87. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

230/2015 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia, 2015. urtean aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta sendotzeko eta genero berdintasunerako tokiko planak garatzeko.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren xedea da Nafarroan genero berdintasuna lortzea, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, bere estatutuen arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planean (2006-2010), toki administrazioko berdintasunerako politikei buruzko atal bat biltzen da zeharkako 1. arloan; plan horren xede eta helburuek indarra izanen dute arlo horri buruzko bestelako planik onetsi bitartean. Atal horretan jasotzen da beharrezkoa dela Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan, eta Berdintasunerako udal planen prestaketa eta onespena bultzatzea, non Foru Planaren proposamenak gauzatuko diren, toki entitate bakoitzaren beharren eta egoeraren arabera, laguntzarako eta lankidetzarako baliabideak ezartzearekin batera.

Ildo horretan, planaren 1.8.5 ekintzak aurreikusten du aukera berdintasuneko agenteen edo langile teknikoen kontratazioa bultzatu eta babestea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak toki administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratuan, koordinatuan, sistematikoan lan egin beharra dago, generoaren ikuspegia izanik eta lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen du langile profesionalak edukitzea, haien bitartez bermatuko baita berdintasun politika horiek abian jarri eta garatzen direla, emakumeen eta gizonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen dela eta genero berdintasunaren aldeko lanean laguntzen dela. Horregatik, konpromisoa hartzen du toki entitateekin, toki esparruan aukera berdintasuneko agentearen figurari eusteko eta hura finkatzeko.

Ekintza positiboko neurri horrek, alegia, berdintasuneko agenteak kontratatzea bultzatu eta babesteak, eragin beharko luke lanbide-profil hori tokiko administrazio publikoetan finkatzea. Horregatik, ulertu behar da diru-laguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, betiere aurrekontuan horretarako krediturik badago.

Hala, diru-laguntza hauek bide eman beharko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko udal edo tokiko politika zehazteko eta garatzeko, baita berdintasunerako agentearen lanpostua toki entitatearen langileen plantillan sartzeko ere. Horregatik, berdintasuneko langile teknikoei prestakuntza eta aholkua emateko beste jarduketa antolatu batzuekin indartzen da, tokiko esparruetan genero berdintasuna bultzatu nahian.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea aukera berdintasuneko agenteak sartzeko eta finkatzeko eta genero berdintasunerako tokiko planak garatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 75/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2015. urtean aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko eta genero berdintasunerako tokiko planak garatzeko, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei ematen dizkien diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Guztira berrehun eta hamar mila euroko (210.000 euro) gastua baimentzea, 2015. urtera luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko" izeneko 930001 94100 4609 232200 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutura eta Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 8an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2015. urtean aukera berdintasuneko agentearen lanpostua sortu eta finkatzeko eta genero berdintasunerako tokiko planak garatzeko.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Baldintzak.

3.1. 1. modalitatea: diru-laguntza berdintasuneko agenteak kontratatzeko eskatzen duten toki entitateak.

1. Biztanle kopurua:

a) 7.000 biztanletik gorako herrietako udalak edo baldintza hori betetzeko asmoz akordioak sinatzen dituzten udal batasunak.

b) 7.000 biztanletik gorako mankomunitateak eta gizarte zerbitzuen kudeaketarako sortzen direnak, maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan zehazten den gizarte zerbitzuen lurralde egiturari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen eskualdeak ezartzen ditu.

2. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuak gertatu gabe; halakorik izan bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan.

3. Diruz lagundutako kontratazioak iraun bitartean, berdintasunaren edo emakumeen zinegotzigoa/batzordea/alorra edukitzea egitura organikoan.

4. Alorrean edo zinegotzigoan helburu hauetarako kontu-sailak edo diru-izendapenak izatea aurrekontuan:

a) Kontratazioaren ondoriozko gastuei aurre egiteko.

b) Generoaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko.

5. Aukera Berdintasunerako Plan bat, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Plan Estrategiko bat eta Ekintza Positiborako Plan bat edukitzea.

Berdintasuneko agenteak lehenbiziko aldiz kontratatzen direnean, baldintza hori egiaztatzeko, osoko bilkuraren, gobernu batzordearen edo toki entitatean eskumena duen organoaren erabakia aurkeztuko da, esaten duena 2015. urtean plana prestatzen hasiko direla.

6. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan 2015. urtean antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

3.2. Diru-laguntzaren 1. modalitate honetan, toki entitateek dagozkion akordioak sinatzen ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin biztanle kopuruaren baldintza betetzeko.

Kasu honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. atalarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira taldeko kide bakoitzak hartutako konpromisoak eta horietako bakoitzeko aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa. Horiek, orobat, onuradun izaera izanen dute. Nolanahi ere, elkartean taldeari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkaria izendatu beharko da.

Horrez gain, adierazi beharko da kontratazioa zein toki entitatek gauzatzen duen, entitate sinatzaileen artean.

3.3. 2. modalitatea: genero berdintasunerako tokiko planak garatzeko diru-laguntza eskatzen duten toki entitateak.

1. Berdintasuneko agente bat izatea, lanaldi osoan, administrazioaren barreneko B mailakoa.

2. Berdintasunaren edo emakumeen zinegotzigoa/batzordea/alorra edukitzea.

3. Berdintasunaren Alor edo Zinegotzigoan 2015erako kontu-sail edo aurrekontu bat esleitua edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetarako.

4. oinarria. Diru-laguntza jasotzen ahal duten proiektuak eta gauzatzeko epea.

4.1. Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen batasun bakoitzak diru-laguntza eskaera bakarra aurkezten ahalko du, dela 1. modalitaterako (berdintasuneko agenteen kontratazioa), dela 2. modalitaterako (genero berdintasunerako tokiko planak garatzeko).

4.2. Diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduketak eta proiektuak:

1. modalitatea: diru-laguntza emanen da berdintasuneko agente baten kontratazioa finantzatzeko, 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa. Diru-laguntza emanen da berdintasuneko agente bat kontratatzeko, lanaldi osoan. Toki entitateak prestazioa egiten duten pertsonak lanaldi partzialean kontratatuak dituenean, ezin izanen da inola ere diruz lagundu.

Aurrekoa gorabehera, behar bezala justifikatutako kasuetan (amatasuna, agente nagusiak lanaldi murriztua), diruz lagundu ahalko da kontratazioa, lanaldi osoa bi pertsonek osatzen dutenean.

3. oinarriaren 2. atalean ezartzen den bezala, toki entitateek dagozkion akordioak sinatzen ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin baldintza hau betetzeko.

Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa hitzartutako entitate guztien lanorduen konputu osoari dagokiola. Entitate horietako batek formalizatuko du kontratua.

c) Berdintasun agenteak alta emana izan behar du, eta berdintasuna sustatzeko eta bultzatzeko lanak egin behar ditu. Aldi baterako ezintasun egoeran badago, gehienez ere hilabeteko kontratazioa lagunduko da diruz. Behar izanez gero, ordezko baten kontratazioa lagunduko da diruz, ordezkapen horrek dirauen bitartean eta lanaldi osorako eta B mailan kontratatzeko baldintzak betetzen badira.

d) Urtebeteko kontratua izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik; horietan, ez da abenduaren 31 baino lehen bukatuko. Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratuetan, kontratua bukatzeko beharkizun hau ez da aplikatzekoa izanen, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, izan ere orduan atal honen hasieran adierazitako beharkizuna bete izanen da.

e) Lehenbizikoz kontratatzen bada, lanpostu hori ere lehenbizikoz agertzea entitatearen plantilla organikoan, edo lanpostu berri bat betetzeko kontratua izatea.

f) Berdintasuneko agentea hautatzeko, Nafarroako Toki Entitateentzako araudian langileak kontratatzeko ezarritako edozein sistema erabil dezake toki entitateak, edo, bestela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako hautapen prozesutik abiatuta prestatu den berdintasuneko agenteen zerrenda, kontratazioa egiten denean indarra duena.

