87. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Pertsona eta/edo familiendako laguntza ekonomiko zuzenak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2015eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larrialdi sozialean dauden Orkoiengo pertsona eta/edo familiei laguntza ekonomiko zuzenak banakako ebaluazioaren araubidean emateko oinarriak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2015eko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta egintza honetan haren testua osorik ematen da argitara.

Orkoienen, 2015eko apirilaren 26an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN ORKOIENGO PERTSONEI
ETA/EDO FAMILIEI LAGUNTZA EKONOMIKO ZUZENAK BANAKAKO EBALUAZIO ARAUBIDEAN EMATEKO OINARRIAK, 2015ERAKO

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloko diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.

“Laguntza ekonomiko zuzentzat” hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei ematen zaizkienak.

Laguntza ekonomiko zuzenak puntualak eta subsidiarioak dira, eta ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak; ezusteko larrialdi sozialeko egoeretarako dira, bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, betiere bestelako diru-laguntzek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen, eta gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin bateragarriak dira.

Bizikidetasun unitateak dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, baita haien seme-alabak eta bigarren maila arteko odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.

Ekonomiaren aldetik eta/edo gizarte eta osasunaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak diruz laguntzea da oinarri hauen xedea, betiere Orkoiengo bizilagunak badira. Horretarako, laguntza ekonomikoen bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, bateragarriak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate honek dituen programen jardun profesionalekin. Horren bidez, krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen. Izaera berezia izanen dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak beste sari batzuen aldera.

Laguntza horien xedea da:

–Udalaren ardura baita gizartearen aldera, halako tresna berezi bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemiko nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabil dadin.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

2.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek eskabide sinatua aurkeztuko dute Udalaren Erregistro Orokorrean, betiere Udalak emanen duen eredu normalizatuari jarraikiz.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko lehen egun baliodunetik aurrera hasiko da, oinarri hauek lehenago argitaratu badira Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta, aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, 2015. urte osoa iraunen du.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu. Eskabideekin batera 4. oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 71. artikuluan adierazi moduan.

Laguntza ekonomiko zuzenak jaso ahal izateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan laguntza jasotzeko kasua hartzen duen profesionalak alkateari igorriko dizkio bai eskabidea, bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, baita laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere. Eskatzailea entitateren batekin zorretan badago, entitate horren izenean eginen den ordainketa helbideratua aurkeztuko da espedientearekin batera.

3.–Betebeharrak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetasun unitateek eskatzen ahalko dute laguntza:

1. Orkoiengo bizilaguna izatea eta bertan erroldatuta egotea urtebeteko antzinatasunez gutxienez.

2. Udal honen oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzailea izatea eta esku-hartze sozialeko prozesuren batean sartuta egotea.

3. Egoera horri aurre egiteko modua ematen duten baliabide ekonomiko propiorik eta gizartearen edo familiaren laguntzarik ez izatea.

4. Nafarroako Gobernuaren laguntza berezien hartzaileak ez izatea. Halakoak badira, Administrazioaren beste esparru batzuetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak.

5. Ezinbestean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

–Banantzeak eta familiaren etxea utzi behar izatea.

–Laguntza eskatzearen xede nagusia ez diren aparteko gastu frogatuak edo eritasunak direla eta, alternatiba baten zain egotea.

–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, eritasunak, aparteko egoerek sortutako zor frogatuak.

6. Udalarekiko eginbehar guztiak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Bestela, ordainketa geroraturako konpromisoa har dezala eskatuko zaio.

Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Ez da beharrezkoa izanen jada Udalaren esku dauden alderdiak agiri bidez frogatzea.

Salbuespenez, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan kasua hartu duen profesionalak txosten baloratua eman ondoan, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, salbu eta herrian erroldatua izatearena.

4.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskabide betea, udal honek emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) Eskatzailearen NANa/pasaportea edo lanerako/bizitzeko baimena, eta haren izenean diharduen ordezkariarena, halakorik bada.

c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, prestazioak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagiria. Etxeko langile moduan lan egin bada, kontratugileen frogagiria aurkeztuko da, jasotako diru-sarrerak azaltzeko.

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa frogatzen duten beste agiri batzuk.

