88. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Ordenantza fiskala, Ur hornidura emateko eta uraren
ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduerak egiteko tasak/prezio publikoak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2014ko azaroaren 17an egin ez-ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ur hornidura emateko eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzuak eta jarduerak egiteko tasak/prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Onespenaren erabakia 2014ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 24an. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Baztanen, 2015eko martxoaren 26an.–Alkate udalburua, Garbiñe Elizegi Narbarte.

ORDENANTZA FISKALA, UR HORNIDURA EMATEKO ETA
URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUERAK EGITEKO TASAK/PREZIO
PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordenantza Fiskal honen titulu honetan ezartzen diren tasak/prezio publikoak Nafarroako toki entitateei aplikatu beharreko araudi fiskalak entitate horiei emandako ahalmenen babesean eta haiekin bat etorriz ezarri dira.

2. artikulua.

Titulu honen xedeko tasek/prezio publikoek beheko ur hornidura eta aitzinekoarekin eta uraren ziklo integralarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak ematea dute oinarri. Beraz, ezartzen diren ordainarazpenak, izaera fiskalaren ikuspegitik, tasak/prezio publikoak dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren zerbitzuak eta jarduerak eman edo egiteari dagozkionak.

Aplikazio eremua

3. artikulua.

Ordenantza hau honako tokiotan aplikatuko da:

–Almandoz

–Amaiur

–Aniz

–Arizkun

–Arraioz

–Azpilkueta

–Berroeta

–Elbete

–Erratzu

–Gartzain

–Irurita

–Lekaroz

–Oronoz

–Ziga

Zergapeko egintza

4. artikulua.

Zergapeko egintza da ordenantza honek araututako zerbitzuak eskura izan edo eskuratu ahal izatea, nahiz jarduerak erabili edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak/prezio publikoak sortzen dituzte eta, banan-banan, ondoko hauek dira:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

b) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea (ur kontsumoa).

c) Edateko uraren hornidura behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea (lotune kuota).

d) Behin-behineko horniduretarako izen emateak.

e) Ikuskapena, arauak zehatz-mehatz betetzen diren ala ez egiaztatzeko, ordenantzetan araututakoa hausten den kasuetan.

f) Saneamendua.

Lurzoru urbanizaezinean familia bakarreko etxebizitza bakartuek ez dute beren lurzatirainoko sare orokorra eskura izateko eskubiderik, eta zerbitzu hori jabeek egin beharko dute beren kabuz eta banaka, 35/2002 Foru Legearen 116.4 artikuluak ezarri duenarekin bat, aldez aitzinetik Batzarreak, eta ondotik Udalak, baimena emanik eta Batzarreak eta Udalak kontagailuak paratzeari buruz erraten dituztenak betez.

5. artikulua.

Batzarreak, edota haren ordez Udalak, behar diren prezioak ezarriko ditu edateko uraren hornidura sareetako harguneen lanak finantzatu ahal izateko, eta orobat kontagailuak prezintatu, egiaztatu, ezarri eta berritzeko, lan horiek Udalak berak egiten dituenean.

Subjektu pasiboak

6. artikulua.

1. Subjektu pasibotzat hartuko dira, ordenantza honetan ezarritako tasak/prezio publikoak ordaintzera behartuak, zergadun gisa, pertsona fisikoak edo juridikoak eta entitateak, nortasun juridikorik izan gabe ere zerga jasan dezakeen entitate ekonomiko bat edo ondare bereizia osatzen dutenak, ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura, erreala edo ahalezkoa, edo haien eragina jasotzen badute.

Zehazki, ordaintzera beharturiko subjektu pasiboak honako hauek dira:

a) 4. artikuluko a), b), c), d) eta f) ataletan ezarritako tasetarako/prezio publikoetarako, hornidura kontratuaren titularra.

b) 4. artikuluko e) atalean zehaztutako tasarako, hargunearen eskatzailea izanen da subjektu pasiboa.

Abonaturik ez dagoenean, ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabeak izanen dira subjektu pasibo, betiere, zehapena ekarri duen jarduketaren onura jaso badute.