Lehenengo kasuan, kontratatzen den pertsonak berdintasuneko agenteentzako prestakuntza eduki beharko du, erakunde publiko batek emana, 160 ordukoa gutxienez, edo 2 urteko lan esperientzia berdintasuneko agente gisa.

g) Toki entitate eskatzaileak berdintasun agentearen beste lanpostu bat badauka, bigarren kontrataziorako ezin da diru-laguntzaren onuradun izan, b) atalean xedatutakoa izan ezik.

h) Toki entitateek, baldin beste toki entitate batzuekin akordioak sinatu badituzte biztanle kopuruaren baldintza betetzeko, diru-laguntza honen onuradun izaten jarrai dezakete, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen gehieneko urte kopurua gainditzen ez badute. Akordioa sinatu duten entitate guztiei ezin zaie eskatu gehieneko urte kopuru hori ez gainditzeko.

2. modalitatea: diru-laguntza 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 11ra bitarte gauzatzen diren proiektuetarako izanen da.

Aurkezten diren proiektuak deialdi honen 1. oinarrian adierazitako xedearen arabera diseinatuko dira, eta, hortaz, toki entitatearen genero berdintasunerako tokiko planean zehazten diren ildoei jarraikiko zaizkie.

Diru-laguntzaren xede izanen dira honelako ekintzak dituzten proiektuak:

–Kasuko administrazioan genero ikuspegia integratzeko baldintzak sortzen dituzten proiektuak.

–Genero berdintasunari buruzko prestakuntza proiektuak.

–Sentsibilizazio proiektuak (kanpainak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, materialak egin eta zabaltzea, betiere generoaren ikuspegia landuta).

–Azterketa, ikerketa, plangintza eta ebaluazio proiektuak, generoaren ikuspegia lantzen dutenak.

–Ardurakidetza eta emakumeen eta gizonen arteko ardurakidetzarako itunak sustatzen dituzten proiektuak, eta denbora kudeatzeko modu berriak garatu eta ezartzea sustatzen dutenak.

Proiektuak aurrera eramateko, B mailako berdintasun agente bat izanen da, lanaldi osoa duena.

Toki entitateak prestazioa egiten duten pertsona(k) kontratatua(k) dituenean lanaldi partzialean, proiektuak ezin izanen dira inola ere diruz lagundu.

Aurrekoa gorabehera, behar bezala justifikatutako kasuetan (amatasuna, agente nagusiak lanaldi murriztua), diruz lagundu ahalko dira proiektuak, lanaldi osoa bi pertsonek osatzen dutenean.

Berdintasun agenteak alta emana izan behar du, eta berdintasuna sustatzeko eta bultzatzeko lanak egin behar ditu.

Aldi baterako ezintasun egoeran badago, ustez bi hilabete baino gehiago luzatuko dena, udalak ordezkatu eginen du lanaldi osoko B mailako berdintasun agente batekin.

4.3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. modalitateko eskaeretarako diru-laguntzak honako hauek finantzatuko ditu: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen hasierako soldata, B mailakoek 2015ean dutena, eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaintzen dion kuota. Soldata berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokio.

2. modalitateko proiektuetarako diru-laguntza bideratuko da, bakar-bakarrik, gastu hauek finantzatzeko:

a) Laguntza teknikoa. Atal honetan, diru-laguntza enpresak kontratatzeko emanen da, baina soilik proiektuaren talde arduradunak berdintasunerako politiketan prestakuntza eta esperientzia duten pertsonak dituela frogatzen duten enpresak kontratatzeko. Pertsona horiek izanen dira, gainera, politika horiek aurrera eramateko zuzeneko arduradunak.

b) Diruz laguntzen diren jardueren argitaratze eta publizitate gastuak.

c) Jarduerak aurrera eramateko ekipamenduak alokatzeko gastua edo material suntsigarriarena.

d) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematetik sortutako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

4.4. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta gastuak.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira 2. modalitateko proiektu edo gastu kontzeptu hauek:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, aurreko ataleko d) letran ezarritakoarekin bat.

b) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

1. modalitatea:

a) Erreferentzia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen hasierako soldata, B mailakoek 2015ean dutena, eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaintzen dion kuota.

b) Diru-laguntza zehazteko, portzentaje hauek aplikatuko dira aurreko atalean zehaztutako soldatatik abiatuta, kontratazio urtea eta hasierako kontratazioaren aldean egiten diren hobekuntzak kontuan hartuta:

–Kontratazioko lehen eta bigarren urteak, %75.

–Kontratazioko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, %60.

