85. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

103/2015 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, deialdi publikoa onesten da diru baliabideak esleitzeko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan profesionalak kontratatzeko, hezkuntza premia bereziak izateagatik edo egoera ahulean egoteagatik, hezkuntza sostenguko berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko 2015-2016 ikasturtean.

2015. urterako luzatu den 2012ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legeak 22.7 artikuluan ezartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak edo egoera ahulean daudenak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako diru eta giza baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez. Hortaz, beharrezkoa da 2015-2016ko ikasturtean beharko diren baliabideak esleitzeko deialdia onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko otsailaren 25eko erabakien bidez, 3.834.873,32 euroko urte anitzeko gastu bat onetsi zuen, eta 645.004,66 euroko beste bat; hortaz, deialdi honen finantzaketarako, guztira, 4.479.877,98 euro daude.

Hortaz, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena ikusirik, non proposatzen baita 2015-2016 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza sostenguko berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi publiko bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, 2015-2016 ikasturtean, hezkuntza sostenguko berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabideak esleitzeko eta emateko, horri esker hezkuntzako konpentsazioa lortu ahal izateko.

2. Deialdi honen xedeko giza eta diru baliabideak finantzatzeko 4.479.877,98 euroko gastua onestea, honela banaturik:

2.1. “Hezkuntza premia berariazkoak. Irakaskuntza pribatuarentzako diru-laguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322000 kontu-sailaren kargura (kontabilitateko 40000469 espedientea), guztira 3.834.873,32 euro. Horietatik, 1.278.291,11 euro 2012ko aurrekontuaren kargura izanen dira –2015era luzatua baitago–, eta, gainerakoa, 2.556.582,21 euro, 2016ko gastuen aurrekontuan izen berarekin sortuko den kontu-sailaren kargura.

2.2. “Immigrazioa eta gutxiengo etnikoak. Irakaskuntza pribatuarentzako diru-laguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322002 kontu-sailaren kargura (kontabilitateko 40000469 espedientea), guztira 645.004,66 euro. Horietatik, 215.001,55 euro 2012ko aurrekontuaren kargura izanen dira –2015era luzatua baitago–, eta, gainerakoa, 430.003,11 euro, 2016ko gastuen aurrekontuan izen berarekin sortuko den kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2015eko martxoaren 20an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitu eta ematea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzan (azken kasu honetan, eta salbuespenez, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpreteendako eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleen zaindariendako bakarrik) ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduei, hezkuntza sostenguko premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko profesionalak izan ditzaten 2015-16 ikasturtean.

Ikasle horiek hezkuntza sisteman aurrera egiteko, curriculumaren egokitzea behar dute, eta/edo esku-hartze berariazkoa eta sistematikoa. Horretarako, lankidetza handia behar da irakasle espezialisten edo sostenguko irakasleen eta irakasle tutorearen artean. Behin aniztasunari arreta emateko ohiko neurriak aplikatu ondoren emanen da sostengu hori, ikasleak eskolan integra daitezen; hori helburu, metodologia aktiboak eta elkarri laguntzekoak erabiliko dira, eta antolamendu eredu malguak, oinarrizko gaitasunen garapena ahalbidetuko dutenak (II. eranskina).

Xede horretan ikasle talde hauek sartzen dira:

––Hezkuntzako premia bereziak izateagatik (izan desgaitasun fisikoaren, intelektualaren edo zentzumenezkoaren ondorioz, izan portaera-arazo larrien ondorioz), hezkuntza sostengua behar duten ikasleak; eta, orobat, hezkuntza sostenguko bestelako premia berariazko batzuk behar dituztenak. Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 12. artikuluan aipatzen diren ikasleak dira. III. eranskineko 1. eta 2. tauletan aipatzen diren diagnostiko-kategorietako batekoak izanen dira premia horiek.

–Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren eta/edo egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapen nabarmena dutenak (ziklo bat baino gehiago Lehen Hezkuntzan eta bi ikasturte Bigarren Hezkuntzan). Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 23., 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren ikasleak dira.

Deialdi honetan ez dira sartzen Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan eta Bigarren Hezkuntzako curriculum bereziko unitateetan diharduten ikasleak ere.

Bigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Aipatu ezaugarrietako ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduek eskabide orria aurkeztu beharko dute departamentu honetako Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.

Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko du eskaera.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek 7 egun naturaleko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.

