87. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDAZUBI

Aldaketa Eraikuntzaren gaineko ordenantzan.
Behin betiko onespena

Urdazubiko Udalak, 2014ko azaroaren 19ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal Planeko Eraikuntzaren gaineko ordenantzaren 120. artikulua aldatzea, Urdazubiko Udalak sustaturik, eta jendaurrean jartzea. Iragarkia 2015eko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, Urdazubiko Udalak, 2015eko martxoaren 27an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udal Planeko Eraikuntzaren gaineko ordenantzaren 137. artikuluaren aldaketa. Hona hemen haren edukia:

“120. artikulua. Eraikin osagarriak.

1.–Eraikin osagarriak dira eranskinak, biltegiak, garajeak etab., hiri lurzoruko lurzatietan eraikitzen direnak eraikin nagusiaren osagarri.

Eraikin osagarriak zein eraikinen mendeko diren, haiexei egokituko zaizkie eraikuntza sistemari eta erabiltzen diren materialei dagokienez.

2.–Ezin izanen dira erabili estalki lauak, fibrozementuzko plakak eta plastikozkoak edo metalezkoak. Estalkiaren akabera teila gorriz edo arrez egin daiteke, edo aurrez garbitutako xafla gorriz. Debeku da edozein material beltz edo ilun erabiltzea.

3.–Oinplanoa karratua edo angeluzuzena izanen da; debekatuta dago beste edozein inguratzaile mota.

4.–Eraikin nagusiari atxikiak eraikitzen direlarik, eraikin nagusiaren tratamendu bertsua izanen dute kanpoaldetik. Estalki maldaduna izanen dute, isurki batekoa, bikoa, hirukoa edo laukoa.

5.–Bakarturik eraikitzen direlarik, nahitaez izan beharko dute bi edo lau isurkiko estalki maldaduna, eta zilegi izanen da terraza estalia edukitzea.

6.–Fatxadako materialak: nahitaezkoa izanen da kanpoaldeko fatxada guztien tratamendu zuzena; debeku dira emokatu gabeko adreilua, zeramikazko blokea eta hormigoi griseko blokea, bistakoak.

7.–Zurezko etxola aurrefabrikatuak onartuko dira, betiere artikulu honetako gainerako baldintzak betez.

Estalkidun gisa eraikitzen ahalko dira, alde bat, bi, hiru edo lau itxita dituztela.

8.–Azalera eta garaierak:

–Gehieneko azalera: = 60 m².

–Garaierak-B < 4.000.

–Behekoa, terraza estaliarekin < 7 m.

9.–Salbuespenez, lurzoru urbanizaezinean, lur eremuaren formarengatik eta sarbideengatik eranskina fatxada nagusian lotu behar bazaio eraikinari, lur eremuaren malda dela-eta, eta beharrezkoa bada kanpoaldetik sartzea etxebizitzaren sarrera nagusira, zilegi izanen da ibiltzeko moduko terraza estali gabea egitea, baldin eta:

–Eranskinaren aurrealdeak eraikin nagusiaren aurrealdea gainditzen ez badu.

–Eranskinaren alboko aldeak 6 m baditu gehienez.

–Etxebizitzan sartzeko eremura iristeko kanpoaldeko eskailerek 9 maila badituzte gehienez.

–Eranskina sarbideko sestraren gainetik gehienez 3 m ateratzen bada mutur batean eta 1,5 m bestean.

–Lurzatiaren eta sarbidearen topografiagatik justifikatzen bada eta sestraren gainean gehienez ezarri diren 3 solairuetan zenbatzen bada.

Urdazubin, 2015eko apirilaren 15ean.–Alkatea, Santiago Villares Otheguy.

Iragarkiaren kodea: L1505932