaldia banatzeari dagokionez, bi alderdiek urteko egutegi bat prestatzea adosten ahalko dute, baina biek konpromisoa hartzen dute banaketa irregularra izan daitekeela onartzeko, jarduera handieneko aldietan enpresaren produkzio-beharrengatik, deusetan galarazi gabe legez ezarrita dauden eguneko eta asteko gutxieneko atsedenaldiak.

Abuztuan, asteko lanaldia 42 ordura igo daiteke, salbuespen gisa.

Aurretik esan da bi alderdiek konpromisoa hartzen dutela lanaldiaren banaketa irregularra ituntzeko, klubaren jardueraren berezitasunei erantzunez. Horrenbestez, hitzarmen honen indarraldian, ez da aplikatuko Langileen Estatutuaren 34.2 artikulua.

8. artikulua. Oporrak.

Langileek 30 urte naturaleko oporraldia hartzeko eskubidea dute, soldata errealaren arabera ordainduko dena.

Oporrak hamabost eguneko bi alditan banatuko dira: oporraldi bat langileak aukeratuko du ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte, eta bestea enpresak, jarduera gutxieneko urteko sasoian, azarotik otsailera bitarte. Hala ere, langileak berak aukeratutako oporraldia hartzen ahalko du baldin eta bateragarria bada atxikita dagoen zerbitzuaren antolaketarekin, zerbitzua atenditu gabe geldi ez dadin departamentu bereko langileen oporrak egun beretan izateagatik. Enpresak uste badu zerbitzua atenditu gabe geldi daitekeela, enpresak berak erabakiko ditu langileek aukeratu beharreko oporraldiak, eta ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte izanen dira nahitaez.

Enpresak eta langileek oporraldien berri emanen diote elkarri bi hilabete lehenagotik.

Ezinbesteko kasu justifikatuetan, bi alderdiek, hots, enpresak eta langileak, oporretako egunak aldatzen ahalko dituzte.

9. artikulua. Lizentzia ordainduak.

a) Ezkontza: 16 egun natural, eta oporraldiari gehitzen ahal zaizkio.

b) Seme edo alaba baten jaiotza: 2 egun natural (gehi aitatasunaren baimeneko hamahiru egunak).

c) Ezkontidearen edo seme-alaben heriotza: 5 egun natural.

d) Gurasoen edo anai-arreben heriotza: 2 egun natural.

e) Aitona-amonen, biloben edo ezkontza bidezko guraso, seme-alaba edo anai-arreben heriotza: 2 egun natural.

f) Ezkontidearen, gurasoen edo seme-alaben eritasun larria, ospitaleratzea behar duena: 4 egun natural. Baimen hau ahaidea osasun zentroan dagoen bitartean hartu beharko da nahitaez. 2. mailara bitarteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen kasuan, 2 eguneko baimena.

g) Seme-alaben ezkontza: egun natural bat.

h) Aldaira: egun natural bat.

i) Betebehar publiko saihestezin bat betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora.

j) Norberaren aferak: egun natural bat. 2015ean, eta 2015ean bakarrik, norberaren aferetarako bi egun izanen dira.

k) Bularra emateko baimena pilatzea: haurrari bularra emateko baimenean, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoan, emakumezko langileak aukera izanen du artikulu horretan adierazi bezala hartzeko lizentzia, edo amatasun baimena beste hamabost lanegun gehiago luzatzeko.

l) Etxeko atsedena eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntzagatik, bigarren gradura bitarteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen kasuan: 2 egun.

Artikulu honetako b), c), d), e) eta f) kasuak direla eta, langileak joan-etorriren bat egin behar baldin badu, lizentziari egun bat gehituko zaio, joan-etorria 100 km-tik gorakoa bada, eta bi egun joan-etorria 200 km-tik gorakoa bada (distantzia neurtzeko, lantokitik baimenaren eragilea izan den gertaeraren lekura artekoa hartuko da). Lizentzia ordainduen kasu horiek guztiak izatezko bikote behar bezala erregistratuei ere aplikatuko zaizkie.

10. artikulua. Lanbide kategoriak.

Enpresan sei lanbide kategoria izanen dira, golf klubaren errealitate espezifikoaren arabera, kontuan hartuz lanpostu bakoitzaren erantzukizuna, hierarkia ordena, lanpostu bakoitzaren kualifikazioa eta prestakuntza eta ikasketa maila.