–Kontratazioko zazpigarren urtea, %50, bakar-bakarrik toki entitateak plantilla organikoan sartu baldin badu lanpostua, hobekuntza gisa, lanpostua finkatze aldera.

c) Toki entitate batek, kontratazioari eusteko, beste toki entitate batekin hitzarmena egiten badu, entitate bakoitzari dagokion diru-laguntzaren portzentajea aplikatuko zaio eskaerari, oinarri honen beraren b) atalaren arabera.

d) Diru-laguntzen xede diren kostuetatik kanpo gelditzen dira kontratatutako pertsonak kontratua amaitzeagatik jaso ditzakeen kalte-ordainak.

e) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, diru-laguntzaren kalkulua egiteko aplikatzen diren ehunekoak izanen dira ordeztutako hasierako kontratazioari dagozkion berberak.

2. modalitatea:

Proiektuaren kostuaren %100eko diru-laguntza emanen da, 10.000 euro gehienez ere, baldin eta eskaeraren balorazioan 60 puntu baino gehiago lortzen badira 8. oinarriko 3. idatz-zatiko irizpideen arabera.

5.2. Aurrekontuko dirua bi modalitateen artean banatuko da, honela:

1. modalitatea: gehienez ere ehun eta hogeita hamar mila euro (130.000), berdintasuneko agenteak kontratatzeko diru-laguntzen eskaeretarako.

2. modalitatea: gehienez ere laurogei mila euro (80.000), proiektuetarako diru-laguntzen eskaeretarako.

2. modalitate horretan, aurkeztutako eskaeren kopurua ikusi eta deialdi honetarako finkatutako aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada diru-laguntzak –aipatutako 8.3,b) oinarriko irizpideak aplikatuta– dagozkion zenbatekoetan emateko, diru hori diru-laguntzen entitate onuradunen artean banatuko da proportzionalki. Horretarako, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murrizten ahalko dira.

Diru-laguntzak emanen dira modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte. Bi modalitateetako batean aurrekontua agortzen ez bada, soberakina beste modalitateko aurrekontuari batuko zaio.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Proiektuaren eskabidea eta deskribapena. Berariaz diseinatutako eskabidearen eta proiektuaren eredua erabiliko da nahitaez. Eredua Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Baturik aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

b) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, 3.2 eta 4.2 oinarriekin bat: entitateek 2015erako ezarritako akordioaren kopia.

d) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2015eko kontratuaren kopia, behar bezala konpultsatua. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari.

6.2. Baldintza horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, dokumentua zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta horretarako ere eskatzen ahalko da.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarriko 1.a) atalean adierazitako dokumentazioa, proiektuaren deskribapenari buruzkoa, ez da inoiz zuzentzen ahalko.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Diru-laguntzarako eskabideak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean.

Posta bulegoaren bitartez aurkezten diren eskabideek gutun-azal ireki baten barrenean egon beharko dute, data eta zigilua jartzeko haiek igorri baino lehen, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan.

8. oinarria. Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzean, instrukzio organoak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzeko, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) 1. modalitateari dagokionez, lehentasun ordena ezartzeko, hasteko deialdi honen aurretik egindako kontratazioei emanen zaie lehentasuna, eta horien artean antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

Kontratazioko lehenengo urteko eskaeretan, lehentasun hurrenkera biztanleria handieneko toki entitateen eskaerak lehenetsiz ezarriko da.

b) 2. modalitateko eskaeren lehentasun hurrenkera balorazioan lortutako puntuazioaren arabera ezarriko da, irizpide hauei jarraikiz:

–Proiektuaren kalitate teknikoa (50 puntu arte): helburuen, ekintzen, aurreikusitako denboren, giza baliabideen eta aurrekontuaren arteko koherentzia; generoaren ikuspegia prozesu osoan sartzea; proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa: prozesuaren adierazleak, prozesuaren emaitza eta eragina eta betetze-maila neurtzeko baliabideak.

–Proposamena nola txertatzen den toki entitatearen emakumeen eta gizonen berdintasunerako planean. (10 puntu arte).

–Proiektua nola egokitzen den toki entitatearen edo haren eskumeneko lurraldearen berariazko premietara eta errealitatera. (10 puntu arte).

–Programatutako jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak, 12. oinarriaren h) atalean ezarritakoa kontuan hartuz. (10 puntu arte).