2. Erreserban uzten diren baliabideak eskatzeko (eranskin honetako bosgarren oinarrian aipatzen direnak), eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 30ean bukatuko da. Atal honetako 1. puntuan aipatzen den zerbitzu berari zuzenduko zaizkio, leku beretan aurkeztuz.

Hirugarren oinarria.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.

1. Hezkuntza sostenguko hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleentzako baliabideak eskatzeko, honako hauek aurkeztu behar dira:

a) Ikasleen zerrenda, 2015-2016 ikasturterako eskatutako profesional guztien orduak zehaztuta, bai eta aurreko ikasturterako, 2014-2015erako, eman zitzaizkionak ere. Eskaera ebazpen honen IV. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa izanen da. Ikasle horien premiei buruzko datuak Educa hezkuntza kudeaketarako programatik kontsultatuko dira; ikastetxearen ardura izanen da ikasle horien txostenak eta dokumentazioa eguneratuta edukitzea, ikuskatu ahal izateko. EDUCAn agertzen ez diren ikasleak ez dira aintzat hartuko baliabideak banatzeko orduan.

b) Hezkuntzako premia bereziak eta portaeraren nahaste larriak dituen ikasle batentzat baliabideak lehen aldiz eskatzen direnean, hura egoki baloratzeko eta ezagutzeko behar den dokumentazio guztia eta txosten pedagogikoak aurkeztu beharko dira. Horretarako, txostenaren eredu bat dago Hezkuntza Departamentuaren webgunean. Txosten psikopedagogikoetan, proba objektibo estandarizatuen emaitzen bidez egiaztatuko da diagnostikoa.

Aurreko urteetako baliabideen luzapena eskatzen bada ikaslearentzat, “1.–Ebaluazio psikopedagogikoaren txostena” agiriaren lehenbiziko orria bidaliko da.

http://www.educacion.navarra.es/web/dpto/atencion-a-la-diversidad/orientacion-escolar/informes-de-orientacion

c) Ahozko eta idatzizko hizkuntza berandu edo arazo larriekin eskuratu duten ikasleen txosten pedagogikoak aurkeztu beharko dira. Balorazio psikopedagogikorako, III. eranskineko 2. taulako kategoria diagnostikoak erabiliko dira, bai eta DSM-IVko eta CIE 10eko irizpideak ere nahasteen kasuan. Ebaluazio psikopedagogikoa proba estandarizatuen bidez justifikatu beharko da, Ebaluazioko Entzumena eta Hizkuntza espezialitateko maisu-maistren Sareko dokumentuaren Entzumena eta Hizkuntza taldearen dokumentuaren aholkuei jarraikiz:

http://creena.educacion.navarra.es/001auditivos/doc%20Red%20Logopedas.html

d) Gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretea behar duten ikasleen kasuan, txosten bat aurkeztu beharko da ikasle horiek gaztelaniazko zeinuen hizkuntza bere inguru sozialean erabiltzen dutela frogatzeko.

2. Egoera ahulean egoteagatik hezkuntzako premia duten ikasleentzako baliabideak eskatuz gero:

a) Beharrezko informazioa, V. eranskineko 1. taularen arabera.

b) Ikasle bakoitzaren laburpen-fitxa, V. eranskineko 2. ereduaren arabera.

Laugarren oinarria.–Deialdi hau ebaztean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

1. Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana galarazi gabe. Horrek ez du inolako lan harremanik sortuko Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, maiatzaren 3ko 2/2006 Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren IV. tituluaren arabera.

2. Gainerako giza baliabideen –irakasleez besteko langile osagarrien– soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio ikastetxeko titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxearen titularrak, diru-sarrera horien justifikazio gisa, Hezkuntza Itunen Bulegoan aurkeztuko ditu, irailean, urtarrilean eta maiatzean, irakaskuntzatik kanpoko irakasle osagarrien lansarien eta gizarte segurantzaren ordainketaren frogagiria eta dataren egunean kobrantzak eginak dituztela dioen adierazpena, langile osagarriek sinatua.

3. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean, deialdi honen ebazpenean ikastetxe itundu bakoitzerako onesten diren baliabideak agertuko dira.

4. Deialdi honen bitartez giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek aplikatu egin beharko dituzte Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adostutako neurriak, hain zuzen, ebazpen honen 5. oinarrian aipatzen diren diru-laguntzak eta itunak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak.

Bosgarren oinarria.–Baliabide ekonomikoak.