Hauek dira kategoriak, mailaz maila:

I. maila: kudeatzailetza eta zuzendaritza.

II. maila: zelai burua edo Green Keeper eta kiroleko zuzendaria.

III. maila: ostatu eta jantokiko arduradun nagusia eta sukaldeko burua.

IV. maila: zuzendaritzako urgazlea, sukaldariak, tabernariak, lorezainak, caddy masterrak, etxolako zaindaria eta soroslea.

V. maila: barrako eta jantokiko urgazleak, sukaldeko, zaintzako eta garbiketako urgazleak, bestelako urgazleak eta administrari laguntzaileak.

VI. maila: prestakuntza kontratuko langileak.

11. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Aldi baterako ezintasun kasuetan, langileek ordainsarien %100 kobratuko dute, izan ezintasuna lan istripuagatik, izan eritasun arruntagatik edo izan lanetik kanpoko istripuagatik, salbu eta langileak aurreko bost urteetan enpresan 180 egun kotizatu ez baditu, horrelakoetan ez baitu eskubiderik izanen.

12. artikulua. Aseguru osagarria.

Enpresak lan istripuen arriskuetarako poliza bat izenpetuko du bere kargura. Hona hemen jaso beharreko kontingentzia bakoitzerako kapital aseguratua:

1. 19.000 euro heriotzagatik.

2. 25.000 euro ezintasun iraunkor absolutuagatik eta osoagatik.

Diru-kopuru horiek bere horretan mantenduko dira hitzarmenaren indarraldian.

13. artikulua. Laneko arropa eta norberaren garbiketa.

Enpresak behar diren jantziak eta oinetakoak emanen dizkie langileei, urteko sasoi bakoitzerako egokiak, bakoitzak egiten duen zerbitzuaren arabera. Langileak behar bezala erabili beharko ditu jantziak eta oinetakoak, eta egoera onean kontserbatu.

Arropa hori egoki jantzi beharko da, eta horrekin batera, norberaren higienea zaindu.

Udako arropa apirilean banatuko da, eta negukoa urrian.

14. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresak behar diren kudeaketak eginen ditu, bere kontura, langile guztiei urtero osasun azterketa egin diezaieten.

15. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Enpresak konpromisoa hartzen du laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna begiratzeko politika aktibo bat jorratzeko. Horretarako, aldizkako bilerak eginen ditu prebentzioko arduradunarekin, langile guztien segurtasuna eta higienea bermatzeko behar diren baliabideak jar daitezen.

16. artikulua. Eszedentziak.

Eszedentziei dagokienez, Langileen Estatutuaren 46. artikuluari jarraituko zaio.

Dena dela, borondatezko eszedentzia hartzen duen langileak eskubidea izanen du bere lanpostua erreserbatzeko, eszedentzialdia 12 hilabetetik 24 hilabete bitartekoa baldin bada, eta eszedentziaren arrazoia ez bada beste enpresa batean lan egitea, zeinahi jardueratan.

Nolanahi ere, enpresak eta langileak bestelako itun bat egin dezakete.

17. artikulua. Ikasketak egiteko laguntzak.

Langileak edonolako prestakuntza jasotzeko matrikularen bat egiten badu, entitateari jakinarazten ahalko dio, eta hark, eskaera arteztu ondoren, baldin iruditzen bazaio langilearen lanbide garapenerako egokia dela, matrikula gastuak ordainduko dizkio, behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

Orobat, enpresak Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde ofizial batzuek diruz laguntzen dituzten ikastaroei buruzko informazioa emanen du.

18. artikulua. Praktiketako kontratuak.

Praktiketako kontratuak ezin dira sei hilabetetik beherakoak izan, ez eta urtebetetik gorakoak ere. Soldataren zenbatekoa kasuan kasuko lanbide kategoriari dagokionaren %80koa izanen da lehenengo sei hilabeteetan, eta gero %90ekoa kontratua bukatu bitarte.

19. artikulua. Prestakuntza.

Itun hau sinatzen duten alderdiek plantillako langileen lanbide prestakuntza hobetzeko gogotsu aritzeko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, urteko lehenengo hiru hilabeteetan, enpresak lanbide prestakuntzarako plan zehatz bat aurkeztuko dio langile talde bakoitzari, bi alderdiek adostua eta sinatua, alde bakoitzak borondate osoz hala egin nahi badu. Planean honako hauek jasoko dira: egin beharreko prestakuntza ekintzak, egunak eta ordutegiak, parte hartuko duten langileak, ekintzak egiteko tokia eta, azkenik, enpresari, langileei edo sindikatuei egoki iruditzen zaizkien xehetasun guztiak.

Plana adostu ondoren, kopia bat langileen legezko ordezkariei emanen zaie, egoki betetzen dela begira dezaten.

