84. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantzaren 48. artikulua aldatzeko proiektua. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalaren Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantzaren 48. artikulua aldatzeko hasierako onespenaren erabakia jendaurrean egoteko epea amaitu da, eta epe horretan espedientea aztertzeko aukera izan dute herritarrek eta bidezko interesa dutenek. Erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsitzat jotzen da aipatu ordenantzaren 48. artikuluaren aldaketa. Jarraian agertzen da behin betiko testua.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 13an.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

ZIOEN AZALPENA

Iruñeko Udalaren Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena 2010eko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratu zen.

Ordenantzaren 48. artikulua aldatu egin zen, bere garaian, 2012ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean, argitaratutako behin betiko onespenaren bidez, helburu honekin: Iruñeko Udalaren Administrazioan faktura elektronikoaren behin betiko ezarpenari bultzada irmoa ematea, fakturak formatu elektronikoan aurkeztea ohiko modua izan dadin Administrazioarekin harremanak dituzten hirugarrenentzat.

Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legea argitaratu ondoren (horren aplikazio esparru subjektiboan bai Iruñeko Udala bai bere erakunde autonomoak sartzen dira), aipatu den 48. artikulua egokitu egin behar da, lege horrekin eta lege hori garatuko duen araudiarekin bat etortzeko, fakturazio elektronikoaren arloan.

Abenduaren 27ko 25/2013 Legeak aukera ematen du, alde batetik, faktura elektronikotik kanpo uzteko, erregelamenduz, zenbateko zehatz batera arteko fakturak, eta, bestetik, ez ditu faktura elektronikoa erabiltzera behartzen 4. artikuluan azaltzen diren entitateen multzoan sartuta ez dauden hornitzaileak. Hori hala izanik ere, Iruñeko Udalaren Administrazioak bere printzipioari jarraitzen dio orain ere (Administrazio honen ohiko funtzionamenduan jada finkatuta dago), hau da, formatu elektronikoko fakturak soilik onartzea tramitaziorako, behin betiko baztertuz, beraz, “paperezko” fakturazioa.

Aurrekoa gorabehera, ordenantzak kontuan hartuko ditu, aurrerantzean ere, faktura elektronikoa erabiltzera legez behartuta ez daudenak, baldin eta beraien gaitasun ekonomiko edo tekniko ezagatik, eginkizun profesionalagatik edo arrazoitutako beste edozein ziogatik fakturak formatu elektronikoan ongi egiteko beharrezkoak diren bitarteko elektronikoetarako sarrera eta eskuragarritasuna bermaturik ez badute. Kasu horietan, ordenantzak aurreikusten du egoitza elektronikoan aipatzen diren Udal Administrazioko bulegoetara bertara joaten ahalko dela, non langile espezializatuak izanen baitira behar den laguntza emateko, hala informazio gisako laguntza nola “paperezko” faktura “faktura elektroniko” bihurtzeko eta prestatzeko laguntza.

Bakarra.–Iruñeko Udalaren Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantzaren 48. artikulua aldatu egin da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

“48. artikulua. Fakturak.

1. Udal Administrazioak, hirugarrenekin izaten dituen harremanetan, formatu elektronikoko fakturazioa besterik ez du onartuko tramitaziorako.

2.–Administrazio Publikoen Estatuko Idazkaritzaren “FACE-Faktura Elektronikoen Sarrera Puntu Orokorra” izeneko plataforma elektronikoa izanen da faktura elektronikoen sarrera puntu orokorra, bai legez faktura elektronikoa erabiltzera behartuta dauden entitateentzat bai legez behartuta ez egon arren faktura elektronikoak luzatu eta igorri nahi dituzten gainerako hornitzaileentzat.

3. Faktura elektronikoa erabiltzera legez behartuta ez daudenek, baldin eta beraien gaitasun ekonomiko edo tekniko ezagatik, eginkizun profesionalagatik edo arrazoitutako beste edozein ziogatik fakturak formatu elektronikoan ongi egiteko beharrezkoak diren bitarteko elektronikoetarako sarrera eta eskuragarritasuna bermaturik ez badute, zilegi izanen dute egoitza elektronikoan aipatzen diren Iruñeko Udalaren Administrazio bulegoetara joatea, non langile espezializatuak izanen baitira behar den laguntza emateko, hala informazio gisako laguntza nola “paperezko” faktura “faktura elektroniko” bihurtzeko eta prestatzeko laguntza. Erabiltzaile horiek erregistro presentziala erabiltzen jarraituko dute faktura elektroniko horien sarrera puntu gisa.

Fakturarekin batera “paperezko” frogagiriak aurkezten badira aipatu bulego presentzialetan, jatorrizkoak bertan eskaneatuko dituzte horretarako gaituta dauden langileek eta, ondoren, itzuli eginen zaizkie aurkeztu dituztenei.

Bai egiten diren faktura elektronikoak bai jatorrizko agiri eskaneatuen kopia elektronikoak elektronikoki sinatuko dira, dela digitalizazio prozesu automatiko eta ziurtatu baten bidez, dela digitalizazioa egiten duten udal langileen bidez.

Urrats horren ondoren, udal langile horiek Fakturen Kontabilitate Erregistroan eta Administrazio Erregistroan sartuko dute faktura elektronikoa eta, horrekin batera, halakorik bada, agiri digitalizatuak; hartu-agiria eta fakturako informazioaren kopia bat emanen dizkiote, irakurtzeko modukoak, herritarrari.

4. Udal Administrazioak faktura elektronikoetan agertzen diren zenbatekoak baliabide elektronikoen bidez ordainduko ditu, lehentasunez.

5. Estatuko Administrazio Orokorrak une bakoitzean ezartzen duen nahitaezko formatu elektronikoan egin beharko dituzte fakturak, bai legez faktura elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek, bai legez behartuta ez egon arren faktura elektronikoak luzatu eta igorri nahi dituzten gainerako hornitzaileek.

Horretarako, egoitza elektronikoak behar den informazioa emanen du hala une bakoitzean indarra duen formatu elektronikoari buruz, nola lotura eta/programa egokiei buruz, fakturak formatu elektronikoan ongi prestatu, sinatu eta igor daitezen.

Iragarkiaren kodea: L1505537