1. Deialdi honen xederako kreditua, hots, hezkuntza sostenguko premia bereziak dituzten edo egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko langileak kontratatzeko, 4.479.877,98 euro izanen da guztira gutxi gorabehera, kontu-sail hauen kargura:

1.1. “Hezkuntza premia berariazkoak. Irakaskuntza pribatuarentzako diru-laguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322000 kontu-saila, guztira 3.834.873,32 euro, honela banatuak: 1.278.291,11 euro 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuaren kargura. Gainerakoa, 2.556.582,21 euro, 2016ko gastuen aurrekontuan izen horrekin berarekin prestatzen den kontu-sailaren kargura.

1.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Irakaskuntza pribatuarentzako diru-laguntzak” izeneko 410003-41140-4811-322002 kontu-saila, 645.004,66 euro, honela banatuak: 215.001,55 euro 2015era luzatutako 2012ko aurrekontutik, eta gainerakoa, 430.003,11 euro, 2016ko gastuen aurrekontuan izen horrekin berarekin prestatzen den kontu-sailetik.

2. 2015-2016 ikasturterako, hasierako esleipenean, honenbeste sostengu-ordu banatzen ahalko dira gehienez, espezialitateen arabera:

a) Pedagogia Terapeutikoko irakasleen 1.610 ikastordu astean, hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

b) Entzumena eta Hizkuntzako irakasleen 310 ordu astean, Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.

c) Desgaitasunak dituzten ikasleendako zaintzaileen 510 ordu astean.

d) Gaztelaniazko Zeinuen Hizkuntzaren Interpretazioko goi mailako teknikarien 5 ordu astean.

e) Egoera soziokultural ahulean dauden eta curriculumeko atzerapen nabarmena duten ikasleentzako irakasleen 350 ikastordu astean, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Espezialitate bakoitzerako onartutako orduen kopurua aldatzen ahalko da, betiere gastua esleitutako kopurua baino handiagoa ez bada.

Seigarren oinarria.–Aparteko deialdia.

Ordu kopuru bat erreserban utziko da, bigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik irailaren 30era bitarte sortzen diren premia berriei aurre egiteko. Zehazki:

a) Pedagogia Terapeutikoko irakasleen 90 ordu astean, hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

b) Entzumena eta Hizkuntzako irakasleen 30 ordu astean.

c) Desgaitasunak dituzten ikasleendako zaintzaileen 40 ordu astean.

d) Gaztelaniazko Zeinuen Hizkuntzaren Interpreteen 5 ordu astean.

e) Sostenguko irakasleen 10 ordu.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren prozedura, ebazpena eta justifikazioa.

1. Batzorde bat eratuko da baliabideak esleitzeko. Honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

–Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

–Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

–Inklusio Proiektuetarako Bulegoko burua.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko bi profesional, zuzendariak izendatuak.

Idazkaria:

–Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

2. Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko batzorde tekniko bati eskatuko dio txosten labur bat egin dezala ikastetxe eskatzaile bakoitzari buruz.

Txosten horietan honako hauek jasoko dira:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Ikasleengan atzemandako premien azterketa eta balorazioa.

c) Ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren giza baliabideen proposamena.

3. Batzorde teknikoaren proposamena kontuan hartu behar da deialdia ebazterakoan.

Aurkeztutako premietarako kalkulatzen diren orduek bosgarren oinarrian gehienez ezarritako ordu kopurua gainditzen badute, ordu horiek hainbanatuko dira ikastetxeen artean.

4. Balorazio prozesua bukatutakoan, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak baliabideen behin-behineko proposamena prestatuko du, eta ikastetxeei jakinaraziko die posta arruntaren bidez, edo telematika bitartez interesdunak helbide elektroniko gaitu bat badu (Posta Zerbitzuari eskatua) eta espresuki eskatzen badu telematika bidez erantzuteko, eskabidean eremu hori markatuta. Proposamenari alegazioak egiten ahalko zaizkio 10 egun balioduneko epean.

5. Epe hori bukaturik, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak erreklamazioen gainean ebatzi eta baliabideak emateko ebazpenaren proposamena Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari igorriko dio; ikastetxe interesdunei ere jakinaraziko zaie eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko da.

6. Aparteko deialdian zehazten diren erreserba-orduak (seigarren oinarria), Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, eskaerak baloratu behar dituen Batzordeak txostena berretsi ondoren, 2015-2016 ikasturtea hasita sortzen diren premia larrien arabera; Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak izendatuko dituen langile teknikoek premia horien gaineko txostena egin beharko dute.

