85. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 5a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

LIZARRAKO LEHEN AUZIALDIKO ETA INSTRUKZIOKO
1. EPAITEGIA

Ediktua. 15/2014 familia-prozedura

Aditzera ematen da epaitegi honetan goian adierazitako prozedura bideratzen ari dela eta horren gaineko epaia eman dela. Hona hemen idazpurua eta xedapen zatia, hitzez hitz:

4/2015 epaia

Lizarran, 2015eko apirilaren 1ean.

Nik, Eva M.ª Gil Gonzálezek, Lizarrako eta bere barrutiko Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiko 1. Epaitegiko epaile titularrak, idazpuruan ageri den zenbakiarekin erregistratutako hitzezko judizioaren autoak aztertu ditut, guraso eta seme-alabei buruzko neurriak hartzearen gainekoak, epaitegi honetan bideratzen ari baitira. Alina Crinda Boanda andreak sustatu du auzia, Marta Muro Moreno prokuradore andreak ordezkatuta eta Jesús María Gainza Liberal legelari jaunak lagunduta, auzi-ihesean deklaratu den Romeo Dudas jaunaren aurka. Fiskaltzak esku hartu du, alaba adingabearen interesa ordezkatuz. Hona hemen emandako

Epaitza

Partez baiesten dut Alina Crinda Boanda andreak bere prozesuko ordezkariaren bidez Romeo Dudas jaunaren aurka aurkeztutako demanda, eta, horrenbestez, honako behin betiko neurri hauek ezartzen dira:

1.–Zaintza eta jagoletza.

Alina Crinda Boanda andreari ematen zaizkio Romina Boanda alabaren zaintza eta jagoletza, baina gurasoek partekatuta izanen dute guraso-ahala. Hori hala izanik, alaben bizitzarako funtsezko erabakiak aitak eta amak ados jarrita hartu beharko dituzte, edo, bestela, epailearen erabakiaren mende jarriko dira.

2.–Bisiten, komunikazioen eta egonaldien araubidea.

Romeo Dudas jauna seme-alabarekin egon daiteke bi asteburutik behin eta astero arratsalde bat Iruñeko Familia Elkargunean, gainbegiraturik, baliabide horrek ezartzen duen ordutegian. Iruñeko Familia Elkarguneak sei hilabetetik behin egin beharko du txosten bat bisiten jarraipenari buruz.

3.–Familiaren etxea.

Romeo Dudas jaunari esleitzen zaio familaren etxearen erabilera.

4.–Mantenu-pentsioa.

Aitak 150 euro ordaindu beharko ditu hilean, alabaren mantenu-pentsiorako. Diru kopuru hori hilabete bakoitzaren batetik bostera bitarte ordainduko da demandatzaileak adierazten duen kontu korrontean, eta urtero eguneratuko da, kontsumorako prezioen indizeak eguneratu aurreko hamabi hilabetean izandako igoeraren portzentaje berean, Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, edo erregelamenduz horren ordezkoa denaren arabera; epai honen data izanen da eguneratze bakoitza kalkulatzeko eguna. Orobat, gurasoek erdi bana ordaindu beharko dituzte adingabearen aparteko gastuak, hau da, Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean sartzen ez diren osasun gastuak, eskolako bidaiak eta aldian behin gertatzen ez diren edo aurreikusita ez dauden beste jarduera batzuk; betiere, akordioa beharko da haiek egiteko, eta, akordiorik ez bada, baimen judiziala beharko da aldez aurretik.

–Ez da erabaki berezirik hartu auzialdi honetan sortutako kostuei buruz.

Jakinaraz bekie epai hau alderdiei, betiere ohartarazita ez dela irmoa eta haren kontra apelazio-errekurtsoa aurkez daitekeela, epaitegi honetan idazkia aurkeztuta hogei egun balioduneko epean, jakinarazten denetik aurrera; bertan aurkaratzeak oinarri dituen alegazioak jaso beharko dira, apelatzen den ebazpena eta aurkaratzen diren adierazpenak aipatzeaz gainera (PZLaren 458. artikulua). Errekurtsoa jartzerakoan frogatu behar dute organo judizial honek duen gordailu eta kontsignazioen kontuan 50 euro sartu dituztela, eta ohartarazten zaie hori egin ezean errekurtsoa ez zaiela tramitatzeko onartuko, non errekurtsogilea ez den Fiskaltza.

Beraz, epai honen bidez, hori xedatu, agindu eta sinatzen dut. Epaiaren lekukotza egin bedi autoei eransteko, eta erregistra bedi haren jatorrizkoa epai liburuan.

Eta Romeo Dudasi jakinarazteko balio izan dezan, gaur egun non den jakiterik ez baitago, honako hau egin eta sinatzen dut.

Lizarran, 2015eko apirilaren 1ean.–Idazkari judiziala, Sara Otero Del Amo.

Iragarkiaren kodea: J1505132