85. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

204E/2015 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Cascanteko zerbitzuen poligonoan merkataritzako lau establezimendu jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Proiektua Inmuebles Calchetas SLk sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektoriala onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumen ondorioen azterlana prestatzeko, sustatzaileak kontsulta bat egin zuen, lehenago aipatutako foru legearen 33. artikulua aplikatuz, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2011ko urtarrilaren 24an erantzun zuen, azterlan horretan kontuan hartu beharreko zenbait punturekin.

2011ko otsailaren 23an, sustatzaileak Cascanten merkataritzako 4 establezimendu jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aurkeztu zuen, Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera tramita zedin.

2011ko martxoaren 28an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean adierazi zuen espedienteak araudian aurreikusitako eduki guztiak behar bezala zehaztuta zituela, eta beraz, Ingurumen ondorioen azterlana onartu zen tramitatzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2011ko apirilaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Cascanten merkataritzako 4 establezimendu jartzeko proposamena, Inmuebles Calchetas SLk sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren ondorioetarako, eta jendaurrean jarri zen ingurumen ebaluazio estrategikoaren ondorioetarako, 2011ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9an, iragarki bat jarriz.

Tramite horretan alegazio bat jaso zen, Nafarroako Merkatarien Federazioak aurkeztua, non adierazi baitzen justifikatu behar dela sortutako mugigarritasunaren ondorioz atmosferara isurtzen den CO2ren estimazioa proiektuaren kokapeneko eremuko emisioen batez bestearen %20tik beherakoa dela, Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legea aplikatu beharrez, batik bat 25. artikuluko D letra.

Horri erantzuteko, jakinarazi behar da ingurumen ondorioen azterlanak, 56. orrialdean, CO2ren ekoizpena ebaluatu duela bi egoeratan: jarduketarekin eta jarduketarik gabe. Lehendabiziko kasuan, kontuan izanik bezeroak eremuan egun dauden establezimenduetara joaten direla, CO2ren ekoizpena 3911,8 T/urtea da. UPSren xedeko establezimenduak eraikiz gero, kalkulatzen da CO2ren ekoizpena 3294,1 T/ urtea dela. Hori dela eta, Tutera aldean aurreikusitako establezimenduen funtzionamenduak ekarriko luke emisioen murrizketa bat, murriztuko bailitzateke egiten den distantzia.

Udalez gaindiko Plan Sektorialak helburu du merkataritzako 4 establezimendu ezartzea Cascanteko zerbitzuen poligonoan, kirol artikuluak, elikagaiak (hipermerkatua), brikolajea eta etxetresna elektrikoak saltzeko, hain zuzen P-11C, P-12C, P10.1 eta P11B lurzatietan, hurrenez hurren, UPSren berrantolamenduaren arabera.

UPSren eremua Cascanteko udalerriko iparraldean kokatzen da. Nolanahi ere, proposamenaren eremutik hurbilen dauden hiriguneak Murchante (1,5 km) eta Tutera (2,5 km) dira. Muga hauek ditu: iparraldean, Tutera; mendebaldean, Tutera-Tarazona errepide nazionala (N121-C); eta hegoaldean, Lodosako ubidea.

Jarduketaren lurralde antolamendua egina dago 2004ko abuztuaren 16an onetsitako Cascanteko Udal Planean, non eremu hori zerbitzuetarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen baita. Gainera, Cascanteko zerbitzuen poligonoko AR-7 banaketa eremuko 1. sektoreko plan partzialak ukitzen du eremua, eta urbanizazio proiektua dauka, Udalak 2009ko abenduaren 21ean onetsia.

Proposamenean, merkataritzako eta zerbitzuetako lurzati berriak erdiko aparkaleku handi baten inguruan bilduko dira; horretarako plan partzialean egun daudenak berrantolatu dira. Proposatutako antolamendu berriak 10 lurzati pribatu berri proposatzen ditu, sarbidedunak; lurzati berrien aurrealdean, luzetarako bi bide publiko beren espaloiekin (horietako bat gaur egungo antolamenduko bide bat da). Hamar lurzati pribatu berriei erabilera hauek ematen zaizkie:

–P11C, P10.1, P11B eta P12C: merkataritzako lau establezimendu handiren kokapeneko lurzatiak. Honako hauek orubeen azalerak: 6480 m² hipermerkaturako, 4625,40 m² kirol establezimendurako, 4690 m² etxetresna elektrikoen establezimendurako, eta 9020 m² brikolagekorako.