2. Zerbitzua zer finka edo eraikinetan egiten den, haiexen jabeak izanen dira zergadunaren ordezko. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiexei kobratzen ahalko dizkiete kuotak.

3. Kontzeptu batengatik edo bestearengatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.

Batzarreak kobratzeko zailtasunak baditu edo ez bada ordaintzen, Udalak subsidiarioki eginen du. Ordaintzeko borondatezko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira. Ustiapen edota ekonomi jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Udalari kasuan kasuko jarduera edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua eskatzeko.

7. artikulua.

Udala titularra bada ere, herri bakoitzeko Batzarreak kudeatu beharko du tasa/prezio publikoaren kobrantza.

Batzarreek Udalari emanen dizkiote ur garbiarengatik eta saneamenduarengatik igorritako ordainagirietako datu guztiak urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen.

Kudeaketa arauak

8. artikulua.

Herrietako Batzarreak arduratuko dira ordenantza honetan bildutako kudeaketak egiteaz, Ur Batzordeak eratuz. Herri bakoitzeko alkate juratua izanen da batzordeburu.

Batzarrea, halaber, ur-biltontzia garbitzeaz arduratuko da. Garbiketa bi urtean behin eginen da.

Udala kloratzailea mantentzeaz arduratuko da; horretarako, udal langile bat izendatuko du eginkizun horretaz arduratzeko.

9. artikulua.

Herrietako iturri kloratu guztiek sakagailu bat izan beharko dute, ur kloratua alferrik ez galtzeko. Halaber, askek flotagailu bat izan beharko dute.

10. artikulua.

Eraikin batean, industria batean eta abarrean hargune orokorra paratu nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek honela jokatu beharko dute.

A.–Hirigunean hargune orokorrak baldin badira, Batzarreko Ur Batzordeari zuzendutako instantzia aurkeztu beharko da edo, halakorik ez badago, kasuan kasuko Batzarreari (Udalaren aitzinean aurkezten badu, Udalak dagokion Batzarreari jakinaraziko dio), eraikineko lotura orokorra banaketarako sareari lotzea eskatuz. Instantzian honako hau aipatu behar da:

a) Zein eraikinetarako eskatzen den hargunea, horren kokapena.

b) Eskatzen den loturaren planoa edo krokisa.

c) Eskatutako hargune orokorraren diametroa eta harainoko distantzia (eskatutako hargunea eskatutakoaz bertzelako tokira aldatzen ahalko du Batzarre bakoitzeko Ur Batzordeak, era arrazoituan).

B.–Hirigunetik kanpoko harguneak, etxebizitza, industria, baratze, aisia finka eta abarretarakoak baldin badira, honakook aurkeztu beharko dira:

a) Industria edo ustiapenaren edo eraikinaren jarduera.

b) Industria edo ustiapenetik sare orokorrean lotura egin gogo den gunera dagoen distantzia, metro linealetan.

c) Instalatu gogo den hargunearen diametroa eta harainoko distantzia (eskatutako hargunea eskatutakoaz bertzelako tokira aldatzen ahalko du Batzarre bakoitzeko Ur Batzordeak, era arrazoituan).

d) Bidearen nondik norakoa eta kontagailuen kokaguneak erakusten dituzten planoak.

Hori dena ikusirik, Batzarreko Ur Batzordeak eskabideari buruzko ebazpena emanen du, eta komenigarri iruditzen zaizkion argibide osagarriak eskatuko ditu. Baimena emanen da edo ez, jarduera motaren arabera eta zerbitzuaren aukeren arabera. Kasu horretan, Batzarreko Ur Batzordearen oinarrizko jarraibideetan oinarrituta, partikularrak erabat hartuko du bere gain finkaraino sarea kanalizatzeko lanak egiteko kostua, eta Batzarreak horren jabetza osoa izanen du eta dagozkion eskubideak eta betebeharrak (bereziki sarea mantentzea eta kontsumitutako uraren kobrantza), jabetza horretatik sortzen direnak.