Eskatzen diren agiriak jada Udalaren esku badaude, erantzukizuneko aitorpena ematen ahalko da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer programatan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren bost urte baino gehiago iragan ez izana.

Aurrekoan xedatutakoa gorabehera, Udalak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskaera egiten ahalko die hura aurkezteko edo, bestela, agiri horrek frogatzen dituen betebeharrak beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen proposamena egin baino lehenago. (Ezinezkoa denean zenbait egoera frogatzea berariazko dokumentazioa aurkeztuz, eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez ordeztuko da).

Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak bertan erroldaturik daudela. Orobat, egiaztatuko dira familia unitateko kide bakoitzaren izenean udal katastroan agertzen diren ondasunak, eta zerga arloko betebeharrak eguneratuta daudela.

5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. 2015ean 800 euro artekoak izan daitezke gehienez.

Salbuespenez, eta kasua hartu duen Udaleko profesionalak txosten sozialean berariaz arrazoitu eta baloratuta, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko da gehieneko zenbatekoa handitzea, betiere aurrekontuan horretarako dirurik badago.

Eskatzailearen mantenuarekin, ostatu ematearekin eta ohiko etxebizitza mantentzearekin ikusteko duten egoerak hartuko dira kontuan, ondoan deskribatzen diren baldintzetan.

5.1. Mantenua.

Diru-laguntza familia unitateko kideak egunero zuzen elikatzeko beharra estaltzeko.

Kontzeptu horrengatik gehienez ematen den diru-laguntza ondoko laukian ezartzen da, gehienez ere bi hilabetez:

BIZIKIDETASUN UNITATEA

EUROAK HILEAN

Pertsona bat

150 euro

Bi pertsona

200 euro

Hiru pertsona

235 euro

Lau pertsona edo gehiago

270 euro

5.2. Ostatu ematea.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak (betiere Nafarroako Gobernuari ezin bazaio eskatu Gobernuak berak bere laguntzetarako ezarririk indarra duten irizpideen arabera edo dagoeneko eskatu badira):

Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo partekatutako etxebizitzan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, betiere eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada.

Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada, hasierako ordainketa berezia dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik gehienez 500 euro emanen dira urtean, eta partekatutako etxebizitzan gela ordaintzeko kasurako, aldiz, 300 euro urtean gehienez.

5.3. Eskatzailearen ohiko etxebizitza mantentzea.

Diru-laguntza ondoko zor motak ordaintzeko:

–Edozein hornidura (argia, gasa, ura, telefonoa), zerbitzua eteteko abisua dakarrenean eta puntuala denean.

–Altak energia edo ur horniduren kontratuetan, sustapen publikoko etxebizitza berrietan edo ezaugarri berdintsukoetan.

Kontzeptu hauengatik diru-laguntzak jaso ahal izanen dira, betiere posible ez bada Gizarte Gaietako Departamentuari eskatzea, honek bere laguntzetarako gaur egun ezarriak dituen irizpideekin. Gizarte Gaietako Departamentuari ere eskatzea kontuan hartzen bada, batera eginen da, kontura itzultzeko eskatuz.

Kontzeptu honengatik gehienez 150 euro emanen dira urtean energia horniduraren zorretarako (argia eta gasa), gehienez 100 euro urtean ur horniduraren zorretarako eta gehienez 30 euro urtean telefono gastuetarako.

Hornidura kontratuetan alta emateari dagokionez, argi, gas, ur eta/edo telefono kontratuetan alta emateko adina emanen da, betiere oinarri hauetan ezartzen diren gehieneko mugak kontuan hartuta.

5.3.1. Garraio publikorako laguntzak.

Urtean 50 euroko laguntza ezarri da gehienez, garraio publikoa Orkoiendik abiatzeko edo bertara joateko erabiltzean sortzen diren gastuetarako.

5.4. Urteko zenbatekoa eskaera bakoitzeko, gehienez.

Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

–Bizikidetasun unitatearen baliabide ekonomikoak eta baliabide horien egonkortasuna.

–Kontzeptu bakoitzerako 5. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbatekoa.

–Eskatutako zenbatekoa.