–P12E eta P12D: aparkalekuen lurzatiak.

–P10.2, P12B, P12A eta P11A: indarra duen Planean bezala merkataritzarako, ostalaritzarako eta zerbitzuetarako diren lurzatiak. Espedientean azaltzen denez, haietan “ez da ezagutzen zein motatako merkataritza jarduera gara daitekeen”.

UPSak aurreikusi diren elektrizitateko, ur hornidurako, ur beltzen eta euri uren saneamenduko, gaseko, telefoniako eta argiteriako harguneei lotzea aurreikusi du.

Proposamenak ingurumen ondorioen azterlana dauka. Azterlan horrek beste planekiko eta programekiko loturak aztertzen ditu, eta eraikuntza eta ustiapen faseetako eraginak ezaugarritzen. Besteak beste adierazten du UPSak ez duela naturgune babesturik ukitzen, ezta abelbiderik ere, eta ez dela garatuko Natura 2000 Sareko Batasunaren intereseko lekuetan ageri diren lurretan. UPSan aurreikusitako jarduketek ez dute zuzeneko eragin nabarmenik izanen naturgunearen gainean.

Urbanizazio proiektuak, Queiles ibaira isurtzen diren euri-uren emarien kalitateaz eta gorabeherez adierazten du ezen, kontuan izanik eremuaren berezko uholdeak, udan ohiko samarrak direnak, laminazio idoi bat diseinatu dela, horiek biltzeko eta modu kontrolatuan isurtzeko. Era berean, idoi hori dimentsionatuko da, hango urak erabil daitezen urbanizazioko berdeguneak ureztatzeko.

Gai horri dagokionez, Ingurumen ondorioen azterlanean (5.3.4 atala - Lurzatien urbanizazioa), zehazten da kanpoko azalerak (lurzoru librea) urarekiko iragazkorrak izanen direla, edo, bestela, euri-urak lurzatian bertan bilduko direla, edo biltontzietan, berriz erabiltzeko edo iragazteko putzuetara drainatuak izateko. Horrenbestez, urbanizazio proiektuko ideiari eusten zaio, baina, adierazitako irtenbideen artean, ez da zehazten zer neurri hautatu den euri-urak modu kontrolatuan isurtzeko.

UPSak sortzen den mugigarritasuna ebaluatzeko azterlan bat dauka, eta horretan kalkulatzen da ibilgailuek zenbat CO2 sortuko duten, lehanago adierazi bezala. Murchanterekin oinezkoentzako lotura egiteari dagokionez, plan partzialak bideen sarea mantentzen zuen (Cascanterekin, Murchanterekin eta Tuterarekin loturak dituena), eta ibilbide berriak gehitzen ditu txirrindulari eta oinezkoentzat. Bereziki hartu ziren aintzat Lodosako ubidea eta haren mantentze-lanetarako bidea, non babeserako tarte zabala uzten baita (50 bat metro ukitutako lurzatietako ertzik hurbilenean), baita Tarazonica bide berdea ere, non zerrenda bat zehazten baita, eremu libre publikoa izateko.

Energia aurrezteko neurrien artean, Eraikuntzaren Kode Teknikoko araudia betetzeaz gain, batik bat HE oinarrizko dokumentua (energia aurrezpena), eguzki ekarpena erantsi da etxeko ur berorako.

Azterlanak aztertu du argi kutsaduraren ondoriozko eragina, eta bateragarritzat jo du, baina gomendatzen du neurriak hartzea eragin hori murrizteko.

Paisaiarekin bat egiteko neurriei dagokienez, poligonoko plan partzialean zehaztuta zegoen zerrenda bat paratzea hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizaezinaren artean eremu libre publiko natural izateko. Paisaiaren nolabaiteko kalitatea bermatzeko, ezarri da zuhaitz bat landatzea, lurzoru libre pribatutatzat sailkatutako 100 m²-ko, aparkalekuak barne. Lorezaintzaren atalean, mantentze-lan eta ur kontsumo gutxiko espezieak erabiliko dira, gehienak bertakoak.