Golf klubeko plantillako langileen lanbide prestakuntzarako 30 orduko poltsa bat erreserba daiteke, ohiko lanalditik kanpora erabiltzeko, alderdiek erabakitzen duten bezala.

20. artikulua. Fideltasun saria.

Klubeko plantillako langileek, legezko adina baino lehen hartzen badute erretiro osoa, honelako saria jasoko dute:

–Erretiroa urte bat lehenago hartuz gero, 2.500 euro.

–Erretiroa bi urte lehenago hartuz gero, 3.000 euro.

–Erretiroa hiru urte lehenago hartuz gero, 4.000 euro.

Artikulu honetan hitzartutako zenbatekoen munta kontuan harturik, ez da beharrezkotzat jotzen horietarako kanpo asegururik egitea.

21. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula.

Enpresak, elkarren segidako bi ekitalditan galera ekonomikoak izaten baditu, edo hitzarmen honetan ezarritako soldata araubidea eta/edo soldata igoerak aplikatzearen ondorioz bere egoerak edo etorkizun ekonomikoak kalteak izaten baditu, sindikatuetako ordezkariekin batera adostu dezake hitzarmen honetako soldata araubidea ez aplikatzea, betiere soldata araubideari dagokionez bakarrik, Langilen Estatutuan ezarritako moduan eta jarraian itundutakoarekin bat.

Enpresaren betebeharra da sindikatuen ordezkariei ematea egoera justifikatzen duen kontabilitateko informazio guztia, langileen aldetik eskatutakoa.

Enpresak ezin izanen du ez-aplikatzearen prozedura planteatu Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako gaiei dagokienez, salbu soldaten zenbatekoari dagokionez. Horretarako, kontsultaldi bat irekiko da, sindikatuen ordezkariekin, hamabost egunerako gehienez, eta epe hori akordioarekin edo akordiorik gabe bukatzen ahalko da.

Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, soilik jurisdikzio eskudunean aurkara daiteke, iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik.

Akordio horren berri eman beharko zaio hitzarmenaren Batzorde Paritarioari. Ez aplikatzeko akordioak zehatz azaldu beharko du akordio hori aplikatu ondoren langileek jasoko dituzten ordainsariak; eta berreskurapenerako pixkanakako programa bat ezarriko da, eta zein kasutan izanen litzatekeen bidezko, hitzarmenean berean ezarritako soldata baldintzak berreskuratu arte. Ez aplikatzeko akordio horrek ez du inolaz ere hitzarmen honen indarralditik gorako iraupena izanen, eta ordainsarietan ez du bereizkeriarik eginen genero arrazoiengatik.

Kontsultaldia alderdien akordiorik gabe bukatzen bada, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza tramitearen menpe jarriko dira alderdiak. Kontsultaldian adostasunik ez bada alderdiek arbitraje lotesle baten esku jar ditzakete beren desadostasunak, Nafarroako Lan Auzitegian, eta kontsultaldian dagoen akordioaren ondorio berberak izanen ditu arbitraje-epaiak.

22. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa eratu da, eta enpresaren bi ordezkarik eta langileen beste bik osatuko dute (hitzarmena sinatzen duten sindikatuek duten ordezkaritzaren proportzioan).

Erabakiak botoen gehiengo bidez hartuko dira, eta batzordearen eginkizunak hauek izanen dira:

A) Hitzarmena interpretatzea eta haren aplikazioan sortzen diren auzien gainean erabakiak hartzea.

B) Itundutakoa begiratzea, laneko agintaritzari dagokion eskumena deusetan galarazi gabe.

C) Hitzarmen honen eraginkortasuna hobetzeko beste edozein eskudantzia.

D) Bitartekotza, alderdiek eskaturik, hitzarmen hau aplikatzearen ondoriozko desadostasunei buruz.

E) Alderdiak ados egonda, beharrezkoak edo komenigarriak diren beste eginkizun batzuk, hitzarmen kolektibo honen eraginkortasun praktikoa handiagoa izan dadin.

F) Esku hartzea lan-baldintzen funtsezko aldaketaren prozeduretan, eta hitzarmena ez aplikatzeko prozeduretan, hitzarmen honetan ezarri bezala.

Xedapen gehigarri bakarra.

Itun honen eraginpean dauden alderdien arteko eztabaida, erreklamazio eta demandetan, bi alderdiak, lan arloko jurisdikziora jo aurretik, Nafarroako Lan Auzitegiaren adiskidetze, bitartekotza eta arbitrajearen esanetara jarriko dira.

Azken xedapena.

Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Langileen Estatutuan eta gainerako indarreko araudian ezarrita dagoena aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1505293