–Proiektuan beste toki entitate batzuek parte hartzea, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo toki entitateko beste arlo batzuek. (10 puntu arte).

–Proiektuak jardunbide egokia duela aitortzea: proiektuaren berrikuntza; lurraldean duen eragina; beste lurralde batzuetan txertatzeko aukera. (10 puntu arte).

8.4. Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko bakar-bakarrik.

9.2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko da entitate eskatzaileen zerrenda eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web orrian jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, bai eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluarekin bat ere.

9.3. Deialdiaren ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, jakinarazi edo, hala badagokio, isiltasun administratiboak ondorioak sortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Diru-laguntzaren ordainketa:

1. modalitatea: Diru-laguntzaren ordainketa honela eginen da:

–Lehen ordainketa, kontratazioaren lehenengo 6 hilabeteei dagokiena, ezarritako ereduaren araberako ziurtagiria, toki entitateko idazkariak luzatua, eta 10.2 oinarrian (1. modalitateko a) atalean) adierazitako agiri guztiak aurkeztu ondoren. Justifikazioa aurkezteko epea abuztuaren 14an bukatuko da.

–Bigarren ordainketa, kontratazioaren azken 6 hilabeteei dagokiena, ezarritako ereduaren araberako ziurtagiria, toki entitateko idazkariak luzatua, eta 10.2 oinarrian (1. modalitateko b) atalean) adierazitako agiri guztiak aurkeztu ondoren. Justifikazioa aurkezteko epea abenduaren 30ean bukatuko da.

2. modalitatea: diru-laguntza ordainduko da behin diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

10.2. Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. modalitatea: entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Honako hauek aurkeztuko dituzte 2015eko abuztuaren 14an, beranduenez:

–Aukera berdintasuneko agenteak 2015eko lehenengo seihilekoan zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke eredua, edo Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

–Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

–Kontratazioaren gastuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela frogatzen duena.

–Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: "Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak diruz lagundua".

–Idazkaritzaren ziurtagiria, jasotako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak bilduko dituena, diru-laguntzako xederako direnak. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

b) Honako hauek aurkeztuko dituzte 2015eko abenduaren 30ean, beranduenez:

–Aukera berdintasuneko agenteak 2015. urtean zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke eredua, edo Interneten, helbide honetan: www.igualdaddegenero.navarra.es.

–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.

–Izenpetutako kontratuaren kopia konpultsatua, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutura igorri ez bada.

–Kontratazioaren guztirako gastuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela frogatzen duena.

–Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: "Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak diruz lagundua".

–Idazkaritzaren ziurtagiria, jasotako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak bilduko dituena, diru-laguntzako xederako direnak. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

2. modalitatea: entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2015eko abenduaren 11n, beranduenez:

–Jardueren memoria, horretarako prestatutako ereduaren araberakoa (Memoria eredua). Eredua Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan edo Internet bidez jaso daiteke: www.igualdaddegenero.navarra.es.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, baita haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuz; bertan adierazi beharko da ordainketa egin dela eta gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela.

–Agiri bidez frogatzea bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan izandako parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: "Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak diruz lagundua".

–Idazkaritzaren ziurtagiria, jasotako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta diru-laguntzak bilduko dituena, diru-laguntzako xederako direnak. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

10.3. Diruz lagundutako proiektu edo kontratazioaren behin betiko kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa horren arabera txikituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eusten bazaio.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, betiere horiek, guztira, ez badira deialdiko oinarrietan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek edozein motatako beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, betiere, denak harturik kontratazioaren kostuaren %100 gainditzen ez bada, edo diru-laguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren %100.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea edo kasuko proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Toki entitate onuraduneko Berdintasunaren edo Emakumeen Batzordeko kide politiko eta langile tekniko guztiek parte hartuko dute Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen 4 orduko prestakuntza ekintza batean.

c) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den kontratazioa edo proiektua dela-eta sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

d) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol teknikorako lanak onartzea.

e) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, diru-laguntza emateko ebazpena baino lehen. Dena dela, egitatea jakiten denean diru-laguntza emateko ebazpenaren ondoren, NFBIari jakinaraziko zaio, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko unean.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

h) Egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako kontratazioari eta proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzaren berri ematea.

13. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Dirua itzultzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz, kontratazioari bukaera ematen badio.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1505425