7. Erreserbako baliabide horiek beste beharrik ez sortzeagatik agortzen ez badira, erreserban iraunen dute, ikasturtea bukatu bitarte sortzen diren beharretarako.

8. Hezkuntza Departamentuak bere webgunean argitaratuko du behin betiko ebazpena, non ikastetxe interesdunek egiten dituzten erreklamazioen ondoriozko aldaketak sartuko baitira, halakorik badago, bai eta erreserba epean emandako baliabide berriak ere. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9. Emandako baliabideak nola erabili diren honen bidez justifikatu beharko da:

9.1. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean aurkeztuko du, urtarrilean, maiatzean eta irailean, langile osagarriek izenpetutako aitorpen bat, egun horretaraino dagozkion kobrantzak eginak dituztela dioena, baita ikastetxearen ziurtagiri bat ere, azaltzen duena epe horretarako Gizarte Segurantzari dagozkion zenbatekoak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura egindako atxikipenak, behar bezala zehazturik, ordaindu direla.

Ikasturtearen hasieran, langile osagarrien kontratuak aurkeztuko dira, Hezkuntza Administrazioak haien soldaten eta antzinatasunaren berri izan dezan.

Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoek, Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta PFEZa ordaintzetik salbuetsirik badaude, aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean zerga horren baliokide diren ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, hala behar denean, langile autonomoen araubide bereziaren bidez Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak.

9.2. Ikastetxeak behartuta daude 2015eko abenduaren 31 baino lehen informatzera, EDUCA programaren bidez, hezkuntza premia bereziak izateagatik edo egoera ahulean egoteagatik hezkuntza sostenguko premiak dituzten ikasleei arreta emateko orduak nola erabili diren.

10. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Hezkuntza sostenguko premiak dituzten
ikasleei arreta emateko jarraibideak

Arrazoia edozein dela ere, eskolatze prozesua bitartean hezkuntza sostenguko premia berariazkoren bat duten ikasleei behar bezalako arreta eman behar zaie.

Horrenbestez, antolamenduaren eta pedagogiaren aldetik erabakiak hartu behar dira proposatutako neurriei segimendua egiteko, betiere ikastetxeetan irakasle taldearen koordinazioa bultzatuz eta hezkuntzako integrazioaren printzipioa errespetatuz.

Hezkuntzako etapa guztietan, hezkuntza babestu eta indartzeko neurriak, ahal dela, ikaslearen erreferentziako ikasgelan berean planifikatuko dira. Besteak beste, antolaketa eta metodologia neurri hauek hartuko dira, elkarlana oinarri: talde elkarreragileak, ikasgelan bi irakasle jartzea, berdinen arteko ikaskuntza, lan proiektuak, tailerrak, txokoak,...

Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalek esku hartzeko orientabideak:

–Haur Hezkuntzan, Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalek (EH) arreta berezia emanen diete, desgaitasun intelektual, fisiko edo zentzumenezko baten ondorioz, komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan hezkuntza premiak dituzten ikasleei. Lehen Hezkuntzan, Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalek (EH) eta Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek arreta emanen diete atzerapen edo nahaste larriengatik hezkuntzan eta komunikazioan zailtasun handiak dituzten ikasleei, horien ondorioz curriculuma segitzea zaila egiten bazaie eta ikaskuntza arazo larriak badituzte.

–Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarte, desgaitasunaren ondoriozko hezkuntza premia bereziak izanik mintzamenean eta komunikazioan garapen funtzional bat lortu duten ikasleei dagokienez, mintzamenaren eta idazmenaren arloko premiei arreta ematea, batez ere, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen ardura izanen da.

–Irakurmenaren nahastearen kasuetan, Lehen Hezkuntzan Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalen eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen esku-hartzearen helburu nagusia irakurri eta idazteko prozesuak birgaitzea izanen da. Nahaste horren ondoriozko beste arlo batzuetan gertatzen diren curriculum atzerapenei heltzeko, ikastetxeak aniztasunari arreta emateko garatzen dituen beste neurri batzuk aplikatuko dira.

–Ahalik eta gazteen hastea lehenetsiko da, eta ikasle berarekin profesional bat baino gehiago ez aritzea, bana-banako arreta beharrezkoa den kasuetan. Arreta hori salbuespenekoa izanen da beti, eta ongi koordinatuta egonen da; ahal den guztietan, ohiko ikasgelan edo talde txikitan lan eginen da.