11. artikulua.

Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aitzinetik, lotune eskubideak ordaindu beharko zaizkio Batzarreari. Loturarako baimen, kontzesio edo lizentziek ez dute eraginik izanen, ez baldin bada aurkezten, aldi berean, behar den tasa ordaindu dela egiaztatzen duen agiria.

Tutuak dentsitate apalekoak eta elikadura-erabilerakoak izanen dira, eta hazbetekoak izanen dira kontagailuraino, betiere Batzarre bakoitzeko Ur Batzordeak bertzelako neurriak ezartzen ez baditu.

Behin lotura eginik, partikularrak herri bakoitzeko Ur Batzordeari jakinarazi beharko dio ur kontsumoa, edo subsidiarioki, Udalari. Eta Ur Batzordeak datu horiek Udalari eman beharko dizkio.

12. artikulua.

Kontagailuak derrigorrezkoak izanen dira hargune berri guztietarako. Kontagailurik ez duten egungo harguneei 6 hilabeteko epea emanen zaie kontagailua paratzeko. Epe hori iraganik, kontagailurik ez badago, hornidura eten eginen da.

Kontagailuak kanpoaldean paratuko dira, toki irisgarrian eta kutxa normalizatuan.

Bere ur-biltontziak dituztenek, bai eta etxebizitzak saneamenduari lotuak ere, kontagailua izan ahalko dute, nahiz eta bakarrik azken gauza horrengatik ordaindu.

Azienda duten etxeetan, kontagailu independente bat paratzen ahalko da azienda eginkizunetarako.

Ura sare orokorretik hartzen duten baratzeek beren kontagailua izan beharko dute.

13. artikulua.

Matxura kontagailutik etxera bitartean gertatzen bada, partikularrak ordainduko du. Matxura sare publikoan badago, herriak ordainduko du. Iturbegitik ur-biltontzirainoko alta Udalaren kontura joanen da.

Zerga-oinarria

14. artikulua.

4. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

a) 4. artikuluko a) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa kontagailuaren diametroaren arabera.

b) 4. artikuluko b) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez neurtuta.

c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa, ezarri beharreko kontagailuaren diametroaren arabera, edo ezarrita dagoenaren eta ezarriko denaren kuoten arteko aldea, diametroa, nahita edo teknikoki beharrezkoa delako, handitu behar bada. Kontagailua ezarri behar ez bada, kuota finkoa kontratuaren titulartasuna aldatzeagatik.

d) 4. artikuluko d) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez neurtuta.

e) 4. artikuluaren e) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: egindako ikuskapenen kopurua.

Tarifak

15. artikulua.

Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean kasuan kasuko Batzarreek ezarriko dituzte tasa/prezio publiko bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tarifak (minimo bat ezarrita), eta Udalak berretsiko ditu.

2015eko ekitaldirako, gutxienezko tarifak ordenantza honen eranskinean ageri dira finkaturik.

Tributu-kuotak

16. artikulua.

Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

17. artikulua.

Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

Salbuespenak

18. artikulua

Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak baizik ez dira onartuko, eta Nafarroako Gobernuak uzten dituen salbuespenak.

Sorrarazpena

19. artikulua.

Ordenantza honek finkatzen dituen tasak/prezio publikoak honako arau hauei jarraikiz sorraraziko dira:

1. 4. artikuluko a), b) eta d) ataletan ezarritako tasak/prezio publikoak hiruhilekoan, seihilekoan eta urtean behin sorraraziko dira, Ur Batzordeak ezartzen duenaren arabera, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat.

2. 4. artikuluko c) atalean ezarritako tasak/prezio publikoak, edateko uraren hornidura sare orokorrari edo/eta hondakin urak hustekoari lotzeko baimena ematen den unean sorraraziko dira.

3. 4. artikuluko e) atalean ezarritako tasak/prezio publikoak, ordenantzaren arau-haustea eginez gero, baimendutako langileek ikuskapena edo egiaztapena egiten duten unean sorraraziko dira.

4. 4. artikuluko f) atalean ezarritako tasak/prezio publikoak urtean behin sorraraziko dira.