Hilabeteko errendimendu garbia lortuko da bizikidetasun unitatearen diru-sarrera gordinei etxebizitza, alokairu edo hipotekaren gastuak kenduta (hilabetean 450,00 euroko muga edukita).

3.3 oinarrian aurreikusiari dagokionez, uste da behar adinako baliabide ekonomikorik ez dagoela hilabeteko etekin garbiek, bizikidetasun unitateko kideen arabera, taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez dituztenean:

KIDE KOPURUA

HILABETEKO ETEKIN GARBIAK

Kide bat

510,00 euro

Bi kide

630,00 euro

Hiru kide

690,00 euro

Lau kide

750,00 euro

Bost kide

810,00 euro

Sei kide edo gehiago

870,00 euro

Goiko taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen badira, diru-laguntza ukatuko da, hura emateko ezarri diren baliabide ekonomikoak gainditzen direlako.

6.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Oinarri hauetako diru-laguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1. Norberak baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea (5. oinarrian agertzen den taularen arabera). Eta gizartearen edo familiaren babesik ez izatea, ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko (3. oinarrian aurreikusi bezala).

2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskatzen duen dokumentazioa aurkeztea.

3. Familiek seme-alabak ikastetxeetan eskolatuak dituztenean, jantokiko laguntza jasotzen badute, ez da jasoko oinarrietan elikaduraren kontzeptuagatik ezartzen den zenbateko osoa.

4. Laguntza emateak behin-behinekoz arinduko du ezbeharra. Handik gutxira (bi hilabete), beste erantzun egonkorrago bat emanen da.

5. Salbuetsita daude eritasunen ondorioz sortutako ezbeharrak eta zehazten zailak diren bestelako egoerak.

Honako hau lehenetsiko da:

a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eskatu dituztenak, esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean badaude.

b) Familia kargak dituzten pertsonak bakarrik bizi direnen aurretik, adina edozein izanda ere.

c) 35 urtetik gorakoak, adin horretatik beherakoen aurretik.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalak uste duenean ez direla betetzen oinarri hauetan zehazturiko baldintzak, edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez denean, ez da diru-laguntzarik emanen.

7.–Onuradunen betebeharrak.

a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.

b) Gizarte Zerbitzuei erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

–Justifikatu beharra ez betetzea.

–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.

–Diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean diru-laguntzak oker eskuratu edo erabili direla.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontrolekoei men egitea.

8.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izanen dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.

9.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan kasua hartzen duen profesionala izanen da diru-laguntzen prozedura instruitzeko organo eskuduna. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz.

Ebazpen proposamena horretarako sortutako Batzorde bati igorriko zaio. Honela osatuta egonen da: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ordezkatzen dituen teknikari bat, alor horren ardura duen zinegotzia eta Orkoiengo Udaleko Alkatetza, ebazpena emateko organo eskuduna izanen baita.

Diru-laguntza onesteko edo ukatzeko ebazpena Alkatetzak onetsi behar du.

10.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da gehienez. Epea kontatzen hasiko da eskaera Udalaren erregistro orokorrean sartzen denetik aurrera.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

11.–Ordainketa eta justifikazioa.

Kontu-hartzailetzaren ikus-onespenarekin eta laguntza emateko ebazpenarekin bat, gehienez 10 egun balioduneko epean ordainduko da diru-laguntza, laguntza hauek azkar ematekoak baitira. Laguntza emateko ebazpena onesten den egunean hasiko da epea.

Oinarri hauetan zehazten diren egoerak aldi berean gertatzeagatik ematen direnean diru-laguntzak, egiaztapen teknikoa beste justifikaziorik ez dute beharko. Egiaztapen hori eginen da eskatutako dokumentazioa aurkeztuz, eskaera jaso duten udal teknikariek kontrastatua eta baloratua. Horrekin batera aurkeztuko dira egoera hura frogatzen duen gizarte txostena eta kontzesioaren aurretik egoera hari dagokion eskaera, diru-laguntza jaso duen onuradunaren egoera egiaztatzen duena.

Hala ere, diru-laguntzak emanen dira baldin eta Orkoiengo Udalaren aurrekontuan –alegia, indarra duen horretan– krediturik eskura badago.

12.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta, osagarri gisa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legea eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.

13.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1505836