III. ERANSKINA

Laguntza jaso dezaketen hezkuntzako premien taula

1.–Pedagogia Terapeutikoko irakasleen ardurapeko hezkuntzako premia berariazkoen taula.

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA
DBHko 1.a eta 2.a.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA
DBHko 3.a eta 4.a.

Hezkuntza premia berezia, honen ondorioz:

–Desgaitasun intelektuala.

–Garapenaren nahaste orokorra.

–Portaeraren nahaste larria.

–Mugimenduaren nahaste moderatua eta larria.

–Hipoakusia neurosentsorial bilateral moderatua, larria eta sakona.

–Ikusmen eskasia moderatua eta larria, eta itsutasuna.

–Askotariko desgaitasuna.

Hezkuntza premia berezia, honen ondorioz:

–Desgaitasun intelektual arina, moderatua.

–Garapenaren nahaste orokorra.

–Portaeraren nahaste larria.

–Mugimenduaren nahaste moderatua eta larria.

–Hipoakusia neurosentsorial bilateral moderatua, larria eta sakona.

–Ikusmen eskasia moderatua eta larria, eta itsutasuna.

–Askotariko desgaitasuna.

Curriculumean sartzeko egokitzapena, zentzumenetako edo mugimenduko desgaitasunaren ondoriozko hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleek behar dutena.

Curriculumeko atzerapen nabarmena, bi ikasturteren parekoa edo handiagoa.

2.–Entzumena eta Hizkuntzako irakasleen ardurapeko hezkuntza premia berariazkoen taula.

HAUR HEZKUNTZA

LEHEN HEZKUNTZA

–Nahaste fonologikoa ahozko hizkuntza (ama hizkuntza) garatzean. DSM IV. f. 80.0)

–Adierazpen hizkuntzaren nahastea. DSM IV. f. 80.1)

–Hizkuntza hargarri-adierazgarriaren nahaste mistoa. DSM IV F 80.2

–Hizketarako arazo larriak, jatorri organikoa dutenak.

–Adierazpen hizkuntzaren nahastea. DSM IV F 80.1.

–Hizkuntza hargarri-adierazgarriaren nahaste mistoa. DSM IV F 80.2.

–Irakurmenaren eta idazmenaren nahastea, CEGarekin (Curriculumaren egokitzapen garrantzitsua), hirugarren mailatik aurrera.

–Hizkuntzaren eta/edo komunikazioaren atzerapen edo nahastea, desgaitasun psikiko, entzumenezko edo mugitzekoari lotua.

–Hizketarako arazo larriak, jatorri organikoa dutenak.

IV. ERANSKINA

Hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleak. 2015-16 ikasturtea

IKASTETXEA:

ORIENTATZAILEA:

IKASLEAK*

JAIOTEGUNA

MAILA

TALDEA (1)

DIAGNOSIA

OSASUN
TXOSTENA
(BAI/EZ)

BALORAZIO PSIKOPEDAGOGIKOAREN DATA

SOSTENGUA, ORDUTAN ADIERAZIA **

PTko irakasleak (2)

EHko irakasleak (3)

Zaintzailea

Interpretea

* Ikasleak taldeka antolatuko dira, maila txikienetik handienera eta hurrenkera alfabetikoan.

** Zutabe itzaleztatuak: 2014-2015 ikasturteko orduak

Itzalik gabeko zutabeak: 2015-2016 ikasturterako eskatzen diren orduak.

(1)  1. taldea: luzapena zer ikaslerentzat eskatzen den.

2. taldea: baliabideak zein ikaslerentzat eskatzen diren lehen aldiz.

(2) Pedagogia Terapeutikoko irakasleak.

(3) Entzumena eta Hizkuntzako irakasleak.

V. ERANSKINA

1. Egoera ahulean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapen nabarmena dutenak, 2015-2016 ikasturtea

IKASTETXEA:

ORIENTATZAILEA:

IKASLEAK*

JAIOTEGUNA

MAILA

TALDEA (1)

BALORAZIO

PSIKOPEDAGOGIKOAREN DATA

SOSTENGUA, ORDUTAN ADIERAZIA

Sostenguko irakaslea

Curriculumeko atzerapen nabarmena, bi ikasturteren parekoa edo handiagoa.

* Ikasleak taldeka antolatuko dira, maila txikienetik handienera eta hurrenkera alfabetikoan.

(1)  1. taldea: zein ikaslerentzat luzatzen den laguntza.

2. taldea: baliabideak zein ikaslerentzat eskatzen diren lehen aldiz.

Iragarkiaren kodea: F1504597