Zerbitzuen poligonoa urbanizatzeko proiektuak aurreikusten du zero balantzea egitea lurzatietako eta bideetako lurren mugimenduari dagokionez, hau da, lur-erauzketetako lurra betelanetarako baliatuko da. Sortutako hondakinak sailkatuko dira (gehienak papera, kartoia, beira eta ontziak), eta Erriberabarrengo Mankomunitateak kudeatuko ditu.

Hots kutsadurari dagokionez, ingurumen ondorioen azterlanak zaratari buruzko txosten bat dauka, eta aurreikusten diren hotsen mapak prestatu dira. Bertan adierazten da UPSaren jarduketa eremuaren kalitate akustikoa baldintzaturik dagoela Tutera-Tarazona N-121 eta AP68-Ebroko autopista komunikabidetik gertu dagoelako. Hala ere, betetzen dira zaratari buruzko indarreko legedian kalitate akustikorako ezarritako helburuak (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu zuen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua). Azkenean, ingurumena zaintzeko plan bat erantsi da, funtsean ingurumenaren gaineko jarrera egokiei buruzko eskuliburua dena.

2015eko otsailean, UPSko dokumentazio berria jaso da, zehazki 1/1000 eskalako antolamenduko plano hauek: Erabilera orokorrak eta gehieneko lerrokadurak, Erabilera xehakatuak eta lurzoruaren erabileraren titulartasuna, Lerrokadurak-sestrak eta altuerak, Hornidura sarea, Saneamendu sareak, Goi tentsioko, tentsio ertaineko eta behe tentsioko sareetarako kanalizazioak, Gas sarea, Argiteriarako kanalizazioak, Telekomunikazioetarako kanalizazioak, Aparkalekuen ekipamendua merkataritzako establezimenduetarako, Ibilgailu elektronikorako karga hornigailuen kokapena eta Urbanizatu beharreko eremua UPSa garatzeko.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak 2011ko abuztuaren 26an eginiko txostenean zehaztu zen eraikuntzak paratzea bateragarria dela hirugarren sektoreko lurzoruan dauden kalitate akustikoaren helburuekin (lehenago aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuan zehaztuak).

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean dio espedientearen tramitazioa osatua dagoela eta beharrezkoak diren neurri badaezpadakoak eta zuzentzaileak hartu direla ingurumen integrazioa egokia izan dadin, eta neurri osagarriak sartu direla euri-uren, paisaiaren eta argi kutsaduraren ukipenak murrizteko.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Cascanten merkataritzako establezimendu handi bat jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea. Proiektua Inmuebles Calchetas SLk sustatu du.

2. UPSa baldintza hauek betez garatuko da:

–Euri-urak modu kontrolatuan isurtzeko azkenean hartzen den irtenbidea (laminazio idoia UPSko eremutik kanpo, edo biltontziak lurzatian ura berrerabiltzeko...), funtzionamenduan egonen da merkataritzako lau establezimenduak ezartzen direnean. Laminazio idoia bada, forma biribilduekin eta malda apalekin diseinatuko da lehentasunez. Aparkalekuetako eta bideetarako eremuetan, zati batean behintzat, zoladura drainatzailea izanen da.

–Paisaia integratzeko neurriak aplikatuko dira UPSko eremuaren eta lurzoru urbanizaezineko ondoko tokien arteko ukipen eremuetan. Alde horretatik, sortzen diren maldak 3H:2Vkoak izanen dira (34º), edo apalagoak, ertz biribilduak dituztela, eta erabat landareztatuak egonen dira.

–Argiaren kutsadura murriztuko da (UPSk murrizten du, eta lurzoru urbanizazineko ingurune batean kokatzen). Helburu horretarako, aparkalekurako diseinatutako proiektoreak berraztertuko dira bereziki (ORD.09.02 planoa –Argiteriaren kanalizazioak), goiko hemisferioko fluxuaren emisioa ahal den txikiena izan dadin (%5etik beherakoa).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Cascanteko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 27an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1504840