Ordainarazpena

20. artikulua.

Ordenantza honetan araututako tasak/prezio publikoak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.–4. artikuluko a), b) eta d) ataletan aurreikusitako tasak/prezio publikoak, hiruhilekoan, seihilekoan eta urtean behin sorrarazten direnak, Ur Batzorde bakoitzak ezartzen duenaren arabera. Kontagailua matxuratzen bada, aurreko urtean kontsumitutakoa konputatuko da.

2.–4. artikuluko c) atalean aurreikusitako tasak/prezio publikoak, sorrarazpenaren unean ordainaraziko dira.

3.–4. artikuluko e) atalean aurreikusitako tasak/prezio publikoak, subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionean ordainaraziko dira.

4.–4. artikuluko f) atalean aurreikusitako tasak/prezio publikoak, eta sorrarazpena urterokoa izanen da.

Diru-bilketa

21. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 82. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraituz, ordenantza honetan ezarritako tasak/prezio publikoak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabekotzat” hartuko dira.

4. artikuluko a) eta b) ataletako tasek/prezio publikoek sorrarazitako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 17. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua herri bakoitzeko iragarki oholean argitaratuz, eta argitalpen horretatik aitzina hogeita hamar egun balioduneko epea ezarri beharko da borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.

4. artikuluko c) atalean aurreikusitako tasak/prezio publikoak sorrarazpenaren unean berean ordaindu beharko dira.

4. artikuluko e) atalean aurreikusitako tasak/prezio publikoak subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionetik hasi eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordaindu beharko dira.

22. artikulua.

Aitzineko artikuluan aurreikusitakoarekin bat, borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, 6/90 Foru Legearen 90. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, salbu eta haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimenik eman bada.

Halakoetan, Udalak ur hornidura eten egiteko agindua emanen du.

23. artikulua.

Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

–Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboentzat, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

–Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboentzat, horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan.

Arau-hausteak eta zehapenak.

24. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean aurreikusitakoa aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

ERANSKINA

Gutxienezko prezioen tarifak

Edateko uraz hornitzeko zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze lanak:

Kontsumoa 20 m³-tik beherakoa bada, gutxienez 20 euro ezarriko da urtean 0,5 hazbeteko kontagailuentzat eta 30 euro urtean 0’5 haztebetik gorako kontagailuentzat.

Hargune berri edo lotura kontagailu homologatuarekin:

A.–100 euro.

B-5 euro urtean, kontagailuaren aseguru-kontzeptu gisara.

Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea (ur kontsumoa).

A.–Etxeko erabileretarako hornidura, 0,15 euro m³ bakoitzeko.

B.–Industrian erabiltzeko hornidura, 0,30 euro m³ bakoitzeko.

C.–Abeltzaintzan erabiltzeko hornidura, 0,15 m³ bakoitzeko.

D.–Finketako aisiarako, ureztatzeko eta apaindurarako hornidura, 0,30 euro m³ bakoitzeko.

E.–Obretarako hornidura, 0,30 euro m³ bakoitzeko.

Behin-behineko horniduretarako izen emateak.

20 euro.

Ikuskapena, urari buruzko arauak eta isurketen ordenantzari buruzkoak zehatz-mehatz betetzen diren ala ez frogatzeko, araututakoa hausten den kasuetan.

–50 euro bigarren ikuskapenetik aitzinera.

Saneamendua: Nafarroako Gobernuak Foru Lege baten bidez ezarritakoa.

2014rako tarifa indardunak dira azaroaren 26ko 34/2013 Foru Legearen Xedapen Iragankor Bakarrean ezarritakoak (NAO 233. Zenbakiduna, 2013ko abenduaren 4koa).

Etxeko erabilera: 0,5560 euro/m³.

Etxekoaz bertzelako erabilera: 0,6950 euro/m³.

Isurpenak zuzenean ur-ibilgu publikora botatzea: 0,0830 euro/m³.

BEZ mota: %10,0.

Iragarkiaren kodea: L1506596